Sareak

☉ Zaratamo

500 urteko euriteen urtegi ohia, bioaniztasunera bidean

|

Paola Sangalli eta Sergio Gallego // Geuria

Txarrota urtegia 1963an eraiki zuten, porlanaren garaian murgilduta. Hamarkada hartan, porlanez estalitako urtegi handi eta txiki ugari eraiki ziren estatu mailan, horrek ekar zitzakeen ondorio guztiekin. Arkotxakoa 0,1 hektometro kubikoko, 2.000 metro karratuko azalerako eta 15 metroko altuerako eraikuntza zen, eraikuntzaren helburu nagusia herriko ur-horniketa zuena. Garai hartako urtegi txiki askorekin gertatzen zen bezala, ez zen batere arraroa jendea bertan arrantzan eta bainua hartzen ikustea. Urtegia sortu zenean, bertatik irteten eta Arkotxatik igarotzen zen Txarrota izeneko erreka lurperatu zuten. Gaur egun auzoaren porlan geruzaren azpitik igarotzen da urtegiko ura.

“Txarrota urtegia Arkotxa sortu zenean eraiki zuten”, azaldu du Paola Sangallik (Milan, 1963), Sangalli Coronel Asociados ingeniaritza eta paisaia estudioko (SCIA) biologoak. Paolak, Sergio Gallegorekin batera (Madril, 1979) Txarrota urtegiaren berreskurapen proiektuan dihardu elkarlanean. Paola eta Sergio 2016tik 2017 urte bukaerara arte egon ziren Txarrotan berreskuratze lanak egiten eta momentura arte urtegiaren inguruetako alde handia birsortu ahal izan dute, urtegi gaineko arroaren faltan.

“80ko hamarkadan, Bilboko Ur Partzuergoak zonaldeko ur-horniketaren sistema ezarri zuen eta Txarrotako urtegia erabilerarik gabe lotu zen” azaldu du Sangallik. Urtegiak ur-horniketaren funtzioa galdu zuenean arrantza eskolak erabili zuen, eta bigarren maila batean, bazegoen bertara bainatzera joaten zen auzotarrik, erabilera hura guztiz ilegala bazen ere.

90eko hamarkadaren hasieran, luizi batek urtegiak metatuta zuen ura bat-batean hustu zuen, eta horren haritik, 1997an, urtegiaren ikerketa bat egiteko eskatu zion Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak Senerri, urtegiak kategorizatzeko legea martxan jarri zelako: “Urtegiak arriskugarritasunaren arabera sailkatzen dira, A, B eta C motakoak egonik”, azaldu du Paolak, “A motakoak arriskutsuenak izanik”. Zaratamokoa A motakoa bezala sailkatu zuen ikerketak: “Arkotxaren urtegiak arazo larriren bat izanez gero eta uholderik gertatzekotan, ura Renfeko trenbideetara helduko litzateke, auzo guztia estaliz. Kalteak hondamenezkoak lirateke. Arkotxa bizitzeko zonalde aparta da espazio berde asko dagoelako, baina urtegia desagertu arte arriskua zegoen”, dio Gallegok, “eta nahiz eta edukiera txikiko urtegia izan, Esako urtegiaren (Nafarroa) kategoria berbera zeukan duela gutxi arte”.

Txarrotan ikus daitezkeen espezie landatu berriak // Geuria

2014an, Ingurumen Ministerioak estatu mailako urtegien esparruko neurriak zorroztu zituen, berauek erregularizatzeko eskaera eginez eta Zaratamoko Udalak Afesari ikerketa berri bat egitea eskatu zion. “Urtegi batzuk legeztatzean martxan jarri ziren berriro, baina beste batzuk suntsitu behar izan zituzten”, azaldu du Sangallik. “Txarrotaren inguruan zalantza ugari sortu ziren eta emaitza bezala hasiera bateko erabilera galdu zuen”. Sergio Gallegok azaldu du Zaratamoko urtegia mantentzeak gastu ugari zekartzala: “Proiektua A kategorian berriro martxan jartzeko 660.000 euroko inbertsioa egin behar da, eta horri guztiari urteroko gastuak gehitu behar zaizkio, beste 60.000 euro Fulkrumek egindako ikerketaren arabera”. Momentu hartan urtegia botatzeko ideia sortu zen eta Fulkrumek ikerketa berri bat abiarazi zuen 2014an hiru irtenbide eskainiz: urtegia egonkortzea, urtegiaren altuera gutxitzea (urtegien sailkapenetik kanpo geratuz) edo urtegia guztiz suntsitzea.

