☉ Ugao
Gutuna / Korta

Joan den maiatzaren 28an Jose Luis Kortajarena hil zen, lau legegintzalditan Ugaoko alkate izan zena. Korta alkate zen ni 2003an Udalean hasi nintzenean.
Garai hartan, zinegotzi izatea ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Orain, atzera begiratu ondoren, ohartzen naiz gaur egun Ugao-Miraballesko alkatea banaiz, garai hartan berak nigan konfiantza izan zuelako dela.
Zalantzarik gabe, gure hiribilduak 90eko hamarkadan eta mende berriaren hasieran izan zuen hobekuntzan funtsezko pertsona izan da. Izan ere, gaur egun hain garrantzitsuak diren proiektuen buru izan zen, hala nola Arandia futbol-zelaia, udako igerilekuak eta aldameneko eremuen urbanizazioa, kiroldegia, egungo Udal Liburutegia edo Jane Jauregiaren birmoldaketa. Korta ere funtsezkoa izan zen Ugaok gaur egun duen korala izan dezan.
Beste ezeren gainetik, bere zintzotasuna, konpromisoa eta Ugao-Miraballesenganako maitasuna nabarmenduko nituzke. Alde egin du guri hutsune handi bat utzita, baina legatuak urte asko iraungo du. Eskerrik asko Korta. Agur alkate. Gure bihotzetan egongo zara betiko.
☉ Ugao
Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa sektoreko grebak eragina izango du Ugaoko udal-eraikinetako garbiketa zerbitzuan
Otsailaren 24an eta 25ean eta martxoaren 16an eta 18an deitu dituzte lanaldi osoko greba egunak. Tartean ere M17ko greba orokorra dago

Otsailaren 24an eta 25ean eta martxoaren 16an eta 18an lanaldi osoko greba egunak deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa sektorean eta horrek eragina izango du Ugaoko udal-eraikinetako garbiketa zerbitzuan.
“Ugaoko Udaletik adierazi nahi da greba-deialdi hau eragin duten arrazoiak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren eta bere langileen arteko barne-desadostasunetan oinarritzen direla”, argitu dute Ugaoko udal ordezkariek.
Enpresa esleipenduna ISS Iberia da, zerbitzuak integratzen, hala nola mantentze-lanak, garbiketa, workplace eta facility managementa lantzen duen Europa mailako enpresa. Iazko urrrian 1989an sortutako Garbialdi enpresa erosi zuen eta hori urrats handia izan dela azaldu dute: “Garbialdiren erosketarekin, ISSk Euskal Autonomia Erkidegoan duen presentzia handitu du, eta sede ezberdinetako eragiketak eta behar konplexuak dituzten bezeroei laguntzeko gaitasuna indartzen du”, azaldu zuten iazko urriaren amaieran ISStik.
Joan den otsailaren 20an bilera izan zuen Ekaitz Mentxaka herriko alkateak ELAko ordezkari batekin eta ISSko langile batekin. Asmoa, Ugaoko Udaletik iragarri lez, “egoera bertatik bertara ezagutzea eta planteamenduak entzutea” da. Helarazitako aldarrikapenen artean, hitzarmen propioa eskatzea ageri da.
Ekaitz Mentxaka: “Greba-deialdi hau eragin duten arrazoiak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren eta bere langileen arteko barne-desadostasunetan oinarritzen dira”
“Greba-deialdi hau eragin duten arrazoiak ISSren eta bere langileen arteko barne-desadostasunetan oinarritzen dira: Planteatutako aldarrikapenak plantillaren eta enpresaren arteko kontratuan araututako lan-baldintzei buruzkoak dira, eta enpresaren eta langileen arteko barneko lan-harremanen esparruan negoziatu behar dira, eragile sindikalen balizko bitartekaritzarekin”, nabarmendu du Mentxakak.
“Hala ere, Udalak konpromisoa hartu du bideratzaile gisa jarduteko, bi aldeen artean jarrerak hurbiltzeko helburuarekin. Ildo horretan, lanean jarraituko du, Ugaoko langileentzat, enpresarentzat eta bizilagunentzat konponbide adostu eta onuragarri bat lortzen laguntzeko asmoz“.

