☉ Etxebarri
Aparkalekua aurkitzeko Lekushare app-a aurkeztuko du Etxebarrik Espainiako Enpresa Topaketan
Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa jarri zuen martxan Etxebarriko Udalak martxoan eta Lekushare proiektuak irabazi du.

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa jarri zuen martxan Etxebarriko Udalak martxoan, hirugarren urtez jarraian. Helburu nagusia da Etxebarriko proiektu berriak garatzea eta sustatzea. Aurten lehiaketara hiru proposamen aukeztu dituzte eta epaimahaiak ideia bat saritu du: Lekushare app-a.
Garraioarekin higikortasun arduratsua, adimentsua, iraunkorra eta integratuarekin lotura du aplikazioak, eta aparkelekuetan plaza hutsak alokatzea ahalbidetzea du xede. “Insituzioenak edo pribatuak diren aparkalekuetan maiz plaza hutsak egoten dira, edo baliteke aparkaleku plazaren jabeak denbora batez libre uztea plaza hori. Hortaz, erabili gabe geratzen dira. Lekushare app-aren helburua da plaza horiek non dauden jakitea eta erabiltzaileek behar izatekotan horiek alokatzea, plazaren jabeak baimenduta. Ordu batzuetan, egun osoan eta hainbat egunetan alokatzea ahalbidetuko du app-ak”, dio Borja Galarza Lekushare proiektuko kideetako batek: “Hitz gutxitan, auzotarren komunitateetan edo udaletxeek bere gain dituzten parkingetan hutsik dauden aparkalekuei irtenbidea ematean datza Lekusharek”, dio. Galarzarekin batera proiektuaren sortzaileak dira Etxahun Sanchez eta Iker Zenon etxebarritarrak, eta 1.000 euroko saria jaso dute lehiaketa irabazteagatik.
Proiektuaren garapenerako ‘Gate’ izeneko gailua diseinatu dute (atea, ingelesez), baita webgune bat eta mugikorretarako aplikazio bat ere. ‘Gate’ gailua garajeko atea irekitzeko eta ixteko izango da eta erabiltzaileek mugikorreko app-aren bitartez atea irekiko luke, garajeko ohiko giltza balitz bezala. Webgunearen bitartez aparkalekuko plazaren jabeak eta plaza alokatu nahi duen erabiltzaileak erregistratu behar dira.
Lekushare aplikazioaren sortzaileek diotenez, onura asko dakar proiektuak: “Aparkalekuaren jabearentzako eta leku bila dabilen gidariarentzako, ‘Gate’ gailua instalatzen duten komunitateek garajeko atea ireki ahal izango dute mugikorrarekin, ez dago urrutiko-agintearen kopiarik egin beharrik, udal aparkalekuetako plazak errazago saldu edo alokatu daitezke, edota enpresa batera bisitan doan hornitzaileak bertako aparkalekuan ibilgailua uzteko aukera izan lezake”, dio Galarzak: “Era berean, karabanentzako aparkalekuetarako ere lagungarria izango da Lekushare: erabiltzaileek plaza hutsak non dauden jakin dezakete eta mugikorretik plaza hori alokatu helmugara iritsi aurretik”.
Segurtasun aldetik, “kontrol zuhurra” dagoela dio Etxahun Sanchezek: “Erabiltzailea aparkalekura noiz sartuko den edota noiz arte alokatu duen jakingo dugu uneoro. Erabiltzaileak plaza uzten duen momentuan baliogabetuta egongo da aparkalekurako sarrera, eta beraz, ezingo da sartu nahiz eta mugikorrean aplikazioa izan”, dio Sanchezek.
III. Alkate eta alkatesa + Berritzaileen Topaketa
Apirilaren 25ean III. Alkate eta alkatesa + Berritzaileen Topaketa antolatu dute Malagan. Bertan Innpulso Sarea osatzen duten udalerriek euren ideia berritzaileak aurkeztuko dituzte, alkate eta alkatesen eskutik. Bizkaitik, Etxebarriko Lekushare aplikazioaz gain, Ermuak eta Barakaldok euren proposamenak aurkeztuko dituzte.
Ekimen honek geografia osoko talentu berritzaileak bilduko ditu eta erakusleiho ezinhobea izango da talentu berritzailea gainontzeko udalerriei aurkezteko. Lekushare sari hauetakoren bat eskuratzeko lehian izango da: proiekturik berritzaileena, etorkizunarekiko proiekzio handiena duen proiektua edo proiektuaren aurkezpenik onena. Ekitaldia zehaztasunez jarrai daiteke Udalaren eta Cimeren webguneetan eta Twiterren.
Innpulso Sarea Espainiako 68 udalerrik osatzen dute eta Topaketan 34 proposamen izango dira. Hiru kategoria ezarriko dituzte: 20.000 biztanletik beherakoak, 20.000 eta 100.000 biztanle artekoak eta 100.000tik gorakoak. Etxebarri 2011. urtean hasi Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiri-sarearen partaide izaten eta lehenengo kategorian lehiatuko da.
☉ Etxebarri
Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean
Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.
Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.
Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.
Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.
Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.
☉ Etxebarri
Etxebarriko herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu 100.000 euro 2026ko aurrekontuan
Herritarrek azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete euren proposamenak. Ondoren, Udalak azken zerrenda egingo du, etxebarritarrek bozka eman dezaten

Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu Etxebarriko Udalak. Herritarrek erabakiko dute zertan inbertitu behar dituen Udalak 100.000 euro datorren urteko aurrekontuan.
“Prozesu horren bidez, Etxebarriko auzotarrek udalerriarentzat onuragarriak diren ideiak eta proiektuak proposatu ahal izango dituzte”, diote udal ordezkariek.
Ekarpenak azaroaren 6ra arte aurkez ditzakete herritarrek. Horretarako bi bide dituzte: udal webgunearen bitartez (esteka honetan) edo aurrez aurre Cime eraikinera bertaratuz.
Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Udalak ekarpen guztiak bilduko ditu eta gehien errepikatzen diren, bideragarrienak diren eta eskuragarri dagoen esparru ekonomikora egokitzen diren proposamenen zerrenda egingo du.
Bigarren fase batean bozkatzeko epea zabalduko du Udalak eta etxebarritarrek zuzenean aukeratu ahal izango dituzte gauzatuko diren proiektuak.
☉ Etxebarri
Kuantika ardatz izango du aurten Etxebarriko Zientzia Asteak bere hamargarren urteurrenean
Umeentzako drone tailerra, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte azaroaren 10etik 14ra bitartean Etxebarrin

Zientzia Astea antolatuko dute beste urte batez azaroaren 10etik 14ra Etxebarrin. Aurtengoa hamargarren edizioa da eta kuantika izango da gai nagusia, eta Adimen Artifiziala ere jorratuko dute.
“Ekitaldi horren helburua da kultura zientifikoa herritar guztiei hurbiltzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoaren eta berrikuntza teknologikoaren garrantziaz”, esan du Iker Lopez alkateak.
Aurtengo egitarauan, besteak beste, umeentzako drone tailerra (frontoi barruan), energia berriztagarriei buruz kontzientziatzeko saioak, kuantikari buruzko tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte.
Horretarako, EHU eta Mondragon Unibertsitatea, Tecnalia, KZgunea, BBK Herriz Herri erakundeen lankidetza izango du Etxebarriko Udalak.
Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko izen-emateak (doakoak) urriaren 29an zabalduko dituzte. Intertesdunek cimenet.net webgunearen bitartez edo 944 496 871 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena.
“Horrez gain, aurten, aurreko gure Zientziaren Asteetan egin dugun bezala, gure saltokien lankidetza izango dugu, eta bezeroei hitz baten bidez kuantikak iradokitzen dienari buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditugu. Ekimen hau urriaren 28tik Zientzia Astea amaitu arte egongo da martxan, azaroaren 14ra arte”, dio Ruth Martinez Cime eta Merkataritza arloetako zinegotziak.
Egitaraua | Zientzia Astea 2025
Azaroaren 10etik 14ra bitartean, programa hau hartuko du Etxebarriko Zientzia Asteak:
- Hitzaldia: “Teknologia kuantikoak, zientzia-fikziozko filmetatik errealitatera”. Alejandra Ruiz doktorea (Tecnalia)
- Hitzaldia: “Zer da adimen artifiziala”. Eneko Echarri (KZ Gunea)
- Hitzaldia: “Konputazio kuantikoaren dibulgazioa”. Aitor Moreno (LKS Next)
- Tailerra: “Digitalizazio lagunkoiko tailerra” (BBK Herriz Herri)
- Tailerra: “Googaz” (BBK Herriz Herri)
- Tailerrak: “MoIAzart tailerrak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Tailerrak: “Zientziaren magia: mundu kuantikoa esperimentatzen du” (EHU Quantum Center)
- Robotika-tailerrak: “Mundu ikusezinak: zientzia eta robotak ekinean” (Asimov)
- Hezkuntza-tailerra: “Eguzki-konbinazioa eta zientzia kuantikoa dituzten dronen hegaldiak” (Mondragon Unibertsitatea)
- Ikuskizuna: “Abentura kuantikoa” (Eidabe)
Aurrerago egitarau zehatzagoa zabalduko du Udalak, ordutegiekin.
☉ Etxebarri
Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest
Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.
Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.
Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.
Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.
Hiru gune
Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.
Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.
Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.
“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuak berriro kaltetu dituztela salatu du Udalak
Ibilgailuak erabilezin utzi dituzte. Aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan dela salatu dute

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuei egindako bigarren sabotaje bat salatu du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, ibilgailuak erabilezin utzi dituzte.
“Etxebarriko Udaltzaingoari sabotaje-ekintza bat egin diote berriki, eta haren patruila-ibilgailu batzuk kaltetuak izan dira. Gertakari horiek eragin duten ustekabeaz gain, bereziki kezkagarria da larrialdiko ibilgailuak erabilezin uztea, beharrezkoak baitira udalerrian gerta daitekeen edozein gorabeherari azkar erantzuteko”, esan dute.
Udal arduradunek adierazi dutenez, aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan da.
“Lehen aldian, polizia-ikerketari esker, egilea identifikatzea lortu zen, eta hura epaiketaren zain dago, eragindako kalteengatik”, diote.
Bigarren sabotaje-ekintza hau ikerketapean dago gaur egun eta arduraduna identifikatzeko lanean ari dira. “Egilea herrian instalatutako segurtasun-kamerek grabatu zuten”, esan dute.









