☉ Basauri
Galder Izarzugaza: «Atlantikoaren bestaldean, irakurle asko sartu dira Niloko uretan nire eleberriekin»
Egiptori lotutako lau nobela historiko argitaratu ditu Galder Izarzugaza idazleak. Maiatzean, Ramses III.a hiltzeko konspirazioan oinarritutako “thriller ukitudun” liburua kaleratuko du, liburu sail baten lehenengo alea

Hainbeste aldiz irakurritako arkeologia liburua esku artean, DBHko lehen maila zegoela ohartu zen Galder Izarzugaza Pagola (Basauri, 1984) Egiptori buruzko ikastolako lana egiteko informazio asko falta zitzaiola. Txikitan piztutako jakin-mina asetzeko, Zeberion bizi den idazleak idazkera hieroglifikoari, magiari eta erlijioari lotutako hainbat ikastarotan hartu du parte, eta egiptologiako zenbait biltzarretara joan da ordudanik. “Fideltasun historikoa horma edo muga izan daiteke menderatzen ez duzun edo gehiegi ez dakizun arlo bati buruz idazten duzunean”, onartu du Izarzugazak, baina, bere kasuan, kontrakoa gertatzen dela esan du, “istorioek garrantzi handiagoa izateko balio duen zerbait” baita datu horietara egokitzea. Egun, lau liburu dauzka argitaratuta, El nacimiento de un rey (2017), El legado de Narmer (2018), La Regente (2021) eta El ocaso de Amarna (2022); guztiak Amazonen bidez autoekoitziak, baina formatu digitalean zein fisikoan eskuragarri, gailu elektronikoak gero eta jende gehiagok erabiltzen dituen arren, “paperean irakurri nahi dutenak zaintzen jarraitu behar baita”.
Noiztik datorkizu Egiptorekiko eta bertako kulturarekiko eta historiarekiko interesa? Bi interesak batera etorri zitzaizkidan, ikastolan egin behar izan nuen lan batengatik. Arkeologiari buruzko liburu bat neukala gogoratzen dut (oraindik kontserbatzen dut), non hainbat leku eta kultura agertzen ziren, eta askotan irakurtzen nuen. Egun batean, DBHko 1. mailan, antzinako Egiptori buruzko lan bat egin behar izan nuenean jo nuen liburu horretara. Baina behar nuen informazio guztia agertzen ez zenez, liburu eta entziklopedia gehiagotan bilatzen hasi nintzen (garai hartan, Internet zientzia-fikzioa zen oraindik). Lan horren ondorioz, Nilo haranarekin zerikusia duen guztiarekiko jakin-mina handitu zitzaidan, eta pasio bihurtu zen, azkenean. Gero, jakin-min horren eskutik, beste garai historiko eta kultura batzuei buruz irakurtzen eta ikasten joan nintzen. Hori izan zen antzinako Egiptorekiko eta Historiarekiko interesaren hazia.
Oso gaztetan hasi zinen idazten: lehenengo, istorio laburrak eta gero, nobelak. Zergatik erabaki zenuen idaztea? Eta zergatik historiaz idaztea? Idaztea beti gustatu izan zait, ikasgelan erredakzioak egin behar izaten nituenetik. Batzuetan, ipuinak eta idazki txikiak aurkezten nituen ikastolan egiten ziren lehiaketetara, eta DBHko 3. edo 4. mailan, euskararen arlorako, historia luze bat ere idatzi nuen. Garai hartan, kontakizun laburrak idazten hasi nintzen, kaxan geratzen zirenak, eta, gero, eleberri bat idazten hasi nintzen, istorio bat buruan neukalako. Kontakizun labur horiei eta eleberriaren lehen ideia horri esker, idaztea oso gustuko nuela ohartu nintzen, eta buruan imajinatzen nituen pertsonaiei eta istorioei bizitza emateari ekin nion.
