Iritziak
Iritzia / Politikaz bustia

Azken boladan euria ari du. Jada blai gaudelako ezetz dirudien arren, ekaitzak hor jarraitzen du. Politika, euria bezala, da, guk nahi edo nahi ez. Munduaren azken bira zoroak leihoan zarata txuria bihurtu diren tanta hotsak balira hartzen dituzte askok. Ulertzekoa da. Guztiz nazkatuta gaude. Horrek baina, ez du euria desagerrarazten.
Politika ez da aukerako gauza bat. Munduko baliabideak kudeatzeko hartutako erabakiak gugan duten inpaktua ukatzea, zaparrada erdian honen azpian zutik eta tinko mantentzea bezalakoa da. “Ni politikan ez naiz sartzen” diote askok. Erabaki guztiak dira politikoak, baita ezer ez egitea ere, horrek interes batzuk defendatzen baititu. Ez dugu etxegabetuen alde egingo? Ez dugu gazteriaren miseria sistemikoa borrokatuko? Bizitzaren garesitzearen aurrean isilik mantenduko gara? Ekaitzaren azpian ez dugu aterkirik zabalduko?
Baina ez gaitezen erratu, M.Rajoy-ren hitzetan ”hau ez da zerutik erortzen den ura bezala, zehazki zergatik gertatzen den jakin gabe gaudela”, gure miseriak badu zergati argi bat. Sistema kapitalistaren azken akumulazio zikloa agortuta dago eta horren ondorioz, orain arte etekinak atera dituen burgesia ofentsibara pasatu da. Langileak gero eta egoera latzagoan gaude botere ekonomikoen esku. Honen aurrean baina, ez du balio berriro kapitalismoaren haize bolada positibo berriari itxaroten egoteak. Ezin dugu aurreko ziklo ekonomikoaren etorrera desiratu. Honen aurrean, langileriaren botere independentearen gorpuztea dugu irtenbide bakarra; elite ekonomikoaren influentziatik kanpo eta honen aurka antolatzen den mugimendu bat sortzea.
Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean gazteria langilearen borrokara batzeko, urtarrilaren 28an mobilizazioa egongo da Bilbon Jesusen Bihotza plazatik. Batu zaitez!
Julen Gonzalez
Hego Uribeko GKS – Galdakao
Zutabeak
Iritzia | Kurdistan: argi txiki eta indartsu bat itzaltzeko labankada

Beste gerra baten berri dugu, oraingoan Ekialde Hurbilean. Ez da segundu bat bera ere geratu, gutxienez, duela 13 urtetik; baina erasoak ezkutaezinak direnean, saihestezina gertatzen da horietaz hitz egitea. Berriek ekarri dizkigute, bada, Alepoko dronak, misilak, tankeak eta fusilak. Baina erakutsi al digute siriar gobernua, Turkiaren laguntzarekin, ISISeko kideak kartzelatik askatzen? Zehaztu al dute nork geldiarazi zituen duela urte batzuk, Siria eta haratago haien bandera beltzak hedatzen ari zirenean? Aipatu al dute kurdu edo Kurdistan hitza? Kontatu al digute nor erasotzen duten eta zergatik?
Bada, gakoetako bat Kobanen aurkituko dugu: Alepo ondoren siriar armada zalantzarik gabe erasotzera abiatu den hiria. Kobane Estatu Islamikoaren (EI, ISIS) aurkako erresistentziaren sinbolo izan zen 2014ean, autoantolatutako herri handi batek aurre egin ziolako. Hiri horretan jokatu zen EI-ren porrota urte hartan, bere gorakadak geldiezina zirudienean, bere ideologia atzerakoi eta antidemokratikoak bazterrak belzten zituenean, emakumeak etxean giltzapetuz eta eraildako aurkarien buruak kaleetan erakutsiz.
Kobane ofizialki Siriako estatuan badago ere, Kurdistan da. Eta horixe da gakoa: Siria, Turkia, Irak eta Iran estatuen barruan harrapatutako herri kurduak bere burua antolatu izan du 1978etik (Kurdistango Langileen Alderdiaren sorrera) eta lehenagotik, oso oinarri argiekin antolatu ere: demokrazia parte hartzailea, emakumeen askapena, gutxiengo guztien ordezkaritza herri antolakuntzan (erlijiosoa, etnikoa, linguistikoa), estatu aparatuengandik autonomoki antolatutako herri erakundeak, ekonomia sozial eta kooperatiboa.