Urtegi ohiak utzitako zuloa, gero eta loratuagoa // Geuria

2015eko otsailean, Zaratamoko Udalak urtegiari bideragarritasuna emateko Txarrota Urtegiaren Birgaitzea lehiaketa aurkeztu zuen eta Paolak eta Sergiok irabazi zuten Ikerlur Ingeniaritza Geologikoa eta Geoteknikaren bidez: “Ikerketa egin genuenean urtegia egoera onean zegoen”. Sangalliren hitzetan, urtegi osoaren eraispenak hondakin ugari sortuko lituzke eta horrek sortuko lituzkeen gastuez gainera, alboetako mendoitzak egonkortu beharko lirateke: “Orduan, aukera berri bat bururatu zitzaigun: urtegi funtzioa deuseztatzea, ura metatzeko gaitasuna kenduz”.

Bi teknikarien hasierako ideia urtegiaren azpikaldean zulo batzuk egitea izan zen, ur lamina bi mantenduz: bata urtegiaren goiko aldean eta bestea, beheko aldean. Ingurumen Ministerioak aukera hura baztertu zuen, urtegia buxatu zitekeela argudiatuz.

“Orduan, gaur egungo eraikinari goitik beherako metro bi eta erdiko zabalerako ebakiera egitea erabaki genuen”, azaldu du Sergiok. “Horrela, herriko ondarea den eraikuntza mantenduko litzateke eta funtzio praktikoa beteko luke: ura oztoporik gabe igaroko litzateke bertatik”. Hildako urtegiak bezala ezagunak dira egitura hauek, eta 500 urteko euriteak jasan ditzakete, urte horietan jasotako ur bolumena beharko litzatekeelako urtegiko urek gainezka egin eta uholdeak sortzeko.

Lehen fasea 2016an hasi zen. 2017ko lehen erdian baimenak eskuratu ziren eta bigarren erdian lan guztiak egin ziren, abendura arte. Garabi erraldoia sartu zuten Arkotxako frontoitik urtegirako bideko albo batetik urtegiko eraikineraino eta obrei ekin zieten. Gaur egun, antzinako egituraren itxura duen sasi-urtegia dugu Txarrotakoa, eta bertan etengabe berritzen den ur lamina finak mantentzen dira, lekuko fauna suspertzeko.

Ezkerraldean, landatu berri diren landareak (hodietan babestuta). Eskumaldean, hazitako landareak // Geuria

Landareen bigarren fasea
Arkotxako lurzoru urbanizaezinak lurraldearen zati handi bat hartzen du; bertan, paisaia nagusiki basokoa da, eta eukaliptoak (Eucalyptus nitens) eta pinudiak (Pinus insignis eta radiata) nagusi dira, bertako lurraren elikagaiak kaltetuz.

Txarrotako inguruetan, baina, flora eta fauna oso aberasgarria da: landareriaren artean Panpako lumagilea (Cortaderia selloana), Tximeleten Lorea (Buddleja davidii), Japoniako banbua (Reynoutria japonica) eta Sasiakaziak (Robinia pseudoacaia) topa daitezke Arkotxatik urtegira doan pistan eta ur laminaren inguruan animalia exotiko ugari bizi dira, protagonista nagusiak anfibioak izanik.

Sergio, Txarrotan egindako lana ikuskatzen // Geuria

2019an urtegi ohiaren inguruetako berriztapen hidroforestala hasi zen, bigarren faseari ekinez. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari diru-laguntza eskatu zion Zaratamoko Udalak SCIAren bidez eta Jaurlaritzak 50.000 euroko diru-laguntza eman zion. “Proiektua hasi genuenean arazoak izan genituen espezie inbaditzaileekin lursail oso emankorra delako eta honek ez dio ekosistema natural bezala funtzionatzen utzi Txarrotari”, azaldu du Sergiok.

