Sareak

☉ Etxebarri

Klari Galdós: «Echevarri Zinemak herria elkartu zuen»

50eko hamarkadaren erdialdea zen. Klari Galdós (Basauri, 1954) jaio berria zen eta bere aitak, osaba eta lehengusu batekin, 20 urtez Etxebarriko goiko eta beheko auzoetako herritarrak elkartuko zituen negozioa eraiki zuen Bernar Etxepare kalean, trenbideen parean: Echevarri Zinema.

|

Klari Galdos, Echevarri Zinema zegoen leku berean // Geuria

50eko hamarkadaren erdialdea zen. Klari Galdós (Basauri, 1954) jaio berria zen eta bere aitak, osaba eta lehengusu batekin, 20 urtez Etxebarriko goiko eta beheko auzoetako herritarrak elkartuko zituen negozioa eraiki zuen Bernar Etxepare kalean, trenbideen parean: Echevarri Zinema. El Honor del Capitán Lex filmarekin inauguratu zuten zinema eta garai hartako zinema askori gertatu bezala, telebistaren eraginagatik desagertu zen.

Gaur egun ia ikusezinak dira auzotarrengan hainbesteko eragina utzi zuen aretoaren aztarnak. Zinema zegoen leku berean Munepe kalea sortu zuten eta aretoaren arrasto bakarra bertako eraikin zahar batean ikus daitekeen bi jausiko teilatuaren marka da. Gutxik dakite hori.

Herri txikietako zinemen inguruan pentsatzen dudan bakoitzean Giuseppe Tornatoreren ‘Cinema Paradiso’ datorkit burura (Italia, 1988): herri kutsukoa, jai giroan eta hamaika istorio duena. Horrelakoa al zen Echevarri Zinema? Horrelakoa zen, bai. Zinema eta biok urte berean jaio ginela esango nuke edo agian ni jaio eta urte gutxi batzuetara jaio zen hura, baina ez nago guztiz ziur. Zinemak sarrera bat zeukan, txarteldegia eta nahiko zabala zen hall edo gela nagusi bat. Hor, eraikinaren barruan bertan ambigua zegoen, zinemako taberna. Ambigutik jarraituz zinema aretora iristen ziren ikusleak, besaulkien gunera. Zinemako kanpoaldean, ezkerraldean, eskailera batzuk zeuden. Eskailera horiek igo eta oilategira heltzen ziren zinemako langileak. Bertan aretoko proiektorea eta bestelako makinak zeuden, hala nola, filmen mozketarako gailuak.

Negozioaren jabeak senideak ziren denak. Bai, zineman lan egiten zuten aitak –Floren Galdós Urkiza–, osabak –German Irazabal Gondra– eta aitaren lehengusuak –Pedro Ogiza Urkiza–. Eurek izan zuten herrian zinema bat sortzeko ideia eta Etxebarriko Zinema gauzatu zuten.

Nolako lanak egiten zituzten? Ia denak: txartelak saldu, ikusleak bere lekuetara eraman, filmak proiektatu… Batez ere txarteldegietan ematen zuten denbora tarte handiena. Hala ere, lan handiko egunetan laguntzaileak kontratatzen zituzten, prozesu osoa arintzearren.

Nola gogoratzen dituzu zinemaren urte horiek? Jende ugari etortzen zen zinemara ni txikia nintzenean, zapatu eta domeketan bereziki, baina ez egun horietan soilik; eguenetan ere jendea etorri ohi zen. Etxebarrin beti bereizi dira alde bi: beheko aldea eta goikoa. Fisikoki betidanik egon dira oso banatuta. San Antonioko auzotarrak noizean behin etortzen ziren udaletxera, tramiteak-edo egiteko. Horregatik, harrigarria zen jende guztia elkarrekin zinemara etortzen ikustea. Zinemak herria lotu zuen.