Printzipio horiekin, Rojavan (Siriako Kurdistan) ezarri zuten autogobernua, gerora lurralde gehiagotan zabalduz Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoa: kurduz, arabiarrez, asiriarrez, armeniarrez eta zonaldeko beste etniez osatutako autogobernua. 2012an, udaberri arabiar deritzonean, Siriar gobernuaren hutsunea inoiz baino nabariagoa egin zen, eta hutsune hori aprobetxatu zuten jada errotuta zuten antolakuntza ofizializatzeko, herritarren beharrak asetzeko egiturak eraikitzeko, konfederalismo demokratikoaren printzipioekin. Horren bitartez, Rojavan eta haratago lortu dute estatu zapaltzaileen arabera behe mailako herritarrak zirenak sujetu aktibo bilakatzea, beren herria maitatu eta aurrera ateratzea, beren buruak eta beren lurra defendatzea, haien haurrak printzipio demokratikoetan heztea, etnia ezberdinetako jendearen arteko elkarbizitza eta elkarlana, emakumeen antolakuntza autonomoa genero zapalkuntzari aurre egiteko, eta horrek denak jendeari eta herri bati ematen dion duintasuna. Leku bat munduan.
Antolakuntza eta printzipio horiek kontra egiten diote bai EI-ren ideologiari, Turkiari, eta munduko estatu gehienei. Horregatik, Kurdistanen kontrako erasoek ez dute etenik izan komunikabideetan, hezkuntzan, kaleetan, mendietan, ezta Europan ere. Terrorista izendapena, eraso fisiko eta militarrak, hizkuntza eta kultura debekatzea, lurren okupazioa… Europar estatuen lankidetzarekin ere atxilotu eta hil dituzte mugimendu kurduko hainbat kide; horietako hiru emakumeren hilketaren 12. urteurrena gogoratu dugu pasa den urtarrilaren 9an: Sara, Rojbin, Ronahi.
Bada, oraingoan berriro erasotu dute Rojava. Siriar gobernu salafistak, ISISeko buruzagi-ohia gidari, europar gobernuek onartu eta txalotutakoa. Turkiar estatuak, Erdogan anti-kurduaren amorruaz. Israelek, eskualdeko hegemonia eskuratu nahian, Siriarekin hitzarmenak eginez. Eta noski, Estatu Batuek; izan ere, kurduek haiekin hitzarmenak egin izan dituzte, EI-ren aurkako borrokan laguntza lortu nahian; baina aurreikustekoa zen bezala, traizioa iritsi da: Siria, Turkia eta Israelekin aliantzak egin, eta ezkutuko tratuen bidez amarrua prestatu diete kurduei, eraso koordinatuak eginez. Bada, oraingoan badirudi Kurdistango antolakuntza demokratikoa betiko kolpatuko dutela. Beste behin ere, munduko indar erreakzionarioek, bat eginda, herritarren borondatea zanpatu dute. Baina behinola norbaitek esan zuen bezala, soilik ondo antolaturiko herriak lor ditzake helburu handiak, eta ez da helburu makala 13 urtez herri administrazio bat aurrera ateratzeko gai izatea, hodei guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, inoiz baino herritar parte hartze handiagoarekin. Are gehiago, kurduek abiatutako iraultzak haziak bota ditu mundu osoan, eta hazi horiek loratuko dira, lehenago ala beranduago.
Biji berxwedana Rojava! Gora Rojavako erresistentzia!
Gutunak
Gutuna | Hego Uribeko Ikasle Abertzaleak izatetik, Hego Uribeko Ikasle Antolakunde Sozialista izatera

Pasa den hilabetean, Ikasle Abertzaleak ikasle antolakunde historikoak abiarazitako VIII. Kongresu prozesuari bukaera eman genion Berriozarren, Iruñerrian. 37 urte bete dira antolakundearen jarduera iraultzailea hasi zenetik eta 7 urte pasa dira VII. Kongresuko Errainu ponentziatik. 7 urte zeinetan ikasle antolakundeak estrategia sozialistaren printzipio politikoak barnebildu zituen eta printzipio iraultzaile eta sozialisten baitan ikasle langileon interesen aldeko etengabeko jarduna eraman duen.