Bigarren fasean zehar zuhandorrak (Cornus sanguinea), urretzak (Coryllus avellana), haltzak (Alnus glutinosa), elorri zuriak (Crataegus monogyna), baso erramuak (Euonymus europaeus), sahatsak (Salix atrocinerea), urkiak (Betula celtiberica) eta intsusak (Sambucus nigra) landatu dituzte. Animaliei dagokienez, Txarrotan egindako lanaren ondorioz uhandre palmatuak eta jaspeztatuak, apo arruntak (Bufo spinosus), txantxikuak (Alytes obstetricans), igel berdeak (Pelophylax perezi) eta gorrixkak hazten ari dira bertan.

Eukalipto monolaborantzak, biologoen hurrengo erronka // Geuria

Eman beharreko hurrengo pausua zonaldeko lurraldeak erostea da eta bertako monolaborantzako eukalipto eta pinudiak kendu ostean, bertako espeziez osatutako basoak haztea: “Helburu nagusia matarrasarik gabeko baso autoktono iraunkorra sortzea da, lurrari gogor eusten dioten zuhaitzez”, azaldu du Sangallik. “Jaurlaritzaren diru-laguntzaren bidez lursailaren hiru hektareetara heldu nahi dugu” dio Sergiok, “eta momentu honetan lursail horien jabeekin negoziazioetan gabiltza lur zati horiek eskuratu ahal izateko eta monolaborantzatik baso auktoktonoetara salto egiteko, horrela funtzio estrukturala erdietsiko genuke, lurrari behar bezala eutsiz, eta baita funtzio ekologikoari ere”.

Bost hilabete baino gehiago daramatzate teknikariek inguruetako lursailen jabeekin berbetan, eta teknikarien hitzetan, lursailak erostearen negoziazio-lanak bereziki zailak izaten ari dira, jabe asko daudelako eta badagoelako lursailak saldu nahi ez dituenik: “Gure proiektuaren helburuak eta ikerketen nondik norakoak azaldu dizkiegu eta ulertzen dituztela dirudi” argitu du Paolak, “baina negozioak horixe dira azken batean: negozioak”.

☉ Zaratamo

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoak urez hornituko dituen proiektu berriaren hitzarmena onartu dute

Aurrekontuari dagokionez, Zaratamoko Udalak 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra

|

Gutiolo auzoa // Geuria

Joan den urtarrilaren 29an Zaratamon egindako osoko bilkuran argi berdea eman zioten Gutiolo eta Urdinbide auzoetako eta Usansolo Arteta auzorako hornidura sistema berriaren proiektuaren hitzarmenari, EH Bildu eta EAJren aldeko sei botoekin eta Gure Herria plataformaren bi abstentzioarekin.

Proiektu honen bidez, ura ponpatuko da Lekue biltegitik Artetako biltegiraino (Usansolo). Bertatik, ura auzo horretara banatzen jarraitzeaz gain, ura berriro ponpatuko da Zaratamoko mugaraino, Upo eta Otzagai mendien arteko lepoan. Bertan, Gutiolo eta Urdinbide auzoak hornituko dituen biltegi bat eraikiko da. Hitzarmen berri honen helburu diren obrak kontratatzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari dagokio.

Proiektuaren kostuari dagokionez, Zaratamo eta Usansoloko Udalek Partzuergoari ordainduko dizkiote ekarpenak: obren egikaritze kostuaren % 50a (Usansolok % 30 eta Zaratamok % 20).Ekarpen horien ordainketa lau urteetan egingo da 2026-2029 urteen bitartean. Horrela, Zaratamok 219.269,36 euro ordaindu beharko ditu guztira, 54.817,34 euro urtero 2026tik 2029ra. Usansoloren kasuan zenbatekoa 336.000,00 eurokoa izango da guztira (84.000 euro ordaindu beharko ditu 2029ra bitartean).

Arazoaren jatorria

Zaratamoko Gutilo eta Urdinbide auzoko bizilagunek arazoak izan dituzte ur edangarriekin azken urteetan, GEURIAk jakin ahal izan duenez. Azken intzidentziak iazko irailean izan ziren. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela zioen Gutiolo auzoko Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini zuten kartel batek. Hilabete horietan, Ur Partzuergoak kamioien bidez helarazi zizkien auzotarrei lau litroko txanbil bi, eguneroko jarduerak egin ahal izateko.

Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak, iazko irailean GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain aire zabalean dagoen ur biltegi bat dago gaur egun, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen duen ura.

“Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”, adierazi zuen Alberto Ugarriza alkateak duela hilabete batzuk.

Itxaropena, gertuago

Partzuergoaren zerbitzu teknikoek iazko maiatzean idatzi zuten ur hornidura sistema berriaren proiektua eta kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 1.110.538,72 euroan ezarri zuten (BEZa kanpo) eta egikaritze epea 18 hilabetekoa izango dela aurreikusi dute.

Proiektu hori errealitate bihurtu arte, Gutiolo eta Urdinbide auzoko bizilagunek Galdakaoko Maxam enpresaren instalazioetan dauden biltegi batetik jasotzen dute ura eta bertako kudeaketa pribatua da.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Apirilean hasiko dituzte Zaratamoko Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen errepidea konpontzeko lanak

Aurreko lanetan lez, asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute Zaratamoko auzo biak lotzen dituen errepidean

|

Foru Aldundiko Errepide Saileko auto bat, Iragorritik // Geuria

Datorren urteetarako Zaratamoko foru errepide guztiak konpondu nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Errepide Sailak, eta egun hauetan, neurketak egiten ari dira eraberritu beharreko errepide zati jakin batzuetan.

Horien artean, Iragorri eta Urdinbide auzoak lotzen dituen Bi-3702 foru errepidea ageri da. Azken zatia apirilean konpontzen hasiko dira.

Errepide horren konponketak 2023an hasi ziren, Iragorri Goikoa eta PK 13:350 eta PK 13:780 puntuen arteko zatian, hain zuzen ere, eta 2024an, Iragorritik herriko plazarainoko errepide zatiko lanei ekin zieten.

Oraingo honetan Iragorri eta Urdinbide auzoak konektatzen dituen zatia konpontzen hasiko dira eta, aurreko lanetan lez asfaltatze lanak egingo dituzte eta galtzada bera zabalduko dute.

Konpondutako Bi-3702 errepidea, basoan zehar // Geuria

BI-3702 foru errepidea 1955. urtekoa da eta historian zehar hainbat berriztapen izan dituela azaldu dute Zaratamoko Udaletik. Bertatik autoak eta oinezkoak igaro dira egunero eta Elexalde eta Iragorri auzoak konektatzen dituen errepidea “lotune garrantzisua” da Zaratamoko Udalarentzat.

Moiordinetik Burbustura doana foru errepidea da ere, eta hurrengo hilabeteetan konpontzeko asmoa azaldu dute Foru Aldundiko Errepide Sailetik.

Arkotxa eta Elexalde auzoak lotzen dituen Bi-3701 errepideko lanak, iaz // Geuria

Segurtasunera bidean

Eraberritze lan horiek eginda Zaratamoko foru errepideak guztiz konponduko lituzkete, eta oinezkoentzako zein trafikoarentzako segurtasuna handituko litzateke. Horren adibide da Elexalde eta Arkotxa lotzen dituen Bi-3701 errepidean egindako lanak.

Bertan zorua eta ezpondak egonkortu, asfaltatu eta margoketa lanak egin dituzte eta semaforo bidez (zati jakin batzuetan errai bakarreko tartearekin) bideratu dute trafikoa. Gaur egun guztiz konponduta dago Zaratamoko auzo biak konektatzen dituen errepidea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Txoko taberna itxiko dute ostiralean, Arkotxa auzoko ostalaritza kolokan ipiniz

Hamarkada bat baino gehiago ostalari lez lan egin ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna eta moda tailer bat zabalduko du Galdakaon

|

Txoko taberna, egun hauetan // Geuria

Encarna Sanchezek, ‘Enkar-ek’ (Zaratamo, 1970) Arkotxako Txoko Tabernaren pertsiana itxiko du ostiral honetan, urtarrilaren 30ean, bertan zazpi urte eman ostean.

Gaur bi aldiz egin behar izan ditu pintxoak, lehenengo txandakoak arin batean amaitu zaizkiolako. “Negozioa utziko dudalako izango da? galdetu die bararren bestaldean garagardoak edaten zeuden betiko bezeroei.

