Erreportajeak
Erreportajea | Abesten duen herria ez da inoiz hilko
Hamabi lagunek osatutako Perejilek taldeak herriko ondare kulturala berreskuratu eta belaunaldien arteko zubiak eraiki ditu musika tresnen eta ahotsaren bidez. Proiektuak Galdakaoko muga geografikoak gainditzeko asmoa du

Sukaldeko saltsa on batek perrexil freskoa behar duen bezala, Galdakaoko kaleek ere behar zuten berpizte bat. Baina plateretan izan beharrean, Galdakaoko kaleetan. Horrela agertu da Perejilek Folklore Taldea, Karlos Argiñanoren perrexila bezain ezinbesteko eta alaia izan nahi duen talde irekia. “Beti izan gara Karlos Argiñanoren zaleak eta saltsa honetan ere egon nahi dugu”. Adierazpen horrek laburbiltzen du Perejilek taldearen izaera bihurri eta konprometitua.
Ez dira musikari soilak; herriaren arima kantuan jarri nahi duen kuadrilla bat dira, folkloreari hautsa kendu eta adiskidetasuna, euskara eta kultura —AEKri keinu egin diote— osagaiak dituen errezeta prestatu dute. Duela hilabete gutxi sortu zuten proiektu hau, baina dagoeneko lortu dute herritarren arreta piztea, ez bakarrik euskal folklorearen ikuspegi zabal eta bizi bat eskaintzeagatik, baita musika tresna sozial gisa erabiltzeagatik ere.
Gabonetako kalejiraren oihartzunak oraindik tabernetan darraitenean, argi geratu da Perejilek ez dela talde itxi bat. Hamabi lagunek ematen diote forma proiektuari: Beñat Armentia Arriandiaga gitarrarekin; Unai Beitia Zabala, Mikel del Amo Manzanares, Jon Fuentenebro Berna, Endika Galarza Cisneros eta Unai Sarriugarte Lasarte ahotsetan; Ayyoub El Ghazzaly panderoarekin; Eneko Garaigordobil Rodriguez eta Aitor Muñozguren Zamakona biolinarekin; Unai Gomez Alzola bonboarekin; Aitor Gomez Llavori ukelelearekin; eta Iñigo Larrea Labarrieta trikitixarekin. Horiek osatzen dute Perejilek taldea.
Hala ere, haien filosofia askoz haratago doa: kalera irteten direnean, abesterakoan eurekin bat egiten duen edonor bihurtzen da automatikoki taldekide. “Perejilek herriarena da”, diote. Hain zuzen ere, abenduaren 24an Galdakaon egin zuten kalejiran June Sanchez Arrarte eta Josi Sierra Orrantia batu zitzaien txapela berdea soinean. Hori da euren uniformearen parte.
Kuadrilla bat, saltsa askotarako
Proiektu honen atzean lagun kuadrilla bat dago: “Kuadrilla bat gara eta elkartzeko abagune bat dugu hauxe, elkar ikusteko eta kalitatezko denbora igarotzeko gure artean, baita gurekin bat egingo duen edonorekin, noski!”, diote.
“Beti izan gara Karlos Argiñanoren zaleak eta saltsa honetan ere egon nahi dugu”
Kuadrilla honek “aurreko belaunaldiek utzitako legatu kulturala ilusio osoz besarkatu” nahi du, eta euren leloa da “abesten duen herria ez da inoiz hilko”. Taldekideek GEURIAri esan bezala, “AEK leloa daramagu gainean: adiskidetasuna, euskara eta kultura”.
“Euskal folklorearen ikuspegi zabala gustatzen zaigu. Euskaldunen abestiak ditugu errepertorioan. Adibidez, Lau teilatu, Oihanian edota Baratze bat. Era berean, gaztelaniaz den baten bat edo Euskal Herritik kanpo sortua izan arren, bertakoek maitekiro hartu dituzten abestiak ere jotzen ditugu ‘porque cantando se alegran, cielito lindo, los corazones!'”, abestu dute barreka.
Euren ustez folklorea ez da zerbait estatikoa, herria bezain bizirik dagoen jakintza baizik: “Folklorea herriaren jakintza da, bizi den herriarena, eta folklorea herria bezain bizirik dago!”, diote.
Romualdak utzitako hutsunea betetzeko heldu dira
Galdakaon musikari asko dago, baina musikaren eta musikarien egoera “etsigarria” dela diote Perejilek taldeko kideek. Euren iritziz, Galdakaon hutsune musikal handia egon da Romualda Zuloaga panderojolea hil zenetik: “Romualda Zuloaga panderojoleak 1971ean utzi gintuenetik Galdakon ez da kalitatezko musikarik egon. Hutsune hori betetzera gatoz”, diote segurtasun osoz.
“Romualda Zuloaga panderojoleak 1971ean utzi gintuenetik Galdakon ez da kalitatezko musikarik egon. Hutsune hori betetzera gatoz”
Nahiz eta herrian musikari asko egon, Perejilek taldeak kalitatezko folklore herrikoiaren falta sumatzen zuen, kalean bertan jaio eta hazten den musika horrena. Eta, helburu hori lortzeko bidean, taldeak ez ditu soilik agertoki konbentzionalak bilatzen. “Kaleko unibertsitatea” dute gustuko, jendearengandik hurbil egotea.
Eta hurbiltasun horren adibide, pare bat emanaldi egin zituzten iazko abenduan. Hilaren 16an Arrigorriagako adinekoen egoitzan jo zuten. Esperientzia “erabat atsegina” izan zela diote: “Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu haiekin jotzeko aukera ematearren. Perejilek eragin izan zien irribarre bakoitza jaso genuen bueltan. Horrekin nahikoa bihotza betetzeko ezta?”, esan dute.