Zuk zeuk, zinema hain gertutik bizi izan ostean, alde handia ikusiko duzu gaurko zinema areto erraldoiekin. Gaur egungo zinemetara goazenean badirudi errekadu bat egitera goazela. Ez dago bizitzarik. Herriko zinemetan, ostera, film bat ikusteaz haragoko esperientzia izan ohi zen: herritarrekin berba egiten zenuen eta harremanak sortzen ziren. Giro zoragarria zegoen. Horixe dut gogoan nik behintzat.

Hain zoragarria izanik, nolako bilakaera izan zuen? Urte oso politak izan ziren, batez ere hasierakoak. 1970ean itxi zuten eta azken bost urteetan jendeak joateari utzi zion. Nire ustez, telebistak eragin handia izan zuen garai hartan. Telebista herritar gehienen etxeetara heldu eta zinema bigarren mailara igaro zen. Horrek ez du esan nahi urte batzuk lehenago telebistarik existitzen ez zenik; baina telebistaren lehen urteetan gailu oso esklusiboa zen eta dirudunek zuten soilik. Denborak aurrera egin ahala gero eta jende gutxiago hurbiltzen zen Echevarri Zinemara eta, azkenean, aretoa behin betirako ixtea erabaki zuten. Garai hartako zinema askori gertatutako fenomenoa izan zen, zoritxarrez.

Hala ere, zineman proiektatzen ziren filmak ez zituzten telebistan emititzen. Ez, baina telebistan doako edukiak emititzen zituzten, filmak barne.

Ziur nago Etxebarriko zinema aretoan klasikoak proiektatu zituztela. Denetarik ikusi zen bertan, André De Tothen ‘El Honor del Capitán Lex’etik hasita. Film horrekin inauguratu zuten zinema aretoa. Horrez gainera David Leanen ‘Doctor Zhivago‘ gogoratzen dut (1965), ‘Africa sotto i mari‘ (Giovanni Roccardi, 1953)… besteak beste. Western asko ere bota zituzten, nola ez, jendeari pilo bat gustatzen zitzaizkiolako.

Entzuna dut filmak proiektatzeaz gainera bestelako jarduerak egiten zirela zinemako eraikinean. Maite Idirin, Argoitia anai arrebak, Urretxindorrak… Zu agian gazteegia zara horiek ezagutzeko! (barreak). Pertsonaia ezagun horiez gain Beti Batera antzerki taldekoek ere antzezlanak prestatzen zituen zinema aretoan. Denetarik antolatzen genuen bertan. Etxebarriko parrokia aretoa eta zinemako aretoa ziren era honetako jarduerak prestatzeko zeuden herriko leku bakarrak lehen. San Estebanetan, esaterako, eguraldi txarra egiten zuenean, bertara ekartzen genuen berbena. Etxebarriko jaietan eskualde osoko jendea etortzen zen eta domeka guztietan musika jartzen zuten normalean.

Zinema ez ezik, kaleak ere topera egon ohi ziren egun horietan. Oso polita zen jendea herrian egun pasa egiten ikustea, erreka ondoan bazkalduz. Gaur egun, domeka batean jendea bildu ohi da herriko tabernetan, baina bazkalostean zaila da kalean inor ikustea. Eta ekitaldi horiez gainera, zineforumak antolatzen zituzten aretoan.

70eko hamarkadan, zinemaren azken urteetan, zuk beste zeregin batzuei ekin zenien. Basaurin bizitzen eman nuen garaian etxean dena erdaraz ikasi behar izan genuen, derrigorrez. Eta etxeko hizkuntza berez euskara zen, baina garai gogorrak ziren eta ezin genuen ezer euskaraz ikasi. Unibertsitatera heldu nintzenean alfabetatzen hasi nintzen bertan. Orduan, Basaurikoak izan arren, Etxebarriko gau eskoletan lanean hasi ginen bertan jendea behar zutelako. Klaseak ematera etortzen ginen gauetan, nora eta elizako parrokia aretora, ez zegoelako beste lekurik. Udalak ez zigun lokalik laga gura eta horregatik itxialdia egin genuen, euskara behar bezala irakasteko lekua eskatzeko. Azkenean, eskoletako instalazioak utzi zizkiguten, gaur egungo CIMEko eraikinean. Bertan 15 ikaslez osatutako lau talderi irakatsi genien euskara.

