Sareak

☉ Basauri

Kaleartean ekimenak euskal pilota valentziarra, memoriaren aztarnak edota basoko misterioak dakartza

Aurten berrikuntza bezala, bi asteburu hartuko ditu ekimenak (maiatzaren 25etik 27ra eta ekainaren 1etik 3ra) eta Bidebieta eta Kareaga auzoetara hedatuko da.

|

basauri kaleartean 2018 aurkezpena
Colectivo Alopro eta Mario Paniego artistak euren esku-hartzeak azaltzen // Geuria

Gaur hasiera eman diote Basaurin Kaleartean ekimenaren laugarren edizioari. Aurten berrikuntza bezala, bi asteburu hartuko ditu ekimenak (maiatzaren 25etik 27ra eta ekainaren 1etik 3ra) eta Bidebieta eta Kareaga auzoetara hedatuko da. Hamar esku-hartze izango dira eta horretarako Kareaga Goikoa eta Agirre Lehendakaria kaleetako sei lokal erabiliko dituzte artistek euren obrak ezagutarazteko. Sei egunetan zehar bost bisita gidatu eta tailerrak antolatu dituzte.

Artean, kulturan, hirigintzan eta diseinuan lan-ibilbide luzea duten pertsonek osatu dute epaimahaia (Koldo Etxebarria, Aristide Stornelli, Iker Serrano Robles eta Laura Diez) eta artista hauek aukeratu dituzte: Colectivo Alopro (Amanda Proy Fernandez eta Patricia Alonso Herrera); Mario Paniego; Helena Gonzalez Saez; Guido Di Marzio; Hibernando; Anabela Romina Turlione, Sol Benavente Molina, Mabel Peña eta Irene de Madrazo; Susana Manzano Viñolo; Eriz Moreno Aranguren; Was is Sam; eta Endika Basaguren Ansoleaga. Talde edo artista bakoitzak 900 euro jaso ditu erakusketak prestatzeko. Era berean, artista gonbidatu bat izango da: Higinia Garay bilbotarra, Higi Vandis ezizenez ezagunagoa dena.

Kaleartean ekimenaren helburua da udalerrian erabiltzen ez diren merkataritza-lokalen irudia eraldatzea, arte, diseinu eta sormenezko esku-hartzeak eginez. Aurreko edizioetan erabili izan diren 9 lokal hutsetan jarduera ekonomikoa bertan gauzatzea lortu da.

Kaleartean 2018 – Esku-hartzeak

1. Colectivo Alopro (Amanda Proy Fernandez eta Patricia Alonso Herrera)
Labur baina gogor: Denontzako bide bat
Kareaga Goikoa, 48

2. Mario Paniego
Bizitzarako argibideak: Egunerokotasunari buruzko hausnarketa sorrarazten diguten testuz lagundutako irudi seriea
Kareaga Goikoa, 48

3. Helena Gonzalez Saez
Basoko hiriko misterioak: Espazio hauen barruan begiratzea nire barruan begiratzea bezala da, nire amets, oroitzapen, fantasia, desira, bihozkadak… erakutsiz
Kareaga Goikoa, 99

basauri kaleartean 2018 aurkezpena 1

Helena Gonzalez Saez artista bere esku-hartzea azaltzen // Geuria

4. Guido Di Marzio
Tatto experiment: Oroitzapenen antzera ezabaezina, bizitza osoan eramango dut
Kareaga Goikoa, 99

5. Hibernando
Artista atzerritarra balitz bezala: Zenbateraino ezagutzen duzu zure herria? Nola heltzen zara zure etxera? Non erosten duzu ogia? Eta atzerritarra bazara, nola ezagutzen duzu lekua?
Kareaga Goikoa, 85

6. Anabela Romina Turlione, Sol Benavente Molina, Mabel Peña eta Irene de Madrazo
Trukedenda: Ikuslea protagonista izango den trukerako espazio bat da. Dirua ez da bitarteko izango, trukerako dena istorioak izango dira
Agirre Lehendakaria, 7

7. Susana Manzano Viñolo
Egunsentian babestu nazazu: Guk zein izarrek ere beroa behar dugu existitzeko, gerturatzen garenean bizirik mantentzen gaituen sua elikatzen dugu
Agirre Lehendakaria, 7

8. Eriz Moreno Aranguren
Untitled (Berlin): Amerikako Estatu Batuetako ‘Berlin’ izeneko udalerri guztiak (30) erakusten diren argazkilaritza proiektua
Kareaga Goikoa, 16

9. Was is Sam
Euskal pilota valentziarra: Euskal pilota valentziarrak pilotaren bitartez euskal eta valentziar kulturen arteko zubiak eraikitzen ditu
Kareaga Goikoa, 16

10. Endika Basaguren Ansoleaga
Memoriaren aztarnak ezabatu: Berria den zeozer sortzeko lehenagotik zegoena suntsitzea beharrezkoa da. Arte aurreratua aurrekoaren suntsiketa da. Borradore moduan jardungo dut, nire obra eta iraganaren suntsitzaile modura, akzio honek “nire izana” definitzen duen obra berri bat sortu dezan
Kareaga Goikoa, 10

