Gizartea
Iritzia / Laissez faire

Ze lagungarriak diren maileguz hartutako esaldi eta pasadizo xelebreak gure errelatitatea laburbiltzeko. Adibidez, mendiari buruzko foroetan behin baino gehiagotan irakurri dut honako hau: “Ba omen ziren behin bi mendizale igoera zail eta tekniko bati buruz berbetan. Holako batean hasiberriak eskarmentu handikoari esaten dio mendi hori mendizale guztiek igo nahi dutela. Besteak bere jakinminaren tontorretik, arnasa hartuz, erantzuten dio ezetz, igo beharrean, denek izan nahi dutela igonda mendi hori”.
Ez dut aurkitu jatorrizko bertsioan eta entzun dudanean hainbat mendizale famatuei egokitu zaie, beraz ez dut izenik aipatuko. Berdin dio autoretzak, uste dut nahiko ondo datorkigula, mendiak igotzea erronkeei aurre egitearen metafora indartsua baita. Edozein tabernako barran, irratsaioan edota telebista platoan entzun ahal ditugu istorio handiak, iragan batean gertatutako pasadizoak, non protagonistak kolpe bat ematen duen mahai gainean bere eskubideak eta ahulenenak defenditzeko edo iparorratza eskuan hartuta bidean galdutako guztiak laberintotik ataratzen dituen.
Gertakari handiak beti kontatzen dira lehenaldian, horietarako orainaldia eremu antzua omen da, ez omen da giro holakoak gertatzeko egun. Bolantean inor ez egoteak badu alde on bat, urte batzuk barru inork ez lizkiguke larrutu beharko belarriak bere pasadizo handinahikoekin. Gaur egun inor ez da ari erabakiak hartzen, ez behintzat gehiengoaren eguneroko arazoei konponbidea bilatzeko, erabakiak ez hartzea agintearen adierazlea balitz moduan. Laissez faire, laissez passer (utzi egiten, utzi pasatzen) frantsesek dioten moduan.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoak urez hornituko dituen proiektu berriaren hitzarmena onartu dute
Aurrekontuari dagokionez, Zaratamoko Udalak 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra

Joan den urtarrilaren 29an Zaratamon egindako osoko bilkuran argi berdea eman zioten Gutiolo eta Urdinbide auzoetako eta Usansolo Arteta auzorako hornidura sistema berriaren proiektuaren hitzarmenari, EH Bildu eta EAJren aldeko sei botoekin eta Gure Herria plataformaren bi abstentzioarekin.
Proiektu honen bidez, ura ponpatuko da Lekue biltegitik Artetako biltegiraino (Usansolo). Bertatik, ura auzo horretara banatzen jarraitzeaz gain, ura berriro ponpatuko da Zaratamoko mugaraino, Upo eta Otzagai mendien arteko lepoan. Bertan, Gutiolo eta Urdinbide auzoak hornituko dituen biltegi bat eraikiko da. Hitzarmen berri honen helburu diren obrak kontratatzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagokio.
Proiektuaren kostuari dagokionez, Zaratamo eta Usansoloko Udalek Partzuergoari ordainduko dizkiote ekarpenak: obren egikaritze kostuaren % 50a (Usansolok % 30 eta Zaratamok % 20).Ekarpen horien ordainketa lau urteetan egingo da 2026-2029 urteen bitartean. Horrela, Zaratamok 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra. Usansoloren kasuan zenbatekoa 336.000,00 eurokoa izango da guztira (84.000 euro ordaindu beharko ditu 2029ra bitartean).

Arazoaren jatorria
Zaratamoko Gutilo eta Urdinbide auzoko bizilagunek arazoak izan dituzte ur edangarriekin azken urteetan, GEURIAk jakin ahal izan duenez. Azken intzidentziak iazko irailean izan ziren. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela zioen Gutiolo auzoko Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini zuten kartel batek. Hilabete horietan, Ur Partzuergoak kamioien bidez helarazi zizkien auzotarrei lau litroko txanbil bi, eguneroko jarduerak egin ahal izateko.
Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak, iazko irailean GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain aire zabalean dagoen ur biltegi bat dago gaur egun, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen duen ura.
“Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”, adierazi zuen Alberto Ugarriza alkateak duela hilabete batzuk.
Itxaropena, gertuago
Partzuergoaren zerbitzu teknikoek iazko maiatzean idatzi zuten ur hornidura sistema berriaren proiektua eta kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 1.110.538,72 euroan ezarri zuten (BEZa kanpo) eta egikaritze epea 18 hilabetekoa izango dela aurreikusi dute.
Proiektu hori errealitate bihurtu arte, Gutiolo eta Urdinbide auzoko bizilagunek Galdakaoko Maxam enpresaren instalazioetan dauden biltegi batetik jasotzen dute ura eta bertako kudeaketa pribatua da.
☉ Zeberio
Porlanezko hesiak kendu eta metalezkoak ipiniko dituzte Zeberioko auzo bitan
Udalak 22.000 euro bideratu ditu eskuhartze honetara guztira: “Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”

