☉ Galdakao
Milan Maharjan: “Covid-19aren aldaera indiarra Nepalen baso-sute bat bezala hedatu da”
Milan Maharjan Ear Care Nepal erakundeko medikuarekin hitz egin du Bea de Francisco galdakoztarrak —Samsara Nepal elkarteko arduraduna—, bertako egoeraz oso kezkatuta.

India Covid-19 pandemiaren erdigune bilakatu da azken hilabetean. Kutsatuen kopuruak nabarmen egin du gora, eta larrialdietako langileak denera iritsi ezinean dabiltza. India Nepaletik oso gertu dago eta bertako egoera ere ez da bestelakoa. Koronabirusaren lehenengo olatua iazko apirilean heldu zen Nepalera, baina aurtengo maiatzean eragina askoz handiagoa ari da izaten. Arrazoia: Covid-aren aldaera berria. Hala ere, bertako gobernuak ez du baieztatu aldaera indiarraren eragina izan denik. Milan Maharjan Ear Care Nepal erakundeko medikuarekin hitz egin du Bea de Francisco galdakoztarrak —Samsara Nepal elkarteko arduraduna—, bertako egoeraz oso kezkatuta. GEURIAn elkarrizketa hori argitaratu dugu:
Zein da egungo egoera Nepalen?
2021eko apirilaren erdialdean agertu zen Covid-19aren aldaera berriak eragin handia izan du Nepalen. Orain osasun krisiaren maila gorenean gaude. Nepalgo gobernuak oraindik ez du baieztatu aldaera indiarra denik, sekuentziazio genoman ikerketarik ez dutelako oraindik egin. Hala ere, denok uste dugu infekzio bolada hau aldaera indiarraren ondorioa dela, gaixotasuna oso epe laburrean hedatu delako. Aldaera indiarra oso kutsakorra omen da, eta horregatik uste dugu Nepalen ere hedatu dela.
Duela hilabete batzuk koronabirusa kontrolpean zegoen Nepalen, orain egoera bestelakoa da.
Covid-19aren lehen olatua 2020ko apirilean hasi zen, eta kalte fisiko baino kalte finantzario gehiago eragin zuen Nepalen. Oso pertsona gutxi kutsatu ziren eta kasu gehienetan oso arina izan zen eta oso gutxik galdu zituzten senideak lehen olatu horretan. Gobernuak ere neurri zorrotzak hartu zituen, Estatuan bi hilabete inguruko erabateko itxiera ezarri baitzuen.
Covid-19ak Europan eragin zuen moduaren ondorioz, jendea oso beldurtuta zegoen eragin zezakeen efektuagatik. Izan ere, kaltea oso kaltegarria izango zen Nepal bezalako herrialde pobre batean, non osasun sistema oso prekarioa den. Beraz, jendeak zorrotz jarraitu zituen gobernuaren osasun-aholkuak. Pixkanaka, Covid-19aren kasu berriak ia zerora murriztu ziren, gauzak irekitzen hasi ziren eta jendea hasi zen horren zorrotza ez izaten. Gure sistema immunologikoa herrialde garatuenetako pertsonena baino askoz indartsuagoa zela uste izan genuen; haurtzarotik gaixotasun gehiagoren eraginpean egoteagatik garatzen dugun immunitateagatik, alegia. Zientzialariek ere ez zekiten zergatik indiar azpikontinenteko jendearengan koronabirusaren eragina ezberdina izan zen.

Argazkia: Milan Maharjan
Baina, egoerak okerrera egin du azken asteetan, ezta?
Bai. Herritarrek eta Gobernuak, Nepalek Covid-19ren aurkako gudua irabazi zuela uste zuten. Ondorioz, denbora laburrean, dena normaltasunera itzuli zen: bilera sozialak, supermerkatuak, jatetxeak, diskotekak, ezkontza handiak, bidaiak eta ikastetxeak berriro irekitzen hasi ziren, eta jendeak maskarak erabiltzea eta distantzia soziala bezalako arauak betetzeari utzi zion.