Orain, antolakundea eta bertan parte hartzen duten ehunka militanteok ikusi dugu bazela momentua aurrerapausu bat emateko eta VIII. Kongresuari ekiteko, bi erabaki politiko nagusi azpimarratuz. Alde batetik, berresten dugula gure burua estrategia sozialistaren baitan, antolakundearen izaera sozialista eta iraultzailea mantenduz (azkenengo 7 urte hauetan egin dugun bezala) eta bestetik, antolakundearen izen aldaketa eguneratua burutu dugula: “Ikasle Abertzaleak” izatetik “Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista” (IAS) izatera.
Izen aldaketa eman den arren, eskualdean (eta orokorrean) berdin berdin jarraituko dugu gure jardun politikoarekin, ikasle langileon interesak defendatzen, hezkuntza sistema sozialista baten norabidean eta gure lurraldearen autodeterminazioa aldarrikatzen, Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko aurrerapausuak emateko.
Dei egiten diegu ikasleei Hego Uribeko IAS-etik antolatuko diren egitarau eta ekimen desberdinetara parte hartzera, antolakuntzara batu!
Gutunak
Gutuna | Independentziaren aldeko gazte olatua, Galdakaotik abiatuta

Mundu mailan hedatutako olatu erreakzionarioa ate joka daukagu: faxismoaren normalizazioa, hizkuntza-eskubideen kontrako eraso sistematikoak, feminismoaren aurkako oldarraldiak eta herri zapalduon aurkako kontrol-estrategia gero eta agerikoagoak dira. Testuinguru horretan, gazteon bizitza ez da neutrala. Izan ere, prekarietatean bizi gara, etxebizitzaren auzia muturreko larritasun egoerara iritsi da eta gure identitate politiko zein kulturalak etengabeko mehatxupean daude.
Hiriguneko gazteok ere eskuin muturraren oldarraldiaren ofentsiba bete-betean ari gara bizitzen: gure kaleetan aldarriak kriminalizatzeko saiakerak, indar polizialen presentzia naturalizatzen duten ekitaldiak eta eragile espainolisten diskurtso gero eta lotsagabeagoak ikusi ditugu; horren adibide dira irailak 27an Ramon de la Sotan egindako Guardia Zibilaren “jardunaldi irekiak”, Bilbon Euskararen ordenantza berriari jarritako ezezkoa, Getxon espainiar armadaren ontzidien erakustaldiak edota hiriguneko kaleetan egindako talde faxisten margoketa eta propaganda instituzionala.
Bitartean, Bilbo, espainolismoaren gotorleku den hiria balitz bezala saltzen digute, ezkerreko independentismoak kabidarik ez duela esanez. Baina ez da egia. Auzo eta herri guztietan dagoen gazte komunitate euskaldun, feminista eta antolatuak frogatzen du bestelako hirigune bat posible dela, eta badaudela hemen eta orain horren alde ari direnak. Nazio-pultsuak historikoki etenik izan ez duen arren, indar gehiagorekin berrartzeko unea da: gure hizkuntza defendatzen duen gazteriaren hiriburua da Bilbo, euskaraz bizi nahi duen gazteriarena, eta estatu espainiarrak ez du gure bizitzen gaineko erabakirik hartuko.
Olatu erreakzionarioak estutu egiten gaitu, bai; baina horrek berretsi egiten du gure borrokak baduela potentzia politikoa. Zentzu horretan, ez gara amore ematera kondenatutako belaunaldia. Kontrara: gure esku dago ziklo politiko berri bati bultzada ematea, zapalkuntzarik gabeko etorkizuna diseinatzea eta Euskal Herriaren askatasuna baldintza material gisa aldarrikatzea. Independentzia baita gure gizartearen problematikei aurre egiteko irtenbidea. Izan ere, ofentsiba erreakzionarioaren aurrean gure herria zapaltzen duten estatu espainol zein frantsesak ez gaituzte babestuko. Horregatik da independentziaren aldarria premiazko alternatiba bakarra.