Abenduaren 24an kalejira egin zuten Galdakaoko tabernetatik zehar // Utzitakoa
Eta, abenduaren 24an, kalejira egin zuten arratsaldean Galdakaoko kaleetan barrena, taberna ibiltari baten antzekoa eginez: “Maite ditugun herriko hamar tabernatatik zehar hiru orduz girotu genuen herria. Hemendik ere eskerrak eman nahi dizkiegu On Kafe, Gildatxo, Muguru, Baserri, Alai, Sorgiñe, Ganguren, Zurrut, Ganbara eta Herriko Benta tabernetako arduradunei eta euren bezeroei gurekin batera kantuan egoteagartik. Oso ondo pasatu genuen eta kalejira polita egin genuen herritarrekin, gazteak eta helduak”, diote.
Etorkizuna sukaldatzen
Arrigorriagakoa eta Galdakaokoa taldearen lehen bi emanaldiak izan ziren, baina urte berriarekin batera, Perejilek ez dute indarrik galduko. Are gehiago, gogotsu hasi dute 2026a eta aurten Galdakao eta beste herri batzuk musikaz eta folklorez girotzeko asmoa dute: “Ez daukagu muga geografikorik, mundua maite dugu eta edonon jotzeko irekita gaude!”, diote barreka, eta gaineratu dute: “Momentuz, begi bistara bizpahiru emanaldi ditugu baina oraindik guztiz lotu barik. Beraz, adi gure sare sozialetara!”, diote.
Instagram kontua sortu dute (@perejilek_ofiziala) eta bertan taldearen hurrengo kalejiren edo emanaldien berri emango dute: “Instagrama izango da taldearen nondik norakoak jarraitzeko modurik errazena”, diote. Era berean, taldearekin harremanetan jartzeko 644 223 233 telefono zenbakia jarri dute herritarren eskura.
Mezua argia da herritar guztientzat: “Erdu, abestu eta gozatu! Baina beti zintzoak izan “. Perejilek taldeak frogatu du hamabi laguneko kuadrilla batek herri oso baten saltsa alda dezakeela, perrexil pixka batekin eta kantu askorekin. Galdakaon, behintzat, folkloreak inoiz baino biziago dirau 2026ko hasiera honetan.
☉ Etxebarri
Erreportajea | Gazteak protagonista, komunitatea etorkizun
Tarrasta Gazteguneak bi hamarkada bete ditu Etxebarrin, komunitatea, parte-hartzea eta balioak ardatz hartuta. Gazteen ahotsa erdigunean jartzea dute helburu nagusia, gizartean subjektu aktibo bihur daitezen, herriaren etorkizuna diren heinean

Gizarteak sarri seinalatu egiten ditu gazteak. Ez dutela konpromisorik, denbora asko mugikorrean edo sare sozialetan galdu egiten dutela, alferrak direla, zaratatsuak, espazio publikoak ez dituztela errespetatzen, ez dutela interes sozialik eta euren zilborrari bakarri bakarrik so egiten dietela, baliorik edo printzipiorik ez dutela, edo herritik “deskonektatuta” bizi direla. Baina, horiek aurreiritziak baino ez direla eta komunitatearen barruan zeregin garrantzitsua dutela argi erakutsi nahi dute Tarrasta Gaztegunetik.
Duela hogei urte sortu zen Tarrasta Gaztegunea Etxebarrin, herria bera eraldaketa betean zegoen garai batean. Biztanleria bikoiztu, jaiotza tasak gora egin, eta haur zirenak nerabe bihurtzen hasi ziren.
Testuinguru horretan jaio zen Tarrasta: 10 eta 14 urte arteko neska-mutilentzat erreferentziazko espazio baten hutsunea betetzeko, kalean ordu asko pasatzen zuten belaunaldi bati norabidea, babesa eta aukerak eskaintzeko.
“2005. urteaz ari gara. Garai hartan baziren ludotekak eta Mugarri bezalako proiektuak; haurrentzat eta gazteentzat bideratutako ekimenak bazeuden, baina bazegoen adin-tarte bat, 10 eta 14 urte artekoa, erreferentziazko espaziorik ez zuena. Neska-mutil horiek denbora asko pasatzen zuten kalean, erreferentzia argirik gabe. Horri gehitu behar zaio ikastetxetik adin-tarte horretan eskola-porrotaren maila altua antzematen zutela. Horren aurrean sortu zen Tarrasta: aisialdi hezitzailearen izaera eta egiteko modutik abiatuta, neska-mutil horientzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin”, esan diote Tarrastako arduradunek GEURIAri.
Etxe bat gazteentzat
Hogei urte hauetan proiektua etengabe berrasmatzen joan da Etxebarriren bilakaerarekin batera: “Uste dugu, herriak bezala, 20 urteko ibilbidea egin dugula etengabe berrasmatzen, beharrak entzuten eta horiei erantzuna emateko moduak bilatzen, gure nortasun-ezaugarriei eta identifikatzen gaituen egiteko moduari eutsiz”, diote. Eta beti helburu nagusi batekin: gazteak eta euren ahotsa erdigunean jartzea, alegia.

