Gizartea
Iritzia / Norabide berri bat
Arin bizi ginen, kapitalismoak izurritzen duen ur jario konstantean. Bakoitzak bere beharrak, bere nahiak eta bere zereginak zituen. Denbora gure esku zegoen, denona zen, baina inork ez zion arretarik jartzen, hau kontrolik gabe ustiatuz. Bizitzeko era suntsigarri horrek aurrera egiten zuen adorerik eman gabe. Gizakia eta mundua gudan zebiltzaten, ea nork irabazi. Denok argi geneukan gizakiok garaile aterako ginela guda faltsu horretatik. Bakea berpizteko esperantza galduta zegoen, gizakiaren desagerpena lurraren amaierari lotuta zegoela jakinda ere, ez zegoen amaiera hori bideratzerik.
Egoera puntu jasanezin batera heldu zen, mundua lur jota zegoen. Suntsipena ailegatzear zegoenean, mundua jaiki zen eta azkeneko kolpe bat eman zion gizarteari…
Lurrak birus bat sortu zuen eta gizakiak “jakean” jarri zituen. Gizabanakook etxean geratu behar izan genuen birus horrek gure bizitzarekin akabatu ez zezan. Egunak eta asteak aurrera joan ahala, gizakiok ez genuen birus horri aurka egiteko ezer topatzen. Elkarren arteko kontaktu ezak, eguzkiaren izpien faltak eta birusak egunero ehunka pertsona hiltzen zituela ikusita, gizakiaren biziraupenerako ez zegoen esperantza handirik.
Denok genuen itxaropena zientzian jarrita, jasotako kolpearen ondoren jaiki eta osatzeko nahia. Guda horri buelta emateko intentzioz eta garaileak izateko asmoz. Gutxinaka-gutxinaka, mundua bere zena berreskuratzen hasi zen. Gizakiaren bizimoduak eginiko kalteaz berpizten joan zen (kutsadura, animaliak tratatzeko modua, lurra erabiltzeko erak…).
Egunak joan, egunak etorri, gizakia inoiz baino ahulago eta mundua inoiz baino indartsuago zegoela, honek azkeneko kolpea prestatu zuen. Gizakiok gure amaiera heldu zela ohartuta, begiak itxi genituen eta amaieraren zain geratu ginen. Munduak orduan, hasperen egin zuen eta gizakioi azkeneko ostikada eman beharrean, azken aukera bat eman zigun.
Beste birus bat sortu zuen, birus hau ez zen gizakiarentzat kaltegarria. Gurekin akabatu beharrean, gizakiak hiltzen ari zen birusen kontra jotzen zuen honek. Birus berri eta indartsu honek beste birusa di-da batetan desagerrarazi zuen, gizakioi bizirauteko aukera emanez.
Munduak ez zuen gizakiokin amaitu, gu munduaren amaieraren errudun izango ginen arren. Gizakiok harrituta jaiki ginen eta indarrak berreskuratu genituen. Indarbete egotea lortu genuen, eta momentu horretatik aurrera nola uste duzue jokatu genuela?
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.
Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.
LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria
Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.
LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”
Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Zeberio
Gaztainerrea, ibilbide magikoa eta lamien dantza egingo dute Zeberioko Gau Beltzan
Zeberioko plazan antolatu dute, urtero lez, Gau Beltza, 18:00etatik aurrera

Gutxi falta da Gau Beltza edo Arimen Gaurako eta Zeberion programa interesgarria prestatu dute Txubelasu Guraso Elkarteko kideek herritar guztientzat, herriko plazan.
Gaztainerrea, ibilbide magikoa – Sanduli Manduli, Lamien dantza… eta musika, jatekoa eta edatekoa izango dute bertara gerturatuko direnek.
Egitaraua | Zeberioko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Gaztainerrea
18:30 Ibilbide magikoa – Sanduli Manduli
20:00 Lamien Dantza









