☉ Basauri
BIDEOAK / ‘Euskararen Ginkana’ lehiaketan parte hartu du Arizko Ikastolako ‘Ez gara makalak’ taldeak
Lehiaketako irabazleak 3.000 euro jasoko ditu. Arizko Ikastolaren 50. urteurreneko dokumentala egin nahi du talde basauriarrak.
Arizko Ikastolak 50. urteurrena bete zuen 2019an eta ospakizunak 2020. urtean zehar izango ziren. Hala ere, Covid-19 pandemiak aurreikuspen guztiak bertan behera uztea behartu zituen. “Hutsune” hori betetzeko asmoz, ikastolaren 50 urteko ibilbidearen inguruko bideo eta argazki materiala sortzen eta jasotzen ari dira.
“Arizko Ikastolaren historia jaso behar genuela otu zitzaigun gutako batzuei irailean eta antolatzeari ekin genion. Urtarrilean hasi gara elkarrizketak egiten. Hala nola, jubilatutako irakasleei, aspaldi-aspaldiko gurasoei edota adin desberdinetako ikasleei, eta bestelako materiala jasotzeko deia ere egin dugu sare sozialetan. Bideo eta argazki materiala sortzen eta jasotzen ari gara eta egiteko laguntza profesionala ondo etorriko litzaiguke, baina horrek gastua dakar eta Ikastolak ezin du bere gain hartu”, diote Arizko Ikastolatik.
Gauzak horrela, Euskararen Ginkana lehiaketan parte hartzea erabaki dute eta horretarako Ez gara makalak! talde “multidisziplinarra” eratu dute: “Ikasle ohiak, gurasoak, antzerki irakaslea eta psikomotrizitate irakasleak osatzen dugu taldea”, diote. Lehiaketako irabazleak 3.000 euro jasoko ditu. Bi fasetan burutzen da Euskararen Ginkana. Lehen fasean, internet bidezko lau proba erantzun dituzte taldeek martxoaren 3a baino lehen. Martxoaren 17an lehen faseko rankinga eta lau talde finalisten izenak emango dituzte jakitera, eta horiek bigarren fasea (finala) jokatu beharko dute martxoaren 20an. Finalean burututako probetan puntu gehien biltzen dituen taldea izango da zazpigarren edizio honen Euskararen Ginkanaren talde irabazlea.
Aurtengo lehiaketaren gaia “euskararen ekosistemak” izan da, eta lau proba egin behar izan dituzte partaideek. Guztira, Euskal Herriko 58 taldek eman du izena. Hizkuntzak eta tximeletak, Lurraren esnatzea, Arnasa har dezagun eta Baietz itzuli! Honako hauek dira Arizko Ikastolako ‘Ez gara makalak!’ taldeak egin dituen probak eta proba bakoitzaren bideoa:
☉ Basauri
Pozokoetxeko trenbide azpiko pasabidea estaltzeko lanak hasiko ditu Basauriko Udalak otsailaren 9an
Obrak 7 hilabetez luzatuko dira, eta Udalak 1,3 milioi euro bideratuko ditu. Ibilgailuen trafikoan eragina izango du betiko, oinezkoen mesedetan

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziaren barruan urrats berri bat emango du Basauriko Udalak.
Izan ere, Agirre Lehendakaria kaleko trenbide azpiko pasabidea estali eta birmoldatzeari ekingo dio otsailaren 9an, astelenez, eta lanak zazpi hilanbetez luzatuko dira. Udalak 1,3 milioi euro bideratuko ditu.
Zehazki, Autonomia kaleko bidegurutzetik Renfeko tren geltokiraino doan zatiko errepidea goiko espaloiaren kotara arte beteko dute.
“Esku hartze horrekin Agirre Lehendakaria kaleko 26. zenbakitik 34. zenbakira arteko zatiak bat egingo du ozpoto arkitektonikorik gabe Pozokoetxeko parkearekin”, esan du Asier Iragorri Basaguren alkateak.
Basauriko merkatutik tren geltokira arteko zatia oinezkoentzat bakarrik izango da. Eta, Renfeko trenbide azpitik pasabide bat gaituko dute, baina egungoa baino laburragoa eta seguruagoa izango da.
Ibilgailuen trafikoa kentzea
Autonomia kaleko bidegurutzetik Agirre Lehendakaria kaleko sindikatuen eraikinera arte ez da ibilgailuen trafikorik egongo otsailaren 9tik aurrera.

