☉ Etxebarri
Urko Lekue: «Erromes izatea, bizimodu izateaz gain, zure barruan zerbait bilatzea da»
Noizbait entzun duzu pertsona baten ogibidea erromes izatea dela? Bada, Urko Lekue etxebarritarraren bizibidea hori da. Aurten 105 eguneko eta 3.000 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egin du eta urrian Andaluzian ibiliko da

Pauso azkarrez aurrera doan mundu honetan, Urko Lekue Magdalena etxebarritarrak (Etxebarri, 1989) ibilaldiaren erritmo motela eta sakona aukeratu du. Askorentzat oinez ibiltzea helmuga batera iristeko bide bat besterik ez da, baina Urkorentzat bizimodua da. Lanbidez erromes, ibiltzeko ekintza bere filosofia modu bihurtu du, munduarekin inork gutxik ulertzeko moduan konektatuz.
Zure ogibidea erromes izatea da. Nola egiten da hori? Bada, oso galdera ona da, erromes izatea, bizimodu izateaz gain, beste zerbait ere badelako: zure baitan zerbait bilatzea da helburua eta bizitza honetan benetan bilatzen duguna ikustea, hau da, guztion ongizatea eta elkarri laguntzea.
Aurten 105 eguneko eta 2.600 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egin duzu. Erromesaldia otsailaren 14an hasi nuen Almeria hiriburuan, Kordobaraino iristeko. Espainia oinez zeharkatzea da nire helburua. Ez dut helburu finkorik, gauza guztietara irekita dagoen pertsona bat naiz, eta egunen batean nire urratsekin norbaiti lagun badiezaioket, harro egongo naiz.Horixe izan da, bilatu gabe, egin dudan erromesaldirik luzeena. Eta bilatu gabe diot, etxetik irten nintzenean ez bainuen uste 100 egun baino gehiago erromesaldian emango nituenik.
Bide horretaz gain, Done Jakue bidea 16 aldiz egin duzu, bai Frantziako bidea, bai Iparraldekoa. Nire lehen bidea 2012an egin nuen. Asko gogoratzen dut, nire aitarekin batera egin bainuen. Nire aita da bidean hasi ninduen pertsona. Frantziako bidea izan zen, Orreagatik, eta zoragarria izan zen! Jakin behar duzun guztia irakasten dizuten horietakoa, batez ere arlo fisikoan eta mentalean.

Santiagoko katedralera hainbatetan iritsi da Urko oinez // Utzitakoa
Gogoratzen duzu zerk bultzatu zintuen lehen aldi hartan? Done Jakue bidera joan nintzen lehen aldian ez nuen motibaziorik, osasun mentaleko kontu bat zen. Hurrengo aldietan, noski, motibazioa aldatzen doa, dela psikologikoki, dela fisikoki, zure burua gero eta indartsuago ikusteagatik eta erronka berriak jartzeagatik.
Etapa guztiak aldi berean egin dituzu edo impasseak izan dituzu? Ibili naizen gutxieneko denbora bi aste izan dira. Adibidez, Iparraldeko bidea egin nuenean, urte batzuk behar izan nituen hura amaitzeko, kilometraje luzea eta denbora falta zirela eta.
Oraindik egin ez duzun eta egin nahiko zenukeen biderik egongo da. Bai, noski! Bide asko ditut buruan Espainian zehar. Egunen batean —laster espero dut— Erroma-Santiago eta Shikokuko bidea (88 tenplu budista Japonian) egitea gustatuko litzaidake.
Bideak bakarrik edo konpainiarekin egiten dituzu? Bide gehienak bakarrik egiten ditut, nahiz eta gero inoiz ez egon “bakarrik”. Hala ere, familiarekin, lagunekin eta beste erromes batzuekin egin dut bidea.
Nola prestatzen zara ibilbideak hasi aurretik? Nire prestakuntza errutina bat da. Astero ibiltzen saiatzen naiz, astean gutxienez lau egunetan, mendian edo 14 bat kilometroko bidezidorretan.