Nolakoak izan ziren zure lehen lanak (kaleratu gabe dauden lanak edo nobelak ez direnak, idazkiak)? Lehen lanak oso laburrak eta oso xumeak ziren. Oraindik ez nekien ezer idazketa prozesuari buruz, eta pentsamenduak edo ideiak paperean islatzen nituen. Gero, beti daude eleberrientzako ideiak arrazoi batengatik edo besteagatik hurrengo mailara igarotzen ez direnak, amaituta ez daudelako, ez zaidalako gustatzen nola geratu diren eta bira man nahi diedalako, edo ez daudelako idatzita argitaratzeko, baizik eta buruan agertu zaizkidan pertsonaia batzuei bizia emateko soilik.
Egun, lau liburu dituzu kaleratuta (El nacimiento de un rey, 2017; El legado de Narmer, 2018; La Regente, 2021 eta El ocaso de Amarna, 2022). Zein harrera izan dute publikoaren artean? Laurek harrera oso antzekoa izan dute, eta horrek asko pozten nau. Badakit genero historikoa ez zela, duela urte gutxi arte, eskatuenetako bat, eta are gutxiago garai jakin batean, Egipto zaharrean, sartzen denean. Nahiz eta jende asko txundituta utzi albisteei eta dokumentalei esker, eleberrien munduan ez dago antzinako Erroman girotutakoak bezain hedatuta, adibidez. Hala ere, nire lau eleberriek harrera ona izan dute, eta ez bakarrik estatu mailan; Atlantikoaren beste aldean, Mexikon, adibidez, irakurle asko sartu dira Niloko uretan nire eleberrien eskutik.
Ordena kronologikoa dute zure nobelek: Egiptoren batasuna (deltarena eta haranarena) lortu zuen lehen faraoitik hasten zara (Narmer), haren ondorengoaren istorioa kontatzen duzu, gero, Merit Neith erreginaordearena eta Tutankhamonen heriotzera arte heltzen zara. Nola lortu dituzu hori egin ahal izateko ezagutza historikoak? Nola prestatu zara? Lehenik eta behin, asko irakurtzen. Egiptoko zibilizazioaren alderdi askori buruzko dibulgazio liburu asko ditut eta irakurri ditut: historia, momifikazioa, erlijioa, lurrinak, artea, eguneroko bizitza, etab. Irakurketez gain, dokumentalak ere kontsumitzen ditut, irakurketen osagarri bikainak baitira. Eta, azkenik, garrantzi gutxiagokoa ez izan arren, ikastaro ugari egin ditut (idazkera hieroglifikoa, magia eta erlijioa, eguneroko bizitza, testu magikoak, garai historiko zehatzak, etab.). Gainera, egiptologiako biltzarretara ere joan naiz. Horri guztiari esker, oinarri ona izateko adina ezagutza lortu ahal izan dut, eta oinarri horrekin osatu ahal izan ditut buruan pilatzen zaizkidan istorioak.
Dena den, datu historikoez aparte, fikzioa ere erabiltzen duzu zure lanetan. Ondo uztartzen da fideltasun historikoa imajinazioarekin? Zein da muga (mugarik balego, noski)? Nire kasuan, primeran egokitzen dira. Niretzat, irakurle gisa, zorroztasun historikoa funtsezkoa da, eta, beraz, idaztean ere horri eusten diot. Buruan daukadan istorioa, agian nire ezagutzagatik, zehaztasun historiko horrek baldintzatzen du pixka bat, orduan ez daukat arazorik. Fideltasun historikoa horma edo muga izan daiteke menderatzen ez duzun edo gehiegi ez dakizun arlo bati buruz idazten duzunean, baina nire kasuan ez da horrela; niretzako, ez da muga, nire istorioek garrantzi handiagoa izateko balio duen zerbait baizik.
