☉ Zeberio
Zeberioko Udalak 108 kale-argi eta 13 erloju astronomiko ipiniko ditu udalerri osoan
“Eskuhartze honen bidez, urtean 20Tn Co2 eta 12.000 euroko gastua aurreztuko dugu”, azaldu dute Zeberioko udal ordezkariek

Zeberiok Led sistemara aldatuko du kaleko argiteria sistema otsailean zehar. Asmo hau iazko ekainean iragarri zuen baina 2026ra arte ezin izan du aldaketa gauzatu.
Udalak 64.000 euroko diru laguntza onartu zuen 2025ean eta guztira 72.600 euro bideratuko ditu udalerriko argiteria led sistemara aldatzeko eta erloju astronomikoak ipintzeko. Guztira 108 kale-argi eta 13 erloju astronomiko ipiniko dituzte herrian: “Eskuhartze honen bidez, urtean 20Tn Co2 eta 12.000 euroko gastua aurreztuko dugu”, azaldu dute Zeberioko udal ordezkariek.
Argi eraginkorra
Erloju astronomikoak modu automatikoan kalkulatzen du eguzkiaren orto eta ilunabarreko ordua, instalatzen den eremu geografikoaren arabera. Horri esker, argiztapena pizteko eta itzaltzeko orduak doitu daitezke, eta, beraz, energia aurrezten da eta argi-uniformea bermatzen da urte osoan zehar.
Udal ordezkariek iazko ekainean iragarri zion GEURIAri 2025 urtea amaitu baino lehen gura zuela argiteria sistemaren aldaketa egitea. “Proiektua itxita dago baina materiala faltan genuen. Otsailaren hasieran heldu da materiala eta orain egin behar dena horixe Zeberio osoan ipintzea da”, zehaztu du Ekain Goti alkateak.
Hego Uribe eskualdeko herri gehienek dute led sistema bidezko argiteria gaur egun: Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri…
☉ Zeberio
Porlanezko hesiak kendu eta metalezkoak ipiniko dituzte Zeberioko auzo bitan
Udalak 22.000 euro bideratu ditu eskuhartze honetara guztira: “Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”

Iazko azaroan, auto batek istripu txiki bat izan zuen Zubialde auzoaren sarreran: ibai ondoko porlanezko hesiaren kontra jo eta apurtu zuen. Harrez geroztik, hesia konpontzeko zain ibili da azken hilabeteetan.
Zeberioko Udalak, seguruarekin berba egin ostean otsailean aldatuko ditu hesiak. “Errepideetan ikus daitezken bezalako metalezko hesi berri bat ipiniko dugu bertan”, azaldu du Ekain Goti herriko alkateak. Auzo horretan 70 metroko bat ipiniko dute, baina ez da herrian ipiniko duten hesi berri bakarra; Zubibarrin ere hesi berri bat ipiniko dute, 110 metroko luzeeraduna.
Udalak 22.000 euro bideratu ditu eskuhartze honetara guztira: “Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”, arrazoitu du Gotik.
☉ Zeberio
Bideoa | Naiara Trifol: «Gabonetan Zeberion eman dudan kontzertua oso berezia izan da niretzat»
Txikitan jolasten zuen plazako ermitan eskaini zuen momentura arteko azken kontzertua Naiarak, eta urte berriarekin bere musika proiektua handitzeko asmoa aitortu digu

Naiara Trifol (Zeberio, 2002) abeslariak Zeberioko Abendu Kulturalean eskaini du azken kontzertua, iazko abenduaren 13an, ermitako plazan. 2024ko urtarrilean izan zuen GEURIAk artista honen berri eta ordutik gaur egun arte pista jarraitu diogu, iazko kontzertura arte.
Zeberiokoa kontzertu berezia izan zen Trifolentzat eta bere alde intimoa eskaini zuen txikitatik hazten ikusi duen herriaren plazan