Gazteok ez gaude gehiago itxaroteko prest; ez dugu gure askatasuna atzerapen politikora kondenatuko. Gurea ekiteko unea da, salto politikoa emateko garaia. Aurreko belaunaldiek markatutako ibilbidea baliatuz, gazteon lana da orain norabide berriak urratu eta bide propioa zabaltzea.
Horregatik, Abenduaren 20an Bilboko kaleak hartuko ditugu, gazteok lehen lerroan jarri eta independentzia etorkizun duinerako giltza dela aldarrikatzeko. Mobilizaziora dei egiteko, Galdakaon, abenduaren 12an Independentziara eguna ospatuko dugu aisialdi egitarau bat eskainiz. Herri apainketa, trikipoteoa Merhezi taldearen eskutik eta Herriko Bentan pintxopotea egongo dira, besteak beste.
Gazte olatu independentista geldiezina da eta ez gara faxismoari aurre egiteko beldur. Ez gara bakerik gabeko etorkizun batekin konformatuko. Ez dugu beste inork gure bizitzaren norabidea markatzea onartuko.
Abenduaren 20an, Bilbora. Gazteok independentzia!
Zutabeak
Iritzia | Dena lotuta eta ondo lotuta utzi dute

Faxismoa ez zen 1975ko gau hartan ohean gelditu, ezta ere 1945eko apirilaren 30ean Hitlerrek bere buruaz beste egin zuenean. Faxismoa ezin dugu pertsona zehatzek hartutako neurri desproportzionatu gisa soilik ulertu, krisian sakotzen den eta kapitalismoan indarra hartzen duen programa bezala baizik. Horrela ulertuta soilik eman diezaiokegu zentzu historikoa faxismoari, baita gaur egun indarra hartzeko arrazoiak ere. Aurpegi eta dimentsio ugari dituen mugimendu zabal bat indartzen ari da egun bizitzen ari garen krisi testuinguruan, gazteengan bereziki ematen ari den joera erreakzionarioetatik hasita, ultraeskuineko gobernuen osaketatik igarota eta kale mailako patruila arrazistetara arte.
Izan ere, Frankoren heriotzarekin batera ez zen faxismoaren existentziaren bukatu, dominazio kapitalistarekin aurrera jarraitzeko fundamentu politiko eta instituzionalak indartu ziren besteak beste. Horregatik Trantsizioan eta 78 Erregimenean ez zuten gizartearen unibertsalizazioa eta berdintasun errealik gauzatu; kontrara, egitura ekonomiko kapitalista indartzea, militantzia iraultzailea zigortzea eta autodeterminazio eskubidea ukatzea lortu zen. Hortaz, bai, lotuta eta dena ondo lotuta utzi zuen dena.
Hori dela eta, erregimen kapitalistaren kontra eta egun indarra hartzen ari den faxismoaren kontra haustura politiko iraultzailea gorpuztea aldarrikatzen dugu Kontseilu Sozialistatik. Indarra hartzen ari den mugimendu faxista berri honen eta joera erreakzionarioen aurka, ustezko euskal adn antifaxista horretatik urrun , programa iraultzailean oinarrituko den mugimendu antifaxista zabal bat artikulatu behar dugu, langileriaren sektore ezberdinak antolatuko dituena eta independentzia politikoa ardatz nagusi izanda.
Guzti honetan ekarpena egitera dator Euskal Herriko Kontseilu Sozialistatik antolatu den Abenduaren 6ko mobilizazio zein goizeko hitzaldia.Gerturatu! Bertan ikusiko dugu elkar!
Gutunak
Gutuna | A25 Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna

Indarkeria matxistari ez zaio keinu sinbolikoekin aurre egiten, ezta egun horretan erakunde batzuk morez janztearekin ere. Askotan, urtean zehar, kolore morea erabiltzen duten erakunde horiek beraiek eragiten diete kaltea emakumeeoi, behin eta berriro biktimizatuz. Erakundeen indarkeria (egiten dutena zein, ez egitea) hain da handia, non emakumeok gure kabuz sortu behar izan ditugun babesteko moduak. Babes bila jotzen duen sistema berak ere emakume bizirauleak kriminalizatu egiten baititu.
Azaroan, sarri, ikus entzuneko medioak biktimak erabiltzen saiatzen dira, eta askotan “agenda betetzeko” baliabide bihurtzen gaituzue. Ekitaldi instituzionaletara, telebistara edo irratira gonbidatzen gaituzte, egun gutxi batzuetan agertuz, eta gero berriro ahaztuz.
