Zutabeak
Adimenaz
Ez dut adimen test bat sekula bukatu. Ezin izan diot inoiz aurre egin proba horietan agertzen diren ariketek sortarazten didaten nagikeriari. Ez dakit, beraz, zein dudan adimen-koefizientea, ez naiz eta, egundo, horrelako proba bat amaitzeko gai izan. Eta, egia esan, ez dakit koefizienterik ote dagoen “ez da proba amaitzeko gai” kasuetarako, baina susmoa dut ez dela oso altua izango. “Ehunetikbeherako” horietako bat izango naiz, akaso.
Inteligentzia edo adimena gizakion sortzetiko trebezia orokorra da, adituen arabera; egoera berean ondokoak baino egokiago edo desegokiago joka dezagula baldintzatzen duena. Maila akademikora ekarrita, ikasle batzuek besteek baino arinago edo motelago ikas dezatela ahalbidetzen duenberezko ezaugarria ei da, eta horri egozten zaizkio, kasu gehienetan, arrakasta eta porrota. Zein irakaslek ez du inoiz esan, edota pentsatu “ikasle honek ez du inoiz ikasiko, ez dauka eta, gaitasun nahikorik”?
“Zein irakaslek ez du inoiz esan, edota pentsatu ‘ikasle honek ez du inoiz ikasiko, ez dauka eta, gaitasun nahikorik’?”
Umetan amak sano inteligentea nintzela esaten zidan beti. Zorionekoa ni, izan ere, haur inteligenteak dituztela sinistuta dauden gurasoen seme-alabek emaitza akademiko hobeak izaten dituztela diote ikerketek, euren genetikan ezer berezirik ez dagoen arren. Eta ikasle inteligenteak dituztela uste duten irakasleen ikasleekin ere gauza bera gertatzen da. Gaitasun orokorrak baino, gaitasun horri buruz dauzkagun usteak eragin handiagoa daukan seinale. Ikerketa horiek guztiek agerian utzi duten arren edozein ikaskuntza prozesutan eragin handiagoa daukatela beste elementu baldintzatzaile batzuek -motibazioak, autokontzeptuak eta autoirudiak, batik bat-, ez dugu lortu adimenaren teoria bera gure erraietatik erraustea.
“Haur inteligenteak dituztela sinistuta dauden gurasoen seme-alabek emaitza akademiko hobeak dituztela diote ikerketek”
Adimena bera, egia esan, psikologian “konstrukto hipotetiko” izenaz ezagutzen dena baino ez da. Alegia, berez -ulertzen dugun eran- , existitzen ez den zerbaiti buruzko izendapen hutsa. Jarrera ezberdinen arteko aldea errazago azaltzeko asmoz propio eraikitako terminoa da; sano baliagarria, batez ere psikologia eta pedagogiaren alorretan, gizakion jokabide ezberdinak azaltzeko, baina oso arriskutsua, benetan existituko bailitzan jokatzen baldin bada, ezaugarri genetiko aldaezin bezala ulertzeak ikaskuntza prozesua bera baldintza dezake eta.
Egia da, jakina, egoera beraren aurreran pertsona batzuek jokabide inteligenteagoa izaten dutela, beste batzuek baino. Egia da, era berean, batzuek beste batzuek baino zailtasun handiagoa erakusten dutela. Baina jokabide inteligenteaz hitz egin beharko genuke -jokabidea ezaugarri aldagarri eta eragingarri gisa ulertuta-, eta ez gaitasunez, azken hau aldaezina baita, eta norbere esku ez dagoen zerbaiti egiten dio eta, erreferentzia.
Adimen estankoaren teoriak ezin du azaldu egoera beretsuan pertsona berberak batzuetan argiago, eta beste batzuetan motelago jokatu izana. Edo, itxuraz gaitasun gutxiago daukaten ikasleak, zergatik izaten diren trebeagoak arrakastatsuagoak baino, oso motibatuta daudenean. Psikologia ikerketa batzuen barruan, irakasleak ikasle motelenak oso adimentsuak direla sinestarazi ostean, zergatik lortu duten, horiek hain zuzen ere, arrakasta handiena ikasgelan. Errotik birrindu beharko genuke, beraz, gizartean hain sakon sustraitutako adimen eta gaitasun orokorraren ideia hori, ez duelako balio ikaskuntza prozesua bera mugatzeko baino. Eta, barkaidazue, baina geure ikaskuntza baldintzatzen duten teoriak eraiki eta sinesteak, gure gaitasuna, bizi guztirako aingura genetikoa bailitzan, zehatza, aldaezina eta neurgarria dela onartzeak, ez du oso inteligentea ematen.