Gabonetan Tarrastan izan ginen eta bertan egiten dutena gertutik ezagutu genuen! // Geuria
Etxebarrirentzat eta etxebarritarrentzat Tarrasta zer den galdetuta, zera erantzun digute arduradunek: “Agian herriarentzat zer izan nahi dugun erantzun genezake, horrela ulertuak izatea gustatuko litzaigukeelako: gazteentzat, familientzat eta komunitate osoarentzat erreferentziazko espazio bat. Askatasunean garatzeko aukera ematen duen espazio seguru bat, non zure ideiak entzunak eta kontuan hartuak diren. Erlazioetatik eraikitako espazio bat, gauzak errazak ez direnean bertara jotzera eramaten zaituzten lotura horietatik”.
“Aisialdi hezitzailearen izaeratik abiatuta, neska-mutilentzat erreferente bihurtzeko eta garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin sortu zen Tarrasta duela 20 urte”
“Neska-mutilen hezkuntza-garapenean batzen duen euskarria izan nahi dugu, komunitatera irekita dagoen ate bat, eta haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak bermatzeko egunero lan egiten duen motor komunitarioaren parte”, diote. Hitz gutxitan, Tarrasta etxe bat bezala da herriko eta inguruko herrietako gazteentzat.
Gazteak beti gazte
Tarrasta behar batzuei erantzuteko sortu zen duela 20 urte, baina gazteen beharrak ez dira funtsean aldatu. Bai, ordea, gazteen inguruko gizartea. “Gazteak beti izan dira gazte. Aldatu dena testuingurua da, eta garatzen diren errealitate soziala. Gaur egungo gazteak gizarte hiperazeleratu batean bizi dira, etengabe eskatzen diena, baina askotan laguntzen ez diena”, esan dute.
Eta, gaur egungo gizarte hiperazeleratu honetan, Tarrastako arduradunen ustez, ezinbestekoa da helduok gure “behatoki altutik” jaistea eta neska-mutilak erdigunean jartzea: “Beharrezkoa da neska-mutilak erdigunean jartzea, ahotsa ematea eta ahots hori entzuna izan dadila bermatzea, komunitatearen barruan parte-hartze aktiborako espazio egokiak sortuz. Ezin dugu onartu izateko eta egiteko espazioak eta benetako aukerak eskaini gabe, gazteria seinalatzen duen gizarte bat”, diote.
Ildo horretan, neska-mutilen parte hartzea sustatu eta bultzatu egiten dute Tarrastan: “Haurren, nerabeen eta gazteen parte-hartze aktiboa eskubide bat da, eta hori ez da guk asmatzen dugun zerbait; Euskadiko Haurren eta Nerabeen Legeak jasotzen du. Neska-mutilen parte-hartze aktibo horretatik eraikitzen da Tarrasta”.
Parte-hartzaile aktiboak
Gazteen ahotsa oso garrantzitsua da: “Haiek dira, asanbladen bidez, ideiak proposatzen dituztenak, baina baita ideiak prestatzen, dinamizatzen eta ebaluatzen dituztenak ere. Guri gustatzen zaigu esatea hezitzaileok ez garela beste ezer, haien kezkak bideratzeko tresna baino”, diote, eta gaineratu dute: “Neska-mutilek egin nahi dute, eta egiteko gai dira; gizarte gisa egin beharko genukeen galdera hauxe da: Gauzak egiten uzten diegu? Guk erantzuna argi daukagu: Ez”.
Tarrastan utzi egiten diete eta ahotsa ematen diete gazteei eta hori nabari da: “Bertan antolatzen ditugun jarduera gehienak arrakastatsuak dira, batez ere, eurek proposatu dituztenean. Azkenean, haiek dira ondoen dakitenak zer nahi duten, eta hori nabaritzen da”.
“Ezinbestekoa da gazteen parte-hartzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla sentitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea”
Eta, Tarrastan egiten duten lana modu laburrean azaldu dute: “Komunitate batek bere haurtzaroaren, neraberazoaren eta gaztaroaren alde egiten duenean, etorkizuna ereiten ari da”. “Etxebarri bezalako udalerri batean, biztanleria hain gaztea izanik, haurren, nerabeen eta gazteen parte hartzea sustatzen ez baditugu, biztanleriaren ia % 40 kanpoan uzten ari gara. Neska-mutilak tokiko eraikuntzan eta bizitza demokratikoko espazioetan parte hartzera bultzatzea etorkizunerako inbertsioa da. Ezinbestekoa da parte-hartzaile sentitzea, komunitatearen zati garrantzitsua direla bizitzea eta hazten diren lurraldearekin lotura eraikitzea. Gaur egungo gazteak orainaren parte dira eta etorkizunaren funtsezko pieza, eta haiekin batera eraikitzea, parte-hartzea, ongizatea, tratu ona eta eskubide sozialak ereitea da”, diote.
Era berean, konpromisoa, autonomia, erantzukizuna, enpatia eta pentsamendu kritikoa bezalako balioak ikasten dituzte gazteek Tarrastan.
Sare bat
“Tarrasta mundua ulertzeko eta harekin konprometitzeko dugun modua da”. Horrela definitu dute Tarrasta bertako begiraleek. “Tarrasta egunero betetzen duten neska-mutilek osatzen dute, haien ilusioekin eta tristurekin, haien asmatzeekin eta akatsekin”.
Uzten egitea eta okertzea. Hori ere ikasi egiten dute gazteek Tarrastan: “Nahi dutena egiten uzten diegu jakinda akatsak egingo dituztela. Baina oker horietan ere ikasi egingo dute. Balioa prozesuan dagoela uler dezaten laguntzen diegu, ez emaitzan bakarrik”, diote, eta gaineratu dute: “Tarrasta loturak, balioak, erantzukidetasuna eta sarea da”.
Tarrastaren eta gazteen harremana estua da, baita Tarrasta eta herriaren artekoa ere. Komunitate mailako inplikazioa erabatekoa dela diote, eta uste dute benetan eraginkorra den egiteko modu bakarra sarean egitea dela: herriko komisioetan parte hartzen dute, eta ez badira martxan jartzen, eurak sortzen dituzte.
Berziklotzea
Hogei urte hauetan momentu berezi ugari bizi izan dituzte Tarrastan, baina batek bereziki hunkitzen ditu arduradunak: Gaztegunean ibilitako neska-mutilak berriro itzultzen direnean, oraingoan begirale gisa. “Zirkulua ixten dela ematen du”, diote.
Orduan ulertzen dute proiektua ez dela lan hutsa, baizik eta bizitzan errotzen den zerbait. “Oso polita da hori, eta gainera, balio handikoa. Izan ere, espazioarekin norberaren bizipenetik eta loturatik konektatzen denean, lana izateari uzten dio soilik, eta zerbait gehiago bihurtzen da”.
Anekdota ugari ere bizi izan dituzte: “Mila anekdota ditugu kontatzeko! Imajinatu dezakezue 20 urte gaztegune batean zenbaterako ematen duen. Esate baterako, begiraleen antzerki erdi inprobisatu bat herriz herriko bira bihurtzear egon zen!”, esan dute barrezka.
Etorkizuna irudikatuz
Hogei urte igaro dira dagoeneko, eta Tarrastako arduradunek eta begiraleek “modu berezian eta ilusioz beteta” bizi izan dute urteurrena. “Atzera begiratzeko, egindako ibilbideaz jabetzeko eta gaur egun garenarekin konektatzeko balio izan digu 20. urteurrenak. Aldi berean, geldialdirako unea ere bada; etorkizunera begiratzeko, hausnartzeko eta hurrengo hogei urteetan zer izan nahi dugun irudikatzeko aukera ematen digu”.
Etorkizun laburrari eta luzeari begira, erronka handiena “proiektuaren nortasuna eta balioak bizirik mantentzea” dela esan dute, “gizarteak indarrez kontrako norabidean arraun egiten duen testuinguru batean”.
“Hemendik bost urtera uste dugu inoiz baino indartsuago izango garela. Dirudienez, hurrengo urteetan biztanleriaren piramideak arnasa emango digu. Azken urteotan parte-hartze maila oso altuak izan ditugu, eta hori osasun onaren seinale izan daitekeen arren, prozesuek sufritzen dute. Horrez gain, azken urteotan prozesu oso indartsuak egituratzen ari gara feminismoari, osasun elikagarriei eta emozionalei, tratu onari edota memoria historikoari lotuta. Uste dugu une on batean gaudela eta etorkizuna itxaropentsua dela”, diote.
☉ Zaratamo
Bideoa | Abeltzainak eta mendizaleak, oreka zailean Upon gora
Azken urteetan gero eta elkarbizitza arazo gehiago gertatzen ari dira Zaratamoko Upo mendiko larreetan

Aitor Garcia Salcedok (Zaratamo, 1991) ardiz osatutako artalde txiki bat dauka Upoko belardi eta basoetan. Anaiak, Beñatek ahuntzak ditu bertan, eta Zaratamoko beste hiru pertsonek ahuntzak eta behiak dituzte. Ez dago beste inor.
Abeltzain lez, Aitor askotan joan ohi da Zaratamoko mendira abereak leku batetik bestera mugitzera bai udan eta bai udazkenean, baina azken urteetan arazo ugari izan ditu menditik ibiltzen diren pertsona jakin batzuekin.
Abenduko goiz hotz eta haizetsua da gaurkoa. Euri mehatxua dago, baino hori ez da inolako arazoa Aitorrentzat. Egun batez, artzain lanak egin ditugu berarekin. Bere 4x4ra igo eta Uporantz abiatu gara, mendiko pistetan barrena. Mendiko bide guztiak ezagutzen ditu zaratamarrak, ardiak edonondik igarotzen direlako, eta beraiengana heldu behar delako abeltzaina, noski. Lur orotako ibilgailuak edozein motako oztopoak gainditzen ditu, dinbi, danba, beti aurrera.