Nolakoa zen euskaraz ikasi nahi zuen jende hori eta nolakoak dira gaur egun euskara ikasi nahi duten ikasleak? Euskaraz hitz egiten ikasi nahi zuten pertsona horiek benetan sentitzen zuten ikasteko behar hura. Orain, ordea, beste mota bateko beharrek eramaten dituzte pertsonak euskara ikastera: lana bilatzeko, tituluak eskuratzeko… Gauzak hobetu diren? Bai, baina bereziki gazte gehienek ulertzen dutelako. Ez dut euskararik entzuten kaleetan. Antzinako gogo haren falta sumatzen dut.

Etxebarri etengabe gaztetzen ari den herria dugu eta talde gazte horren kopuru handi batek euskara “ezagutzen” du behintzat. Hala ere, Euskaraldiaren azken edizioko emaitzak ez dira oso itxaropentsuak ere. Ez, egoerak hobera egiteko modua topatu beharko genuke, baina ez da batere erraza! Jende gazteak euren umeekin ez dauka euskaraz berba egiteko zailtasunik. Gauza da gainontzeko jendearekin euskara mantentzea.

☉ Etxebarri

Etxebarriko liburutegi berria 2026ko udaberrirako egongo da prest

Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du

|

Euskaltzaleak plazan eraikitzen ari dira liburutegi berria // Geuria

Liburutegi berria eraikitzen hasi dira Etxebarrin. Euskaltzaleak plazako 11, 12 eta 13 zenbakietako beheko solairuetan eraikiko dute eta Bekosolo parkekoa ordezkatuko du.

Instalazio berriak azpiegitura modernoa eta irisgarria izango duela adierazi dute udal ordezkariek: “Bai liburutegirako sarbidea, bai liburutegiaren barruko espazioak erabat irisgarriak izango dira dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzat”, diote.

Lanei ekin diete dagoeneko eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte; hau da, 2026ko udaberrirako bukatuko dute obra.

Udalak 657.000 euro bideratu ditu obra horietara eta lanak E3D 2008 S.L enpresak burutuko ditu.

Hiru gune

Liburutegi berria hiru gunetan egongo da banatuta: “Lehenengo eremuan, sarbide zentral bat egongo da, eta, bertan, mostradore bat egongo da, liburutegira mailegu bat egitera, liburu bat itzultzera edo zerbitzuari buruzko edozein informazio lortzera hurbiltzen diren pertsonei arreta emateko”, diote.

Bigarren eremua haur-liburutegiarena izango da: “Liburutegiak, ale ugariz gain, pufak eta mahai baxuak izango ditu, irakurketa txikitatik sustatzeko espazio atsegina izan dadin”, diote. Bigarren eremu hau 0-8 eta 9-13 adin tartetan egongo da bereizita.

Eta hirugarren eremuak helduen liburutegia eta lankidetzarako eremua barne hartuko ditu: “Hemen egongo da helduei zuzendutako irakurketa-material guztia, bai eta bertan irakurtzeko espazio bat ere, erlaxatzeko eta esperientzia atseginaz gozatzeko moduko mahai eta aulkiak dituena”, diote.

“Gainera, eremu horretan ikasketa-gela edo lankidetza-gela ere egongo da, 21 lagunentzako lekua duena, eta liburutegiarena berarena baino ordutegi zabalagoan sartu ahal izango da bertara. Azken espazio hori Udalak urteetan jaso duen eskaria izan da, eta proiektu berri hau ezarrita posible egin ahal izango dugu”, esan dute udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuak berriro kaltetu dituztela salatu du Udalak

Ibilgailuak erabilezin utzi dituzte. Aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan dela salatu dute

|

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuetako bat // Geuria

Etxebarriko Udaltzaingoaren ibilgailuei egindako bigarren sabotaje bat salatu du Udalak. Udal ordezkariek adierazi dutenez, ibilgailuak erabilezin utzi dituzte.