Indian Covid kasuek gora egin ahala, Nepalera itzultzen hasi ziren langile migratzaileak. Indiak eta Nepalek 900 kilometroko muga partekatzen dute bi herrialdeen artean, eta jendeak paperik gabe gurutzatu dezake muga hori. Hori da, hain zuzen, aldaera indiarra Nepalen baso-sute bat bezala hedatzearen arrazoi nagusietako bat. Osasun arloko profesionalek bigarren olatu baten aukerez ohartarazi zuten, baina Gobernuak eta herriak entzungor egin zuten. Haiek uste zuten Covid-19a hotzeria arrunt bat besterik ez zela eta ez ziela ezer egingo nepaldar indartsuei. Bigarren olatua izan eta bizpahiru astera, ospitaleak beteta zeuden Covid-19 kutsatuekin. Herrixkak baino kaltetuagoak diren hiriak, eta Katmandu hiriburua da kaltetuena.
Zein da ospitaleetako egoera?
Nepalek oso osasun sistema eskasa du, 500 haizagailu baino apur bat gehiago daude. Nepal, neurri handi batean, Indiaren menpe dago baliabide askori dagokienez, batez ere produktu farmazeutikoei dagokienez, eta gaur egun India Covid-19aren aurka borrokatzen ari denez, Nepalek ez du botikak eta batez ere oxigenoa bezalako hornigairik lortzen.
Bigarren olatua oraindik ez da puntu gorenera iritsi. Nepalek 8.000 kasu inguruko infekzio-tasa du egunero, % 50etik gorako tasa positiboa eta batez beste 200 heriotza eguneko. 29 milioiko biztanle bizi gara, eta portzentaje horiek Indiarekin alderatuz gero, India baino askoz okerrago gaudela ondoriozta daiteke. Gure ustez, infekzio-tasak eta heriotza-tasak gutxietsita daude, PCR probak oso garestiak direlako. Beraz, gutxik egiten dute proba, eta ospitaleko oherik ez dagoenez, gutxi batzuk bakarrik irits daitezke ospitaleetara. Hori da Katmandu eta Nepalgo hiri handi batzuen egoera. Nepalgo alde urrunetan, jendeak ez du probetarako aukerarik ere, eta are gutxiago tratamenduetarako. Gaur egun, oxigenoa duten ohe gutxi daude, ez dago ZIUetan ohe hutsik, ez dago haizagailurik, eta botikarik gabe gaude. Oso langile gutxi daude gaixo asko artatzeko gai direnak, eta geratzen diren gutxi horiek jada gaixorik edo oso nekatuta daude. Hitz gutxitan, dena falta da, dena Indiatik datorrelako. Duela bi aste, Gobernuak adierazpen ofizial bat egin zuen esanez ez dela gai bere herritarrei babesa emateko baliabide faltagatik.

Argazkia: Milan Maharjan
Egoera honek ere eragina izango zuen Ear Care Nepal GKEaren lanean.
Ear Care Nepal (ECN) entzumen-osasunerako programak gauzatzen aritu da 2013an ezarri zenetik. Nepalen, eskolako entzumen-osasuna, eskola publikoetan programak eta Nepalgo eskola monastiko budistak gauzatzen dituen erakunde bakarra gara. Covid-19aren ondorioz, eskola guztiak itxi zituzten 2020ko apirilean gaur arte. Hala ere, eskola gutxik ireki zuten berriro denboraldi labur batez, berriro itxi baino lehen, kasuen hazkundea zela eta. Gure programak eskolakoak direnez, umeekin harreman estuan lan egin behar dugu, eta entzumen-osasunerako programak itxita egon dira pandemia hasi zenetik gaur arte. Hau da ECN sortu zenetik bere programa gelditzen duen bigarren aldia; lehen aldia 2015eko lurrikararen garaian izan zen.