Aitorren familiak betidanik izan du ganadua Zaratamon. Uda garaian, ardiak eta ahuntzak mendira eramaten dituzte eta negu aldera etxera ekartzen dituzte bueltan. Abenduan ondiño mendian izaten dituzte eta ‘mendian’ esatean, mendi osoan barrena esan nahi du Aitorrek. “Animaliak Upon libre bizi dira eta gure lana behinik behin mendira igo eta ondo daudela ziurtatzea da”, azaldu du Garciak. Upo, izatez, herri basoa da eta animaliak ez ezik pertsonak ere paseoan ibiltzen dira bertatik.

Abereak, arriskuan
Autoak mendian gora egiten duen heinean ‘Debekatuta bidetik kanpo zirkulatzea-Txakurrak lotuta’ dioten hainbat kartel agertzen dira Zaratamoko eta Zeberioko Udalen izenean. “Kartelek txakurrak lotuta eraman behar direla esaten duten arren, jende askoak solte eramaten ditu txakurrak mendian”, kexatu da Garcia. Baina ez da kexa soil bat; horren atzean pisudun arrazoi bat dago: txakurrak mendian solte doazenean, bertan bizi diren abereak ikaratu ditzakete: “Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”.
“Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”
Arrazoi horregatik, Aitorrek bospa sei ardi galtzen ditu urtero egoera hauen ondorioz: “Iazko abenduan Galdakaoko aldetik zetozen mendizale birekin egin nuen topo. Txakur bat zegoen beraiekin. Kontuz ibiltzeko esan nien eta txakurrak ez zuela ezer egiten esan zidaten. Momentu batean, txakurra ardien atzetik joan zen korrika eta ardi guztiak mendian behera joan ziren ziztu bizian”.

Aitorren arabera mendira txakurrekin doan jende askok kontzientzia arazoa dauka: “Artaldeko animalia batzuk aurdun daude eta solte dauden txakur horiek sortzen dituzten ikarak estres izugarria eragiten diete. Eta animaliak amildegi batetik jausi eta bertan hil egiten ez badira estresak sortutako egoeragatik abortoak izaten dituzte. Abeltzainontzat galera oso handiak dira horiek”. Aurten hiru ardi hil egin zaizkio Aitorri. “Aurreko urteetan gehiago galdu izan ditugu”. Gainera, Aitorren esanetan, ardiak bezalako aberei ez zaie txakurrei besteko garrantzirik ematen: “Txakur bat galtzen denean jendea mobilizatu egiten da. Niri ardiak galtzen dizkidatenean, hor konpon!”.

Upoko malda handi batera heldu gara. Autoa gelditu, kotxetik jaitsi eta ardien bila irten da García. “Geldi hemen, ekarriko ditut segituan”. Eta 10 minututan ardiak kameraren aurrean daude, geldi-geldi, retratoa egiteko zain, aitorren euskal artzain txakurrek kustodiatuta. Arazoa betidanik existitu dela dio Zaratamokoak, “baina azken urteotan gero eta kasu gehiago ematen dira gure mendian, jendeak gero eta txakur gehiago dituelako etxean eta askotan, paseatzeko modu errazena horiek mendira solte eramatea da, neguan bereziki”.

Motozaleak ere mehatxu
Motokrosa praktikatzen duten motozale batzuk dira Aitorrentzat. Izatez, txakurrak lotuta eroan behar direla dioen kartel berean ibilgailuak pistetatik ibili behar direla ipintzen du. Motorren kasuan, kaltetuak ez dira mendiko animaliak bakarrik, mendia bera baizik: “Gero eta gehiago dira kanpotik (inguruetako herrietatik) datozen motozaleak eta menditik igaro beharrean gune jakin batean lotzen dira, gora eta behera, eta zorua izorratzen dute gurpilekin”.
Animalien jabe arduragabeak eta mendiko araudia errespetatzen ez dituzten motozaleek sortutako gaur egungo egoera ikusita, Upoko etorkizunaren inguruan galdetu diogu Aitorri: “Aurreikuspena ez da batere ona, egia esateko. Gu ez bagaude ez da beste inor geldituko mendian”, aitortu du begirada jaitsiz. “Gakoa kontzientzia sortzean dago, elkarbizitza posible baita”.

☉ Arrigorriaga
Erreportajea | Enriketa: Emakumeei ahotsa eman zien aitzindaria
Azaroaren 8tik aurrera, beraz, elkarren alboan daude Enriketa Hortala kalea eta Garitazelaia Kultur Etxea, bere garaian Berdintasun Kontseilutik abiatu zuten prozesu parte hartzailean herritarrek gehien proposatu eta bozkatu zituzten izenak, Teodosia Ortegarenarekin batera. Nor izan zen, baina, Enriketa Hortala, eta zein izan zen bere lotura Arrigorriagarekin, eta oro har eskualdearekin?

Azaro hasierako egun euritsu batean Arrigorriagak beste emakume baten izan eta izena gehitu zion bere kale izendegiari, herrigunean bertan, urte batzuk lehenago Edurne Garitazelaia izenaz bataiatu zen Kultur Etxe berriaren alboan, hain zuzen ere.
Azaroaren 8tik aurrera, beraz, elkarren alboan daude Enriketa Hortala kalea eta Edurne Garitazelaia Kultur Etxea, bere garaian Berdintasun Kontseilutik abiatu zuten prozesu parte hartzailean herritarrek gehien proposatu eta bozkatu zituzten izenak, Teodosia Ortegarenarekin batera. Nor izan zen, baina, Enriketa Hortala, eta zein izan zen bere lotura Arrigorriagarekin, eta oro har eskualdearekin?
Galdera horiei erantzun nahian, GEURIA bere seme-alabekin batu da: Patxiren, Martaren, Keparen eta Mikelen eskutik omenaldian “sortzaile nekaezin, musikazale amorratu, irakasle konprometitu eta emakume aitzindari” bezala definitu zuten arrigorriagarraren soslaia osatu dugu, Hortalak hainbeste maite zituen abesbatza bateko kideak bagina bezala, lau ahotsetara baina guztiok partitura bera erabiliz, musika, hezkuntza, eleiza eta beste hainbat oroitzapen kontakizun bakarrean txirikordatuz.
Hasteko, omenaldi egunean bertan argi geratu zen herrikideek ez dutela Hortala ahaztu, bere heriotzatik (2008) urte asko joan diren arren. Hunkituta, “emozio eta harrotasun handiz” bizi izan zuten eguna bere seme-alabek. Ekitaldira “maite zituen pertsona asko eta asko” gerturatu zirela azpimarratu dute, eta amaren xarma berezi hori ekitaldi osoan zehar barreiatu zela: “aitaren hutsunea ere sentitu genuen, noski, baina gure buru-bihotzean oso presente egon zen”.