“Etxebarriko Udaltzaingoari sabotaje-ekintza bat egin diote berriki, eta haren patruila-ibilgailu batzuk kaltetuak izan dira. Gertakari horiek eragin duten ustekabeaz gain, bereziki kezkagarria da larrialdiko ibilgailuak erabilezin uztea, beharrezkoak baitira udalerrian gerta daitekeen edozein gorabeherari azkar erantzuteko”, esan dute.

Udal arduradunek adierazi dutenez, aurten Udaltzaingoak jasaten duen bigarren sabotaje-ekintza izan da.

“Lehen aldian, polizia-ikerketari esker, egilea identifikatzea lortu zen, eta hura epaiketaren zain dago, eragindako kalteengatik”, diote.

Bigarren sabotaje-ekintza hau ikerketapean dago gaur egun eta arduraduna identifikatzeko lanean ari dira. “Egilea herrian instalatutako segurtasun-kamerek grabatu zuten”, esan dute.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Euskara biziberritzeko plan berria egiteko herritarren partaidetza bilatzen ari da Etxebarriko Udala

|

Artxiboko irudia, Etxebarriko Udala

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko parte hartze prozesua martxan jarri du Etxebarriko Udalak.

Asmoa da datozen urteetarako planaren ibilbide-orria diseinatzea, “Etxebarrin euskararen komunitatea indartzeko, euskara biziberritzeko eta Etxebarrin euskaldunak ikusgarriago egiteko”, diote udal ordezkariek.

Eta plana diseinatzeko, Etxebarrin euskararen egoera zein den aztertu nahi du Udalak. Horretarako, euskarekiko jarrerei, motibazioei, erabilerari eta elkarreraginari buruzko galdetegia prestatu du herritarrek erantzun dezaten.

“Bide hau elkarrekin egitera gonbidatu nahi zaitugu. Lan honetarako zure laguntza, babesa eta parte-hartzea ezinbestekoa da”, esan dute udal arduradunek.

Herritar zein eragile guztiak daude parte hartzera deituta: “Euskaraz bizi zaretenak, euskara ezagutzen duzuenak edota euskarara hurbiltzeko zaudetenak, denok gara beharrezkoak gure herrian euskara sustatzeko”, diote.

Galdetegia Etxebarriko udal webgunean dute eskuragarri herritarrek: “Bost mitutan betetzen den galdetegia da”, esan dute.

Etxebarrin euskararen egoera aztertu ondoren, jasotako emaitzekin diagnostiko bat osatuko dute.

Eta, behin diagnostikoa osatzen dutenean, saio irekiak antolatuko ditu Udalak, prest dauden herritarrek eta taldeek AROA izeneko 2026-2030 Plan estrategikoa eta 2026ko kudeaketa Plana diseinatzeko prozesuan parte har dezaten.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Erreportajea | Etxebarriko Euskaltegia, 20 urte eta gehiago

Aurten 20 urte bete dira Ulibarrik Etxebarriko Euskaltegia kudeatzen duenetik. Hala ere, ia bost hamarkada dira herritarrak euskalduntzeko makinak martxan jarri zituztenetik: ordutik milaka euskaldunberri sortu dituzte

