☉ Galdakao
Monika Mena (Usansolo Herria): “Ez dugu desanexioaren ezetza ikusten”
Tramite burokratiko batzuk faltan, udazken eta negu bitartean amaituko da Usansoloko desanexioaren prozesua. Foru Aldundiak Usansolon udalerria sortzeko espedientea Batzar Nagusietara eraman ostean errealitate bihurtuko dela dirudi: “Usansolo udalerri bihurtzeko zorian dago”, izan dira Monika Mena Usansolo Herria (UH) plataformako bozeramailearen hitzak.

Tramite burokratiko batzuk faltan, udazken eta negu bitartean amaituko da Usansoloko desanexioaren prozesua. Foru Aldundiak Usansolon udalerria sortzeko espedientea Batzar Nagusietara eraman ostean errealitate bihurtuko dela dirudi: “Usansolo udalerri bihurtzeko zorian dago”, izan dira Monika Mena Usansolo Herria (UH) plataformako bozeramailearen hitzak.
Txostena Galdakaoko Udalak berak sortu du, Usansoloko auzotarrek, aldarrikapen ugari egin eta gero hala eskatu ostean. Horrela, Bizkaiko Batzorde Nagusien eta alderdi politikoen baiezkoarekin, Usansolo Bizkaiko Lurralde Historikoaren 113. udalerria izango litzateke.
Joan den martxoaren 27an galdeketa ofiziala egin zuten eta 3.647 herritar deitu zituzten kontsultara. Horietatik 2.302k egin zuten kontsulta (%63,12), hurrengo emaitzekin: 1.877 baiezko (% 81,54), 329 ezezko (% 14,29), 47 “ez daki-ez du erantzuten” (% 2,04), 21 zuri (% 0,91) eta 28 baliogabe (% 1,22).
Lau hamarkadako borroka
Pilota, beraz, Batzar Nagusien teilatuan dago orain: beraiek jarri beharko dute espedientea urriko osoko bilkuran Administrazio Publikoaren eta Harreman Instituzionalen batzordean alderdi politikoen artean aztertu eta eztabaidatzeko data: “Ez dugu ezetzik ikusten”, azaldu du Menak: “40 urte daramatzagu borroka honetan eta azken txanpa da honako hau. Urriko Batzar Nagusian alderdi guztien baiezkoa lortu behar dugu horretarako”.
Aurreikuspenek aurrera egitekotan eta Batzar Nagusien urriko osoko bilkuran alderdi guztien onespena eskuratzekotan, Usansolo udalerri bihurtuko litzateke. Eta jaso beharrezko baiezkoek aurrera egingo balute?: “Foru Arauetan tramitazio burokratikoak egin beharko lirateke eta Usansolo Estatu espainiarreko udalerrien Erregistroan inskribitu beharko litzateke”, dio Menak. Traba, ordea, Espainian topa dezakete usansolotarrek: izan ere, udalerri independente izateko 5.000 biztanle gutxienez markatzen ditu Espainiako legeak —Foru-arauak dio 2.500 biztanle direla gutxienekoa—.
Urrian zehar hainbat jarduera antolatuko dituztela iragarri du UHko bozeramaileak: “Herria berotuko dugu datorren hilabetean eta herritarrak animatuko ditugu hainbat jarduerarekin”. Besteak beste, urriaren 1ean desanexio-prozesuaren azken urteotako historia jasotzen duen erakusketa antolatu dute Unkina plazan, 11:00etatik 14:00etara bitartean, eta eguerdian (13:00etan) “mosaiko erraldoia” egingo dute Mailu plazan; urriaren 15ean manifestazioa egingo dute Unkina plazatik (12:00), indaba-jana prestatuko dute 15:00etan eta ondoren erromeria izango da Kittu taldeagaz. Indaba-janerako tiketak manifestazioa hasi baino lehen banatuko dituzte, 2 euroan.
Desanexioa eskatzen 40 urte daramatzate borrokan usansolotarrek eta Batzar Nagusien eta alderdi politikoen baiezkoarekin, eskakizun hori errealitate bihurtuko litzateke.
☉ Galdakao
Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan
Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.