Enriketak sortu zuen Albaraka abesbatzako kideak // Geuria
Musikak protagonismo berezia izan zuen ekitaldi osoan zehar, bai Artizarra musikaltegiko kideen eskutik eta baita Hortalak sortutako Albaraka abesbatzaren kide izandakoen ahotsetan ere, ezinezkoa baita Enriketari buruz hitz egitea musikak bere bizitzan izan zuen garrantzia aipatu gabe: “Gaztetan, ama ikasle fina zen, baina gurasoek ez zioten ikasketekin jarraitzeko baimenik eman. Berarentzat golpe oso gogorra izan zen. Antza denez, bere eskolako irakaslea etxera gerturatu zen gurasoekin hitz egitera, iritziz aldarazteko asmoz edo, baina haiek ezetz eta ezetz. Orduan, etxean piano bat zegoenez, eta musika gustuko zuenez, apurka-apurka bere kabuz ikasten hasi zen”. Ezina ekinez egina bilakatu zuen orduko hartan Hortalak, ondoren askotan egingo zuen bezala.
Musika doinuak hartzarotik
Amado Nervo idazle mexikarrak “etxea arimaren aberria” dela idatzi zuen. Anza-Hortala familiaren kasuan, musikaren aberria ere bazen, piano baten melodiak jarri baitzion soinu banda Patxiren, Martaren, Keparen eta Mikelen haurtzaroari: “Haurrak ginela oso ohikoa zen etxera musika ikastera etortzen ziren ikasleak bertan aurkitzea; amak musika-eskolarako prestatzen zituen. Eskola ematen zien, eta guk askotan parte hartzen genuen, partiturak ikasleekin batera abestuz, adibidez”.
Pianoaz harago ere, musikak erabateko presentzia zuen euren etxean, eta 70.hamarkadan oso ohikoak ez ziren doinuez gozatzen zuten lau anai-arrebek: “Estilo ezberdinetako musika entzuten genuen: euskal musika, klasikoa, folka, new-agea, korala,a cappella..”. Aberastasun hori ez zen soilik musikara mugatzen, ordea: “Izaera polifazetikoa zeukan. Sormenarako zuen gaitasun hori beste esparru askotan ere ikusten genuen: marrazkiak, margoak, jantziak… edozein artelan sortzeko abilezia zeukan; bere jantzi propioak diseinatu eta lantzen zituen, kasurako”.
Musika Hortalaren bizitzaren zati handi bat bazen ere, gaztaroko urte horietan ez zen bere lanbide bakarra izan, gizarte langile moduan hasi baitzuen bere ibilbidea, orduko Cementos Rezola enpresan.
Langileen bidelagun
1963ko udaberrian, Cementos Rezolak bere lantegia ireki zuen Arrigorriagan. Bizkaiko industrializazioak erakarrita, Euskal Herriko mugetatik zein Galiziako edo Espainiako hainbat tokitatik dozenaka familia heldu ziren bertara lan egitera: “Gure amak bertan egiten zuen lan, gizarte-langile moduan. Bere egitekoa kanpotik zetozen familiei laguntza ematea zen, askotarikoak baitziren heldu berritan zituzten beharrak: etxebizitza, eskolaratzea, azterketa medikoak, diru laguntzak eta bestelakoak kudeatzen zituen”.
Lan hori dela eta, “herriko hainbat familien artean ezaguna bilakatu zen, laguntza eskatzen ziotenak askotxo baitziren”. Denboraren poderioz, eta langileen etorrera apaltzen joan zen heinean, lana uztea erabaki zuen Enriketak: “Batetik seme-alaben hezkuntza lehenestea erabaki zuen, eta bestetik bere lanpostua dagoeneko ez zen hain beharrezkoa”. Cementos Rezolarekin zuten lotura ez zen erabat eten, Pedro Anza senarra lanean hasi baitzen bertan.

