Sareak

☉ Galdakao

Hutsik dauden 950 etxebizitza baino gehiagori irtenbidea eman nahi die Galdakaoko Udalak

Ildo berean, Etxebiden 840 galdakoztar daudela izena emanda nabarmendu du Udalak. Etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko onurak daudela gogorarazi du gobernu taldeak

|

Gobernu taldeko kideek 4 lan-ildo nagusi dituen plana aurkeztu dute / Geuria

Etxebizitzaren inguruan daukan lau zutabeko plangintza aurkeztu du Galdakaoko Udalak gaur goizean.

Alde batetik, Bengoetxe inguruan babestutako 120 etxebizitza inguru eraikitzeko plana du mahai gainean Udalak: “Eusko Jaurlaritzak 30 eta 40 zuzkidura-bizitoki artean eraikiko ditu Udalak horretarako lagatako lur-eremu batean. Gainera, 80 eta 90 etxebizitza babestu eraikiko ditu Udalak”, azaldu du Iñigo Hernando alkateak.

Beste alde batetik, eraikuntzatik aparte, Udalak bestelako neurri batzuk hartuko ditu etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko. “Badakigu Etxebiden 840 galdakoztar daudela izena emanda: 660 alokairurako eta 180 erosteko. Ofizialki 840 pertsona daude etxebizitza bat eskatzen, baina gehiago dira, beste modu baten bitartez ari direlako etxebizitza bilatzen”, dio Hernandok.

Eta bitartean, gaur egun hutsik dauden 950 etxebizitza baino gehiago daude Galdakaon: “Inor erroldatu barik 950 etxebizitza huts daude Galdakaon, baina badakigu gehiago direla”, zehaztu du Hernandok, eta gaineratu du horren aurrean Udalak neurriak hartu behar dituela, “behintzat etxebizitza hutsen parke hori mugiarazteko”.

“Indarrean dauden neurrien artean dago % 50eko gainkargua dago etxebizitza hutsetan. Horrez gain, kanona aplikatzeko edo isun-espediente bat zabaltzeko aukera egongo da, handienetatik hasita. Hau da, kanona aplikatu ahalko die Udalak erabakitzen duen jabe motei, hala nola, bankuei, putre-funtsei eta etxe gehien dituztenei”, dio Hernandok. Kanona da urtean 10 euro metro karratuko; 70 metro karratuko etxebizitza batek 700 euroko kanona izango luke urteko. “Hemendik sei hilabetera ikusiko dugu neurri honek zein eraginkortasun izan duen”.

Ildo horretan, etxebizitza hutsak dituzten herritarrak animatu nahi ditu Udalak, bizitoki horiek alokatu ditzaten. “Alde batetik, orain dela hilabete batzuk onartu genuen eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko 3.000 euroko dirulaguntzak eta deialdia laster zabalduko dugu. Bestetik, etxebizitza alokatu ahal izateko konponketa orokorrak egiteko 3.500 euroko dirulaguntza emango du Udalak. Eta azkenik, etxea Alokabiden jarriko balute % 50eko hobaria Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ)”, dio Hernandok.

Udalak aholkularitza zerbitzu bat jarriko du martxan azaltzeko zein onura dituen Alokabiden bakoitzaren etxea jartzeak. “Besteak beste, sei urterako dela, Eusko Jaurlaritza dagoela programa horren atzetik bere bermeekin, eta etxea zuk eskaini duzun egoera berean mantenduko dela”, dio Hernandok.

Lonjak, etxebizitza

Lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza badu Galdakaoko Udalak. “Badakigu ordenantza nahiko zorrotza dela eta asmoa da ordenantza hori malgutzea etxebizitza duinak egin ahal izateko”, dio Hernandok: “Horrekin merkatua lasaituko litzateke, eskaintza handiagoa izan daitekeelako”.

Tentsio handiko eremuen inguruan ere berba egin du Hernandok. Aperribain eta Jugon mugatu ahal izango da alokairuaren prezioa. “Gune tenkatuaren izendapena ez da albiste ona. Horrek argi adierazten baitu arazoa dagoela etxebizitza arloan”, dio Hernandok.