“Barkaidazue, baina geure ikaskuntza baldintzatzen duten teoriak eraiki eta sinesteak, gure gaitasuna, bizi guztirako aingura genetikoa bailitzan, zehatza, aldaezina eta neurgarria dela onartzeak, ez du oso inteligentea ematen”
Zutabeak
Iritzia | Transparentzia eta arrazakeria

Bingen Zupiriaren jarraibidei men egin die oraingoan ere bere alderdikide den Iragorri jaunak.
Transparentziaren abanderatu hauek, ezer ezkutatzeko ez duten horiek, gure herrian delitugileen jatorria argitara emateko erabakia hartu dute. Baina ez dute inor engainatzen, ez da zintzotasun ariketa bat, etorkinen kriminalizazioan sakontzeko hartutako erabaki politiko bat baizik.
EAJren eskuinerazko joera berresten duen jokaldi politikoa da honako hau. Kalean ideia matxistak, arrazistak eta atzerakoiak nagusitzen ari diren garaiotan, ideia hauen bultzatzaile nagusienetako bezala aurkezten ari da EAJ (poliziaren inpunitatean sakonduz, pobrezia erreprimituz eta gazte langileen kriminalizazioan sakonduz). Horrelako neurriekin, faxismoa gorputza hartzen ari den testuingurua elikatu besterik ez dute egiten, pobreziara kondenatuak dauden sektore arrazializatuak seinalatuz, karikaturizazio arrazista indartuz eta klase batasunerako baldintza kulturalak okertuz.
Alderdi politiko instituzionalek ez dituzte delituen oinarrian dauden arrazoiak seinalatzen, klase gizartea bera zalantzan jartzea ekarriko lukeelako. Izan ere, gure herrietara, auzoetara, hurbiltzen garenean ikusi besterik ez dago proletargo migrantea bereziki lan baldintza kaskarretara, etxebizitzatik kanporatua izatera, poliziaren jazarpen etengabera… kondenatua dagoela. Eta zer egiten du EAJk egoera honen aurrean? Etorkinak kriminalizatu. Arriskutsua denez gaizki bizi daitekeen subjektu bezala karikaturizatu, eta horrekin batera ultraeskuinak ezarri nahi duen markoa elikatu.
Izan ere, ultraeskuinaren erritmora dantzatzen ari da EAJ, pobreen aurkako gerra sozial bat zabaltzeko baldintza kulturalak ezarriz. Baina oharkabean igaro nahi duen albiste honen aurrean, gero eta gehiago gara kontra egiteko prest gaudenak. Sistema krudel honen eta berau betikotzen duten agente eta instituzioetatik kanpo klase batasuna ardatz, fragmentazioa eta kriminalizazioa bultzatzen duten horien aurka antolatuz eta borrokatuz alternatiba berri bat eraiki beharra dago basakeria honi aurre egin nahi badiogu.
Zutabeak
Iritzia | Kurdistan: argi txiki eta indartsu bat itzaltzeko labankada

Beste gerra baten berri dugu, oraingoan Ekialde Hurbilean. Ez da segundu bat bera ere geratu, gutxienez, duela 13 urtetik; baina erasoak ezkutaezinak direnean, saihestezina gertatzen da horietaz hitz egitea. Berriek ekarri dizkigute, bada, Alepoko dronak, misilak, tankeak eta fusilak. Baina erakutsi al digute siriar gobernua, Turkiaren laguntzarekin, ISISeko kideak kartzelatik askatzen? Zehaztu al dute nork geldiarazi zituen duela urte batzuk, Siria eta haratago haien bandera beltzak hedatzen ari zirenean? Aipatu al dute kurdu edo Kurdistan hitza? Kontatu al digute nor erasotzen duten eta zergatik?