Covid-19ren pandemiak eragin larria izan du ECNen lanean. Entzumen arazoak bezalako gaixotasun kronikoak dituzten haurrek ez dute tratamendurik jasotzen. Baliabide medikoak gordetzeko, errutinazko kirurgia guztiak, belarriko kirurgiak barne, atzeratzea eskatu zen, eta, beraz, ezin izan genuen belarriko kirurgiarik egin. Entzumena galtzen duten haurrek komunikazio-arazoak izaten dituzte eguneroko bizitzan; izan ere, maskarak erabiltzearen ondorioz, ezpainak ezin dituzte irakurri.
Zuen lan egiteko modua aldatu da?
Egoera berri honetara egokitzeko, ECNek behar handiena duen komunitateko haurrengana iristeko ikuspegi berri bat aurkeztu zuen. Entzumena zaintzeari buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-programak hasi genituen Osasun Boluntarioetako emakumeentzat. Oso denbora gutxian, ECNek entzumen-osasunerako prestakuntza eman dio 590 emakumeri. Programa arrakastaz gauzatzen ari zen bigarren blokeoa iritsi zen arte. Gaur egun, ezin dugu gaitasun-programarik egin Gobernuak baimena eman arte.
Epe horretan, ECNko kideok komunitatera iristeko hainbat aukera lantzen aritu gara, eta entzumenaren zaintzaren inguruko kontzientzia zabaltzen ere hasi gara YouTube, Facebook eta Instagram bezalako sare sozialen bidez. Entzumen-zaintzari buruzko abesti bat emititzen hasi ginen hainbat irrati-kateren bidez, eta horretarako, hezkuntza-materialak egin ditugu, hala nola, kartel animatuak edo liburuxkak. Nepalgo eskola publikoetara joaten diren haurrak ekonomikoki ahulenak dira; izan ere, hezkuntza oso kalitate txarrekotzat jotzen denez, eskola horietara joaten diren haur guztiek ez dute hezkuntzarik jaso pandemia hasi zenetik gaur arte. Beraz, zaila izango litzateke ECNentzat entzumen-osasun programa bat hastea, ikastetxeak berriro irekiko direnean ere, haurrak zama handian egongo bailirateke urteko eskolaldi bat baino gehiago estaltzeko. Beraz, emakumeak belarriko osasun-langile gisa gaitzen jarraituko dugu, entzumen-arazoekin lotuta sor daitezkeen beharrak nolabait kontrolatu ditzaten. Galdakaoko Udalak emakume horientzako gure lehen ikastaroan lagundu du. Oso eskertuta gaude.
Zelan ikusten duzu Nepalgo etorkizuna koronabirusarekiko?
Egoerak orain bezala jarraitzen badu, etorkizun hurbila oso iluna dirudi. Oxigeno behar izugarria dago, baita ZIUetan haizagailuak ere behar dira. Adituek diote oraindik ere Nepal puntu gorenera iritsi ez dela. Datozen bi asteetan goia jotzea espero da. Dena dela, jendeak denbora asko beharko du olatu horretatik irteteko, bai diru aldetik, bai fisikoki.
Bigarren olatua ustekabean gertatu zenez, oso zaila da Covid-19aren etorkizuna Nepalen iragartzea. Koronabirusaren lehen olatuak kalte finantzarioak eragin zizkien pertsona gehienei Nepalen, baina bigarren bolada honek kalte bikoitza eragin du: finantzarioa eta fisikoa.
Zer behar duzue gehien orain? Nola lagundu dezakegu hemendik?