“Guk nahi duguna da jendea herrian geratzea eta Galdakaon egitea bizitza-proiektua. Guk uste dugu, hasteko premiazkoa dela hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzea”, dio Hernandok.

☉ Galdakao

Hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzeko neurriak malgutu ditu Galdakaoko Udalak

Galdakaoko komertzio guneetako lokalak ezingo dira etxebizitza bihurtu eta lokal hutsak etxebizitza turistikora bideratzea galarazi dute

|

Lokal hutsen degradazioa murriztu nahi du Udalak eta etxebizitza duin eta eskuragarriak sortu // Geuria

Etxebizitzaren inguruan daukan lau zutabeko plangintza aurkeztu zuen iazko apirilean Galdakaoko Udalak.

Plangintza horren arabera, Bengoetxe inguruan babestutako 120 etxebizitza eraikitzea, hutsik dauden etxebizitzen parkea mugiaraztea, Aperribai eta Jugu eremu tentsionatu izendatzea eta lokal komertzialak etxebizitza bihurtzea erraztuko du Udalak.

Eta, azken planari dagokionez, urtarrileko osoko bilkuran aho batez onartu dute ordenantza malgutzea.

Hiru helburu ditu neurriak: etxebizitza duin eta eskuragarriak sortzea; auzoak biziberritzea eta lokal hutsen degradazioa murriztea; eta espekulazio turistikoa baztertzea. Hain zuzen, lokal horiek etxebizitza turistikora bideratzea galarazten du neurriak.

Era berean, espekulazioa saihesteko helburuz, aldaketaren onuradun izango dira 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen dagoeneko itxita zeuden lokalak. Araudi honen eraginez bertoko dendak ixtea saihestea da muga horren xedea. Gainera, herriko komertzio guneak babestu egingo dituzte eta eremu horietako lokalak ezingo dira etxebizitza bihurtu.

“Gaur aurkeztu dugun ordenantzaren aldaketak helburu argi eta zehatza du: Galdakaon dagoen etxebizitza eskaerari erantzutea. Bereziki, etxebizitza merkatu tentsionatuan gaudela kontuan hartuta. Aldi berean, urteak daramatzaten lokal hutsak berriz erabili nahi ditugu herriaren bizitza eta kohesioa indartzeko. Ez da arau berri bat hutsetik sortzea, indarrean dugun ordenantza egokitzea baizik, gaur egungo errealitate sozial eta ekonomikora moldatuz”, esan zuen Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.

Gobernu taldearen parte den Auzoakeko Monika Bailon zinegotziak ere hitza hartu zuen osoko bilkuran: “Lokal hutsak etxebizitza bihurtzea erantzun eraginkorra eta sozialki bidezkoa da. Ordenantzak etxebizitza duinak bermatzen ditu eta auzoak suspertzen laguntzen du, pertsianak jaitsita dituzten kaleei bizia emanez”.

Oposizioa alde

PSEk zuzenketa bat aurkeztu zuen, eta honakoa da: “Bi urteko epea igaro ondoren, potentzialki bihurgarriak diren lokalen kopurua eta dagoeneko eraldatu direnen kopurua aztertuko duen azterlan bat aurkeztea”, azaldu zuen Victor Trimiño zinegotziak.

Emendakina onartu ez arren, etorkizunean aztertzeko aukera zabalik utzi du gobernu taldeak. Egiraunek argudiatu zuen ez zutela argi “berrikusteko promesa” ordenantza tekniko baten barruan idatziz agertu behar den ala “konpromiso politikoa” den.

Trimiñok erantzun egin zion Egirauni: “Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ere bultzatzen duen filosofia horrekin bat gatoz. Etxebizitza larrialdiaren aurrean ez dago errezeta magikorik, baina neurri horrek eskaintza handitzen laguntzen du. Funtsezkoa da erabiltzen ez diren espazio huts horiek aprobetxatzea, betiere duintasun-baldintzak bermatuz”.