Bada, gakoetako bat Kobanen aurkituko dugu: Alepo ondoren siriar armada zalantzarik gabe erasotzera abiatu den hiria. Kobane Estatu Islamikoaren (EI, ISIS) aurkako erresistentziaren sinbolo izan zen 2014ean, autoantolatutako herri handi batek aurre egin ziolako. Hiri horretan jokatu zen EI-ren porrota urte hartan, bere gorakadak geldiezina zirudienean, bere ideologia atzerakoi eta antidemokratikoak bazterrak belzten zituenean, emakumeak etxean giltzapetuz eta eraildako aurkarien buruak kaleetan erakutsiz.
Kobane ofizialki Siriako estatuan badago ere, Kurdistan da. Eta horixe da gakoa: Siria, Turkia, Irak eta Iran estatuen barruan harrapatutako herri kurduak bere burua antolatu izan du 1978etik (Kurdistango Langileen Alderdiaren sorrera) eta lehenagotik, oso oinarri argiekin antolatu ere: demokrazia parte hartzailea, emakumeen askapena, gutxiengo guztien ordezkaritza herri antolakuntzan (erlijiosoa, etnikoa, linguistikoa), estatu aparatuengandik autonomoki antolatutako herri erakundeak, ekonomia sozial eta kooperatiboa.
Printzipio horiekin, Rojavan (Siriako Kurdistan) ezarri zuten autogobernua, gerora lurralde gehiagotan zabalduz Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoa: kurduz, arabiarrez, asiriarrez, armeniarrez eta zonaldeko beste etniez osatutako autogobernua. 2012an, udaberri arabiar deritzonean, Siriar gobernuaren hutsunea inoiz baino nabariagoa egin zen, eta hutsune hori aprobetxatu zuten jada errotuta zuten antolakuntza ofizializatzeko, herritarren beharrak asetzeko egiturak eraikitzeko, konfederalismo demokratikoaren printzipioekin. Horren bitartez, Rojavan eta haratago lortu dute estatu zapaltzaileen arabera behe mailako herritarrak zirenak sujetu aktibo bilakatzea, beren herria maitatu eta aurrera ateratzea, beren buruak eta beren lurra defendatzea, haien haurrak printzipio demokratikoetan heztea, etnia ezberdinetako jendearen arteko elkarbizitza eta elkarlana, emakumeen antolakuntza autonomoa genero zapalkuntzari aurre egiteko, eta horrek denak jendeari eta herri bati ematen dion duintasuna. Leku bat munduan.
Antolakuntza eta printzipio horiek kontra egiten diote bai EI-ren ideologiari, Turkiari, eta munduko estatu gehienei. Horregatik, Kurdistanen kontrako erasoek ez dute etenik izan komunikabideetan, hezkuntzan, kaleetan, mendietan, ezta Europan ere. Terrorista izendapena, eraso fisiko eta militarrak, hizkuntza eta kultura debekatzea, lurren okupazioa… Europar estatuen lankidetzarekin ere atxilotu eta hil dituzte mugimendu kurduko hainbat kide; horietako hiru emakumeren hilketaren 12. urteurrena gogoratu dugu pasa den urtarrilaren 9an: Sara, Rojbin, Ronahi.
Bada, oraingoan berriro erasotu dute Rojava. Siriar gobernu salafistak, ISISeko buruzagi-ohia gidari, europar gobernuek onartu eta txalotutakoa. Turkiar estatuak, Erdogan anti-kurduaren amorruaz. Israelek, eskualdeko hegemonia eskuratu nahian, Siriarekin hitzarmenak eginez. Eta noski, Estatu Batuek; izan ere, kurduek haiekin hitzarmenak egin izan dituzte, EI-ren aurkako borrokan laguntza lortu nahian; baina aurreikustekoa zen bezala, traizioa iritsi da: Siria, Turkia eta Israelekin aliantzak egin, eta ezkutuko tratuen bidez amarrua prestatu diete kurduei, eraso koordinatuak eginez. Bada, oraingoan badirudi Kurdistango antolakuntza demokratikoa betiko kolpatuko dutela. Beste behin ere, munduko indar erreakzionarioek, bat eginda, herritarren borondatea zanpatu dute. Baina behinola norbaitek esan zuen bezala, soilik ondo antolaturiko herriak lor ditzake helburu handiak, eta ez da helburu makala 13 urtez herri administrazio bat aurrera ateratzeko gai izatea, hodei guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, inoiz baino herritar parte hartze handiagoarekin. Are gehiago, kurduek abiatutako iraultzak haziak bota ditu mundu osoan, eta hazi horiek loratuko dira, lehenago ala beranduago.