Sistema ez dago benetan prest indarkeria patriarkala bizi dugunoi harrera emateko eta hala, urtean zehar morez janzten diren erakunde hoiek beraiek errepikatu egiten dituzte emakumeok jasaten dugun diskriminazioa. Indarkeria matxistatik bizirauteak bizitza osorako ondorioak uzten ditu osasunean, eta hau gutxi ez balitz, instituzioen indarkeria ere jasan behar izaten dugu; erakundeen huts egitea, nola lagundu ez jakitea, baliabideak ukatzea…eta abar luze bat.
Prentsa ere ez da bazterrean geratzen. Kazetari (Estatuko eta erkidegoetako komunikabideetakoak) eta ordezkari politiko ugarik “biktimen bila” deitu gaituzte aste hauetan, kontaktuak edo kontakizunak lehen pertsonan eskatuz. Ez dute datu enpirikorik, ordezkaririk edo aditurik nahi, ez. Xehetasunak, morboa eta abiadura nahi dituzte. Askotan, ez dute kontuan hartzen etikoa den, pertsona arriskuan dagoen eta adostutako akordioak betetzen ez diren, hala nola edukia aurreikustea edo irudia ez zabaltzeko eskubidea. Eta, gainera, gertakari larri baten aurrean prentsa behar izan dugunean ez da beti egon. Eta horrela biktimak publizitate bihurtzen dira, eskubidedun subjektu beharrean.
Horrez gain, errebindikazio egun hori indarkeria matxistaren egiturazko arazoa itxuragabetzen duten beste arrazoi batzuengatik ordezkatu da. Badirudi agenda politikoan arrazoi horrek garrantzi handia duela, baina ez praktikan. Azaroaren 25a bere datan ere ikusezin geratzen den lehen aldia ez da, aurten Bilbon gertatzen den bezala, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunetik gertuen dagoen asteburuan beste izaera bateko manifestazio bat egiten baita. Beste batzuetan ere bizi izan dugu: azaroaren 25eko mobilizazioak desagertu egiten dira beste borroka batzuetan, batzuetan intersekzionaletan eta beste batzuetan ez, hil, eraso eta bizitza baldintzatzen digun indarkeria salatzean soilik zentratu beharko litzatekeen espazio bat okupatzen baitute. Urtean behin ere ezin gara atera gu ez hiltzeko eskatzera.
Komunitate adituarentzat epidemia bat dena, batzuentzat beste edozein gairen bidez alda daitekeen gai txikiago bat dirudi. Izan ere, dagoeneko badakigu indarkeria ez datorrela soilik indarkeria ukatzen dutenengandik, baizik eta baita indarkeriari aurre egiten diotela diotenengatik ere. Eta espektro politiko bakar batera murrizteak bere dimentsio erreala ezkutatzeko eta iraunarazten jarraitzeko baino ez du balio.
Eta ikusezin bihurtze horren erdian, haurtzaroa da berriz ere ahazturik handiena. Mobilizazioetatik eta agenda instituzionaletik kanpo geratzen dira beti indarkeria matxistaren biktima zuzenak diren haurrak (lekukoak, bizirik atera direnak, hildakoak, umezurtzak, zaurituak eta horietako asko indarkeria horren mende jarraitzera behartuta daudenak zaintza inposatuen bidez). Babestu beharko lituzketen zerbitzuek egitura-gabezia dute: baliabideak, langile prestatuak eta benetako tresnak, segurtasuna eta konponketa bermatzeko. Haurtzaroa ostonduta geratzen da, eta azaroaren 25ean naiz eta genero indarkeriaren kaltetu sakonenak izan, ere.
Horregatik, Bidaureko kideak eskatzen dugu instituzioek keinuetatik benetako konpromisora pasa daitezela. Benetako erreparazioa bermatzea, laguntza profesional duina ematea, ama babesleen kriminalizazioa etetea, prentsak sensazionalismoa alde batera uztea eta etika errespetatzea, haur eta nerabeak haientzako baliabide espezializatuekin artatzea, eta indarkeria matxistaren aurkako borroka urteko egun guztietan lehentasuna izatea.
Ez gaur bakarrik.










