Sareak

☉ Galdakao

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek lege-aldaketa eskatuko dute Madrilen Usansoloren segregaziorako

Hiru alderdiek udalerri berriak sortzeko orduan 5.000 biztanleko gutxienekoa ezartzen duen legea aldatu nahi dute, Usansoloko segregazioaren bidean “oztoporik ez egoteko”

|

Aurreskua, Kudeaketa Batzordea eratu zenean, maiatza hasieran // Geuria

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiak ekimen berria prestatzen ari dira Madrilen azken egun hauetan: lege-aldaketa egitea Usansolo herri independiente bilakatzeko oztoporik ez izateko.

Hala azaldu du Mertxe Aizpurua EH Bilduko kongresuko ordezkariak: “Estatuak Usansolo udalerri berri gisa eratu dela errekurritu ez dezan, legea aldatu beharko litzateke”, izan dira Aizpuruaren hitzak. Hori esatean, EH Bildukoak udalerri berriak sortzeko orduan 5.000 biztanleko gutxienekoa ezartzen duen legeari egin dio erreferentzia.

“Badago aukera bat, eta baita Usansolo Herria plataformak eskatutako saiakera bat ere, guri, EAJri eta Elkarrekin Podemosi zuzendu zitzaiena, Madrilen gai honen inguruan ‘zerbait’ egin dezagun”, iragarri zuen joan den ostiralean Aizpuruak. “Lanean ari gara, eta ziur aski datorren astean izango duzue lege hori aldatzeko ekimenen baten berri (aste honetan, hain zuzen ere). Hiru alderdiok horren inguruan hitz egiten ari gara”.

Iñaki Urgoiti (UH), Kudeaketa Batzordea eratu zuten egunean // Geuria

Segregaziora bidean

Joan den maiatzaren 4an Usansoloko Kudeaketa Batzordea eratu zuten  Usansolo Herria plataformako 8 ordezkarik eta EAJko 3k, Txapelena baserrian. Emaitza modura, UHko Agustin Aizpuru Izaguirre izendatu zuten bozkaketa egin ostean. “Datorren astean eskaera bidali behar dugu Madrilera Tokian Tokiko Erakundeen Erregistroan izena emateko”, azaldu zion Juan Agustinek GEURIA komunikabideari Txapelenatik Lehendakari moduan irten bezain pronto.

Usansolo Herriko kideak itxaropentsu agertu ziren Kudeaketa Batzordearen eraketaren egunean etorkizunari begira: “Arazorik ez egotea espero dut. Bestela, beste arazo juridiko batekin egingo genuke topo”, azaldu zuen Agustin Aizpuruk.

Agustin Aizpuru izendatu dute Usansoloko Kudeaketa Batzordeko lehendakari

☉ Galdakao

Bideoa | Xanduli-manduli kirrikiki… Gau Beltza ospatu dute Galdakaon!

|

“Xanduli-manduli kirrikiki, eman goxokiak guri!”. Horrela ospatu dute Gau Beltza Galdakaon. Aurten elkarlanean antolatu dute arimen gaua Eguzkibegi Ikastolako eta Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek, Udalarekin lankidetzan. Ikusi hemen argazkiak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

|

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

|

Besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan // ELA Sindikatua

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.

Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.

“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.

Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.

“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean

Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

|

Kurtzeko plazan ospatuko dute Gau Beltza Galdakaon urriaren 31n // Argazkia: Utzitakoa, Eguzkibegi Ikastola

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.

Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.

Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.

“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakao Gela TEk mendiko aulki egokitua entregatu dio Bizkaiko Mendi Federazioari

|

Galdakao Gela Txirrindulari Elkarteak bere bosgarren erronka solidarioa burutu du. Aurten mendiko aulki egokitua lortu dute eta atzo, urriak 29, aurkezpena egin zuten Gandasegin.

Proiektua Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak elkarlanean garatu dute, Galdakaoko Udalaren babesarekin. Halaber, Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Mendi Federazioak eta Ibilki elkarteak ere parte hartu dute; haiek arduratuko dira aulkiaren erabilera kudeatzeaz eta behar gehien duten pertsonen eskura jartzeaz.

“Azken batean, inklusioaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromiso kolektiboa da, eta horri esker aniztasun funtzionala duten haurrek zein nagusiek mendiaz eta naturaz segurtasunez eta autonomiaz gozatzeko aukera izango dute”, esan zuen Igor Anton Gela TEko arduradunak.

Aulki egokitua Bizkaiko Mendi Federazioari emateaz gain, hitzaldi interesgarriak egon ziren: Kepa Lizarraga, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta mendizale galdakoztarra; Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea; eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, istripu baten ostean bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.

Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazioko presidentea (galdakoztarra hau ere) eta Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egitua Federazioko presidentea (Etxebarrikoa hau) ere egon ziren aurkezpenean.

Osorik irakurri