Biji berxwedana Rojava! Gora Rojavako erresistentzia!
Zutabeak
Iritzia | Ondareaz

Eguberri garaian erraza da hamarkada gutxi batzuk dituzten ohiturak tradiziotzat hartzea. Erraza, baita, luze mantendutakoak urte gutxiren buruan nobedadeen argipean deuseztatzea: “Hau betidanikoa da” sintagmak sendotasuna erakutsi nahi arren, sustrai laburrak dituen errealitate lauso bati lotu dakioke. Gure ondare da Olentzero, baina baita Bizarzuri eta Erregeak ere. Ondare turroia, polboroia eta panettonea. Ondare plazan ur berria edan edo telebista parean mahatsak irunstea.
Hortaz, zer da ondarea? Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den dena da —izan materiala, soziala edo pentsamoldea—; eta bi alde ditu, mantentzen dena eta eraldatzen dena. Adi: ondarea ez da neutroa, ezta bere transmisio eta mudantza ere. Historian zehar boteredunek ezarri dute zerk duen balioa eta zerk ez, eta, beraz, zer igaro eta zer galarazi. Kultura herrikoiak ildo propiak mantendu zituen arren industralizazioaren aurretik, bestelakoa da horren ondoren jasandako eraldaketa. Munduko kultura dibertsitate galera handiena azken 50 urteetan iritsi dela esatea ez da esajerazioa. Horren erakusle da gure eskualdea. Bertan, jakin badakigu, baserriak eta lur komunalak zirela nagusi, baina ondare material historiko bezala utzi dizkigutenak, ordea, eliza eta dorretxe gutxi batzuk besterik ez dira izan. Herrikoia zen gehiena eraitsi edo desitxuratu egin dute, eta horren ordez ezagun zaizkigun lanaren eta kontsumoaren bizimoduaren inguruan sortutako etxebizitza bloke, fabrika, pabilioi zein errepideak eraiki dizkigute.
Ondarearen uren jarioan ur berriak ez dira ausaz etorriko; jaso duguna gurea da orain. Daukaguna aberatsa da eta aintzat hartu beharreko hamaika ñabardura ditu. Guri dagokigu zer mantendu, zer eraldatu, eta zein ildo berri zabaldu oinordekoei bestelako balioak dituen lurralde bat helarazteko.
Zutabeak
Iritzia | Dena lotuta eta ondo lotuta utzi dute

Faxismoa ez zen 1975ko gau hartan ohean gelditu, ezta ere 1945eko apirilaren 30ean Hitlerrek bere buruaz beste egin zuenean. Faxismoa ezin dugu pertsona zehatzek hartutako neurri desproportzionatu gisa soilik ulertu, krisian sakotzen den eta kapitalismoan indarra hartzen duen programa bezala baizik. Horrela ulertuta soilik eman diezaiokegu zentzu historikoa faxismoari, baita gaur egun indarra hartzeko arrazoiak ere. Aurpegi eta dimentsio ugari dituen mugimendu zabal bat indartzen ari da egun bizitzen ari garen krisi testuinguruan, gazteengan bereziki ematen ari den joera erreakzionarioetatik hasita, ultraeskuineko gobernuen osaketatik igarota eta kale mailako patruila arrazistetara arte.
Izan ere, Frankoren heriotzarekin batera ez zen faxismoaren existentziaren bukatu, dominazio kapitalistarekin aurrera jarraitzeko fundamentu politiko eta instituzionalak indartu ziren besteak beste. Horregatik Trantsizioan eta 78 Erregimenean ez zuten gizartearen unibertsalizazioa eta berdintasun errealik gauzatu; kontrara, egitura ekonomiko kapitalista indartzea, militantzia iraultzailea zigortzea eta autodeterminazio eskubidea ukatzea lortu zen. Hortaz, bai, lotuta eta dena ondo lotuta utzi zuen dena.
Hori dela eta, erregimen kapitalistaren kontra eta egun indarra hartzen ari den faxismoaren kontra haustura politiko iraultzailea gorpuztea aldarrikatzen dugu Kontseilu Sozialistatik. Indarra hartzen ari den mugimendu faxista berri honen eta joera erreakzionarioen aurka, ustezko euskal adn antifaxista horretatik urrun , programa iraultzailean oinarrituko den mugimendu antifaxista zabal bat artikulatu behar dugu, langileriaren sektore ezberdinak antolatuko dituena eta independentzia politikoa ardatz nagusi izanda.
