Sareak

☉ Zeberio

Bideoa | Baserri bat erre da Zeberioko Etxebarri auzoan eta pertsona bat artatu dute

“Baserria kiskalita zegoen eta bertan bizi zen pertsona bakarra bere kabuz irten zen etxebizitzatik”, azaldu diote GEURIAri Segurtasun Saileko ordezkariek

|

Gaur goizaldean dei bat jaso dute larrialdi zerbitzuek 01:45ak aldera. Zeberioko Etxebarri auzoan baserri batek su hartu zuela zioen deiak.

Abisua jaso eta momentu horretan Zeberioko auzora gerturatu dira suhiltzaileak: “Baserria kiskalita zegoen eta bertan bizi zen pertsona bakarra bere kabuz irten zen etxebizitzatik”, azaldu diote GEURIAri Segurtasun Saileko ordezkariek. Auzotarra erietxera eraman dute.

“Baserriko hormak baino ez dira zutik geratu”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Sutearen arrazoia aztertzen ari dira eta momentu honetan suhiltzaileak daude bertan, sua berriro ez aktibatzeko.

☉ Zeberio

Zeberioko Austarri elkarteko mendizaleak Gantzorrotzera abiatuko dira hilaren 15ean

Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean

|

Gantzorrotz // Javier Urrutia, Mendikat

Gantzorrotz Bizkaian kokatutako mendia da eta bertara abiatuko dira Austarri Mendi Taldeko mendizaleak azaroaren 15ean.

Irteera 08:00etan egingo dute udaletxeko plazatik. “Bere mutur zorrotzari zor dio ‘Gantzorrotz’ izena mendi honek, piramide baten itxurakoa baita gainaldea, baina gain erraza da, nonahitik igotzeko modukoa, arreta pixka bat jarriz gero, haitz eta elorri artean ez trabatzeko”, azaldu dute mendi taldetik.

Ikuspegi zabala eskaintzen du Legarmendiko karstaren gainean, izan ere karst eremuaren erdian gelditzen da eta ez dago goien bista galarazten duen zuhaitzik. Bertara joanez gero, antzeko beste tontor batzuk ere nahiko gertu gelditzen dira, Urtemondo esaterako Man, Betzuenburu eta beste asko, Ean.

Belatxikieta mendia Aramozko mendilerroaren tontorrik garrantzitsuenetakoa da. 661 metroko garaiera du. Belatxikietan mendiaren tontorrean mugarri handi bat dago. Garai batean, tontorrean zazpi artzain txabola zeuden eta, 1949an, eurek erabaki zuten gailurraren magalean ermita bat eraikitzea. Saninazioetan, erromeria egiten da bertan.

Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Mendi irteera, bertsopoteoa eta elkarretaratzea antolatu dituzte Zeberioko Azaro Feministan

Hilaren 30era bitartean hitzaldiak, sukaldaritza tailerra, mendi irteera, bertsopoteoa eta bakarrizketak bezalako jarduerak antolatu dituzte Zubialden

|

Zubialde auzoa // Geuria

Hilaren 30era bitartean Azaro Feminista antolatu dute Zeberion, askotariko jarduerekin: hitzaldiak, sukaldaritza tailerrak, mendi irteera, bertsopoteoa, bakarrizketak…

Egitaraua | Zeberioko Azaro Feminista

Azaroak 10, astelehena
18:00 Sukaldaritza tailerra, eskola zaharra

Azaroak 14, barikua
19:00 Bertsopoteoa: Andoni Egaña + Oihana Bartra, plaza

Azaroak 15, zapatua
08:00 Mendi irteera: Artaungan-Gainzorrotz, plaza

Azaroak 19, eguaztena
16:00 ‘Zaintzailean zainduz’, eskola zaharra

Azaroak 21, barikua
18:30 Emanaldia: ‘Nor da Maurizia?’

Azaroak 25, barikua
13:00 Elkarretaratzea, udaletxe aurrean

Azaroak 26, eguaztena
17:00 Hitzaldia: ‘Saber decir que no’, Plazako ermita zaharra

Azaroak 28, barikua
18:30 Bakarrizketak: BostOK!, Plazako ermita zaharra

Azaroak 30, domeka
10:00 Azoka

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Udala UEMAko kide izango da abendutik aurrera

Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da, baina UEMAko datuen arabera ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero

|

Zeberio // Geuria

Urdiaingo Udalarekin batera, Zeberiok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatearen erabakia hartu du joan den osoko bilkuran.

Zeberioko Udalak joan den azaroaren 6an egindako osoko bilkuran iragarri zuen UEMAko kide izatearen erabakia, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzi biren abstentzioarekin.

Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da. Hala ere, UEMAko datuen arabera, Zeberion ere ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero: “Zeberio ere euskararen ezagutza altuko udalerria da, beraz, baina euskararen nagusitasun argirik gabeko udalerria. Horregatik, kontzientziazioan eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko beharra ikusi dute Zeberion ere”.