Eta, horrela, Kareagarantz edo Boluetarantz joateko, ibilgailuek Autonomia kaletik igo eta udaletxetik Kareaga Goikoa kaletik joan beharko dira.
Salbuespen bat egongo da: etorkizunean, Agirre Lehendakaria kaleko 26. zenbakiko garajeetako ibilgailuak bertarik igaroko dira Autonomia kalera ateratzeko edo garajeetara sartzeko. Etorkizunean, garaje horretarako sartu-irteera ez da izango Piru Gainza kaletik, Agirre Lehendakaria kaletik baizik.
Eta, beste salbuespen bat: Udal Bridagaren eta Udaltzaingoaren ibilgailuek trenbide azpiko pasabidea erabili ahal izango dute obrak behin bukatu ostean.
Bestetik, Zumalakarregi berrurbanizatzen eta hango irisgarritasuna hobetzen amaitzen dutenean —udal ordezkariek aurreikusi dute apirilean izango dela—, Agirre Lehendakariaren 13. eta 15. zenbakiei paralelo doan Kareaga Behekoa kalearen zatia Agirre Lehendakarira sartzeko izango da, ez Kareaga Behekoa kalera irteteko, gaur egun den moduan.
Renfeko geltoki berria
Obrek aurreikusten dute ADIFek Bidebietako tren geltokirako planifikatutako hallera heltzeko lotura irisgarria egitea.
Geltokiak, sarrera horrez gain, San Fausto plaza ondoan izango du sarrera nagusia. “Geltokiko atartera sartzeko gunean, proiektuaren hasierako planteamendua aldatu behar izan dugu, 26. zenbakiko aparkalekuaren benetako egiturari moldatzeko, eta, ondorioz, diseinu horretan jasotako eskaileren ordez, plaza txiki bat egingo dugu”, azaldu du Iragorrik.
Basauriko Udalak gauzatuko dituen lan hauek lehenengo faseari dagozkio, ondoren, trenbidearen beste aldean esku hartzeari ekingo dio.
☉ Basauri
Naxker, Sembrando Kaos, Kaparrak eta SKC taldeen kontzertuak bihar, Basauriko Txarraska Gaztetxean
Bilboko Etxarri Gaztetxeko utzaraztearen “gastu errepresibo eta judizialak” ordaintzeko antolatu dute Elkartasun Jaialdia Txarraskan

Bilboko Errekalde auzoko Etxarri Gaztetxeko utzaraztearen aurrean Elkartasun Jaialdiak antolatu dituzte Bizkaiko gaztetxeetan.
Portugaleteko Sastrakan eta Bilboko 7Katun jaialdiak antolatu ostean, bihar, otsailak 7, Basauriko Txarraska Gaztetxean izango dira kontzertuak: Naxker, Sembrando Kaos, Kaparrak eta SKC.
Aurretik, gainera, kalejira antolatu dute 18:00etan Arizgoiti plazatik Txirrisoundekin.
Gaztetxean antolatu dituzten kontzertuak ikusteko sarrerak 5 euroan salduko dituzte bai kalejiran bai gaztetxeko sarreran.
“Irabazi guztiak gastu errepresibo eta judizialak ordaintzera bideratuko ditugu”, diote antolatzaileek.
☉ Basauri
Euskal Pilota Egokituko Bizkaiko finalak Basaurin jokatuko dira, martxoan
Martxoaren 1ean jokatuko dira Bizkaiko finalak Artunduagan eta ETBk zuzenean emango ditu partidak