Donejakue Bidea lehenbizikoz 2012an egin zuen Urkok, bere aitarekin // Utzitakoa
Egin dituzun ibilbide guztietatik, zein izan da zailena? Esango nuke Orain arte egin ditudan gogorrenak San Salbatore Bidekoak izan dira: Leondik Oviedora, eta Bide Primitibotik jarraituz, Oviedotik Santiagora. 400 kilometro pasatxo dira, baina hango paisaien edertasunak bere aldapa gogorren nekea ahatzarazten dizu.
Eta errazena? Kostaldeko Portugalgo Bidea. Oso bide eramangarria da, ia ez du desnibelik eta bidean zerbitzu asko ditu. Hori bai, esango nizuke ez dagoela inoiz bide errazik.
Urte hauetan zehar jende asko ezagutuko zenuen. Jakina! Bidean jende zoragarria aurkitzen duzu, betiko markatuta geratzen zaizuna. Badut 2013an ezagutu nuen lagun bat, Donibane Garazitik Finisterrarako frantses bidea egin nuenean. Estatu Batuetakoa da, Dani Calderon da bere izena, eta bere bizitzako egun garrantzitsuenetako batean, bere ezkontzan, egoteko ohorea izan nuen. Puerto Ricon izan zen ezkontza, eta ez nuen zalantzarik izan egun berezi hartan berarekin egoteko. Bide bakoitzean jende zoragarria aurkitzen dut eta bakoitzaren oroitzapen bikainak gordetzen ditut beti.
Zer bilatzen duzu pertsonalki erromesaldi horiekin? Pertsonalki, erromesaldi bakoitzean bilatzen dudana da bizitzatik eta bidean aurkitzen dudan jendearengandik ikastea. Oso atsegina da.
Jendeari laguntzea gustatzen zaizu. Zer zentzutan? Erromesaldietan jende askorekin egiten duzu bat. Erromes gisa egiten dudan lana, aholkuak emateaz eta babak sendatzen laguntzeaz gain, une jakin batean medikamenturen bat eskaintzea da. Nire esperientziagatik jendea entzuten dut, bai alderdi emozionalean zein sentimentalean. Nire denbora eskaintzea gustatzen zait, eta arraroa dirudien arren, askotan besarkada bat ematea. Jendeari igartzen zaio egun horretan gutxienez beste era batera joaten direla ohera.

Bizitzatik eta bidean aurkitzen duen jendearengandik ikastea bilatzen du Urkok // Utzitakoa
Oraingoz ez dituzu erromesaldi hauek helburu solidarioekin egin. Kausa solidarioetarako dirua biltzea gustatuko litzaizuke? Gustatuko litzaidake, noski! Aparteko motibazio bat litzateke behar duen jendeari lagundu ahal izatea gustatzen zaidana eginez, nire kasuan Espainian barrena oinez ibiliz. Harro egoteko modukoa litzateke behar duen jendearentzat dirua biltzea.
Orain arte egindakoaren inguruko anekdotarik izango duzu buruan. Anekdota asko ditut! Gogoan dut, adibidez, Castro Del Rio izeneko herri batean 50 pertsonak baino gehiagok eskaini zizkidatela Aste Santuko urrats batzuk. Zirraragarria izan zen. Txundituta utzi ninduen beste gauza bat, aterpetxe berean mutil gazte italiar itsu batekin topo egitea izan zen. Berak goizero bilatzen zuen boluntarioren bat egun hartako etapan lagunduko ziona, eta nik harekin topo egin nuen Leonen. Orreagatik ibilbide luzea egina nuen, eta nik ibilbide labur batean lagundu nion, nire bidea beste toki batera baitzihoan. Baina egun haren ondoren izugarri aldatu zen nire pentsaera. Egia esan, mila anekdota ditut, egunen batean liburu batean islatu beharko ditudanak! (kar, kar, kar)
Zein dira zure hurrengo erronkak? Irailean esperientzia berri batean murgildu naiz: 10 erromesez osatutako talde batekin seinaleztatu gabeko bide bat egin dugu, eta urte batzuen buruan fruituak ematen hastea espero dut. Leonen hasi eta Oviedon amaitzen den bidea da. Allerano Bidea du izena, bere ibilbidea Aller ibaiaren zati batetik igarotzen baita. Gainera, berezia da niretzat: nire birramona Asturiasko inguru horretakoa baitzen!Urriaren hasieran, halaber, Cadizko probintziako lurretan barrena beste erromesaldi bat egingo dut. Algecirasen hasiko naiz itsasarteko bidea egiteko, eta Via Augustatik jarraituko dut: Cadiz hiriburua eta Sevilla lotzen duena, alegia. probintzia) bukatzeko. Ez da erronka malaka izango, inondik inora.
☉ Etxebarri
Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an
Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.
Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.
“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.
Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.
OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.
Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.
Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.
Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.
☉ Etxebarri
Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak
Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.
“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.
Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.
Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.
Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.
“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.
Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.
“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.
Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.
“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.
Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.
☉ Etxebarri
3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik
Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.
Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.
“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.
Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.
Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.
Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.
☉ Etxebarri
Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin
Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.
Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.
Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.
Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon.
☉ Etxebarri
Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak
Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.
Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.
“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.
Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.
“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.
Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.