☉ Etxebarri
Programa | Etxebarriko jaiak 2025

Uztailaren 18tik 27ra bitartean izango dira Etxebarriko jaiak. Jai Batzordeak 70 jarduera antolatu ditu: kuadrillen olinpiada, gastronomia lehiaketak, haurrentzako ekintzak eta ikuskizunak, bazkariak, kirola eta musika.
Egitaraua | Etxebarriko jaiak 2025
Uztailak 16, asteazkena
19:00 Bikotekako Frontenis txapelketako kanporaketak udal pilotalekuan
Uztailak 18, ostirala
20:00 Kuadrillen eta herritarren jaitsiera San Esteban elizatik
20:30 Pregoia eta txupinazoa udaletxeko plazan
23:00 Disko Festa udaletxeko plazan
00:00 Suzko zezena
Uztailak 19, larunbata
10:00 Spinning maratoia udaletxeko plazan: 45 minutuko bi txanda
11:00-14:00 Paella lehiaketa. Izena-ematea 09:30etik aurrera udaletxeko plazan
16:00 Mus txapelketa True Colors tabernan
17:00 Tute eta Briska txapelketak Etxebarri Behekoa jubilatuen egoitzan
18:00 Kuadrillen ginkana udaletxeko plazan
19:00 DJ Crazy Monkey Arkupe tabernan
19:30 Hirugihar-jana Lanbroa tabernan
20:00 Paella lehiaketako irabazleen jakinarazpena udaletxeko plazan
23:00 Erromeria udaletxeko plazan: Lehian. Aurretik Rock kontzertua Arnasestu taldearekin
Uztailak 20, igandea
12:30 Kontzertua udaletxeko plazan: Dantza Alai
13:30 Kontzertu akustikoa Patxi Bengoa plazan: Cowboy
14:30 Makarroi-jan herrikoia udaletxeko plazan
17:00 Igel-jokoa Irudi tabernaren aurrean
18:00 Luntxa eta dantzagarriak Etxebarri Behekoa jubilatuen egoitzan
18:30 DJ Cactus udaletxeko plazan
20:30 Txorizo-jana Jai Batzordearen txosnan
21:00 Disko-txosna Jai Batzordearen txosnan
Uztailak 21, astelehena
Txikien eguna barraketan
11:00 Etxebarri Basket 3×3 txapelketa Bekosolo parkean (10-17 urte)
11:30 Aurpegiak margotzeko tailerra Ainhoa Ledesma estudioan
17:00 Haurrentzako ludoteka True Colors tabernaren aurrean
17:00 Bikotekako Frontenis txapelketako finalerdiak udal pilotalekuan
19:00 Bikotekako Frontenis txapelketako finala udal pilotalekuan
19:00 Umorezko bakarrizketa Atutxa tabernan: Iñaki
20:00 Euskal erromeria udaletxeko plazan: Kittu taldea
20:30 Herri-parrillada udaletxeko plazan
Uztailak 22, asteartea
12:00-14:00 + 16:00-18:00 Puzgarriak udal pilotalekuan
18:00 Txikien lasterketak: Molto, patinak eta patineteak
18:30 Txokolatada udaletxeko plazan
19:15-20:15 Apar jaia Taberna Zaharreko plazan
20:30 Pizza + txikientzako ura
21:00 Udako zinema udaletxeko plazan: ‘Super Mario Bros’ (gazteleraz)
Uztailak 23, asteazkena
11:30 Aurpegiak margotzeko tailerra Ainhoa Ledesma estudioan
12:00 Haurren kaleko jolasak udaletxeko plazan (5-10 urte)
17:30 Haurren ginkana udaletxeko plazan (4-8 urte)
18:00 Gazteen ginkana Patxi Bengoa plazan (9-12 urte)
20:00 Zumba jaia udaletxeko plazan
20:00 Kontzertua Big Friend tabernan: Calentando la banda
20:00 Kontzertua Patxi Bengoa plazan: Trio Carranza
Uztailak 24, osteguna
11:00 Talo tailerra Bizipoz eguneko zentroan
12:00 Herri Kiroletako jolasak udaletxeko plazan (6-15 urte)
18:00 Ipuin kontalaria eta tailerrak ingelesez udal pilotalekuan (3-11 urte)
19:30 Tortilla lehiaketa Ametzola kalean. Izen-emateak 19:00etatik aurrera udaletxeko plazan
20:00 Kontzertua Big Friend tabernan: Sheriff
23:00 Dantzaldia udaletxeko plazan: Versus
Uztailak 25, ostirala
11:00-18:00 Basque Country Bikes jaia. Egitaraua hemen!
18:00 Kuadrillen jolasak udal pilotalekuan: Zezen mekanikoa
20:00 Saltxitxa-jana udaletxeko plazan
21:00 Saltsa eta Bachata True Colors tabernan Bizkaisalsa Eskolarekin
23:00 Musika Fest udaletxeko plazan: DJ Blessive
00:00 Suzko zezena
01:30 Txosna Gau Festival udaletxeko plazan
Uztailak 26, larunbata
11:00-14:00 Sukaldi lehiaketa. Izen-emateak 09:30etik aurrera udaletxeko plazan
12:00 Futbol Txikia udal pilotalekuan (8-12 urte)
17:30 IX. Sokatira txapelketa Ametzola kalean
19:00 Futbolin txapelketa Big Friend tabernan
19:30 Kontzertua Patxi Bengoa plazan: Acustico Laupa
20:00 Sukalki lehikaetako irabazleen jakinarazpena udaletxeko plazan
23:00 Dantzaldia udaletxeko plazan: La Rebelion
00:00 Suzko zezena
Uztailak 27, igandea
Superheroi Eguna
13:00 Musika Jaia Jai Batzordearen txosnan
15:00 Herri paellada udal pilotalekuan
18:30 Haurrentzako musika festa udaletxeko plazan: Hip Hip Ura!
19:30-20:00 Photocalla udaletxeko plazan
20:30 Olinpiadetako sarien banaketa udaletxeko plazan
22:30 Jaien amaiera udaletxeko plazan: Lekittoko Deabruak
☉ Etxebarri
Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an
Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.
Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.
“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.
Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.
OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.
Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.
Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.
Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.
☉ Etxebarri
Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak
Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.
“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.
Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.
Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.
Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.
“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.
Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.
“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.
Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.
“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.
Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.
☉ Etxebarri
3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik
Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.
Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.
“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.
Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.
Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.
Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.
☉ Etxebarri
Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin
Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.
Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.
Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.
Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon.
☉ Etxebarri
Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak
Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.
Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.
“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.
Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.
“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.
Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.