Momentu honetan oxigenoa hornitzeko behar asko dago. Oxigeno-zilindroak eta oxigeno-kontzentratzaileak emanez ase daiteke behar hori. Era berean, premiaz behar diren beste hornidura batzuk dira ZIUetarako haizagailuak, N95 maskarak, EPP ekipoak, desinfektatzailea, azterketa-eskularruak… eta itxaropen handia. Nepal existitzen da eta ez bakarrik munduko sabaia izateagatik, bere herriak arnasa hartu behar du!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakao eta Altsasu senidetu egin dira inauterien transmisioari jarraipena emateko

Herriak senidetzen direnean ez dira soilik erakundeak batzen; historiak, tradizioak eta balioak elkarlotzen dira, belaunaldiz belaunaldi irauten duen ondare kulturala elkarrekin eraikiz.
Eta horren adibide da Galdakao eta Altsasu udalerrien arteko senidetzea [hemen bideoa!]. Altsasuko Ihauteriak berreskuratzeko lanean Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak egindako ikerketa balioan jarri dituzte.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Gaur egikaritu dute lotura instituzionala Iñigo Arriandiaga Hernando eta Javier Ollo Martinez alkateek.
Bi udalerrien artean ekintza partekatuak garatzeko eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzeko nahia adierazten duen dokumentua sinatu dute.
Era berean, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko. Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak 70eko hamarkadan abiatu zuen eta Altsasuko herritarrekin batera inauteri berezi hori berreskuratzeko egindako lanari jarraipena emango diote horrela, berreskuratu zen ondare hori indartsu manten dadin.
☉ Galdakao
Bideoa | “Altsasuko Ihauterien garrantzia bermatu nahi dugu Galdakaoko eta Altsasuko udalek”
Herriak senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.

Galdakao eta Altsasu senidetu dira. Gaur bertan egin dute senidetze-ekitaldia Torrezabal Kultur Etxean.
Iñigo Arriandiaga Hernando Galdakaoko alkatea eta Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea izan dira, baita Andra Mari Dantza Taldeko eta Altsasuko herri Inauteri Batzordeko ordezkariak ere.
Altsasutik hainbat lagun eta Galdakaotik beste hainbeste bertaratu dira ekitaldira eta Torrezabaleko aretoa jendez lepo egon da.
Senidetzearen arrazoia Altsasuko Ihauterien berreskurapena izan da. Izan ere, Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kideek ikerketa abiarazi zuten 70eko hamarkadan Altsasuko inauterien inguruan.
Lan horrek Euskal Herriko eta Europa osoko ospakizun zaharrenetako eta arkaikoenetako bat berreskuratzea ekarri zuen, eta bi komunitateen arteko lotura kultural berezia sortu zuen.
Senidetzearen helburua da Galdakao eta Altsasuren arteanekintza partekatuak garatzea eta kultura, gizarte eta ekonomia arloko lankidetzak sustatzea. Besteak beste, inauterien inguruan jardunaldi eta jarduera partekatuak sustatzea adostu dute, “Galdakaoko eta Altsasuko belaunaldi berriei transmisioa bermatzeko”.
Jon Eguskiza Ugarte Andra Mari Dantza Taldeko kidearen eta Asier Jorge Aristorena Altsasuko Herri Ihauterien batzordeko kidearen berbak jaso ditugu GEURIAn, senidetzea modu ofizialean eman eta gero.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoakeko zinegotziek “herriaren alde” lanean jarraituko dute: “Ez gara joko honetan sartuko”

Gaur goizean GEURIAn publikatu dugunez, Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela.
Komunikatu horren berri izan ostean, Auzoakeko zinegotziekin harremanetan jarri da berriro GEURIA: “Ez gara joko honetan sartuko, herriaren alde lanean jarraituko dugu orain arte egin dugun bezala”.
“Auzoaketik joan direnen erabakia ez da inongo batzarretan planteatu, ez eta aurretik argitaratutako komunikatuetan ere”, gaineratu dute: “Nolanahi ere, formekin bat ez gatozen arren, errespetatu egiten dugu hartu duten erabakia, eta eskerrak ematen dizkiegu proiektu honi emandako denboragatik. Guk lanean jarraituko dugu”.