Iazko azaroan, auto batek istripu txiki bat izan zuen Zubialde auzoaren sarreran: ibai ondoko porlanezko hesiaren kontra jo eta apurtu zuen. Harrez geroztik, hesia konpontzeko zain ibili da azken hilabeteetan.
Zeberioko Udalak, seguruarekin berba egin ostean otsailean aldatuko ditu hesiak. “Errepideetan ikus daitezken bezalako metalezko hesi berri bat ipiniko dugu bertan”, azaldu du Ekain Goti herriko alkateak. Auzo horretan 70 metroko bat ipiniko dute, baina ez da herrian ipiniko duten hesi berri bakarra; Zubibarrin ere hesi berri bat ipiniko dute, 110 metroko luzeeraduna.
Udalak 22.000 euro bideratu ditu eskuhartze honetara guztira: “Aldatu beharreko porlanezko hesiak dira. Era honetako hesiek urte piloa dituzte eta egoera txarrean daude”, arrazoitu du Gotik.
☉ Etxebarri
Sagardotegira eta Chillida lantokira irteera antolatu dute otsailean Etxebarrin

Sagardotegi garaia hasi da eta Hego Uribe eskualdetik hainbat eta hainbat irteera antolatzen dituzte urtero.
Etxebarrin otsailaren 14an izango da irteera eta Astigarragako Alorrenea Sagardotegian izango da bazkaria.
Aurretik, ordea, Chillida lantokira bisita antolatu dute, Legazpin.
Etxebarritik 09:30ean izango da irteera (Cime eraikinaren aurrean) eta itzulera 21:00etan izango da Hernanitik.
Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du etxebarri.eus webgunearen bitartez. Etxebarritarrek 40 euro ordainduko dituzte eta Etxebarrin erroldatuta ez daudenek 45 euro. Leku mugatuak dira.
☉ Zeberio
Zeberioko Udalak 108 kale-argi eta 13 erloju astronomiko ipiniko ditu udalerri osoan
“Eskuhartze honen bidez, urtean 20Tn Co2 eta 12.000 euroko gastua aurreztuko dugu”, azaldu dute Zeberioko udal ordezkariek

Zeberiok Led sistemara aldatuko du kaleko argiteria sistema otsailean zehar. Asmo hau iazko ekainean iragarri zuen baina 2026ra arte ezin izan du aldaketa gauzatu.
Udalak 64.000 euroko diru laguntza onartu zuen 2025ean eta guztira 72.600 euro bideratuko ditu udalerriko argiteria led sistemara aldatzeko eta erloju astronomikoak ipintzeko. Guztira 108 kale-argi eta 13 erloju astronomiko ipiniko dituzte herrian: “Eskuhartze honen bidez, urtean 20Tn Co2 eta 12.000 euroko gastua aurreztuko dugu”, azaldu dute Zeberioko udal ordezkariek.
Argi eraginkorra
Erloju astronomikoak modu automatikoan kalkulatzen du eguzkiaren orto eta ilunabarreko ordua, instalatzen den eremu geografikoaren arabera. Horri esker, argiztapena pizteko eta itzaltzeko orduak doitu daitezke, eta, beraz, energia aurrezten da eta argi-uniformea bermatzen da urte osoan zehar.
Udal ordezkariek iazko ekainean iragarri zion GEURIAri 2025 urtea amaitu baino lehen gura zuela argiteria sistemaren aldaketa egitea. “Proiektua itxita dago baina materiala faltan genuen. Otsailaren hasieran heldu da materiala eta orain egin behar dena horixe Zeberio osoan ipintzea da”, zehaztu du Ekain Goti alkateak.
Hego Uribe eskualdeko herri gehienek dute led sistema bidezko argiteria gaur egun: Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri…
☉ Ugao
Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute
Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.
“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.