Guzti honetan ekarpena egitera dator Euskal Herriko Kontseilu Sozialistatik antolatu den Abenduaren 6ko mobilizazio zein goizeko hitzaldia.Gerturatu! Bertan ikusiko dugu elkar!
Zutabeak
Iritzia | Puntu Morea erasotzea eraso bat baino gehiago da

Mugimendu Feministak hamarkadak daramatza indarkeria matxistaren kontrako borrokan, lehen identifikatzen ez genituen eta normalizatuta genituen hainbat egoera gaur egun izendatu ditzakegu eta argi dugu bidegabeak direla. Auzo-elkarteek, jai-batzordeek, gizarte-mugimenduek eta herrian presente dauden eragile guztiek berdintasuna erantzukizuntzat hartu beharko luketela aldarrikatu dugu urteetan zehar. Izan ere, guztion ardura da sortzen ditugun espazio eta jai eremuak emakumeentzako eta genero disidenteentzako gune seguru eta gozagarriak direla bermatzea.
Protokoloen eta erasoen kudeaketaren ardura kolektibizatu beharraz hitz egiten dugu askotan. Bide horretan, instituzioak behin baino gehiagotan seinalatu izan ditugu. Ardurak hartzeko eskatu diegu, eraso matxisten kontrako protokoloak eduki eta udal baliabideak indarkeria matxistaren kontrako borrokan inbertitu ditzaten. Zentzu horretan Mugimendu Feministak autogestioz eta militantziaz jai-guneetan martxan jarritako protokolo eta puntu moreak instituzioen gain hartzea aurrerapauso modura ikusten dugu.
Larunbat gauean Arrigorriagako jaietan gertatutakoak kezka eta haserrea sortu dizkigu. Kontzertuak bukatu bitartean gizon talde batek Puntu Morea erasotu zuen, bertan zeuden bi emakumeak iraindu eta botilak jaurti zizkieten. Puntu Morearen kontrako erasoa jaien kontrako eraso bat da. Emakume eta genero disidenteok erasorik gabeko jaiez gozatu ahal izatearen kontrako erasoa. Mugimendu feministak beste eragileekin elkarlanean urteetan egindako militantziaren lorpenen kontrako erasoa.
Batez ere orain inoiz baino gehiago, Puntu Moreak eta erasoen prebentzioan egiten den lanaren beharrezkotasuna ezin dugu zalantzan jarri. Erasoak egoten jarraitzen duten bitartean, jai-guneak emakume eta genero disidenteentzako espazio seguru ez diren bitartean eta txosnaguneak lehenago ixten gabiltzan bitartean (erasoak bata bestearen atzetik ematen direlako). Horregatik, jai eremuetako gizonengan jartzen dugu fokoa: har dezatela ardura erasotu ez gaitzaten. Ez soilik indibidualki, baizik eta sor ditzatela baldintzak haien inguruko (eta oro har, jai-guneko) gizonek erasotu ez dezaten.
Erasoen eta erasotzaileen inpunitatearen aurkako jarrera izatea denon ardura da. Argi izan dezatela eraso orok erantzuna izango duela eta ez direla jai eremuetan ongi etorriak.
Jai herrikoi eta feministen aldeko hautua egiten dugu eta erasoen ondorengo kudeaketatik haratago, espazioak feministatzeko beharrean berresten gara. Protokolo feministez gain, oholtza, txanda eta antolaketa forma feministen alde egiten dugu. Izan ere, indarkeria matxistaren aurka egiteko ezinbestekoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea, eta autodefentsa hortik pentsatzea. Planteamendu hauek gizonak gu erasotzeko zilegitasuna eta boterea duten gizarte talde gisa ulertzeko tresnak ematen dizkigute. Eta, aldi berean, erasotzaileen inpunitatearen aurkako borrokak nahiz autodefentsa feminista artikulatzeko.
Autodefentsa feminista antolatu dezagun! Aurrean izango gaituzte.
Gora borroka feminista!
Urruma Arrigorriagako Asanblada Feminista, Emahots Ugaoko Talde Feminista, Momoak Galdakaoko Talde Feminista eta Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista










