Sareak

☉ Zeberio

Korrikak eskolako ikasleen bertso-saioa eta karaoke “demokratikoa” ekarriko du Zeberiora barikuan

Jarduera aipagarrien artean Zubialde eskolako ikasleek botako dituzten bertsoak, bazkari herrikoia eta Austarri Kultur Elkarteak antolatutako txistorrada daude

|

Korrika 2022an // Korrika

Martxoaren 22an iritsiko da Korrikaren 23. edizioa Zeberiora 13:30ean, eta Austarri Kultur Elkarteak eta Txubelasu Guraso Elkarteak harrera bero-beroa prestatu dio Zeberioko Udalaren babesagaz: bertso saioa, karaoke “demokratikoa”, bazkari herrikoia, elektrotxaranga… asko dira egun osoan zehar prestatu dituzten jarduerak.

Aipagarrien artean Zubialde eskolako ikasleek botako dituzten bertsoak, bazkari herrikoia eta Austarri Kultur Elkarteak antolatutako txistorrada daude.

Bazkari herrikoiari dagokionez, norberak etxetik eraman beharko du janaria. Gainera, Txubelasukoek txosna zabalduko dute 17:00ak aldera Zubialden.

Egitaraua | Korrika 23 Zeberion

Martxoak 22, barikua

13:30 Badator Korrika!
15:00 Eskolako ikasleen bertso saioa
17:30 Bazkari herrikoia
16:30 Karaoke demokratikoa
19:00 Orkresta elektrotxaranga
19:30 Txistorrada

☉ Zeberio

‘Dantza Plaza’ ekimenak zeberioztarrak ipini gura ditu dantzan, ostiralero

Austarri Kultur Elkartearen helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da

|

Trikitilari bat, aurtengo sandonietan // Geuria

Austarri Kultur Elkarteak ‘Dantza Plaza’ ekimena ipini du martxan, Zeberioko Udalaren laguntzarekin.

Helburua, bariku guztietan herritarrak herriko plazara dantzan egitera ateratzea da. Hori dela eta, 18:30etik 19:30era ipini dute hitzordua bertan.

“Etorri eta parte hartu!” animatu dituzte herritarrak kultur elkartetik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Ermitabarriko Taberna Zaharrean “konponketa sakonak” egingo dituzte

Gorbeialde Elkarteak 100.000 euro bideratuko ditu eraikineko teilatua konpondu eta hainbat elementu eraberritzeko. Europako ‘Next Generation’ funtsak erabailiko dituzte lanetarako

|

Ermitabarriko Taberna Zaharra // Geuria

Ermitabarriko Taberna Zaharrean “lan sakonak” hasiko dituzte datozen hilabeteetan. Obrak Gorbeialde elkarteak burutuko ditu Europako ‘Next Generation’ funtsen bidez eta 100.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute.

Gorbeialde elkarteak lizitazioa aurkeztu zuen joan den irailean, eta enpresek urriaren 16ra arte aurkeztu ditzakete proposamenak. Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu moduan, lan hauetan egin behar den jarduketa nagusia teilatu osoaren konponketa bera da, baina ez hori bakarrik: “Isolamendu lanak egin behar dira bertan, gaur egungo leiho guztiak kendu eta berriak ipini behar dira. Den-dena berriztu behar da, hitz gutxitan esanda”. Argiteria ere eraberritu beharreko beste kontu bat da.

Proiektu honen helburua turismo-erabilerako higiezinen birgaitze jasangarrian energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak edo obrak finantzatzea da, klima-aldaketari aurre egiteko neurri gisa. Jarduera honen helburua da turismo-sektorearen ingurumen-inpaktua murriztea, energia-eraginkortasuna hobetuz eta turismo-eraikinetan praktika jasangarriagoak burutuz.

Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren memoriaren arabera, eraikinak hainbat akats ditu eraginkortasun energetikoaren esparruan, konpondu beharreko hurrengo akatsekin: Ur-iragazketak, ur-elementuen haustura eta degradazioa, estaldura eta zikinkeria dago estalkian; ez dago iragazketarik kanpoko zurgintzan; eta energia-gabeziak topatu dituzte argiztapen-instalazioan.

“Lan potoloak badira ere, ahalik eta denbora gutxien itxiko dute taberna, bereziki leihoak aldatuko dituzten tartean”, azaldu du Gotik. “Gainontzeko lanak egiten dituztenean zabalik egongo da taberna”. Lanak abenduan hasiko dituzte, ondo bidean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu dute Zeberion

Hitzordua urriaren 9an ipini du Zeberioko Udalak, 18:30ean, Plazako Hogarrean

|

Zeberio // Geuria

Zeberioko Udalak 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen informazio-bilera antolatu du datorren urriaren 9an, osteguna, plazako Hogarrean, 18:30ean.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Argazkiak | Suhiltzaileak liztor asiarren habi bat kentzen ibili dira Zeberioko Entelladorena auzoan

Habia oso leku estu batean kokatuta egon da eta intsektizidak erabili behar izan dituzte suhiltzaileek

|

Suhiltzaileak, Zeberion // Geuria

Atzo goizean Zeberioko Entelladorena auzoko bizilagunen abisu bat jaso dute Bizkaiko suhiltzaileek. Etxe bateko teilatupean liztor asiarren habi bat topatu dute eta hori kentzeko eskaera egin diete.

Minutu gutxitan hurbildu da Basauriko suhiltzaile parkeko eskala kamioi bat, suhiltzaile birekin. Kamioitik jaitsi eta jantzi beharreko arropak ipini ostean, ibilgailuaren eskala prestatu eta teilatu-hegalera hurbildu dira: “Habia leku oso estu batean kokatuta dago”, azaldu diote GEURIAri. “Bertara heltzeko pertigak erabili ohi dituzte basozainek”.

Irailetik abendura liztor asiarrak ikustea zaila izan ohi da, hilabete horietan bere bizitza zikloko letargia fasea izan ohi delako. Urtarrila aldera, habiak egiten hasten dira ziklo berri bati hasiera emanez.

Gaur, ostera, intsektizida boteak erabili dituzte, liztorrak hil eta aurrerago, habia kendu ahal izateko. Irudi batzuk jaso ditugu bertan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Literatura solasaldiak antolatu dituzte bigarren urtez Zeberioko udal liburutegian

Bigarren edizioko lehen saioa irailaren 28an antolatu dute, 18:30ean

|

Liburuak, Arkotxako liburutegian // Geuria

Zeberioko udal Liburutegiak literatura solasaldiak hartuko ditu irailaren 28tik hasita, 18:30ean. Saioak hiru astean behin antolatu dituzte.

Lehen edizioa joan den otsailaren 23an izan zen. “Saio hauetan, partaide guztion artean testu edo liburu bat adostu eta horixe etxean irakurri behar du bakoitzak”, azaldu zion GEURIAri Mikel Revuelta ekimenaren antolatzaile zeberioztarrak.

Otsailaren 23ko saioan bost pertsona elkartu ziren Hogarrean eta asmoa talde hori “egonkortzea” zela azaldu zuen Revueltak “eta, posible den heinean handitzea”. Lehenengo edizio hartako hasierako hitzorduetan testu edo liburu txikiak irakurri zituzten eta saioek aurrera egin ahala liburu mamitsuagoak landu zituzten Hogarrean”.

Osorik irakurri