Autoekoitzi egin dituzu nobelak, eta Amazonen eskuratu daitezke. Zergatik erabaki zenuen sareetan publikatzea? Nolakoa da prozesua? Amazonekin argitaratzea oso erraza da. Gauza guztiek bezala, abantailak eta eragozpenak ditu. Desabantaila nagusia, adibidez, zu guztiaz arduratu behar zarela da: Amazonek liburua inprimatu besterik ez du egiten, eta salmenta-plataforma jartzen dizu, baina gainerako guztia zure kontua da. Hau da, maketazioaz, azalaz, hedapenaz, publizitateaz, aurkezpenaz eta abarrez zu arduratu behar zara. Baina dena prest daukazunean, liburu bat Amazonen argitaratzeko prozesua azaleko eta liburuko artxiboak igotzea bezain erraza da, eta, tamainako egiaztapenak eta bestelakoak gertatzen badira, gehienez ere, hiru eguneko epean liburua eskuragarri egongo da. Horregatik, Amazonen argitaratzea erabaki nuen, niretzat oso sinplea delako eta maketazio prozesu osoa gozatzen dudalako. Azaleko diseinuen kasuan, adibidez, pixkanaka bilatzen joaten naiz, egokiena aurkitzen dudan arte.
Paperean ere, fisikoan, kaleratu duzu nobelarik? Nire nobela guztiak paperean (formatu fisikoan) nahiz digitalean aurki daitezke. El nacimiento de un rey nobelan lanean egon nintzenetik, argi izan nuen nire argitalpenak bi formatuetan eduki nahi nituela; izan ere, gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu gailu elektronikoak, baina paperean irakurri nahi dutenak zaintzen jarraitu behar dugu.
NaNoWriMo izeneko idazleen sareko komunitatearen parte zara. Zertan datza dinamika? Zerbaitetan lagundu dizu?
NaNoWriMo ekitaldia azaroan egiten da, eta hilabete horretan zehar, 50.000 hitz idatzi behar dira. Onartzen da idazki bat eleberri bat dela, gutxi gorabehera, hitz kopuru horretatik abiatuta, beraz, azaroan eleberri osoa idaztea da helburua. Nire kasuan, ekimena beti erabiltzen dut lanean ari naizen nobelei bultzada emateko. Idazten eman dudan denbora dela-eta, proiektu berri baten bospasei mila hitzekin hasten dut beti ekitaldi hau; beraz, oso ondo datorkit eleberriaren zatirik handiena orduan idazteko. Erronka kementsua da, mila eta seiehun hitz baino gehiago idatzi behar baitira egunean, baina, aldi berean, motibazio iturri ona da istorioak eta pertsonaiak garatzen jarraitzeko.
2022an, Literart idazleen komunitatearen Literartober erronkan hartu zenuen parte. Gehienez 350 hitzeko kontaketa idatzi zitekeen, gai baten inguruan emandako 31 figura eta kontzeptu derrigorrez izan behar zituena (zure kasuan, sorginkeriaren ingurukoak izan ziren kontzeptuak: “hezurrak”, “txapela” edo “hontza”, horietako batzuk). Nolakoa izan zen parte hartzearen esperientzia? Literart komunitatean, bi administratzaileei esker (Verónica Monroy, madrildarra, eta Mary Gazte, bizkaitarra, biak fantasiazko eta beldurrezko idazleak), idazketarekin, irakurketarekin eta ilustrazioarekin lotutako jarduera ugari egiten dira. Aurten lehen aldiz erabaki dut Literartoberren parte hartzea, batez ere neure burua proban jartzeko: ea gai nintzen elkarren segidako 31 kontakizun idazteko. Esperientzia guztiz positiboa eta aberasgarria izan da, eta, noizbait irudimenari “berotan sartzea” kostatu zitzaion arren, beste modu batean idatziz islatuko ez nituen ideiak ateratzeko aukera eman dit. Literatober erronka horri esker, nire nobelen irakurle berriekin harremanetan egon ahal izan naiz, eta istorio berriak izan daitezkeenen berri eman diet.