Nolako kontzertua izan da iazko abenduan Zeberion eskaini zenuena? Oso berezia eta polita izan da niretzat. Txikitan Zeberioko plazan jolasean ibiltzen nintzenean ez nuen sekula pentsatuko egunen batean bertan abesten ariko nintzenik. Gainera, txikitatik dantzan eta abesten ikusi nauten aurpegi ezagun asko izan nituen aurrean. Horrek are bereziago bihurtu zuen momentua.
Gabonetan abestu zenuen. Zelako abesti zerrenda prestatu zenuen kontzertu horretarako? Niri mota guztietako abestiak abestea gustatzen zait: rock, pop, abesti lasaiak, dantzarekin batera… baina Gabonetako kontzertu horretan nire nortasunaren alde intimoago bat erakutsi nahi nuen. Bidai lasaia eta gertukoa sortzea zen helburua. Horregatik, barrutik mugitzen nauten eta denok bizi ditugun sentimenduei buruz hitz egiten duten abestiak aukeratu nituen: maitasuna, nostalgia, ametsak edo eguneroko momentu txiki horiek.
Zer dela eta heldu zitzaizun plazako ermitan jotzeko proposamena? Udaletik telefonoz jarri ziren nirekin harremanetan. Oro har, nire lana ezagutzeko eta nirekin kontaktatzeko sare sozialak izaten dira bide nagusietako bat (@naiaratrifol, bide batez).

2024ko urtarrilean berba egin genuen. EiTBko ‘Ztanda’ saioan bigarren postua eskuratu zenuen eta esperientzia oso aberasgarria izan zela esan zenigun artista eta pertsona bezala. Zelan tratatu zaitu musikaren munduak harrezgeroztik? Musikaren munduak oso ondo tratatu nau harrezkero. Ztandatik irten nintzenean argi nuen benetan musikaren munduan murgildu nahi nuela, eta aurreko elkarrizketan esan bezala, abeslari gisa formakuntza jasotzea nuen lehentasun.
“Musikak eskuzabal hartu nau. Ztandatik irtetean argi nuen musikaren munduan murgildu nahi nuela”
Horregatik, programa amaitu bezain pronto kantu klaseetan hasi nintzen eta piano bat erosi nuen. Orain, musikaren mundua pixkanaka esploratzen ari naiz, eta gauzak patxadaz eta presarik gabe egin nahi ditut.
Nondik ibili zara kantatzen ordutik? Ordutik hainbat proiektutan ibiltzeko aukera izan dut. Alde batetik, nire kontzertu propio batzuk eman ditut, eta horrek asko lagundu dit oholtza gainean nire burua ezagutzen. Bestalde, Bilboko Elizbarrutiko 75. urteurreneko abestian parte hartu nuen, eta horri esker leku oso berezietan abesteko aukera izan dut, Derioko seminarioan edo BECen, besteak beste. Horrez gain, ikastola batzuetako abestiei ahotsa jarri diet Xabi Aburruzagaren eskutik, eta esperientzia oso polita izan da, musikaren beste alde bat ezagutzeko aukera eman didalako.

Ztandako esperientzia amaituta ez zeneukan argi era horretako realityetan berriro parte hartuko zenukeenik: “Lehenengo abeslari bezala gehiago prestatu nahi dut”, izan ziren zure berbak. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu? Horrelako reality-saioetan parte hartzeko ideia oso argia eduki behar da. Nire kasuan, musikaren munduko lehen pausua programa baten bidez izan zen, eta bertan asko ikasi nuen. Hala ere, gaur egun aurreko elkarrizketan esan nuen gauza bera pentsatzen jarraitzen dut: abeslari gisa gehiago prestatu nahi dut. Musika mundua oso zabala da, eta asko daukat oraindik ikasteko eta deskubritzeko. Etorkizunean casting batera aurkezteko aukera etorriko balitz, ez nuke atea guztiz itxiko, baina momentuz nire lehentasuna formakuntzan eta nire bidea patxadaz eraikitzen jarraitzea da.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Telebista programa batean parte hartu ostean presiorik nabari izan zenuen etorkizuna antolatzeko orduan, edo horrek ez du eraginik izan zure karreran? Presioa, batik bat, nire buruarekin izan nuen. Ztandatik irten nintzenean momentu batzuetan galduta sentitu nintzen, ez nuelako aurreikusita halako planik. Baina, aldi berean, nire bizitzarekin jarraitu behar nuen eta musikaren mundua deskubritzen hasi nintzen. Hori dela eta, presioa kanpotik baino gehiago nire barnean sentitu nuen, eta horrek asko ikasi eta hazteko aukera eman dit, bai nire buruarekiko zein nire bizitzan zer egin jakiteko.
Ateak zabaldu al dizkizu nolabait? Bai, azken batean telebista-programa batek ateak zabaltzen ditu, pertsona ezberdinak ezagutzeko eta nire burua ezagutzera emateko aukera eman baitu. Hala ere, beldurrak eta erronkak hor daude, askotan aurrera pausu txikiak eman behar dira, nahiz eta batzuetan ez garen horretarako prest sentitzen, baina hori guztia ere bidearen parte da.