Omenaldian musikak protagonismo berezia izan zuen // Geuria
Lana utzi bai, baina ez zion lan egiteari utzi arrigorriagarrak: “Euskara ikasten hasi zen. Ez zuen nahi berak menperatzen ez zuen hizkuntza batean egitea guk ikasketak”.
Erabaki horrek berebiziko garrantzia izan zuen Hortalaren hurrengo urteetan, Diktaduraren bukaeran Euskal Herri osoan zehar sortu loratu ziren ikastoletako baten sorreran parte hartu baitzuen.
Zaratamoko ikastola
“Beste hainbat gurasoekin batera, ikastola martxan jartzeko prozesuan parte hartu zuen. Euskararen eta euskal kulturaren alde urratsa emateko beharra ikusi zuten. Garai haietan dena zen berria, dena zegoen egiteke, eta musika irakasle bat falta zenez, bera hasi zen eskolak ematen”. Amatasunarekin batera uztartu zuen lana, “guk geuk ikastolan bertan ikasi genuen, beraz modu batean edo bestean egun osoan egoten ginen elkarrekin”. Ikastolako orduekin nahikoa ez, eta etxean ere eskolak ematen jarraitu zuen Enriketak. Garai ederrak izan zirela gogoratu dute bere seme-alabek, baina baita gogorrak ere: “Aitzindaria izan zen Zaratamo ikastolan, eta musika gai garrantzitsua bilakatzeko borrokatu zen, guraso gehienek ez baitzuten garrantzitsutzat jotzen”.
Zentzu horretan, argi zeukan “musikak pertsonak batu eta aberasten” dituela, eta “ikaslearen hezkuntzaren zati garrantzitsu bat direla”. Hezkuntzan eman zituen urte luzeetan, hasieran ikastolan, ondoren eskolan eta bukatzeko Arrigorriagako institutuan, beti argi izan zuen “liburuetan existitzen ez ziren partiturak ere bazeudela, eta horiei ere garrantzia ere eman behar zitzaiela”. Ideia horrek bultzatuta, aspaldian buruan bueltaka zebilkion partitura berri bat hezur haragizko bilakatzea erabaki zuen, Albaraka abesbatza sortuz.
Albaraka, bere altxorra
“Albaraka Abesbatza izan zen bere proiektu musikal interesgarriena, bere altxorra” zehaztu du Martak, Enriketaren alabak. Bertatik bertara ezagutu ahal izan zuen amaren lana, bere ere abesbatzako kidea izan baitzen: “Bizkaiko Abesbatzen elkarteak eskainitako zuzendari ikastaroetan parte hartu zuen, eta hasiera-hasieratik argi zeukan emakumeei eman nahi ziela protagonismoa”.
Abesbatzaren sorrera, 1984.urtean, elizari lotuta egon zen. Elizarekin lotura handia izan zuen Hortalak bere bizi osoan zehar, harreman askotan gorabeheratsua, gizartearengandik hurbilago egongo zen eliza baten alde lan egiten zuelako: “Kritikoa zen elizarekin, baita emakumeak bertan zeukan tokiarekin ere. Organoa jotzen zuen elizkizunetan, eta abadeekin negoziatu egiten zuen mezarako kantuak, alde batetik herriari aukera emateko kantuetan parte hartzeko, eta bestetik abesbatzak kantu bereziren bat prestatuz gero elizkizuna zaintzeko eta emakumeei zegokien tokia emateko”.
Bere alabaren ustez, “beste emakumeekin bere musikarekiko zaletasuna partekatu nahi zuen, haiek elizkoiak izan edo ez”.
Albarakaren lehen urteak parrokiari lotuta egon ziren arren, urteen poderioz taldea handituz joan zen, eta euren jarduna elizatik kanpo antolatzen hasi ziren. Bidea ez zen erraza izan, lehenengo urteak entseguak kateatzen eta afinazioa hobetzen eman zituztelako: “amak argi zeukan lehenengo kontzertua eskeintzeko gutxieneko maila erakutsi behar genuela”. Hori horrela, Enriketak “ahots zurietarako partiturak aurkitu eta egokitu” behar izan zituen. Bada, arlo musikala ez zen proiektu honen indargune bakarra izan, (nahiz eta abesbatzak ehundaka kontzertu eskaini zituen, gehienak Euskal Herri mailan, baina baita atzerrian ere) ezta garrantzitsuena ere: musika aitzakia edo akuilu moduan erabilita,
Albarakako kide askorentzat ahalduntze ariketa paregabea izan zen bertan kantuan aritzea, etxeko lan guztia eta seme-alaben hazkuntza emakumeen bizkar uzten zuen gizarte baten baitan aisialdia ameskeria hutsa baitzen askorentzat: “abesbatzak beste emakume batzuk ezagutzeko, jende aurrean abestearen beldurra gainditzeko edo lortutako emaitzaz harro egoteko aukera eman zien”dio Martak. “Guzti honek” borobildu du, “ate irekiera moduko bat suposatu zuen herriko hainbat emakumerentzat, bizipen ahaztezinak pilatzeko aukera, azken finean”.
Izana eta izenak
“Musikan, hezkuntzan, artean eta elizan lagundu zuen norbait bezala gogoratzea nahiko genuke, herriaren alde. Trukean ezer eskatu ez zuen artista, bere idealen alde borrokatu zena. Azken batean”, nabarmendu dute Patxik, Martak, Kepak eta Mikelek, “emakume aske bat, askatasuna garesti ordaintzen zen garai batean”.
Bere izena gustoko ez zuen emakumeak, “ez zitzaion bere izena batere gustatzen, bere margolanak Enri, Henri, E.H. moduan sinatzen zituen eta aitak Enri deitzen zion horregatik” badu bere kalea, Edurne Garitazelaiaren alboan, 2021ean hasitako bideari segida emanez.
☉ Zaratamo
Erreportajea | Kontxako bandera irabazi zuen arraunlari ‘atzerritarra’
Igeri egiten ez dakien arraunlari ohi batean aurrean gaude, esku pilota gurtzen duen landa eremuko herri txiki batean sortua, kostaldetik, kresaletik eta traineruetatik urrun

“Arraunlari onek ez dute zertan igeri egiten jakin behar, txarrek aldiz bai”. Irribarre zabala marraztu du Iñaki Beldarrain Irigorasek hori esatean (Zaratamo, 1961), baina, harrigarria dirudien arren, ez da bere kirol ibilbidearen errepasoa egiten eman duen ordubetean azaleratu den paradoxa bakarra.
Bada, igeri egiten ez dakien arraunlari ohi batean aurrean gaude, esku pilota gurtzen duen landa eremuko herri txiki batean sortua, kostaldetik, kresaletik eta traineruetatik urrun.
2023an, ETBko ‘Herri txiki infernu handi’ saioan parte hartu zuenean, bere lagun eta ezagunen harridura piztu zuen, esandakoengatik baino, kontrakoagatik: “Zergatik ez duzu Kontxako Bandera irabazi zenuela aipatu?” galdetzen zioten. “Ez dakit ba” argitu du Beldarrainek, “horiek niretzako gauzak dira, ez?”.
GEURIAk eskatuta, ordea, denboran atzera egin eta 1983. urtean kokatu du bere burua Beldarrainek: “Soldaduskatik bueltatu nintzen 21 urterekin. Zaratamora heldu eta ikusi nuen nire lagunek bizitza bideratuta zeukatela; lana, bikotekidea…”. Nondik jo asmatu nahian zebilela, Mundakan arraunlari bila zebiltzala jakin zuen lagun baten bidez: “Badirudi kostaldeko arraunlariak pattal samarrak zirela garai hartan, eta landa eremuko herrietan bila hasi ziren”.

Baserriko bizitzan zaildutako gazteak bilatzen zituzten Mundakako, Zumaiako edo Orioko arduradunek, eta Beldarrainek hasieratik hartu zion tamaina erronkari: “lehen egunetik liluratu ninduen arraunak. Egia da askotan kirol oso gogorra dela, behin baino gehiagotan esan izan diot nire buruari ‘ze hostia egiten dut hemen, hotzez, min hartuta…’, baina bizi eskola bat ere bada arrauna, eta traineruan egin ditudan lagunak ez ditut beste inon egin”.
Bi denboraldi eman zituen Mundaka aldean: “Oso ondo aritu nintzen, zekor baten pare” zehaztu du zaratamarrak. Bere maila ikusita, hurrengo pausoa etxetik gertuago eman zezakeela bururatu zitzaion: “Onenen pare aritzeko gai nintzen edo ez jakiteko modu bakarra zegoen: saiatzea”. Santurtzi aldera jo zuen aukera horren bila, eta 80. hamarkadan punta puntako taldea zen Sotera entzutetsuaren atea jo zuen. Jo baino, bota: “Traineruan sartu orduko baietz esan zidaten, eta taldeko atzerritar bakarra bilakatu nintzen. 22 arraunlarien artean, herrikoa ez zen bakarra ni nintzen”.
1985. urtea zen, eta denboraldi gogoangarria burutu zuen Santurtziko taldeak: “Irabazi genezakeen ia guztia irabazi genuen: estropada asko, Espainiako Txapelketa… eta Kontxako Bandera, noski”. Hamarkadak joan diren arren, asteburu hartako giroa ez du sekula ahaztu arraunlari zaratamarrak: “40.000 pertsonatik gora batzen ziren Donostian Kontxako banderaz gozatzeko: inguruko herrietatik etortzen ziren, talde parte hartzaileek autobusak erruz betetzen zituzten… gure kasuan, ezin jakin zenbat autobus joan ziren Kontxara, santurtzitar batzuen arabera 30, beste batzuei entzuna diet 60 bete zirela… erdibidean egongo da erantzuna, baina edozelan ere, ikusgarria izan zen”.

