☉ Arrigorriaga
Emakumearen Nazioarteko Egunaren aldeko banku moreak margotu ditu Arrigorriagako Udalak

Azken egunetan herriko kaleetan ikusi ahal izan den moduan, Arrigorriagako hainbat banku more kolorez margotu dira. Berdintasun Kontseiluan jasotako proposamena izan zen hori, eta martxoaren 8aren harira egin da. Hau da, Emakumeen Nazioarteko Egunaren alde eta emakumeen aldarrikapenak agerian jartzeko helburuarekin.
Bestalde, LGTBI+ kolektiboaren kolorez margotutako bankuak ere jarri direla nabarmendu behar da. Joana Etxeberriak, Politika Feminista zinegotziak, adierazi duenez, “garrantzitsua iruditzen zitzaigun herriko LGTBI+ pertsonak ere ikusaraztea, eta, beraz, kolektibo horren koloreetako bankuren bat ere margotu da”.
Bankuak Arrigorriagako herrigunean kokatuta daude. Hala ere, ekimena hor geratuko ez dela jakinarazi du Udalak. Izan ere, euren ekimenak herrigunera soilik ez direla mugatuko argi utzi dute, pertsona guztiak, adin guztietakoak, joera guztietakoak, herrigunetakoak eta auzoetakoak garrantzitsuak direla esanez. Hori dela eta, ekimen hori bera laster Abusura ere zabalduko dutela adierazi dute.

Herrian LGTBI+ kolektiboaren kolorez margotutako bankua / Arrigorriagako Udala
☉ Arrigorriaga
Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera
Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.
Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.
Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.
Aldiz, eskaintza ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.
Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.
Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.
Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak
David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.
Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.
Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.
Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.
Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.
Herritarrentzako aurkezpenak azaroan
Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:
Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)
Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.
Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.
LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria
Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.
LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”
Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko elkarretaratzea urriaren 27an egingo dute
Elkarretaratzea 19:30ean izango da Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan

“Lan, bizi, pentsioa duinak” plataformak elkarretaratzea deitu du datorren urriaren 27an, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko.
Istripuaren ondorioz 45 urteko langile bat hil egin zen: “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik eta gaur bertan elkarretaratze bat egin dute Arrigorriagako Arane auzoan (Heidelberg enpresaren sarreran), eguerdian.
“Laneko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala ez ezartzeak, produkzio presioak eta pisu handien edo errotazio-piezen eraginpean egoteak handitu egiten dute harrapatuta edo zapalduta egoteagatik istripu larriak izateko aukera”, azaldu dute ELAko bozeramaileek. “Horrelako lanetarako, etengabeko prestakuntza behar da laneko arriskuen prebentzioan, eta blokeo eta seinaleztapen protokoloak zorrotz aplikatu behar dira martxan dauden ekipoetan edozein esku-hartze egin aurretik”.
Sindikatuak argitaratutako datuen arabera, 2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz: “Bizkaian, zehazki, 9 pertsona hil dira. Industria-sektoreak, eta, bereziki, zementuaren eta deribatuen fabrikazioak, arrisku maila handiak ditu, makina astunak, doitasun erremintak eta mantentze lanak etengabe erabiltzen baitira, eta horrek mugitzen ari diren ekipoekin zuzeneko kontaktua izatea eskatzen du”.
ELA: “2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Heriotza horietako 9 Bizkaian izan dira”
“Lan heriotza bakoitza ez da halabeharrezko ezbehar bat: enpresen erabakien, prebentzioan egindako murrizketen eta kontrol instituzional ezaren emaitza da. Ezin dugu jarraitu normalizatzen langileek beren bizitzarekin ordaintzea zementuaren, burdinaren edo enpresa etekinen prezioa”, azaldu dute sindikatutik.
“Laneko ezbeharrak egiturazko eta erakundeetako indarkeria mota bat dira. Premiazkoa da ikuskapenak indartzea, legea betetzen ez duten enpresen zigorrak handitzea eta langileon bizitza eta osasuna politika ekonomiko eta produktiboaren erdigunean jartzea.”
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte
Malmasingo Lagunak elkarteak eta Arrigorriagako Udalak antolatutako bisita gidatuak azaroaren 2an antolatu du bisita gidatua herriko erreferenteak diren auzo bietan barrena

Malmasingo Lagunak elkarteak, Udalarekin batera Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu azaroaren 2an.
“Oraingo honetan, gure herriaren bilakaera markatu duten bi guneren historiara hurbilduko gara: La Mutual (San Juan) eta Osasun eta Higiene auzoak”, azaldu dute elkartetik. “Biak erreferenteak dira, ez bakarrik ondarearen eta arkitekturaren ikuspegitik, baita herrian nortasdun eta presentzia berezia duten auzo gisa ere”.
Saioa elebiduna izango da eta 12:00etatik 13:30ak arte antolatu dute. Geralekua Arrigorriagako osasun zentroa izango da (Urgoiti pasealekuko 10. zenbakia). Informazioa handitu nahi dutenek malmasingolagunak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.
☉ Arrigorriaga
Doako Ipar Martxa ikastaroa antolatu dute berriro Arrigorriagan, kirol-eskaintza zabaltzeko
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta doakoa izan arren, izena ematea beharrezkoa izango da

Arrigorriagako Udalak, Euskaditrek-ekin elkarlanean, Ipar Martxa edo Nordic Walking tailerra antolatu du udal kiroldegian. Urteak daramatza Udalak tailer hau eskaintzen. Izan ere, aurtengo bigarren saioa izango da honako hau, eta arrazoia hurrengoa da: “saioak arrakastatsuak izan direlako”.
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta helburua kirol modalitate berriak sustatzea da. Jarduera praktikoa izango da eta 10:00etatik 12:00ak arte antolatu dute. Saioa doakoa izango da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute udal kiroldegian.
10:00etan ibilbidea hasiko dute. Kiroldegitik abiatuko dira parte-hartzaileak eta ibilbidea herrian barrena izango da. Partaideek materialik ez dutela eraman behar azpimarratu dute udal ordezkariek (bertan makilak utziko dizkiete arduradunek).
Nordic Walking edo ibilketa nordikoa makilekin ibiltzean datza. Zailtasun gutxiko teknika integrala da eta gorputzeko giharren % 90a erabiltzen da.
Ibilketaren biomekanika optimizatzeko modu bat da, bakoitzaren forma fisikoaren arabera. Kirol modalitate hau adin eta baldintza fisiko guztietakoen eskura dago.
Doako tailer honetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Epea maiatzaren 14ra arte zabaldu dute.
Antzinako beharretik
Ipar Martxaren jatorria 30. hamarkadako Finlandian dago, bertako eskiatzaileek iraupen-eski sasoia bukatzen zenean praktikatu ahal izateko jarduera zelako.
Kirol jarduera hau segurua, naturala, osasungarria, dinamikoa eta adin guztietako pertsonei zuzendutakoa da eta helburu nagusia ongizate fisiko zein espirituala erdiestea da.
Teknika sinplea izan arren, ez da intuiziozkoa, eta horrexegatik, berau praktikatu baino lehen prestaketa ikastaroak egitea aholkatzen dute beti.










