Sareak

☉ Basauri

Auto zinema irekiko dute udan Bilbondoko sarrerako aparkalekuan

Auto zinema irekiko dute udan Bilbondoko aparkaleku osagarrian. Uztailaren 16tik aurrera egongo da zabalik.

|

Bilbondoko sarrerako aparkalekuan zabalduko dute auto zinema, eta ez aparkaleku nagusian // Google

Auto zinema irekiko dute udan Bilbondoko aparkaleku osagarrian. Uztailaren 16an hasiko da zerbitzu ematen, eta hilean zehar, ostegunetan eta ostiraletan egongo da zabalik, eta bi saio programatuko dituzte: bata 19:00etan eta bestea 21:30ean. Hasteko, ‘Mascotas 2’ (uztailak 16, 19:00), ‘Men in black: International’ (uztailak 16, 21:30), ‘Asterix: El secreto de la poción mágica’ (uztailak 17, 19:00) eta ‘Spiderman: Lejos de casa’ (uztailak 17, 21:30) filmak proiektatuko dituzte.

Bilbondoko auto zinema erabiltzeko, merkatal zentroko bi dendatako bi erosketa-tiket trukatu beharko dira, 30 euroko edo gehiagoko zenbatekoa dutenak. Ondoren, webgune honen bitartez inprimaki bat bete behar da, eta filma aukeratu. Erabiltzaileek kode bat jasoko dute eta berau Merkataritza Zentroko gerentzian aurkeztu beharko dute, erosketa-tiketekin batera. Bertan, auto zinemarako sarrera jasoko dute.

Guztira 70 ibilgailurentzako lekua izango du Bilbondoko auto zinemak. “Modu eroso eta errazean, autoaren beraren erosotasunetik eta kotxeko irratia sintonizatuz, ibilgailuaren intimitatetik film arrakastatsuak ikusi ahal izango dira, bakarrik, lagunekin edo familian”, diote Bilbondoko arduradunek.

Bilbo Handian ezaugarri horiek dituen bakarra da. Izan ere, beste auto zinema Getxon dago. Ekimena uda garairako bestelako entretenimendu modu bat eskaintzeko jarri dute martxan. “Bilbondo merkataritza-guneak bezeroei aisialdirako formula erakargarri eta seguruagoak eskaintzearen alde egiten du, merkataritza-gunean duten esperientzia hobetzeko”, diote. Segurtasun-neurri guztiak bermatuta egongo dira.

☉ Basauri

Bideoa | Erromeria gaueko ordu txikiak arte ala txosnagunea: zer nahiago dute San Migeleko herritarrek jaietan?

|

San Migeleko jaien bigarren asteburuari gogotsu ekingo diote herritarrek. Ostiral eta larunbat gauean kontzertuak eta erromeriak egongo dira, eta txosnagunea ere topera egongo da. Baina herritarrek zer nahiago dute: erromeria gaueko ordu txikiak arte ala txosnagunea?

Gauetan ondo pasa, bai, baina askok ibuprofenoa behar dute hurrengo egunean jaiarekin jarraitzeko. Zein da zure sekretua ajearen kontra? Entzun herritarren erantzunak!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeek musika-industrian bizi duten egoeraz, menopausiaz eta bakardadeaz podcast-zikloa antolatu dute Basauriko Marienean

Hiru saioko podcast-zikloa antolatu dute Marienean, beste haimaika proposamenen artean. Ikasturte berriko ekintza nabarmenenak jaso ditugu albistean

|

Asier Iragorri eta Isabel Cadaval Marieneako programazioaren aurkezpenean // Geuria

Ikasturte berria martxan da Marienea Basauriko Emakumeen Etxean. Eta proposamen berriekin hasiko dute jardueren programa. Nabarmentzekoen artean, podcast-ziklo bat egingo dute.

Hiru saio izango ditu podcast-zikloak: ‘Emakumeak, erabat maskulinoa den musikaren industrian’, azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiarekin barruan; ‘Bakardadea erlatiboa da (eta lagunarte asko ere bai)’, abenduaren 18an; eta ‘Barrez lehertzeko: hitz egin dezagun menopausiaz’, apirilaren 30ean.

Horrez gain, ‘Dena aldatzera goaz!’ ekimenaren barruan, gai ezin garrantzitsuagoak jorratuko dituzte. Besteak beste, indarkeria bikarioari buruzko ‘Biolentzia bikarioa biolentzia matxista da’ jarduera egingo dute otsailaren 5ean; eta martxoaren 12an Tere Maldonadok eta Txoli Mateosek, zaintzaren testuinguruan, publiko eta komunitario kontzeptuetan sakonduko dute.

Gazteei zuzendutako programazioak ere protagonismo handia izango du ikasturte berrian: 13 eta 15 urteko neskatoek, Txoko feministan, aukera izango dute interesatzen zaizkien eta kezka eragiten dieten gaiei buruz hitz egin eta eztabaidatzeko. Gainera, adibidez, hilekoari buruzko ikastaroa eskainiko dute Maite Goikoetxea basauriarrak eta Ella formatzaileak maiatzaren 6an eta 7an, 10 eta 12 urteko neskatoentzat.

Programazio berrian, bestalde, desgaitasun intelektuala duten emakumeekin autoezagutza-prozesuak lantzeko tailerra antolatuko dute urtarrilaren 15ean, otsailaren 19an eta martxoaren 19an.

