☉ Ugao
Ernesto Fernandez: « Telebistan ausardia eta Ikuskizuna emateko gaitasuna bilatzen dute partaideengan»
‘Atrápame si puedes’, ‘Lingo’, ‘Dale una vuelta’ eta ‘La ruleta de la suerte’ saioetan lehiakide moduan ikusi dugu kamera aurrean ugaotarra eta azken parte-hartzea Antena3ko ‘Salta’ saioan izan da

Ernesto Fernandez Valerio auzotarra (Ugao, 1981) soberan ezagutzen dugu GEURIAn. Izan ere, 2022an elkarrizketatu genuen Ugaoko antzerki ziklo baten haritik. Baina oraingo honetan beste arrazoi batengatik izan gara berarekin: Fernandezek telebista programak maite ditu, bereziki kulturako quiz show formatukoak: ‘Atrápame si puedes’, ‘Lingo’, ‘Dale una vuelta’ eta ‘La ruleta de la suerte’ saioetan lehiakide moduan ikusi dugu kamera aurrean eta azken parte-hartzea Antena3ko ‘Salta’ saioan izan da. Kamera aurrean zoriontzu bizi da Ugaoko aktorea, eta mendekotasuna sortzen duen fenomenoa dela aitortu digu.

Ernesto, Jane jauregian // Geuria
Zer dela eta egin hasi zinen telebistako programetan parte hartzen? Telebistako lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen, eta, aldi berean, eszenatoki batera igo nintzen lehen aldiz; jendaurrean hitz egiteko beldurra galdua nuen. 2009an hasi nintzen nire lehen lehiaketan, eta ordutik hamar baino gehiagotan parte hartu dut. Horiek guztiak kultura orokorraren ingurukoak dira, zeren eta, azken finean, uste baitut horietan defenda naitekeela hobekien. Ikusi nauzuen azken saioa Antena3en ‘Salta’ da, baina parte hartu dut ‘Atrápame si puedes’, ‘Lingo’, ‘Dale una vuelta’, … agian egunen batean ‘El conquis’-en ikusiko nauzue? Ez dut uste! (barreak).
Ikusi dugu ‘La ruleta de la suerte’ saioan ere hartu duzula parte. Parte-hartze hau bereziki gogoan dut, telebistako saio historikoa baita, betidanik gogoratzen dut garai ezberdinetan. Eta oso zaila da lehiatzea, oso gutxitan irekitzen dutelako castinga eta jende askok parte hartu nahi duelako. Baina saiatu nintzen, deitu zidaten, proba batzuk egin nituen eta azkenean aukeratu egin ninduten. Begi ona izan nuen, finalera iristea lortu nuen eta diru asko lortu nuen.
Nolako esperientzia izan da Salta saioan parte hartzea? Esperientzia guztiz sinestezina izan zen: programa hau berezia izan zen. Kateak Herbehereetan grabatzea erabaki zuen, bertan grabatu baitziren formatuaren bertsio guztiak. Beraz, esperientziak hiru egun iraun zuen, eta reality baten antzekoena izan zen: hegazkinak, hotela, platoa… Hiru egun oso trinkoak izan ziren, eta 25 lehiakidez osatutako talde batek bat egin genuen. Programari berari buruz ari garela, lantalde osoak bikain tratatu gintuen, hasieratik amaierara, lantalde tekniko eta giza talde bikaina izan genuen. Ehun aldiz errepikatuko nuke begiak itxita. Leku bakoitzetik, beti geratzen naiz ezagutzen dudan jendearekin, eta kasu honetan are gehiago. Hau da abentura hauetan parte hartu ondoren geratzen dena: pertsonak.
Nik gogoratzen dut zurekin antzerkiaren inguruan egin genuela berba baina telebistaren mundua, quiz showena zehazki, oso ezberdina. Nolako aldea ikusten duzu? Antzerkia eta telebista oso desberdinak dira. Antzerkian entseatu, lan egin, orduak sartu… egin dezakezu, baina telebistako lehiaketetan, ikusleek ikusten dutena da egiten duzuna, zure ezagutzaren mende zaude. Baina, aldi berean, oso antzeko munduak dira: bi kasuetan, badakizu jende asko duzula zuri begira, zu epaitzen, baina batez ere gozatzen. Eta antzerkiko txipa baduzu telebistan zaudenean, erdia eginda daukazu. Urduritasuna kontrolatzen baduzu, dena naturalago irtengo da, jendearekin hobeto konektatzeko aukera egongo da. Ikuskizuna eman behar da edozer gauzaren gainetik. Telebistako lehiaketa batera joan behar baduzu lehenengoa joango zarela pentsatuz, hobe duzu ez joatea. ‘Salta’ saioan, 20.000 eurorekin planto egin nezakeen, baina ez nuen egin: azken momentura arte eman behar da ikuskizuna. Horixe da azken batean baloratzen dutena fitxatzen zaituzten pertsonek: ausardia eta ikuskizuna.

‘Atrápame si puedes’ saioan // Utzitakoa
Animorik jaso duzu Ugaoko herritarren aldetik? Zerbait nabarmendu behar badut, nire ugaotar bizilagunen babesa da. Kalean gelditu eta animatu egiten naute, ikusten nauten bakoitzean hurrengo lehiaketa zein den galdetzen didate. Eta noizbait galdera bat huts egiteagatik galdu egin badut, ez dago gaitzespenik; guztiz kontrakoa! nirekin daude beti. Jende askok esaten dit ni lehiaketetan ikusteak poza ematen diela, hunkitu egiten direla nirekin, harro daudela hiriko bizilagun batek Ugao izena alde guztietatik harro daramadalako. Ezin naiz harroago egon Ugaokoa naizelako eta jendeak horrela maite nauelako. Gainera nire gurasoei asko gustatzen zaie ni lehiaketetan ikustea, eta ni zoriontsu naiz nitaz harro ikusita.
Zein da zure hurrengo erronka? Nire interesekoa den lehiaketa bat hasiko dela jakin bezain pronto, bertan izena ematen dut. Momentu honetan Brasilen grabatuko den programa batean parte hartzeko zain nago, eta baita gure lurraldeko beste batean ere, Euskal Telebistan. Baina badakizu nola doan hau, ezin dizut asko kontatu (barreak). Dena ondo badoa, laster ikusiko nauzue lehiaketa gehiagotan. Telebista saioetan parte hartzearen fenomeno honek mendekotasuna sortzen du: behin hasita ezin diozu parte hartzeari utzi. Eta ni kamera baten aurrean zoriontsua naiz. Zertarako nahi dut gehiago?
☉ Ugao
Ugaoko kultur ondarea ezagutzeko otsailaren 11n ibilbide gidatua egingo dute
Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango da

Ugaoko Udalak, AEKrekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, hiribilduaren kultur ondarea ezagutzeko ibilbide gidatua antolatu du beste urte batez ‘Praktikatu eta bizi’ programaren barruan. “Herriko kultur ondarea ezagutzeko aukera izango dugu aditu baten eskutik”, iragarri dute.
“Ibilbide gidatuan, Ugaoko hainbat leku esanguratsu bisitatuko ditugu, haien historia, erabilera eta garrantzia ezagutzeko”. Jarduera parte-hartzailea izango da eta helburua herriaren memoria eta nortasuna gertutik ezagutzea izango dela azaldu dute antolaketa taldetik.
☉ Ugao
Ugaoko kiroldegiak igerilekua, spa eta erlaxazio gunea berritu ditu
“Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”, azaldu du Foru diputatuak

Ugaoko El Jaro kiroldegiak Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren bisita izan du gaur goizean, Udalak amaitu berri dituen igerilekuko lanak direla eta. Bisita berezira hedabideak gonbidatu dituzte, azken hilabetetako lanak ezagutzeko, espazio berriak joan den urtarrilaren 19tik herritarrentzat zabalik egon arren.
Azken hilabeteetan GEURIAn iragarri lez, Ugaoko kiroldegiak hobekuntzak egin ditu El Jaro kiroldegian, 1997tik egin diren esku-hartzerik garrantzitsuena. Izan ere 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietako 500.000 Foru Aldundiak finantziatutakoak dira.
Berrikuntza aipagarrienak sortu dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym kasu.
Bestea, sakonera berekoa, entretenimendurako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Bisitako momentu bat, igerilekuetan // Geuria
Ondorioz, sauna eta bainu turkiarra lekualdatu dute eta berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun-irizpideak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki dibertsitate funtzionala edo mugikortasun murriztua duten pertsonak aintzat hartuz. Horrela, kiroldegia hezkuntzara eta osasuna zaintzera bideratutako gune gisa sendotu da.
Lexuri Arrizabalaga, Foru diputatua: “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”
“Erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi-kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dira”, azaldu du Arrizabalagak. “Kiroldegi honek ez du soilik kirol-jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu da”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak nabarmendu du jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa dela eta esku-hartze honi esker kiroldegiak eraldaketa handia izan duela: “Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”.
☉ Ugao
Adimen emozionala lantzeko ikastaroa antolatu dute Ugaon, otsailean
Helburua parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea da, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko

Otsailaren 12an hasita, Adimen emozionala lantzeko 20 orduko ikastaroa antolatu dute Ugaoko Gaztelekuan 18:30etik 20:30era.
Ikastaroa hamabostean behin egingo dute: “Helburua da parte-hartzaileek euren emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko tresnak eskuratzea, ongizate pertsonala eta harreman osasuntsuak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Izena emateko epea otsailaren 5era bitartean zabaldu dute. Interesdunek Jane jauregian eman beharko dute inprimakia. Tramitea online egiteko aukera dago ere inprimaki hau betez.
☉ Ugao
Ugaoko inauterietako mozorro lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta

Urtarrilaren 30era bitartean zabaldu dute Ugaoko mozorro lehiaketan parte hartzeko epea.
Aurtengo inauteriak otsailaren 12tik 17ra izango dira Ugaon, eta Jai Batzordeak, udalerriko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, mozorro-lehiaketaren edizio berri bat antolatu du.
Mozorro festa otsailaren 14an antolatu dute (larunbata), 18:00etan. Egun horretan desfilea egingo dute San Bartolome kaletik abiatuta: “Lehiaketan nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banakako edo taldekako modalitatean”, azaldu dute udal ordezkariek.
1.000 euro banatuko dituzte saritan guztira eta Ugaoko Merkatari Elkarteko establezimenduetan trukatu ahalko dira den-denak. Hiru kategoria bereiziko dira irabazleen artean:
– Banakako haur eta helduena: 50 euro, kategoria bakoitzeko
– Gehienez sei lagunez osatutako taldeak: Lehen saria 200 euro; bigarren saria 100 euro
– Sei lagunetik gorako taldeak: Lehen saria 300 euro; bigarren saria 200 euro
Parte hartzearekin batera, parte-hartzaile bakoitzak eszenatokian emanaldi edo dantza txiki bat eskaini beharko du eta erabiliko den musika izen-ematearekin batera entregatu beharko dute.

Giroa, 2024ko inauterietan // Geuria
Egitaraua | Ugaoko inauteriak 2026
Mozorro festaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Ugaoko jaietan, otsailaren 12tik 17ra bitartean: zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, haurrentzako jarduerak, urteroko Kiskailuaren erretzea…
Otsailak 13, ostirala
Eskolako kalejira, buruhandiak eta haurrentzako ikuskizuna
10:45 Eskolako kalejira: Euskal Inauteriak
18:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
19:00 ‘Mugi Boogie’ haurrentzako ikuskizuna, Herriaren enparantza
Otsailak 14, larunbata
Zanpantzar desfilea, tostada lehiaketa, mozorro-desfile eta lehiaketa, musika eta animazioa…
12:00 Zanpantzar kalejira, herriko kaleetan zehar
13:00 Tostada lehiaketa
18:00 Mozorro desfilea Kiskailua eta Sama Siku fanfarrearekin, San Bartolome
19:00 Mozorro Lehiaketa kideen emanaldia + sari banaketa
20:00 Musika giroa, Herriaren enparantza
Otsailak 16, astelehena
Buruhandiak eta puzgarriak
17:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza eta kale zaharra
18:00 Puzgarriak, Herriaren enparantza
Otsailak 17, asteartea
Kiskailuaren erretzea, haurrentzako jolasak eta txokolatada
17:30 Umeentzako jolasak
19:00 Kiskailua erre
19:30 Txokolatada, Herriaren enparantza
☉ Ugao
Gazteentzako euskarazko zeramika ikastaroa eskainiko dute Ugaon, otsailetik apirilera
Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da

Otsailaren 2tik apirilaren 22ra bitartean haurrei zuzendutako zeramika monografikoa antolatu du Ugaoko Udalak Hiru Hodietako kultur etxean, 19:00etatik 20:30ak arte.
Guztira 30 orduko ikastaroa izango da eta sei eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 29a izango da eta modu bitan egin daiteke: aurrez aurre Jane jauregia edo inprimaki hau betez.