|

Etxebarriko Euskaltegiko ikasleak, aspaldiko argazki batean // Etxebarriko Udala

Etxebarrin euskara sustatzeko eta herritarrak euskalduntzeko haztegia duela urte asko jarri zuten martxan. Ia bost hamarkada dira alfabetatzea hasi zenetik: 49 urte, zehazki. Hain zuzen ere, 1976. urtetik aurrera hasi zen euskararen alfabetatzea garatzen, frankismoaren amaieraren ostean —frankismo garaian debekatuta zegoen euskaraz berba egitea—. 2022an Etxebarriko historia elkarlanean bildu eta belaunaldi berriei ezagutarazteko ‘Etxebarri Gara’ bideoa publikatu zuen Udalak. Besteak beste, euskarak herrian izan duen bilakaera azaldu zuten. Javier Gortazar herritarrak adierazi zuenez, euskara 1976. urtetik aurrera hasi zen garatzen Etxebarrin. Klari Galdos etxebarritarrak azaldu zuenez, alfabetatzea 70. hamarkadan hasi zen, eta “orduan hasi ginen jasotzen euskarazko eskolak”.

“Hasieran Etxebarriko elizan ematen zituzten euskarazko eskolak, apaizaren etxean. Cruci, Nere eta nire ahizpa Edurne, beste batzuren artean, izan ziren lehenengo ikasleak. Baina behar genuen elizatik irten, parrokian ez zegoelako leku nahikorik. Orduan, itxialdi bat egin genuen gaur egun Cime eraikina den eraikinean euskara eskolak jaso ahal izateko lokalak eskatzeko. Gerra asko eman behar izan genuen eskatzen genuena lortzeko. Gauzak ez ziren lortu modu erraz batean. Ekinez eta ekinez lortu genituen aurrerapausoak. Gaur egun ez da ikusten zelako lana egin genuen hor atzetik; badirudi erraztasunez egin zela, baina ez, lan handia egin genuen, eskariak eta eskariak eginez. Eta, azkenean, lortu genuen. Etxebarriko jende asko pasa zen eskola horietatik”, esan zuen Galdosek ‘Etxebarri Gara’ ikusentzunezkoan.

Euskaldunberrien fabrika

1994. urtea zen herriko euskaltegia eraiki zutenean, eta harrez geroztik mila euskaldunberri baino gehiago atera dira Bekosolo parkean dagoen etxe horitik. 2005etik Ulibarri Euskaltegia da zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen dena eta irailean 20 urte bete ditu mugarri horrek.

Etxebarrikoa ez da euskaltegi publikoa, baina Udalak egiten duena da lehiaketa publikora atera euskaltegiko kudeaketa. Hori dela eta, baldintza batzuk eskatzen dizkio Udalak kudeaketa daramanari. HABEk markatzen ditu parametro batzuk, Udalak gero tasak ezartzen dizkie ikasleei eta baliabide fisikoak ematen dizkio. Ildo horretan, dirulaguntzak ematen ditu Udalak euskara eskolak.

Horrez gain, Euskaltegia txertatuta dago Udalaren Euskara Planean, eta horrek esan nahi du pieza garrantzitsua dela plan hori gauzatzeko. “Elkarlanean aritzen gara beti, eta haiek planteatzen dituzten ekintzetara animatzen ditugu gure ikasleak”, diote Etxebarriko Euskaltegiko arduradunek.

Bidaia pertsonala

Maribel Arsuaga (Etxebarri, 1979) ikasle da gaur egun Etxebarriko Euskaltegian. Baina bera ez da euskaldun berri-berria. Udal Euskaltegia izan zeneko garaian hasi zen euskara ikasten Maribel: “17 urterekin hasi nintzen Etxebarriko Euskaltegian ikastean. A ereduan ikasten nuen eta uztailean euskara ikasteko eskola trinko batean eman nuen izena. Oso ondo pasatu nuen trinko horretan, joko askorekin ikasten genuen. Gogoan dut ikasturtearen amaieran txango batean Gorbeiara joan ginela Itxinatik. Argazkiak gordeta ditut eta oso oroitzapen politak gordetzen ditut!”.

