Sareak

☉ Basauri

Ane Ariño: “Ahultasuna emozioak lantzearekin lotzen da askotan, nork bere burua zaintzearekin”

Berehalakotasunaren logika, etengabe produzitzen egon beharra, bizitzaren idealizazioa eta “gizarte ahula”. Mila dira egunerokoan kezkatzen gaituzten gai filosofikoak. Hauek sakonago lantzeko, filosofo bati galdetu diogu zein den bere iritzia

|

Jean-Paul Sartre filosofo frantziarrak aspaldi esan zuen: “Guk geuk eraikiko dugu gure esentzia, guk geuk egingo dugu gure bidea, eta horrek batzuetan ezinegona sor dezake”. Baina Ane Ariño Hervásek (Algorta, 1991) berriro ekarri ditu gogora hitzok. Filosofoa ikasketaz, Basauri Ikastetxeko irakaslea da Ariño, duela zortzi urtetik. “Bizitzaren zentzuaz” galdetzen diogunean, beraz, badauka zer kontatu, baina berak dioen bezala, muturretara joan baino nahiago du “erdibidean” gelditu: “Aristotelesek bezala”. Egun hainbeste entzuten den “gizarte ahula” kontzeptuaren inguruan ere galdetu diogu Ariñori, eta, beste behin, zuri eta beltz guztiak aztertu ditu: teknologia berriek esfortzuan eta kontzentrazio gaitasunean izan duten eragina, ahultasuna norbere buruaren zaintzarekin lotzea eta beste hainbat.

Filosofian dauden teoria guztiek, oinarri-oinarrian, helburu bakarra dute: bizitzako fenomenoak azaltzea. Garrantzitsua da bizitzaren zentzua ulertzen saiatzea?
Bai, nire ustez, funtsezkoa da. Uste dut jakin-mina gizakiaren ezaugarri funtsezkoetako bat dela, eta zentzu hori bilatzeak ase egiten gaituela. Hala ere, bi esparru bereiziko nituzke. Batetik, bizitzako fenomenoen zentzua bilatzea, kanpoko fenomenoak ulertzea, eta bestetik, norbere bizitzaren zentzua aurkitzea edo ulertzen saiatzea. Horretarako nik hiru postura ikusten ditut. Batzuek uste dute beren bizitzari zentzua kanpoko zerbaitek ematen diola: historiak, naturak, jainkoak… Beste batzuek pentsatuko dute bizitzak ez daukala inolako zentzurik, eta ez dela logikoa zentzu hori bilatzen saiatzea. Hori defendatzen du existentzialismo mota batek. Baina badago hirugarren pentsaera bat ere —nire ustez, baliagarriena— bizitzari zentzua norberak ematen diola defendatzen duena. Nire bizitzaren zentzua eta zurea, agian, ez da berdina izango, baina zentzu horren bilaketa soila egiteak gehiago hurbiltzen gaitu zoriontasunera edo nahi dugun hori identifikatzera eta horren alde egitera.

Ikuspegi “indibidualago” batetik ulertu behar dugu bizitzaren zentzua?
Ez du zertan. Nik bizitzaren zentzua nire harremanetan ikus dezaket, edo bizitzaren zentzu handi bat, behintzat, maitatua sentitzean edo maitasuna ematean egon daiteke. Horrek jende asko asetzen du. Agian, norbaitek bizitzaren zentzua Jainko batengan aurkituko du, eta hori ere ezin dugu baliogabetu. Izan ere, ez dago definitzeko erantzun bakarra. Nik bilaketa pertsonal gisa ikusten dut.

Belaunaldi ezberdinen artean, garrantzi hori aldatu egin da? Zu ikaslea izan zara eta orain, berriz, irakaslea. Gehiago galdetzen zioten gazteek beren buruari behinola, eta gaur egun, gutxiago?
Ezetz esango nuke. Uste dut zentzu hori gizartea aldatzen doan heinean doala eboluzionatzen, noski. Baina, aldi berean, uste dut adinak ere zerikusi handia duela horretan, hainbat galdera planteatzeko heldutasuna ematen digulako. Gazteek, normalean, galdera “handiagoen” inguruan ez dute asko hausnartzen (ez guztiek, ez nuke orokortuko, batzuek egiten dutelako). Eta nik ere, seguraski, ez nuen egingo, gaur egun egiten dudan moduan. Baina ez nuke esango oraingo gazteek lehen baino gutxiago galdetzen dutenik.

Ane Ariño Basauri Ikastetxeko Filosofia mintegiko irakaslea da // Geuria

Erlijioak, garai batean, bizitzarako “pautak” ematen zituen: zer egin, zer ez, zertarako. Laguntzen al du horrek, nolabait, indibiduoak gidatzen? Lasaitasuna ematen al du, ezinegonak baretu?
Bai, argi eta garbi. Uste dut erlijioak —sinetsi edo ez sinetsi— izan duen funtzio garrantzitsuenetako bat dela pauta horiek ematea. Bestalde, zainduta sentitzeko eta norbait gugatik arduratzen dela sentiarazteko ere balio du, lasaitasun hori emateko. Horrek, azken finean, zorua ematen dizu, zapaldu dezakezun lurra, norberak bere bidetxoa egin ahal izateko, segurtasunez. Baina egun, gero eta gehiago dira pertsona ateoak edo agnostikoak, eta gertatzen dena da zoru edo oinarri hori ez dagoenean bertigoa eman dezakeela aurrera egiteak. Beste erantzun batzuk bilatu behar ditugunean, lur hori gabe, bideak ez dira hain argiak.

Aukeratzeko askatasun pertsonala daukagunean.
Ni horrekin apur bat kritikoa naiz. Kolokan jartzen dut erabat “askeak” ote garen arrazoi sozialei edota politikoei dagokienez. Dena den, sinesmen aldetik, argi dago baietz. Mundua oso zabala da, aukera asko daude, eta ikusi dugu bide bat baino gehiago dagoela gure bizitza proiektua izango denean sinesteko. Horrek bide-orria, nolabait, galtzera garamatzala? Suposatzen dut erantzuleago egiten gaituela bizitzaren zentzua norberak bilatu behar izateak, pisu handia sortzen duela, erabakia gure gain dagoelako eta ardura hori ezin diogulako inori eman. Hori Sartrek aipatzen zuen, existentzialismoaren beste aldaera batek: “Guk geuk eraikiko dugu gure esentzia, guk geuk egingo dugu gure bidea, eta horrek batzuetan ezinegona sor dezake”. Baina nik uste, hain zuzen, horregatik dela aukera polita, bide ezberdinak eratzen direlako, eta bakoitzak berea daukalako, propioa. Lehen mekanikoagoa zen zein bide jarraitu behar genuen. Argi zegoen, pausoz pauso, nahi genuen lekura arte heltzeko bidea zein zen. Baina nire galdera da: benetan nahi genuenera heltzen ginen edo zegoen aukera bakarrera? Orduan, bai, erantzuleagoak gara, eta horrek krisi existentzialak sor diezazkiguke, baina krisiak ere aberasgarriak izan daitezke ondo kudeatzen baditugu.

Baina aukeraketa ondo egin behar da.
Bai, bai. Autoezagutza funtsezkoa da horretarako, nik uste. Badirudi, gaur egun, garrantzi handiagoa ematen diogula gure burua ezagutzeari, gure emozioak lantzeari, zer nahi dugun bilatzeari, zer ez dugun nahi jakiteari… Nik hori positibotzat daukat. Egia da lan handiagoa ere badela, ez pentsatzea beti baita errazagoa pentsatzea baino. Baina, noski, lanketa horren ondoren, gogobetetasun gehiago ere badaukagu.

Aukeraketa horietarako edo bizitzak, nolabait, gidatzeko, “predikatzaile modernoak” ere sortu dira, coach deritzenak bezalakoak. Zer iritzi duzu hauei buruz?
Nik uste hor balioa pertsonengan baino, horiek lortzen duten efektuan jarri beharko genukeela. Coach-en artean nik gehien ikusi ditudanak bideo motibagarriak egiten dituztenak dira, norberaren indarraz-eta jarduten dutenak. Aurrekoan, adibidez, ‘La importancia de la actitud’ edo antzekoren bat egon ginen ikusten. Horrelakoek jendeari laguntzen badiote, zergatik ez? Agian, batzuetan, horrelako punch bat behar duzu. Gero, egia da oso jende prestatua egongo dela hori egiteko, lanketa handia egin duena gaiari dagokionez, eta beste askok ez dutela hori egiten. Baina fokua, berriz diot, mezua jasotzen duenarengan daukan eraginean jarri behar dugu. Momentu jakin batean norbaiti on egiten badio horrelakoak jasotzeak, errekurtso bat izan daiteke, beste edozein bezalakoa. Gaur egun, hainbat arrazoi medio, antsietate, depresio eta antzeko kasu asko ikusten ari gara: agian, lehen ez zeudelako edo, bestela, fokua ez zelako hor jartzen eta ez zirelako azaleratzen. Horrelako kasuetan, adibidez, motibazio hitzaldiek norbaiti lagun badiezaiokete, bikain.

“Bizitzaren zentzuaren bilaketa soilak gehiago hurbiltzen gaitu zoriontasunera”

Depresioa, antsietatea eta antzeko arazo emozionalak, filosofiaren ikuspuntutik, lotu daitezke norabidea galtze horrekin?
Imajinatzen dut kasu batzuetan horrela izan daitekeela. Kontrol eza eta antsietatea, adibidez, oso lotuta daude: egoera bat kontrolatzen ez dugula sentitzeak, normalean, ezinegona ekartzen du, izateko moduaren arabera, gehiago edo gutxiago. Baina esango nuke arazoa beste iturri batzuetatik datorrela, beste faktore batzuk ere badaudela: bizitza erritmoak, eskakizunak, gizarteak eskatzen digun produkzio maila… Gauza horiek guztiek eragin handia daukate gugan. Sare sozialen eta mediatizazioaren kontuarekin, adibidez, hainbat bizitza perfektu eta ideal publikoki zabaltzen direla ikustea gero eta ohikoagoa da. Nahiz eta gero, errealitatean, ez diren hain perfektuak, informazio horrek eragina dauka gugan. Gure bizitza beste batzuenarekin konparatzen dugunean, idealizazio prozesua hor dago.

Gazteen artean ikusten duzu sare sozialen bidez egiten den idealizazio prozesu hori eta konparaketa?
Bai, asko. Eta efektuak handiak eta gogorrak dira. Zure mugak eredu ideal bat helburu hartuta jartzea ez da kudeatzeko erraza. Norbere burua horrela bizi den norbaiten bizitzarekin edo pertsonarekin berarekin (gorputz, aurpegi eta fisiko perfektu horiekin) konparatzea gogorra da. Horrek gazteei ezinegon handia sortzen die, helburu horiek ez direlako guztiz errealistak.

Mezu motibazionaletan, baina, esaten da: “Zuk dena egin dezakezu”, “Ez zaitu ezerk geldituko”. Ez da autoengainua, edo norbere muga errealak ez onartzea, behintzat?
Bai, baina ez beti. Uste dut muturrekoak ez direla onak. Oreka aurkitu behar da, Aristotelesek esaten zuen “erdibidea”. Nik ere abeslaria izan nahiko nuke, baina, ahotsagatik entzun dezakezun bezala, hori ez da nire bidea. Noraino heldu gaitezkeen jakin behar dugu, zeintzuk diren gure abileziak, zeintzuk diren gure aukerak eta mugak. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saia gaitezke, esfortzuak emango dizkigun fruituak batu arte. Baina mezu horiek noraino heltzen diren ere jakin behar dugu. Umeen eta gazteen artean oso profil ezberdinak daude. Batzuek oso estimu onean daukate beren burua, eta, agian, horiei esanez gero, frustrazio asko sortu daitezke nahi dutena lortzen ez badute. Autoestimua oso baxu daukan ume bati, bestalde, lagundu egin ahalko diote. Norbere abilezietan konfiantza gutxi daukan horri kapaza dela esateak indarra emango dio. Ez da “ezerk ez zaitu geldituko” edo antzekoren bat, baizik eta arrazoitzea noraino heldu zaitezkeen abilezia horiek izanda eta ahaleginduta.

“Erantzuleagoak gara, eta horrek krisi existentzialak sor diezazkiguke, baina krisiak ere aberasgarriak izan daitezke”

Lortzen ez badugu frustratzea eta egin ezin dugula sinestea, bi aldeak. Batzuetan, horrelakoekin lotzen da “gizarte ahula” kontzeptua. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Azkenaldian asko entzuten den zerbait da. Nik pandemian entzun nuen lehen aldiz; aurretik ere zerbait banekien, baina gogoratzen dut itxialdi garaian gizartea ahultzat hartzen zuten artikulu dezente kaleratu zirela. Jende asko kexatzen zen ezin zelako garagardo bat edatera irten edo ezin zelako oporretan joan. Eta horren haritik hasi ziren gizartea ahultzat katalogatzen, hori ez baitzen benetako “sakrifizio” kontsideratu behar zen zerbait. Gero, gogoan dut streamer bat ere badagoela, Jordi Wild edo, eta nahiko polemika sortu zela termino hori gazteei lotuta erabili zuelako.

Niri dagokidanez, berriro geldituko naiz erdibidean. Irakaskuntzan aldaketa bat ikusten dugu esfortzuari lotuta: ez dut esan nahi neska-mutilek ez dutela esfortzurik egiten, baizik eta, konparazio bat egiten badugu oraingo belaunaldien eta lehengoen artean, maila jaitsi egin dela. Egun, gazteek kontsideratzen dute ahalegina egiten dutela, baina, errealitatean, hainbeste estimulu dituzte eta hain txikitatik, hainbeste ordu igarotzen dituzte pantaila baten aurrean, galdu egin baitute kontzentratzeko gaitasunaren zati bat. Marian Rojas Estapé psikiatrak esaten du hori. Neska-mutilak ez dira kapazak askotan kontzentrazio tarte luzeak mantentzeko, ez dira kapazak aspertzeko, ezta frustrazioak kudeatzeko ere… Eta hor bai, hor ikusten dira desberdintasunak. Hala ere, ez dut uste egungo jendeak ez duenik esfortzurik egiten (gainera, ezin da orokortu). Gure burmuina aldatzen doa teknologia berriekin, besterik ez.

Horregatik esan dezakegu “gizarte ahulean” bizi garela? Esango nuke, gaur egun, kexak nahiko ohikoak direla, eta, agian, kontzentrazio eta esfortzu kapazitatea ez dela lehen zegoena bezalakoa, baina ez zait “ahula” hitza gustatzen. Hauteskundeen harira termino hori erabili dute, adibidez, oporrak heldu eta jendea kexatu egin denean, agian, mahaian egotea tokatuko zitzaiolako eta oporrik gabe geldituko zelako. Bada, nik hori ulertzen dut, eta ez dut uste urte oso bat lanean egon ondoren gure oporrez kezkatuta egoteak ahulago egiten gaituenik. Edo “chivato” figuraren kasuarekin gertatzen dena. Orain jazarpenen eta antzeko kasuen gainean gaude, prebenitu eta ikusten ditugunean, moztu egiten ditugu ahalik eta lasterren. Baina ahulagoak egiten gaitu horrelako gauzak salatzeak? Ahulagoak dira gazteak portaera jakin batzuk onartzen ez dituztelako? Edo, lehenagoko adibidearekin jarraituz: oporrak disfrutatu nahi izateak edo garagardo bat hartu nahi izateak ahulago egiten gaitu, artikulu horietan esaten zen bezala? Nik uste dut ezetz.

Horregatik diot bi aldeak ikusten ditudala. Baina kontzeptua ez zait gustatzen. Ahultasuna zer den definitu beharko genuke, eta ahultasuna emozioak lantzearekin lotzen da askotan, nork bere burua zaintzearekin. Nik hori ez dut atzerapausotzat ikusten. Teknologia berriek kontzentrazio mailan eta esfortzu kapazitatean eragin dutenari deituko nioke gabezia, baina ez horri. Beraz, aurrerapausoak eta atzerapausoak dauzkagu.

“Zure mugak eredu ideal bat helburu hartuta jartzea ez da kudeatzeko erraza”

Berehalakotasunaren gizartean bizi gara, dena nahi dugu azkar, sare sozialetako logikarekin gertatzen den bezala. Slow filosofia sortu da alternatiba gisa.
Nik uste dut aspaldi ari garela hori ikusten, erritmoa gero eta frenetikoagoa bilakatzen den heinean, gauza batzuei ez diegula eman beharko geniekeen denbora dedikatzen, ez ditugula gauzak pazientziarekin egiten. Hemen teknologia aipatu behar da berriro. Erreminta erabilgarria da, zeharo, eta gero eta gauza harrigarriagoak ikusten ari gara. Baina horrek badauzka bere alde txarrak ere, gure osasun mentalaren aldetik, bereziki: mugikorrarekiko dependentzia eta berehalakotasunarekiko grin hori.

Programa batek erantzuten ez badu, urduri jartzen gara, edo WhatsAppeko tik urdinekin, adibidez: “Irakurri du, baina ez dit erantzun”, pentsatzen dugu. Eta garrantzitsua da gauza bakoitzari bere denbora eskaintzea. Zenbatetan egon gara elkarrizketa batean, pertsona batekin, eta mugikorrean, bitartean, bost elkarrizketa izan aldi berean? Azkar erantzun behar ditugu mezuak, bestela, zer pentsatuko du beste pertsonak? Edo festa batean gaudenean: story-ak publikatzen ditugu jaian gauden bitartean, bertan mentalki egon baino. Niri oso terapeutikoa iruditzen zait batzuetan mugikorra etxean uztea. Gertatzen dena da horrek askotan antsietatea sortzen digula. Ni gaztea nintzenean tinbre joka ibiltzen ginen herrian barrena, ea nor irteten zen. Baina orain ez nago lasai ez badakit zein momentutan eta zein lekutan geldituko garen. Zer da gerta daitekeen okerrena, 30 minutu pasatuko ditugula elkar aurkitzen?

Slow filosofia hori tendentzia bat da, gauzak bere denboraz hartzeko grina, konturatzea denbora guztian presaka ibiltzen ez dela ona. Hau ere askotan komentatu izan dut: arratsalde bat sofan botata egoteak errua sentiarazten digu, badirudielako gauzak egiten egon behar dugula etengabe. Baina zuk lana, ikasi edo dena delako egin ostean hori bada zure deskonektatzeko modua edo deskantsua, zergatik ez? Beharrezkoa da, noizbehinka, ezer ez egitea.

Lanaren antolakuntza edo etengabe produzitzeko logika hori gure bizitzako beste eremu batzuetara heldu dela esango zenuke?
Bai. Hori da sofan botata egotearen adibidea: ezer ez egiteak errudun sentiarazten gaitu. Pandemia garaian asko ikusi zen hori, 24 orduz erabilgarri egotera ohitu ginelako, beti konektatuta eta lan egiten jarraitzeko moduan. Bada, logika hori, etengabe produzitzea, hainbat esparrutara zabaldu dela uste dut. Gero eta ohikoagoa da igandeetan dendak zabalik aurkitzea, lehen inoiz gertatzen ez zen zerbait, ulertu egiten zelako asteko azken eguna guztiontzat izan behar zela jai. Baina hiri handietan, egun, dendak igandeetan ere zabalik izan ditzakegu. Horrez gain, lanaren mundutik aterata, produzitu beharraren logika gizarteko harremanetara ere zabaldu dugula uste dut. Lagun batekin kafe bat hartzeko gelditzen bagara, adibidez, etengabe hitz egiten egon behar gara. Edo mugikorretik etengabeko harremanetan. Hain konektaturik bizi gara, denbora guztian egon behar baitugu dinamika horretan integratuta.

☉ Basauri

Bideoa | Erromeria gaueko ordu txikiak arte ala txosnagunea: zer nahiago dute San Migeleko herritarrek jaietan?

|

San Migeleko jaien bigarren asteburuari gogotsu ekingo diote herritarrek. Ostiral eta larunbat gauean kontzertuak eta erromeriak egongo dira, eta txosnagunea ere topera egongo da. Baina herritarrek zer nahiago dute: erromeria gaueko ordu txikiak arte ala txosnagunea?