☉ Galdakao
Auzoak utzi duten 12 sinatzaileek salatu dute bi zinegotziek “asanbladaren ezkutuan erabaki garrantzitsuak” hartu dituztela
Auzoak Galdakao plataformaren hasieran zeuden 21 pertsonetatik 12k taldea utzi dute: “Aktibo daudenak bi zinegotziak eta beste bi kide dira”

Auzoak Galdakao plataformaren parte ziren 12 pertsonak taldea utzi dute. Horiek dira: Santiago Amillano Martinez, Pedro Gabella Garcia, Arturo Gamarro Rodriguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martinez Gonzalez, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana.
“2023an 21 pertsonak hasi genuen proiektua. Gaur egun, martxan jarri genuenon gehien-gehienok ez gara jada proiektuaren parte, eta ez dugu babesten ere”, adierazi dute hedabideoi helarazi diguten komunikatuan, eta gaineratu dute Auzoak-en aktibo jarraitzen dutela egungo bi zinegotziek eta beste bi kidek.
Plataformatik alde egin dutenek sare sozialetan publikatutakoa berretsi dute: “Jakinarazitakoa errepikatzen dugu: barne hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ondoren, asanblada osatzen genuen gehienok etapa hau amaitutzat ematea erabaki dugu“.
“Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabakitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan asanbladak pentsatu, landu eta sostengatu zuen bezala. Are gutxiago, zinegotzi-akta dutenek Auzoak ordezkatu behar dutenean eta, horrekin batera, proiektu hori beren botoarekin bermatu zuten bizilagunak ordezkatu behar dituztenean. Esparru horretan, zinegotzi-aktak ez luke jabetza indibiduala izan behar, baizik eta herritarren eta biltzarren mandatua”, diote.
Arrazoiak: “Estatutuak ez betetzea”
Auzoaketik joan diren 12 sinatzaileek salatu dute udalbatzan dauden bi zinegotziek “erabaki garrantzitsuak hartu dituztela asanbladaren ezkutuan”.
“Inflexio-puntua aurtengo aurrekontua izan da: ez zizkioten plataformari aurkeztu eta, beraz, asanbladak ere ez zuen horiek ezagutzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko aukerarik izan”, salatu dute. “Asanbladaren Estatutuen eta Kode Etikoaren arabera, asanblada organo subiranoa eta gorena da, eta Udal Taldeak erabakiekin eta adostutako zuzendaritzarekin bat etorriz jokatu behar du, bere jardueraren berri emanez eta informatuz”.
Zinegotziek printzipio horiek ez dituztela bete salatu dute: “Erabakiak eta jarrera instituzionalak hartu dira, asanbladaren organoetan aldez aurreko informaziorik eta eztabaidarik eman gabe, eta ordezkaritza-lotura ahuldu da asanbladarekin eta zerbitzatzeko diogun auzoekin”.
“Une honetan, denak egoeraren jakitun izanik, interes pertsonaletara edo inbidietara jotzea zentzugabekeria eta arduragabekeriazko ekintza da bi zinegotzien aldetik, zeintzuek gutxieneko batzuk sinatu zituzten taldearekin, etika- eta jarduera-kode batean oinarrituta”, diote.
☉ Galdakao
Bideoa | Chami eta Jon aurkezle finek Korrika aurkeztu dute Galdakao

Martxoaren 27an iritsiko da Korrika Hego Uribe eskualdera. Ugaotik sartu, eta Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatu ostean, Usansolotik alde egingo du lekukoak Arratiarantz [hemen eskualdeko ibilbidea!]
Eskualdean 24. edizioaren nondik norakoak ari dira aurkezten, eta Galdakaon Jon Olea eta Ander Chamizo herritarrek aurkeztu zuten. Barreak eta algarak eta musika nagusi izan ziren aurkezpenean.






