Denboran atzera eginez, nolakoak izan ziren fokuen aurrean abestea baino lehen izan zenituen hastapenak musikaren munduan? Musikak betidanik erakarri nau. Txikitatik gustatu izan zait abestea eta dantzatzea, eta oso gustuko nituen musika eta dantzarekin lotutako telesailak, horien abestiak eta koreografiak ikasi eta etengabe errepikatzen nituen. 12 urterekin ballet eta dantza modernoa egiten hasi nintzen, eta 14 urterekin dantza urbanoetako lehiaketetan murgiltzen hasi nintzen, 20 urte izan arte.
“Ez nuen sekula pentsatuko egunen batean Zeberioko herriko plazan bertan abesten ariko nintzenik”
Urte horietan guztietan dantza izan da nire zaletasun nagusia, eta abestearena neuretzat gordetzen nuen. Hala ere, beti nuen nire barruan arantza txiki bat, izan ere, oso jende gutxik entzun ninduen abesten, eta lotsa handia ematen zidan nire ahotsa erakusteak. 2023an, ordea, kantuan zortea probatzea erabaki nuen, ia inolako itxaropenik gabe. Erabaki horrek mugarri bat markatu zuen nire ibilbidean, eta ordutik aurrera kantua beste modu batean bizitzen hasi naiz.
Musikaz gainera unibertsitateko ikasketak egin dituzu. Hezkuntza eta musika edo arte eszenikoak bateragarriak al dira? Aurten bukatu ditut Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta bai, musikarekin bateragarriak direla esango nuke. Magisteritzak, etengabe sortzen eta egokitzen egotea eskatzen du, eta ikasleen aurrean egoteak oholtza gainean egotearen antzeko abileziak eskatzen ditu: ahotsaren proiekzioa, postura, gorputz adierazpena, besteak beste.
Gainera, programa amaitu bezain pronto musika hezkuntzako aipamena ikasteko gogoak sartu zitzaizkidan, eta horretan ere murgildu naiz. Musikako aipamenak, musika beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman dit, bai hezitzaile modura zein artista modura ere. Beraz, bai, bi munduek elkar aberasten dutela uste dut, eta gaur egun nire nortasun artistikoaren parte dira.
Urte berria hasi dugu. Agendari begira, lotu al duzu kontzerturik edo saiorik 2026rako? 2026. urtera begira, ikasten eta hazten jarraitzea dut helburu nagusietako bat. Konposizioaren munduan pixkanaka murgiltzen hastea ere gustatuko litzaidake, nire burua horretan ere probatuz.
Horrez gain, koru-proiektu berri batean hastera noa, zerotik sortutako taldea izango da. Lekuz leku abestuz, esperientzia eta oholtza gaineko konfiantza irabaztea dugu asmo. Aldi berean, orain arte bezala, nire kontzertu propioekin jarraitzeko asmoa dut, pixkanaka nire bidea egiten.
☉ Zeberio
Korrikako 24. edizioko batzordea antolatu dute Zeberion, aste bukaeran
Hilaren 30ean antolatu dute ekitaldia, aurtengo ekimeneko nondik norakoak eztabaidatzeko

Korrikako 24. edizioa dela eta batzordea antolatu dute Zeberion, hilaren 30ean, aurtengo ekimeneko nondik norakoak eztabaidatzeko.
Hitzordua 18:00etan ipini dute, ermita zaharreko erabilera anitzeko gelan.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.
☉ Zeberio
Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.
Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.
Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.
Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.











