☉ Basauri
Bizkotxalden 94 etxebizitza eraiki ahal izateko Hirigintza Plana behin betiko onartu du Basauriko Udalak
Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako ingurunea eraberritzea eta Bizkotxalden etxebizitza berriak eraikitzea onartu du Basauriko udalbatzak EAJren, PSEren, Elkarrekin Podemosen, PPren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin

Basauriko Udalak behin betiko onartu du Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa, Bizkotxalden 94 etxebizitza berri eraiki ahal izateko.
Aldaketa horri esker, berroneratu egingo dute Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako ingurunea, eta etxebizitza berriak eraikiko dituzte Bizkotxalden.
Beste alde batetik, gune horretan bertan, Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakien ondoko eraikinak eristeari ekin zion enpresa pribatu batek, bertan etxebizitza batzuk eraikitzeko. Etxe-agentzia batek 33 etxebizitza eraikiko ditu bertan.
Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako ingurunea lurzoru pribatuan dago -ez da Udalarena-, eta sustatzaile pribatuek azken 26 urteetan ez dutenez jarduketarik bideratu, Basauriko Udalak plangintza berri bat sustatzeko erabakia hartu zuen: Kareaga Goikoako jarduketa-unitatea Uribarriko udal-jabetzako beste lursail batekin lotzeko erabakia, hain zuzen, guztia jarduketa-unitate bakar batean integratuz.
Modu horretan, aldaketa horri esker, Kareaga Goikoako lursaileko jabeek (enpresa pribatuak) hirugarren bati saldu ahal izango dute lurzorua, 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako eraikinak eraisteko, eremua urbanizatzeko eta Bizkotxalden 94 etxebizitza eraikitzeko, zaharren egoitzaren eta Uribarri Institutuaren artean dagoen lursailean.
Sutea, “inflexio puntua”
HAPOaren behin betiko aldaketa hori atzoko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, gobernu taldearen (EAJ-PSE), Elkarrekin Podemosen eta PPren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
“Hirigintza plangintzaren behin betiko aldaketa da onartu duguna. Hasierako onespena duele urtebete onartu genuen aho batez, baita duela hilabete batzuk, 2024ko abenduan, behin-behinean onartu genuen plangintza aldaketa”, adierazi zuen Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak: “Lurzoru publiko bat bilatu genuen Bizkotxalden eta horrela baretu ahal izango den eremu bat sortuko dugu Kareaga Goikoan”.
Isabel Cadaval PSEko zinegotziak uste du aldaketa hau “behin betiko irtenbidea” izango dela Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakien lursoruan kudeaketa urbanistikoa egin ahal izateko.
Zigor Isuskiza EH Bilduko ordezkariak abstentzioaren arrazoia argudiatu zuen: “Teknikoki ez dugu ezer esaterik. Ez dugu oztoporik jarriko: abstentziora joko dugu aldaketa hau hirigingtza garapena egiteko konponbiodea izan daitekeelako. Hala ere, gure kezka adierazi nahi dugu, berandu onartu dugulako behin betiko aldaketa hau”.
Zentzu horretan, Goikoetxea Hirigintza arloko arduradunaren arabera, “urtebetean lortu dugu hasierako onespena, behin-behineko onespena eta behin betiko onespena onartzea”.
Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak ere uste du “atzerapen gehiegi” egon dela, baina urtarrilean Kareaga Goikoa kaleko 5. zenbakian sute larria gertatu zen, eta gertaera hori “inflexio puntua” izan zela adierazi zuen Canterok.
Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako etxebizitzek nahita eragindako sute larria jasan zuten urtarrilaren amaieran, eta aurri-deklarazioaren fasean daude. Horrek esan nahi du egoiliarrak ezin direla itzuli higiezinak behin betiko hondatu direlako eta higiezin horiek eraisteko legezko betebeharra dagoelako.
Basauriko Udalak lehendik higiezin horiei buruz azaldu duen bezala, bertan bizi zirenek, gehienak etxebizitza horietako jabeak, ez dute beste bizileku bat jasotzeko eskubiderik, esparruan ez baitago abian hirigintza-jarduketarik.
“Baldintza hori ez zen betetzen sutea jazo aurretik, eta gaur egun ere ez da betetzen, onartutako HAPOaren aldaketak hirigintza-plangintzan baizik ez baitu eragiten eta ez baitakar esparrua kudeatzeko jarduketa”, esan zuen Goikoetxeak.
Epai judiziala betetzea
HAPOaren aldaketa hau Kareaga Goikoa eta Bizkotxalde artean banatutako hiru-lurzoruko esparru batean bideratuko dute. Eta, aldaketa hori epai judizial baten ondorioz zehaztu zuen Udalak.
Ikusirik sustatzaile pribatuek –ez da lurzoru publikoa– 26 urtetan Kareaga Goikoa kaleko 1, 3, 5 eta 7 zenbakietako ingurunean ez dutela inolako jarduketarik bideratu, Basauriko Udalak plangintza berri bat sustatzeko erabakia hartu zuen.
Plangintza hori 2021ean indarrean jarri zen HAPO berrian jaso zuten. Horretarako, Udalak lurzoru publikoa bilatu zuen aprobetxamenduak baliatzeko eta eragiketa egingarria egingo zuen jarduketa-unitate bakarra sortzeko. Hala bada, HAPOaren idazketa berrian Kareaga Goikoako jarduketa-unitatea Uribarriko udal-jabetzako beste lursail batekin lotzeko erabakia hartu zuen.
“Hasiera batean, Eusko Jaurlaritza eragiketan inplikatzeko aukera aztertu zen, baina Eusko Jaurlaritzak inbertsio-ahalegin handia egin du jada gure udalerrian etxebizitzaren arloan, eta ideia ez zen gauzatu. Gobernu taldeak orduan higiezinen merkatua aztertu zuen, etxebizitzak egingo zituen sustatzaile bati lursailak saltzea bideragarria ote zen ebaluatzeko, baina egiaztatu zen ez zirela parametro onargarriak ekimen pribaturako”, adierazi zuen Goikoetxeak.
Udala egiten ari zen azterketa horiekin batera, Trocabide enpresak, Kareaga Goikoa kaleko 3. zenbakiko eraikin osoaren jabeak, errekurtso bat aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, eraikigarritasun oso txikia zuela eta HAPOn integratutako beste jarduketa batzuen batez besteko eraikigarritasunekin parekatu behar zela iritzita.
Epaitegiak arrazoia eman zion Trocabide enpresari, eta gobernu taldeak epaia ez errekurritzea erabaki zuen, esparrua zegoen blokeo-egoera askatzen saiatzeko. “Izan ere, agindu judiziala betetzeak eraikigarritasuna handitzea zekarren, eta horrek erakargarriagoa egiten du eragiketa sustatzaile pribatu batentzat, eta bideragarritasun ekonomiko handiagoa ematen dio eragiketari”.
Aldaketa horri esker, lursaila hirugarren bati saldu ahal izango dio Kareaga Goikoa 1, 3, 5 eta 7 zenbakkietako jabeak, betako etxebizitza eraikinak eraisteko, eremua urbanizatzeko eta Bizkotxalden 94 etxebizitza eraikitzeko.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.