EAJk ordenantza eguneraketaren prozesuaren kudeaketa kritikatu du, baina neurria babestu du: “Ordenantza hau udal arkitektoaren txostenarekin ekarri dugu, EAJk duela bi hilabete prozesua gelditzea exijitu zuelako. Aginduzko txosten horren faltagatik deuseza izango zen arau bat onartzen saiatu ziren, segurtasun juridikoa arriskuan jarriz. Kontua ez da gobernua arduratsua izan dela, irregulartasun bat atzeman zutela baizik. Arkitektoak baliozkotu behar du arauak bizigarritasun- eta segurtasun-estandarrak betetzen dituela”, esan zuen Ainhoa Agirregoikoa zinegotziak.

Alderdi jeltzaleak aipatutako txosten teknikoaren polemikari dagokionez, Asier Egiraunek honako hau argitu zuen: “Atzera egin genuen ziurtasun juridiko handiagoa izateko eta txosten guztiak bananduta egoteko (alde batetik txoste juridikoa, eta bestetik txosten teknikoa), zuek eskatu zenuten bezala, nahiz eta lehen ere babes juridikoa bazeukan”.

Eztabaidarekin amaitzeko Egiraunek zera azpimarratu zuen: “Galdakaon etxebizitzaren arazoa handia da, denok dakigun bezala. Eta hau ez da soluzio bakarra, ez da ‘soluzio magikoa’, baina bada beste tresna bat gehiago herritarrei aukerak zabaltzeko. Lokal huts asko ditugu gure kaleetan, eta horiei irteera bat ematea, bizitza ematea eta, bide batez, etxebizitza beharrari erantzutea norabide zuzena dela uste dugu”.

Behin behinean onartu dute ordenantzaren moldaketa eta orain alegazioak aurkezteko aukera egongo da martxoaren 16ra arte.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Musika eta umorea uztartzen dituen kontzertua eskainiko du Da Capok Galdakaon

Otsailaren 8an, igandez, izango da kontzertua eta publikoarentzat “esperientzia dibertigarria” izango dela diote Da Capotik

|

Maite Guevara aktorearen interpretazioa izango da emanaldian // Galdakaoko Udala

Da Capo Galdakaoko Musika Bandak kontzertu berezia eskainiko du Torrezabalen otsailaren 8an, igandez: ‘Da Capo Banda eta Martina’.

Oraingo honetan musika eta umorea uztartuko dituzte: “Martina pailazoak —Maite Guevara aktoreak interpretatuta— amets egiten du bandako musikari bat izango dela, eta doinu nostalgikoen eta alaitasunez betetako pasarteen artean, parte hartzeko modua bilatuko du. Baina bere ahaleginak ez dira beti espero bezala aterako…”, dio emanaldiaren laburpenak.

Publikoarentzat “esperientzia dibertigarria” izango dela diote Da Capotik. Sarrerak oraindik salgai daude 3,75 euro eta 5 euro artean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Ahoztar Zelaietak ‘El Pradalismo’ liburua aurkeztuko du gaur Galdakaon

|

Iaz kaleratu zuen Ahoztar Zelaieta kazetariak liburua // Txalaparta

Ahoztar Zelaieta kazetariak ‘El Pradalismo’ liburua aurkeztuko du gaur, otsailak 5, Galdakaon.

Solasaldia Herriko Bentan izango da 19:00etan.

Saioa Guzur Aretxa Kultur Elkarteak antolatu du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Lurra esnatu dute gaur Galdakaoko ikasleek Santa Ageda bezperan

|

Santa Ageda bezpera da gaur eta tradizioa jarraiki, Hego Uribeko elkarte asko eta ikastetxeak kalera irten dira makilak astintzera koplak abestera.

Galdakaon Eguzkibegiko, Urretako, Elexaldeko, Gandasegiko eta Bengoetxeko ikasleak Kurtzeko plazatik igaro dira 10:00etatik 12:00etara bitartean eta udal langileen, zinegotzien eta herritarren aurrean kantatu dute. GEURIA bertan izan da!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko ikastetxeek Santa Ageda bezpera ospatu dute

|

Eguzkibegiko, Urretako, Elexaldeko, Gandasegiko eta Bengoetxeko ikasleak Santa Ageda bezperan kalera atera dira Galdakaon.

Denak Kurtzeko plazatik igaro dira eta udal langileen eta zinegotzien aurrean kantatu dute eta ondoren txokolatea eta bizkotxoak jan dituzte.

Osorik irakurri