Bisita gidatuak eta tailerrak

Maiatzak 25, ostirala
18:00-21:00 Esku-hartzeak bisitatzeko ordutegia
18:30 Kareagako auzokideekin bisita gidatua. Irteera: Bidasoa

Maiatzak 26, larunbata
11:30-14:30 + 18:00-21:00 Esku-hartzeak bisitatzeko ordutegia
11:30 Umeentzako bisita gidatua (+7 urte). Irteera: Bidasoa

Maiatzak 27, igandea
11:30-14:30 Esku-hartzeak bisitatzeko ordutegia
11:30 Bisita gidatua (euskaraz). Irteera: Basozelai

Ekainak 1, ostirala
18:00-21:00 Esku-hartzeak bisitatzeko ordutegia
18:30 Basauriko elkarteekin bisita gidatua. Irteera: Basozelai

Ekainak 2, larunbata
11:30-14:30 + 18:00-21:00 Esku-hartzeak bisitatzeko ordutegia
11:00-13:00 Tailerra Kareaga Goikoa eskolako patioan (+7 urte): ‘Erabiliz aldatu!’

Ekainak 3, igandea
11:30-14:30 Esku-hartzeak bisitatzeko ordutegia
11:30 Bisita gidatua (gazteleraz). Irteera: Basozelai

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin

‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

|

Maddi Ane Txoperena 'Ez erran inori' nobelaren egilea urriaren 29an izango da Marienean // Geuria

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.

Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.

Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.

2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.

Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak

Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

|

Haurren parkea estaltzeaz gain, futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute ondoan dagoen berdegunean // Geuria

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.

Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.

Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.

“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko dituzte Basaurin Enplegu Planaren barruan

Gazteentzat bi lanpostu eta gainontzekoentzat beste 35 eskainiko ditu Udalak. Gainera, Lehentasunezko Arreta behar duten 40 kontratazio egingo ditu

|

Brigadako langileak Basozelaiko Gizarte Etxean lanean // Geuria

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbidek sustatutako Enplegu Planaren barruan.

Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bi gazte kontratatuko dituzte webmaster eta sistemen teknikari lanpostuetarako. Kontratazioak 12 hilabetekoak izango dira eta lan-jardunaldia % 100ekoa izango da.

“Euskadiko EGF+ programaren bitartez bi gazte kontratatuko ditugu. Helburua da gazte horiei lan-esperientzia bat eskaintzea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko beharrezkoa izango dena”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak.

Beste alde batetik, beste 35 lanpostu eskainiko ditu Udalak ESTE Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako programaren barruan.

Lanpostu horiek dira: Udal Brigadarako biltegiko langilea (1), igeltsero laguntzailea (5), gidaria (1), eraikuntzako peoia (8), elektrikaria (2), eta elektrikari laguntzailea (1), administrari-laguntzailea (8), community managerra (1), Tokiko Osasun Sarearen dinamizatzailea (1), tokiko merkataritzaren alorreko prospekziogilea (1), ekintzailetzako teknikaria (1), mantentze-lanetako laguntzailea (1), ‘Merkataritza Euskaraz’ kanpainaren dinamizatzailea (1), katastroko agentea (1), humanitateetako erdi-mailako teknikaria (1), eta liburutegiko laguntzailea (1).

Kasu horietan, 3, 5 edo 9 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin.

Izena ematea

Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta han, gero, bilaketa bat egingo dute lana eskatzeko izena emanda daudenen artean, eta, gainera, eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, interesa duten eta baldintzak betetzen dituztenek izena emateko aukera izan dezaten.

“Datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horien eskaintza, eta, hartara, gomendatzen dugu datuak eguneratzea Lanbiden; bai lan-esperientziari dagokionez, baita eskuratutako titulu berriei dagokienez. Era berean, eskaintzetan izena ematera dei egiten dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.

Izapideak Lanbideren webgunean egin ahalko dira, edo, aukeran, aurretiazko hitzordua eskatuta 945 160 600 zenbakira deituz.

“Hurrengo urratsa izango da Lanbidek hautatutako pertsonen zerrenda bidaltzea Udalari, eta hark hautaketa-prozesua egitea: teknikarien eta giza baliabidetako langileen talde espezifiko batek hautagaitzak ebaluatuko ditu, ordezkari politikoen parte-hartzerik gabe”, diote.

Beste 40 kontratazio

36 lanpostu horiez gain, beste 40 kontratazio burutuko ditu Udalak. Kasu honetan Lehentasunezko Arreta behar duten Kolektiboei daude zuzenduta lanpostuak, eta horiek dira: bankuak eta hiri-altzariak margotzea (8), eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzea (Patioak Zabalik), agente zibikoa (12), eta kulturarteko horma-irudiak margotzea (8).

Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko entitateek kudeatuko dute. Seil hilabeteko kontratuak izango dira, lan-jardunaldiaren % 75ean, eta formakuntza eta lan-orientazioa ere eskainiko diete parte hartzen dutenei.

Basauriko Udalak deialdiaren berri emango du aurrerago, “izapidetze-fasea hasten denean”, diote.

Osorik irakurri