☉ Galdakao
Swing, folk, jazz eta “sustraiko musika” ekarriko ditu Musika Asteak Galdakaora
Azaroaren 18tik 23ra bitartean Musik Astearen 33. edizioa izango da Torrezabalen. Kalejirak ere antolatu dituzte astean zehar

Musika Astearen 33. edizioa antolatuko du Maximo Moreno Musika Eskolak Galdakaon azaroaren 18tik 23ra bitartean.
Besteak beste, swing, folk, jazz eta “sustraiko musika” entzun ahal izango da Torrezabalen.
Era berean, herriko kaleak ere alaituko dituzten hiru kalejira izango dira, eskolako ikasleen eta txisturarien bandaren eskutik.
Maiteder Lertxundi Musika Eskolako zuzendariak astean zehar egongo den “aniztasun musikala nabarmendu du.
Eta Iñigo Hernando alkateak zentroak eta ekimenak “belaunaldi berriei musikarekiko pasioa atxikitzeko! duen garrantzian jarri du fokua.
Torrezabaleko emanaldiak ikusteko 3 euro ordaindu behar dute herritarrek. Eta XXXIII. Musika Asteari amaiera emango dion Eolo eta Da Capo Musika Bandaren kontzertua ikusteko ikusleek 5 euro ordainduko dituzte.
Nolanahi ere, Torrezabaleko bazkideek, langabetuek, adinekoek, elkarteetako kideek eta Gazte Txartela dutenek sarrerak % 25 merkeago jaso ahal izango dituzte sarrerak.
Musika Astea 2024 | XXXIII. Edizioa
Azaroak 18, astelehena
Kalejira: Maximo Moreno udal Musika Eskolako ikasleak
18:45 Musika Eskolatik Torrezabalera
Kontzertua: Erromintzelak
19:30 Torrezabal
Azaroak 19, asteartea
Kontzertua: Kuttune (Nerea Quincoces)
19:30 Torrezabal
Azaroak 20, asteazkena
Kalejira: Ad Libitum Txistu Banda
18:00 Udaletxetik Torrezabalera
Kontzertua: Suakai
19:30 Torrezabal
Azaroak 21, osteguna
Kalejira: Musika Eskolako txistulariak
17:00 Urretatik
Kontzertua: Pablo Fernandez Arrieta eta Jean Marie Ecay
19:30 Torrezabal
Azaroak 23, larunbata
Kontzertua: Eolo eta Da Capo Musika Banda
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Galdakaoko 1.100 ikasle kalera aterako dira Santa Ageda bezperan koplak abestera
Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4a Santa Ageda bezpera da eta ohiturak jarraituz, Euskal Herrian eta Hego Uribe eskualdean kalera aterako dira hainbat herritar koplak abestera.
Galdakaon, Urreta, Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegi ikastetxeetako 1.100 ikaslek euren makilak astinduko dituzte neguko solstizioaren ostean lurrari esnatu dadin dei egiteko.
Kurtzeko plazan 10:00etan kantatuko dute ikasleek udal langileen eta zinegotzien aurrean, eta ondoren Ardantza parkean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dizkiete.
Euria egiten badu ekitaldia Gandasegiko arkupeetan izango da.
Andra Mari eta Arratiako Korua
Egunean zehar, eta batez ere arratsaldean, herriko kultur talde eta elkarteak, koroak eta lagun kuadrillak kalera aterako dira.
Besteak beste, aipatzekoak dira Andra Mari Dantza Taldeak herritik zehar egingo duen kalejira eta Arratiako Koruak eskainiko duen emanaldia.
Arratiako Korua 21:00ak aldera izango da Galdakaon, Iturrondo plazan. Iaz bertan topatu genituen: ikusi bideoa.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
