Berdintasunerantz “jauzi kuantitatibo eta kualitatibo handia” eman du Euskal Pilota Egokitua-Eitb Sariak txapelketak.
Hain zuzen ere, orain arte Gipuzkoara mugatzen zen ekimen bat izatetik, Araba eta Bizkaia ere bere baitan hartuko dituen zirkuitu bilakatu dute.
Eta, Bizkaiko txapelketari dagokionez, Basaurin jokatuko dira finalak. Martxoaren 1ean izango dira Artunduagako frontoian.
Aurretik, finalera iristeko, pilotariek kanporaketak jokatuko dituzte otsailaren 22an Mallabian.
Basauriko finalak ETBk zuzenean emango ditu telebistan eta bere plataforman.
Bizkaiko txapelketa jokatu ostean, Gipuzkoak (martxoa eta apirila bitartean) eta Arabak (iraila eta urria artean) erreleboa hartuko dio zirkuituari.
Atzo aurkeztu zituzten zirkuituaren nondik norakoak Bilbon, Eitb-ren egoitzan. Bertan izan ziren Roberto Ramajo eta Carlos Sergio Atxotegi, hurrenez hurren, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaria, Bilbao Kirolakeko Itxaso Erroteta, EITB Kirolakeko zuzendaria, Joseba Urkiola, partidak jasoko dituzten Udaletako ordezkariak, Laboral Kutxako Alvaro Parro, Munduko, Euskadiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilota federazioetako presidenteak, Haszteneko Borja Bayo basauriarra [irakurri hemen GEURIAn duela urtebete egin genion elkarrizketa!] eta hiru herrialdeetako kirol egokituko federazioetako ordezkariak.
☉ Basauri
San Migeleko anbulatorioan jarri ditu iraungitako txertoak Osakidetzak, baina egoera bideratuta dagoela esan du
Alberto Martinez Osasun sailburuak San Migelen zenbat kasu eman diren zehaztu ez duen arren, azaldu du egoera “bideratuta” dagoela

Osakidetzak Euskadiko haurren txertaketan irregulartasunak identifikatzeko abiatu duen ikerketan zein osasun zentrotan erregistratu diren gorabehera gehien azaldu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak.
Martinezek adierazi duenez, San Migeleko anbulatorioan egon dira gorabeherak, baita Durangoko Landakon, Errenteriako Iztietako, Donostiako Ondarretako eta Usurbilgo osasun zentroetan ere.
Osasun sailburuak San Migelen zenbat kasu eman diren zehaztu ez duen arren, azaldu du egoera “bideratuta” dagoela: “Gaur esan dezakegu egoera aldatu egin dela, kasuen kopurua eta hasierako dispertsioa murriztu eta mugatu egin direla, eta osasun-gorabehera bideratuta dagoela”
“Hasiera-hasieratik esan dut, eta gaur berriro diot: gure premiak pertsonak eta haien familiak izan ditu ardatz. Haiek izan dira eta dira gure lehentasuna”, esan zuen Martinezek otsailaren 3an eman zuen prentsaurrekoan.
Sailburuak aipatu zuenez, Osakidetzak, erreferentziazko osasun-sistema den aldetik, “ezin du horrelako gorabeherarik bere gain hartu”, eta azpimarratu zuen iraungitako txertoen inokulazioak ondorio kaltegarririk sorrarazten ez badu ere, ezin dela onartu horrelako akats bat berriz gertatzea.
“Ez da epaitzeko unea, erantzukizuna eta lankidetza agertzekoa baizik”, esan zuen Martinezek eta profesional guztiei konpromisoa eskatu die Osakidetzarekin eta euskal gizartearekiko hurbiltasuna eta enpatia agertuko duen kalitatezko osasun-arretarekin.
Urtarrilaren 15ean lehenengo kasua detektatu zenetik, Osasun Sailak lau printzipioren arabera jokatu duela zehaztu du sailburuak: “Zorroztasuna, segurtasuna, zuhurtasuna eta gardentasuna”.
Eta, familiei eman beharreko arreta bideratu ondoren, gertatutakoa zehatz-mehatz aztertzeko eta osasun-gorabehera eragin duten arrazoiak identifikatzeko ahaleginak egingo ditu orain Osasun Sailak.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Musika Eskolak kalejira egin du Santa Ageda bezperan

Basauriko Musika Eskolak kalejira egin du herrian koruarekin, txistulariekin eta trikitilariekin Santa Agedaren omenez. Musika Eskolan eta Arizgotiko plazan egon gara eurekin.