Etorkizunean zeintzuk dira zure planak? Zein proiektu duzu esku artean? Une honetan nobela berri baten zuzenketa amaitzen ari naiz eta maiatza aldera argitaratuko dut, gutxi gorabehera. Eleberri historikoarekin jarraitzen dut eta Ramses III.a hiltzeko konspirazioan murgildu naiz; beraz, thriller ukitu bat ere eman diot. Liburu sail baten lehen istorioa da, eta faraoi eta erregina batzuen erregealdiko gertaera jakin batzuk aztertuko ditut nobela horietan; hurrengoak Tutankhamon eta Nefertitiri buruzkoak izango dira. Horiez gain, beste eleberri pare baterako ideiak ere baditut, eta horiei ekiteko gogo handia dut.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.
☉ Basauri
Arizko zubiaren ondoko eskailerak egokituko ditu Basauriko Udalak
Era berean, Agirre Lehendakaria kaleko 85 zenbakia eta Frantzisko Kortabarria kalearen arteko eskailerak ordezkatuko dituzte eta zubiko baranda margotuko dute

Arizko zubitik Nerbioi ibaiertzeko pasealekura jaisteko dauden eskailerak egokitu egingo ditu Basauriko Udalak.
Gainera, Agirre Lehendakaria kaleko 85 zenbakiko atarira sartzeko arrapala berria eraikiko dute, eta Frantzisko Kortabarria kalearekin lotzeko eskailerak ordezkatu eta egokituko dituzte. Esku hartze hauen helburua da irisgarritasuna hobetzea.
Era berean, Arizko zubiko baranda eta kale-argiak saneatu eta margotuko dituzte.
Basauriko Udalak 162.382 euro bideratuko ditu obra horietara eta hiru hilabetez luzatuko dira. Udal ordezkariek adierazi dutenez, “ez da aurreikusten trafikoari eragitea”.
Trafikoan ez, baina obrak egiteko Frantzisko Kortabarria eta Soloarte arteko pasealekua eten egingo dute.
☉ Basauri
Bi gazte atxilotu dituzte Basaurin emakume bati poltsa lapurtzeagatik
Lapurreta igande goizaldean gertatu zen Soloarte auzoan. Atxilotuek 19 urte dituzte eta epailearen esku utziko dituzte

Ertzaintzak 19 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo, emakume bati poltsa lapurtzeagatik.
Gertaerak igande goizaldean, 02:40ean, jazo ziren Soloarte auzoan. Bi gazteek emakumeari hainbat galdera egin zizkioten eta oldartu ostean, indarra erabiliz lurrera bota zuten eta poltsa lapurtu zioten.
Lekuko batek lapurreta ikusi eta Ertzaintzara deitu zuen. Hainbat patruila bertaratu ziren eta erasotzaileetako baten deskribapenarekin bat zetorren gizon bat aurkitu zuten, edukiontzi batzuen atzean ezkutatzen saiatzen ari zenean, ertzainak ikusi zituenean.
Agenteek identifikatu egin zuten, eta ikusi zuten soinean zeraman arroparen zati batek odol-arrastoak zituela, eta horrenbestez, atxilotu egin zuten.
Handik gutxira, beste patruila batek bigarren inplikatua aurkitu zuen. Esku batean zauri bat zuen, eta atxilotu egin zuten. Atxiloketan, lapurretaren unean zeraman arropa harrapatu zioten, aldatu egin baitzen odol arrastoak zituelako.
Ertzaintzak bi atxilotuak ertzain-etxera eraman eta beharrezko polizia-eginbideak egin zizkieten. Ondoren, epailearen esku utziko dituzte.
☉ Basauri
Aratz Mendieta Bidebietako pilotariak Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du bihar

Buruz Buruko Txapelketako finalak jokatuko dira bihar, urtarrilak 24, Gautegiz Arteagan 17:00etatik aurrera. Umeak, emakumeak eta gaztetxoen finalak jokatuko dira.
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik Aratz Mendietak gaztetxoen bigarren mailako finala jokatuko du.
Mendietak aurkari izango du Lea Ibarra klubeko Jurdan Zuazo.