Egun hura borobiltzeko, arraunaren historian gutxitan eman den argazki baten protagonista izan zen Beldarrain: “Trapua (hala esan dio banderari) itsasontzi batean ematen zioten patroiari, eta hark portura jeitsi, arraunlariekin eta zaletuekin ospatzeko. Egun hartan, baina, trapua hartu eta patroiak portura hurbildu beharrean, niri eman zidan, taldeko atzerritar bakarrari! Hitzik gabe geratu nintzen, badirudi egun hartan lan ona egin nuela!”
Bi urteren bueltan arraunlari guztiek amestu eta gutxi batzuek lortzen duten garaikurraren jabe zen Beldarrain, eta erabaki zail bat hartu behar izan zuen lana, kirola eta bizitza pertsonala uztartu ezinik: “Ezkontzeko utzi nion arraun egiteari. Denborak eskuetatik ihes egiten zidan: 9 orduko lana fabrikan, ondoren entrenatzera, joan-etorriak kotxean…”. Gaur egun ere arrauna kirol gogorra dela onartzen duen arren, orduko prestaketa “basatia” zela argitu du: “Ez zegon prestatzaile fisikorik, ez medikurik, ezta fisiorik ere. Entrenamenduak prestatzeko irizpide nagusia honako hau zen: Sestaokoen entrenamenduak ordu t’erdi irauten duela? Ba gureak bi!”. Atseden egunak ere nahiko bitxiak ziren: “Atseden egunetan Serantes mendira igotzen ginen korrika, entrenatzailea segika geneukala, patrolean eta bozgorailu batekin!”.
“Ezkontzeko utzi nion arraun egiteari. Denborak eskuetatik ihes egiten zidan: 9 orduko lana fabrikan, ondoren entrenatzera, joan-etorriak kotxean…”
Gainera, 80. hamarkadaren erdian arraunlariek ez zuten etekin ekonomiko handirik lortzen kirola maila profesionalean eginagatik ere, eta horren adibide argigarri bat ematen du zaratamarrak: “etxerako motozerra bat erosi nahi izan nuen, 40.000 pezeta balio zuena. Denboraldian zehar irabazitako diruarekin egitea pentsatu nuen. Denboraldia bukatu orduko, eta egindako lan, ordu eta neke guztien ondoren… 20.000 pezeta nituen patrikan, eta aitak jarri zuen motozerra erosteko behar zen beste erdia”.

Arrauna utzi zuen, baina ez behin betiko, eta hurrengo hamarkadan zehar birritan bueltatu zen trainerura, lehena Mundakara, “emandako guztiaren zati txikitxo bat bueltatu nahi nien, esker onez”, eta bigarrena Santurtzira: “aitaren heriotzaren ondoren izan zen. Niretzat galera handia suposatu zuen, eta arraunak on egingo zidala argi neukan. Ordurako Soterak galdua zeukan bere sona eta indarra. Nik, taldeko zaharrena izanda, hiru estropada egiten nituen jarraian, ostiral, larunbat eta igandean! Garai haietan ez zen ohikoa estropada batetik bestera aldaketak egitea, zure tokia irabazten zenuen neguko entrenamenduetan, eta ez ziren gaur egun bezala estropada batetik bestera aldaketak egiten”.
“Aitaren heriotza galera handia izan zen niretzat, eta arraunak on egingo zidala argi neukan”
Denboraldi hartan egungo Lehendakaria, Imanol Pradales, izan zuen taldekide: “Ez zen nabarmentzen, ez onerako eta ez txarrerako, baina gazte jatorra zen”. Ez da, ordea, Santurtziri lotuta ezagutu zuen pertsona ezagunena, ez behintzat garai hartan: “taldekide batek San Mamesera joatera gonbidatu gintuen emaztea eta biok. Bera beste lagun batekin etorri zen, eta hara non Iosu Exposito zen, Eskorbuto taldeko abeslaria! Hura iskanbila zelaira sartu ginenean, ikusi eta bat batean punki pila etorri zitzaizkigun gainera, berarekin hitz egin nahian!”.

2025era bueltatuta, eta elkarrizketa ixte aldera, arraunak bizitzako beste hainbat arlotan egin dion ekarpena hausnarketa batekin borobildu du Iñaki Beldarrain Irigorasek: “Traineruaren erdian jartzen ninduten beti, aurrekoei eta atzekoei oreka emateko. Hor arraunlari indartsuenak jarri ohi izan dira, baina ez indartsuenak fisikoki bakarrik, baizik eta gehien irauteko gai direnak ere, gogorrenak, nolabait esatearren”.
Beste kirol guztietan bezala, baina bereziki arraunean, buruak agintzen duela argi dauka, dohai fisikoen aldean: “nekea, erredurak, itsasoaren egoerak…hori guztia ahaztu eta aurrera jarraitu behar duzu, bizitzan bezala”.
Erreportajeak
Ugaoko atsedenik gabeko asteburu zaratatsuak
Diskoteka batek bere ateak Ugaon zabaldu zituenetik hankaz gora jarri du herritarren asteburuko atsedena eta segurtasuna. Kaltetuekin elkartu gara bizi duten egoeraz berba egiteko