Eta, ‘Jakintza kolektibizatuz, elkarrekin ikasiz’ izeneko atal berri bat ere prestatuko dute: “Espazio bat, non ikerketa oso interesgarriak ikuspegi feministatik egiten ari diren emakumeek (haietako asko, emakume gazteak) aukera izango duten beren lanak aurkezteko —ikasturte honetan zehar, biren proiektuak ezagutu ahalko ditugu—”, dio Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziak. 

Halaber, Baskonia Mendi Taldearekin lankidetzan, ‘Emakumeak eta mendia zikloa’ antolatuko dute apirilaren 16an eta 18an. 

Palestina, presente

Erakusketek ere jarraituko dute programazioaren ardatzetako bat izaten. Eta, erakusketa horietako bat izango da ‘Palestinako emakume baten begirada Euskal Herritik’.

Qassem Ruhaifaren erakusketa da eta ikusgai egongo da otsailaren 27tik apirilaren 13ra. Ruhaifa Bizkaian bizi den artista palestinarra da. 

Eta, ‘Behin eta Berriro’ ere itzuliko da Marieneara: esperientzia murgiltzaile bat da zeinaren helburua den espazio, argi eta soinu desberdinen bitartez kontzientziak astintzea eta bizitzan zehar gertatzen diren indarkeria matxistaren alorreko zenbait gertakariri buruz sentsibilizatzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Nola definituko zenituzke San Migeleko jaiak hitz batean?

|

Zuk zelan definituko zenituzke San Migeleko jaiak hitz batean? Era zuretzat zein da astebururik onena: lehenengoa ala bigarrena? Herritarrek erantzun dute!

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeak gertutik bisitatzeko aukera izango dute herritarrek Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Basaurin

|

basauri basconia lantegia bidebieta
Urriaren 18an, larunbatez, izango da bisita gidatua 12:00etatik 13:00etara // Geuria

Ondare Arkitektonikoa da aurten Ondarearen Europako Jardunaldietako ardatza. Eta Basaurin La Basconiako nabeak gertutik ezagutzeko aukera emango dute Industria Ondarearen Euskal Elkarteak eta Basauriko Udalak.

Urriaren 18an, larunbatez, izango da bisita gidatua 12:00etatik 13:00etara. Industria Ondarearen Euskal Elkarteko kide diren Jose Eugenio Villarrek eta Mikel Martinez Vitoresek gidatuko dute bisita. Gazteleraz izango da eta dagoeneko leku guztiak beteta daude.

“La Basconia fabrika zaharrean kontserbatutako nabeak bisitatuko ditugu, metal-eraikuntzen tailerra hartu zutenak. 1917an eraikitako hiru hormarte dira, XX. mendeko burdingintza bizkaitarraren ezaugarri den metalezko egitura hariztatua dutenak. Horietan era guztietako metalezko eraikuntza egin ziren, hala nola, metalezko zubiak, minerala garraiatzeko aireko lineak eta energia elektrikoa garraiatzeko dorreak, besteak beste”, diote.

Hain zuzen ere, Basauriko fabrika zaharrean eraiki ziren, esaterako, Deustuko Zubia (1934), Areeta-Getxoko Mesedetako Elizaren kupula (1954), San Mameseko arkua (1953), eta beldar-traktore bat 60 CV.ko Mercedes motor batekin ekipatua (1929).

Gaur egun Basauriko Udalaren jabetzakoak dira La Basconiako nabeak, eta etorkizunean horiek birgaitu eta erabilera berriak izango dituzte. Ekaineko osoko bilkuran 220.825 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzak La Basconiako orubea berritzeko proiektua idazteko.

Udalaren helburua da “gune berria lotura-puntu bihurtzea, etorkizunean inguruan eraikiko diren etxebizitzen eta jarduera ekonomikorako aurreikusitako eremuaren artean”. Eta horretarako, herritarrei galdegingo diete udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko 23 saltokik bat egin dute ‘Euskaraz barra-barra’ ekimenarekin

Saltoki horietan euskara ulertzen duten langileak daudela bermatzen du ekimenak. Udalak programaren jarraiopena egingo du urtero

|

Saltoki horiek pegatina bereizgarri bat izango dute // Arina Krasnikova

Basauriko saltokietan euskararen erabilera bermatuta dagoen adierazteko ekimena martxan jarri dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak: ‘Euskaraz barra-barra’, hain zuzen.

Aurten 23 saltoki atxiki dira programara: Amalur Hortz Klinika; Arrate Dekorazioa; Bar Amaia; Bar Nervión; Bikiak; El Jardín Secreto; Elkar; Farmacia Eguileor; Farmacia Jon Carral Tellitu; Farmacia Lcdc Mª Carmen del Prado; Farmacia Garde; Ferreteria Oleta; Gure Fisioa; Hecho a Mano con Amor; Kiaraga Salón; Loradenda Gema; M&P Panadería Kurrusku; Malutak; Nare Fisioterapia eta Osteopatia Zentroa; Numero 1 Zapatillas Basauri; Pescadería Pili y Mertxe; Umeak Liburudenda; eta Uriarte.

Saltoki horiek pegatina bereizgarri bat izango dute, adierazteko bertan bermatuta egongo dela une oro euskaraz ulertzen duten langileak egongo direla. “Horrela, lortuko da inolako hizkuntza-oztoporik ez egotea euskarazko arreta jaso nahi duten bezeroen eta langileen artean”, diote udal ordezkariek.

Basauriko Udalak programaren jarraipena egingo du urtean behin, bereizgarria erabiltzen jarraitzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Osorik irakurri