13 urte eman ditu herriko ostalaritzan “Enkarrek: zazpi Elexalden eta beste sei Arkotxako Txoko tabernan. Familia kontuak eta lanbide honek eragindako nekeagatik utziko du negozioa. “Jende askok oraindik ez du onartu ostiral honetan taberna itxiko dugunik”, azaldu digu kafesne bat prestatzen duen bitartean. “Urte asko dira hemen lanean. Asko sufritzen den lanbidea da honako hau”. Txoko tabernak asteko zazpi egunetan zabaldu izan dizkie ateak auzotarrei, atseden hartzeko egunik gabe.

Enkar Sanchez: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”

Arkotxako bizilagunentzat elkargunea da Txoko taberna. Kafesneak eta garagardoak zerbitzatzeaz gainera bertara eramaten dituzte auzotarrentzako arrautzak eta interneten bidez erosten diren pakete guztiak. Eta ez hori bakarrik, bertan lagatu izan dira Arkotxako frontoiko giltzak. “Negozioak ondo baino hobeto funtzionatzen du bertan”, dio Sanchezek, “beti dago norbait bertan”.

Jende askok ezagutzen ditu Enkarnaren hastapenak ostalaritzaren munduan, baina emakumeak bezeroen aurrean gogorarazi ditu beste behin: “Zoriak ekarri ninduen ostalaritzara”. Hiru urte zituenetik bizi izan da Arkotxan, eta heldua zelarik tabernan laguntzeko eskatu zioten: “Hasiera batean hiruzpalau hilabeteko lana egiteko zen eta azkenean nire bizitzako 13 urte eman ditut ostalaritzaren negozioan”.

Hamarkada bat baino gehiago bertan egon ostean, bere sustraietara itzuliko da Enkarna negozioaren giltzak bueltatuko dituenean. Izatez, moda diseinatzailea da eta negozioa itxi ostean ez du erretiroa hartzeko asmorik: “Ezta gutxiago ere!”, oihukatu du. “Taberna itxi bezain pronto moda tailer bat zabaltzeko asmoa daukat Galdakaon bertan”.

Arkotxa, umezurtz?

Txoko tabernaren etorkizuna galdera ikurren artean dago. Arkotxan izandako negozio askok, urteek aurrera egin ahala itxi egin dituzte, eta horrek, nolabait, herriaren alde handi bat itzali du. Txoko ateak itxi gingo dituen laugarren taberna da. Itxieraren ostean errepideraen ondoan kokatutako La Bodeguilla taberna geldituko da eta 19:00ak aldera zabaltzen ditu ateak.

Garai oparoetan saltoki eta negozio gehiago zeuden Arkotxan. Tabernei dagokienez duela 10 urte egoera oso ezberdina bizi zuten auzotarrek: frontoiaren ondoan Javiren taberna zegoen eta Dinamita auzoan La Pacheca. Batzokia ere bazegoen.

“Orain nora joango gara garagardo bat edan behar dugun bakoitzean? Auzoko negozioak desagertzen ari dira. Errealitate bat da”, azaldu du auzotar batek.

Azken egun hauetan negozioaren etorkizunaz galdetu diote pertsona jakin batzuek Enkarnari, agian negozioa berriro martxan jartzeko. “Espero dut norbaitek taberna zabaltzea, bezeroak ez zaizkiolako faltako, ziur”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Arkotxako jaiak prestatzen hasteko lehen bilera antolatu dute Zaratamon

Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean

|

Arkotxako jaiak 2022an // Geuria

Arkotxako Jai Batzordeak lehen bilera antolatu du auzoko jaiak prestatzen hasteko.

Saioa otsailaren 2an egingo dute, astelehena, 18:00etan, Arkotxako Kultur etxean.

Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte eta osagarri jakin batzuk ekarri beharko dituzte bilerara: ideia berriak, konpromisoa, egin beharreko proposamenak errespetutik eraikitzea eta urtero bezala, egin beharreko antolaketa-lan horretan gogoa eta ilusioa erakustea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

San Bizenti egunak dozenaka pertsona elkartu ditu Zaratamoko Arkotxa auzoan

11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan

|

Jendea, elizako arkupeetan // Zaratamoko Udala

Joan den urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatu zuen Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoko elizaren arkupeetan.

11:00etan meza egin zuten elizan eta amaitzean, 12:00ak aldera musika eta mokaduak prestatu zituzten bertan.

Osorik irakurri