Ugaotar guztiek dakite baina inor gutxik gura du gaiaren inguruan berba egin. Izan ere, erreportaje hau idazteko orduan bertako protagonisten izen-abizenak isilpean mantendu ditugu, segurtasun arrazoiengatik.
Asteburuak, teorian, herritarren aisialdi edo behintzat atseden hartzeko egun horiek, duela urte batzuk zeharo aldatu dira Usila eta Iturrigorrialde auzoetako bizilagunentzat. Larunbat eta igandeko gauak heltzen direnean musika hasten da Usilako lokal ezagun batean. Kontzertuak, musika… giro da bertan jai eta alai dabiltzanentzat. Auzo horretan bizi direnek edo pabilioi horretatik metro gutxira dagoen institutuko ikasleek, astelehenean 08:15ean institutuan klasera sartu behar direnek, ez dute iritzi berbera.
Ez da giro Usila eta Iturrigorrialde auzoetan: alde batetik N-635 errepidea eta bertako ibilgailuen trafikoa auzo bietatik igarotzen da. Gainera, Ugao zeharkatzen duen Renfeko C3 tren linea dago. Bertatik aldirietako trenak, distantzia ertain zein luzekoak eta merkantziakoak igarotzen dira. Hala eta guztiz ere, horiekin bizitzen ikasi dute.
Erdigunetik aparte dauden langileen auzoak dira aipatutakoak. Hasieran laupabost tailerrez osatutako “industria txikiko” gunea zen, baina industrialdea herriaren erdigunera zabaldu zenean presentzia handiagoa izan zuen bigarren sektoreak. “Estatuko txoko ezberdinetatik etorritako langileei lanetik hurbil egoteko eta txabolak eta nekazal-bizitza mantentzeko aukerak ematen zituzten etxebizitzek osatzen dute auzoa”, gogoratu du bertako auzotar batek. “Aspaldi ortu pila bat ikusten ziren bertan eta askotan umeek auzoan geratzen ziren errepidea arriskutsuagoa zalako. Gaur egun lo egiteko lekua da, tamalez”.
Fast fooda zerbitzatzen zuen lokal berria zabaldu zutenetik dena aldatu zen, auzotarrek GEURIAri azaldu bezalaxe. Janari bizkorra zerbitzatzeaz gainera hasieratik “diskoteka baten moduan” funtzionatu zuela aitortu dute. Udaleko datuen arabera, diskoteka lez funtzionatzeko lizentzia 2020an eskuratu zuen. “Ez daukagu erregistratuta afari-zerbitzurik eman izan denik diskoteka jarduerarekin hasi zenetik”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Zarata eta deskontrola
Diskoteka lez funtzionatzen hasi zenetik, asteburuko siesta orduak eta bazkalosteko atseden momentuak askotan moztu egiten ditu musika bolumen altuak sortutako zaratak eta bibrazioak. Auzotar batzuek etxeko leihoak aldatu behar izan dituzte zarata isolatzeko, baina hala ere nahikoa ez dela diote. “Gainera, kanpoan dagoen jendeak be eragina du, berandurarteko elkarrizketak eta autoetako musika topera jartzen dutelako”, kexatu dira.
“Egia da badaudela herriko gazteak lokal honetan egoten direnak, baina, oro har, herritar askok ez dute begi onez ikusten bere jarduera”, gehitu dute Udaletik, eta bizikidetza arazoak lokalaren inguruan sortzen direla baieztatu dute: “Kanpoaldean gertatzen dira arazoak. Horrek esan nahi du arazo horiek ezin zaizkiela zuzenean leporatu ez lokalaren jabeari ezta diskotekari ere, ikuspegi juridikotik. Hala ere, argi dago diskoteka martxan jarri zenetik intzidentziak izan direla”, Ondorioz, Udalak ezer gutxi egin dezake egoera horren aurrean.
“Lokalaren kanpoaldean dagoen jendeak be eragina du, berandurarteko elkarrizketak eta autoetako musika topera jartzen dutelako”
Arazo horiei jai osteko kalteak gehitu behar zaizkie, auzotarren arabera: “Hurrengo egunetan zaborra ikusten da kaleetan: leku guztietatik edalontziak uzten dituzte, plastikozko poltsak, janaria, paperezko zapiak…”. Astelehen askotan plastikozko edalontziez beteta argitzen da eguna eta Garbialdi enpresako langileek bertan hasten dute lanaldia: “Udalak garbiketa-zerbitzuen bidez bere ardura edo erantzukizuna betetzen jarraitzen du: astelehenetan, lehenbiziko jarduna gune horren garbiketa izaten da, ingurunea ahalik eta azkarren baldintza egokietan egon dadin ”, nabarmendu dute Udaletik.

Atxiloketa bat, Ugaon // Utzitakoa
Auzotarren arabera, langileek jardunaldi oso bat ematen dute diskoteka ondoko inguruak garbitzen. Eta ez hori bakarrik; jendea lokartu egiten da errepide ondoko bankuetan eta baita etxebizitza batzuetako atarietan: “Badira ere eraikinetako lorategietara kaka egitera sartu izan diren pertsonak eta goizean ibiltzera doazen pertsonak zirikatzera doazenak ere. Ondorioz, jendeak zonalde horretatik paseatzeari utzi dio asteburuetan”.
Ertzaintza egoera honen jakitun da eta hainbat jarduketatan esku hartu izan du: borrokak, labankadak, herriguneko etxebizitzan sartzeko ahaleginak… Poliziaren azken aurreko jarduketa joan den azaroaren 9ko goizaldean izan zen. Bertan, 46 pertsona identifikatu eta 50 urteko gizon bat ikertu zuten hainbat substantzia sorgorgarri, hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 pastilla atzeman zizkioten ibilgailu barruan. Joan den azaroaren 16an beste jarduketa bat egin zuen Ertzaintzak Ugaon eta 25 urteko emakume bat ikertu zuen diskotekako inguruetan, droga trafikoagatik: gramo erdiko 18 kokaina poltsa konfiskatu zizkioten.
Poliziak azken boladan egindako jarduketak Ugaoko udaltzaingoarekin egindako elkarlanaren emaitza dira: “Udala behin baino gehiagotan batzartu da Ertzaintzarekin, halako operatiboak eskatzeko eta egoera kontrolpean mantentzeko. Azken asteetako operazioetan, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritu dira”.

Ugaoko udaltzainen auto bat // Geuria
Albo-kalteak, herritarrentzat
Urteek aurrera egin ahala, arazoa Ugaoko kanpoaldetik herrigunera zabaltzen ari da. Ugaoko zentroan bizi den auzotar batek nabarmendu du diskotekak eragin zuzena daukala ugaotarrengan eta bertako bezeroek droga kontsumitzen dutela kalean, jendearen aurrean (haurrak eta nagusiak barne), aire zabalean: “Erabiltzaileek jarrera bortitzak dituzte eta mozkortuta eta drogatuta ibiltzen dira autoetan herrian zehar, igandeetan bereziki, horrek dakarren arriskuarekin”.
“Erabiltzaileek jarrera bortitzak dituzte eta mozkortuta eta drogatuta ibiltzen dira autoetan herrian zehar, igandeetan bereziki, horrek dakarren arriskuarekin”
Ugaoko institututik kalte materialak egotzi dizkiote diskotekaren inguruan, kalean elkartzen den jendearen jarrerari: “Azken asteburuan hesi bat apurtu zuten zentrotik oso hurbil, baina ez dira bertan topatu diren gauza bakarra: lurrean botatako arropak, botilak, latak… askotariko zaborrak agertu izan dira inguruetan”, azaldu diote GEURIAri zentroko langileek, eta momentuz, ikasleei dagokienez ez dutela arazorik izan adierazi dute.
Azken urteetan errepikatu izan diren jarrera horiek ikusita, herriko hainbat establezimenduk igandeetan ateak ixtea erabaki dute. Benito tabernak beranduago zabaltzen ditu ateak eta Lainoak, bestalde, ez ditu berriro zabaldu diskoteka martxan ipini zuten momentutik. Udalak jakin badaki diskotekatik eratorritako arazoek bestelako leku batzuetan ere eragina dutela: “Egia da beste establezimendu batzuek ere nolabaiteko eragina jasan dutela, baina arazoak espazio publikoan gertatzen direnez, legalki ezin zaio ardura zuzenean diskotekari leporatu”.
Egoerak berdin darrai, eta segurtasun neurri batzuk hartu izan badira ere, Ugaoko auzotarrek uste dute ez dela nahikoa eta arazoa errotik ezabatzea gura dute, asteburuak horixe bera izatera itzultzeko: asteburuak.