M17a, tartean
Iragarritako greba egun horien artean, datorren martxoaren 17an, greba orokorra deitu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek.
Deialdiaren leloak (“Gutxieneko soldata hemen erabaki”) jasotzen duen bezala, helburua Hego Euskal Herrian ezarriko den Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) bat lortzea da.
ELAk, greba orokorra deitzen duten gainontzeko sindikatuekin batera, 2026rako 1.500 euroko LGS bat proposatzen du. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak greba orokorraren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen eta egungo LGSak ez duela bere funtzioa betetzen adierazi zuen. “Inork ezin du errealitate bat ukatu; hemen ezin da 1.184 eurorekin bizi”.
Ugaoko Emahots talde feministak martxoaren 17ko greban parte hartzera deitu ditu herritarrak eta mobilizazioa M8ko programazioan txertatuta dauka dagoeneko.
☉ Ugao
Martxoaren 9a da Ugaoko Aste Santuko Hiri kolonietan izena emateko azken eguna
Aurtengo Hiri koloniak martxoaren 30etik apirilaren 10era bitartean antolatu dituzte 2015 eta 2021 urteen bitartean jaiotako haurrentzat

Ugaoko Udalak Aste Santuko Hiri kolonietan izena emateko epea zabaldu du martxoaren 9a bitartean. Aurtengoak martxoaren 30etik apirilaren 10era bitartean antolatu dituzte 2015 eta 2021 urteen bitartean jaiotako haurrentzat, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30ra, Ugaoko eskolan.
Aurreko edizioetan bezala, Goiztiarrak zerbitzua eskainiko dute ere, eta nahi duten familiek 08:00ak eta 09:00ak artean utzi ahalko dituzte beren haurrak eskolan. Zerbitzu hori eskaini ahal izateko gutxienez 10 kideko taldea osatu behar dela jakinarazi dute Udaleko Kultura sailetik.
Aurrez aurre eta online
Aste Santuko Hiri kolonietan izena emateko modu bi: alde batetik, Jane jauregiko beheko solairuan egin daiteke tramitea. Bertan eskatu daiteke behar bezala bete beharreko inprimakia eta jarraian leku berean eman beharko da.
Beste alde batetik, online egiteko aukera ere badago eta aukera bi daude hemen ere: lehena, ugao-miraballes.eus webgunera joan eta bertako inprimakia deskargatu eta bete ostean, e-posta bidali beharko dute interesdunek ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbide elektronikorara. Beste aukera bat, online dagoen galdetegia betetzea da zuzenean. Esteka honetan topa daiteke.
“Izena emandakoen kopuruak dagoen plaza kopurua gaindituz gero, zozketa publiko bat egingo da martxoaren 10ean, Jane Jauregian, eguerdiko 12:00etan”, zehaztu dute udal ordezkariek. “Zozketa honetan, erroldatuak baino ez dira sartuko; ez erroldatuak itxaron-zerrendan sartuko dira, izen-emate dataren hurrenkeran”.
Onartutakoen zerrenda martxoaren 10ean iragarriko dute eta itxaron-zerrenda argitaratuko dute Jane jauregiko sarreran ere. Ordainketak martxoaren 12tik 24ra egin beharko dituzte onartuek.
Informazio gehiago Ugaoko Udal webgunean topa dezakezu.
☉ Ugao
Emahotsek ‘Ugaoko espazioak gureak egiten’ jarduera antolatu du Ugaon, M8ari begira
Programatutako jarduera guztien artean, ‘Ugaoko espazioak gureak egiten’ek egun osoko egitaraua eskainiko die herritarrei

Emakumeen Nazioarteko Egunerako jarduera ugari prestatu dituzte Ugaoko Emahots Talde Feministak: solasaldiak, liburu aurkezpena, bazkaria, mural margoketa, manifestazioa…
“Iazko martxoko balorazioan ondorio argi batera iritsi ginen”, azaldu dute Emahots taldetik. “Urtean zehar guretzako espazioak hartu behar genituela eta hasteko martxoko hilabetean pentsatu genuen”.
Helburua herriko emakume eta disidentzia desberdinen artean elkarguneak sortu, elkar ezagutu, kezka eta interes anitzak landu, eztabaidak zabaldu, eta aldi berean, ondo pasatzea dela azaldu dute Emahotsetik. Horrela, talde feministak ‘Ugaoko espazioak gureak egiten’ izeneko egun osoko jarduera antolatu dute martxoaren 7an, besteak beste.
“Martxo hau elkar topatzeko, espazioak okupatzeko eta komunitatea sendotzeko ere bada”, iragarri dute Ugaoko talde feministatik, eta herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera eta martxoan zehar antolatutako ekintzetara hurbiltzera.

Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna Ugaon (Emahots)
Martxoak 3, asteartea
18:30 Solasaldia: ‘Zerk arduratzen gaitu?’, Jane jauregia
Martxoak 5, ostirala
17:30 Mural margoketa, parke berdea
Martxoak 7, larunbata
‘Ugaoko espazioak gureak egiten’
13:00 Herri kirol parte-hartzaileak
15:00 Bazkaria, parke berdea
18:00 Baflepoteoa
20:00 Kontzertua: Alarma Morea
21:30 DJ HMNDK ETXERA, Dorretxea Herriko Taberna
Martxoak 8, igandea
Manifestazioa eta ekitaldia (ordua zehazteke)
Martxoak 10, asteartea
18:30 Solasaldia: ‘Zer gabezia ikusten dituzu?’, Jane jauregia
Martxoak 13, ostirala
‘Korrika badator!’
Martxoak 16, astelehena
Liburu aurkezpena: ‘Fea, furcia y chiflada’ (Natalia Alvarez), ordua zehazteke, Jane jauregia
Martxoak 17, asteartea
Greba orokorra: “Gutxieneko soldata hemen erabaki!”
Martxoak 24, asteartea
18:30 Solasaldia: ‘Belaunaldi desberdinetako emakumeok kezka berdinak partekatzen ditugu?’, Jane jauregia
Martxoak 26, osteguna
Hitzaldia: ‘Artea feminitate hegemonikoak zalantzan jartzeko’ (Nerea Bajo)
Martxoak 27, ostirala
Korrika – Emahotsek hartutako kilometrora parte hartzera gonbidapena
☉ Ugao
Ugao eta Arrigorriaga lotuko dituen bidegorriak 2027an hasiko ditu lanak
Ugaoko Udaletik iragarri lez, ibilbidea Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu du eta, ondo bidean, 2027an hasiko dituzte lanak

Arrigorriaga eta Ugao behin betiko lotuko duen bidegorri zatia martxan dago. Ugaoko Udaletik iragarri lez, trazadura Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu du eta 2027an hasiko dituzte lanak, ondo bidean.
Egin beharreko zatia Martiartu industrialgunetik Zeberioko zubiraino bitartekoa da, eta GEURIAn 2024ko azaroan iragarri lez, Arrigorriagatik datorren bidegorria ibaiko alde beretik egingo du aurrera ugaorantz, Martiartu industrialguneko zubia atzean utziz.
“Ibilbideak 3,37 kilometroko luzera izango du guztira, eta, trazaduraren zatirik handienean, 6 metroko zabalera izango du, honela banatuta: 3 metro bizikletentzat, 2 metro oinezkoentzat eta metro bat bazterbideetarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Foru aldundiak egindako ibilbidea laster aurkeztuko dute jendaurrean, eta zuzenketa epearen ostean lankidetza hitzarmena sinatuko dute.
☉ Ugao
Martxoaren 7an ospatuko dute Indaba lehiaketaren 13. edizioa, Ugaoko plazan
Udal ordezkariek gogorazi dute antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituztela lehiakideen eskura, eta horretarako izena eman behar dela

Ugaoko urteroko Indaba lehiaketak badu data: martxoaren 7a. Hiribilduaren 651. urteurrenarekin bat eginez, Herriaren enparantzan antolatuko dute ekitaldia: “Osagaiak babarrun tradizionala izan beharko dira, Euskal Herriko lurralde historikoetako babarruna (babarrun tolosarra, gernikarra) erabiltzen saiatuz, eta ohiko janariak (txorizoa, odolkia, urdaia, saihets-hezurra…) onartuko dira”, zehaztu dute Udaletik.
Kazolak 14:00etan entregatu beharko dira, eta lehiakideek labetxoa edo gasa, mahaiak eta beharrezko tresnak eraman beharko dituzte. Izena emateko azken eguna martxoaren 4a izango da online egiteko asmoa badago (kultura.ugao@ortzadar.es), edo hilaren 7an bertan, plazan, aurrez aurre, 09:00etatik 10:30era.
Udal ordezkariek gogorazi dute antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituztela lehiakideen eskura, eta horretarako izena eman behar dela. Azken eguna martxoaren 4a da. “Txapelketan parte hartu nahi ez duten baina, hala ere, ekitaldian egon eta giroaz gozatu nahi duten pertsonek mahaiak eta aulkiak erreserbatzeko (martxoaren 4ra arte eskaria egiteko aukera dago) eta euren janaria eramateko aukera izango dute”, azaldu dute Udaletik.
Sari banaketa 17:00etan egingo dute eta sariak produktu sortak izango dira.
Informazio gehiago jasotzeko idatzi kultura.ugao@ortzadar.es helbidera edo deitu 946 480 704 telefono zenbakira.