“Horren jakitun erabaki du Zeberioko Udalak UEMAko kide izatea, besteak beste herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko UEMAren esperientzia bidelagun izango dutelakoan”, gehitu dute mankomunitatetik.

Zer da UEMA?

1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, baina guztiek badute elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.

UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea udalerri euskaldunei eta euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.

Abenduan, mankomunitatearen kide

Abenduaren 13an egingo du UEMAk urte amaierako Batzar Nagusia Etxarri Aranatzen. Ordutik aurrera izango dira Urdiain eta Zeberio mankomunitateko kide.

Zeberio eta Urdiain gehituta, 120 udal izango ditu UEMAk. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Mauriziaren omenaldiak eta domekako azokak emango diete hasiera Zeberioko Abendu Kulturalari

Udalak Escape Room bat, bakarrizketak, Maurizia Aldeiturriagari omenaldia, neguko azoka eta beste horrenbeste jarduera prestatu ditu neguari ongi etorria emateko helburuagaz

|

Zeberioko Abendu Kulturala atejoka dabil eta Udaleko Berdintasun Batzordeak azaroko jarduerak aurreratu dizkio GEURIAri, programa guztiz osatuta ez badago ere, jarduerak, urtero lez, 2026ko urtarrilera bitartean luzatzen direlako.

Abendu Kulturalaren ekitaldien programa hilabetearen erdialdean hasiko da: izan ere, azaroaren 14an bertsolarien saioa programatu dute. Azaroaren 21ean Maurizia Aldeiturriagaren bizitzaren inguruko emanaldi berezi bat prestatu dute. Gainera, Escape Room-a egingo dute eskolan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea deitu Udaletik Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean.

Azaroaren 28an BostOK!-en bakarrizketak programatu dituzte: “Badira ikuslea pertsona hobe eta jantziago bat bilakatzen duten ikuskizunak. Nabarmen, Bostok! ez da horren adibide. Litekeena da emanaldiaren ondoren ikusleak lehen baino lotsagabeago irtetea. Izan ere horixe da bostOK! Bost umoregilek Ondutako Klima”.

Hilabetea behar bezala bukatzeko Domekako Azoka antolatu dute azaroaren 30ean, bertako produktuekin. Gorbeialdek Zeberioko Udalaren babesarekin prestatu du Zeberioko Zubialde auzoko plazako aterpean, 10:00etatik 15:00ak arte. Bertan, Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu lez, “eskualdeko eta inguruetako ekoizleen nekazaritza eta artisautzako produktuetaz gozatu ahalko dute herritarrek”. Gorbeialde saltokien zerrenda osatzen ari da hilabetean zehar.

Abendu Kulturaleko gainontzeko jarduerak zehazteke daude oraindik. Behin betiko zerrenda osatzean GEURIAn iragarriko dugu, urtero egiten den era berean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Bizkaiko arkitektura plano zaharrenak topatu dituzte Zeberioko Ermitabarri auzoan

Bi harginek gangaren planoak marraztu zituzten Olabarrietako Santo Tomaseko horma batean eta horien artean aukeratu zituzten tenpluak gaur egun duen gangen eredua

|

Olabarrietako Santo Tomas // Geuia

Ermitabarri auzoko Olabarrietako Santo Tomas tenpluan topatu dituzte Bizkaiko eta, ziurrenik Euskadiko arkitektura plano zaharrenak, Bizkaiko Eleiz Museoan iragarri lez.

Museotik azaldu moduan, Bilboko elizbarrutiko Monumentu Katalogoko aurkikuntzetako bat izan da Zeberioko auzoko tenpluan egin dutena. Museoko talde batek presbiterioaren ondoko gela bateko horma batean marraztutako planoak aurkitu zituen, eta duela 450 urte egindako ganga baten planoak direla ondorioztatu dute.

Tenpluan lanean ari ziren bi harginek gangaren planoak marraztu zituzten Olabarrietako Santo Tomaseko horma batean. Horiexek ziren tenpluko arduradunei gehien gustatzen zitzaiena aukeratzeko egin zizkieten proposamenak.

Hargin “trebeenak” tertzelete bikoitzeko gurutze-ganga dotore bat egin zuen erregelaz eta konpasez, antza, hamahiru giltzarri biribilekin. Besteak, «ez hain instrumentala», eskuz marraztu zuen gurutzeria sinpleago bat, bost giltzarrikoa honako hau.

Azkenean, bigarrenak irabazi zuen lehiaketa (diseinu sinpleagoa zeukana, alegia). Gaur egun eliza estaltzen duten gangek bere ereduari jarraitzen diote. «Agian merkeena izango zen», adierazi dute Museoko arduradunek.

Osorik irakurri