Eskola trinkoa jaso ostean, urrian ikasturte arrunta hasteko izena eman zuen Maribelek: “Urrian hasi nintzen arratsaldero euskara ikasten. Eta hori oso gogorra izan zen!”, dio barreka: “Goizean ostalaritza eskolan ikasten nuen eta arratsaldetan euskara”.

Bi ikasturte jarraian egin zituen Maribelek: “Gero lanean hasi nintzen eta euskara ikasten jarraitzeari utzi behar izan nion”. Hala eta guztiz ere, “bizitzak buelta asko eman ostean”, berriro Euskaltegian ari da Maribel: “Semeari esker bueltatu nintzen Euskaltegira. Semeak zortzi urte zituenean, etxeko lanetan laguntzen saiatu nintzenean konturatu nintzen zaila egiten zitzaidala. Ez nituen matematikako ariketak ulertzen, ezta euskarako liburuak ere. Egun batean, etxean euskaraz hitz egiten ari nintzela, hauxe esan zidan semeak: ‘Ama, no me hables en andereño’. Une horretan konturatu nintzen, lagundu nahi banuen, berriro euskaltegira joan behar nuela”. Harrez geroztik Euskaltegira joaten jarraitzen du Maribelek: “Gaur egun, nire semea jada batxilergoan dago eta ez du nire laguntzarik behar, baina nik jarraitzen dut euskara ikasten hizkuntza bera gustatzen zaidalako”. “Gaur egun, Euskaltegian jarraitzen dut dudan maila ez galtzeko eta mantendu ahal izateko. Izan ere, familia eta lagun giroan ez dudalako euskaraz hitz egiten. Oraindik ere kostatu egiten zaigu. Horregatik, Euskaltegiak jarraipena ematen dit gero eta gehiago gustatzen zaidan hizkuntza honetan, eta urte askoren ondoren, eskertzekoa da ezagutu ditudan ikaskide kopuru handia”, dio Maribelek.

Etorkizunera begira

Etxebarriko Euskaltegiak badu bere historia, herritarren borondate eta ilusioz hasita, eta profesionalizazioarekin sendotuz.
Ulibarri Euskaltegiaren kudeaketaren 20 urteek erakutsi dute bidea luzea izan dela, baina fruituak ere nabarmenak: belaunaldi osoak euskarara hurbildu dira, batzuek hutsetik, beste batzuek seme-alabei lagundu nahian.

Euskararen erabilerak oraindik ere erronka handiak ditu, baina Euskaltegiak jarraitzen du bide horretan makinaria indartzen, herritarrei hizkuntza tresnak ematen eta euskaraz bizi ahal izateko aukerak zabaltzen. Hori da Maribelek, eta haren moduko dozenaka eta dozenaka ikaslek, egunero bizitzen dutena.

Iragana ospatzeko eta etorkizuna eraikitzeko topagunea izaten jarraituko du Etxebarriko Euskaltegiak. Eta agian, hurrengo urteetan, Gorbeiako txango baten argazki zaharrak bezala, gaurko ikasleen oroitzapenak bihurtuko dira bihar euskararen bidearen lekuko.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du

Danel Marin etxebarritarra Monday Potionseko kide da. Taldeak urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du Bala eta Biznaga taldeekin batera

|

Danel Marin etxebarritarra (belauniko, beltzez) Monday Potions taldeko perkusionista da // Hiriko Soinuak

Monday Potions taldeak Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du. Urriaren 24an Hiriko Soinuak festibalean joko du taldeak Barakaldon, eta eszenatokia partekatuko du Bala, Biznaga Laztana Laztana taldeekin.

Festibala Barakaldoko Herriko plazan izango da, estalitako karpa batean, eta sarrera doakoa da.

Danel Marin etxebarritarra Monday Potions taldeko perkusionista da, eta urtarrilean elkarrizketa egin genion GEURIAn [hemen duzu irakurgai], joan den azaroan Basauriko Rockein lehiaketan Hego Uribeko taldetik onenaren saria lortu zutelako.

Osorik irakurri