Gauetan ondo pasa, bai, baina askok ibuprofenoa behar dute hurrengo egunean jaiarekin jarraitzeko. Zein da zure sekretua ajearen kontra? Entzun herritarren erantzunak!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeek musika-industrian bizi duten egoeraz, menopausiaz eta bakardadeaz podcast-zikloa antolatu dute Basauriko Marienean

Hiru saioko podcast-zikloa antolatu dute Marienean, beste haimaika proposamenen artean. Ikasturte berriko ekintza nabarmenenak jaso ditugu albistean

|

Asier Iragorri eta Isabel Cadaval Marieneako programazioaren aurkezpenean // Geuria

Ikasturte berria martxan da Marienea Basauriko Emakumeen Etxean. Eta proposamen berriekin hasiko dute jardueren programa. Nabarmentzekoen artean, podcast-ziklo bat egingo dute.

Hiru saio izango ditu podcast-zikloak: ‘Emakumeak, erabat maskulinoa den musikaren industrian’, azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiarekin barruan; ‘Bakardadea erlatiboa da (eta lagunarte asko ere bai)’, abenduaren 18an; eta ‘Barrez lehertzeko: hitz egin dezagun menopausiaz’, apirilaren 30ean.

Horrez gain, ‘Dena aldatzera goaz!’ ekimenaren barruan, gai ezin garrantzitsuagoak jorratuko dituzte. Besteak beste, indarkeria bikarioari buruzko ‘Biolentzia bikarioa biolentzia matxista da’ jarduera egingo dute otsailaren 5ean; eta martxoaren 12an Tere Maldonadok eta Txoli Mateosek, zaintzaren testuinguruan, publiko eta komunitario kontzeptuetan sakonduko dute.

Gazteei zuzendutako programazioak ere protagonismo handia izango du ikasturte berrian: 13 eta 15 urteko neskatoek, Txoko feministan, aukera izango dute interesatzen zaizkien eta kezka eragiten dieten gaiei buruz hitz egin eta eztabaidatzeko. Gainera, adibidez, hilekoari buruzko ikastaroa eskainiko dute Maite Goikoetxea basauriarrak eta Ella formatzaileak maiatzaren 6an eta 7an, 10 eta 12 urteko neskatoentzat.

Programazio berrian, bestalde, desgaitasun intelektuala duten emakumeekin autoezagutza-prozesuak lantzeko tailerra antolatuko dute urtarrilaren 15ean, otsailaren 19an eta martxoaren 19an.

Eta, ‘Jakintza kolektibizatuz, elkarrekin ikasiz’ izeneko atal berri bat ere prestatuko dute: “Espazio bat, non ikerketa oso interesgarriak ikuspegi feministatik egiten ari diren emakumeek (haietako asko, emakume gazteak) aukera izango duten beren lanak aurkezteko —ikasturte honetan zehar, biren proiektuak ezagutu ahalko ditugu—”, dio Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziak. 

Halaber, Baskonia Mendi Taldearekin lankidetzan, ‘Emakumeak eta mendia zikloa’ antolatuko dute apirilaren 16an eta 18an. 

Palestina, presente

Erakusketek ere jarraituko dute programazioaren ardatzetako bat izaten. Eta, erakusketa horietako bat izango da ‘Palestinako emakume baten begirada Euskal Herritik’.

Qassem Ruhaifaren erakusketa da eta ikusgai egongo da otsailaren 27tik apirilaren 13ra. Ruhaifa Bizkaian bizi den artista palestinarra da. 

Eta, ‘Behin eta Berriro’ ere itzuliko da Marieneara: esperientzia murgiltzaile bat da zeinaren helburua den espazio, argi eta soinu desberdinen bitartez kontzientziak astintzea eta bizitzan zehar gertatzen diren indarkeria matxistaren alorreko zenbait gertakariri buruz sentsibilizatzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Nola definituko zenituzke San Migeleko jaiak hitz batean?

|

Zuk zelan definituko zenituzke San Migeleko jaiak hitz batean? Era zuretzat zein da astebururik onena: lehenengoa ala bigarrena? Herritarrek erantzun dute!

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeak gertutik bisitatzeko aukera izango dute herritarrek Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Basaurin

|

basauri basconia lantegia bidebieta
Urriaren 18an, larunbatez, izango da bisita gidatua 12:00etatik 13:00etara // Geuria

Ondare Arkitektonikoa da aurten Ondarearen Europako Jardunaldietako ardatza. Eta Basaurin La Basconiako nabeak gertutik ezagutzeko aukera emango dute Industria Ondarearen Euskal Elkarteak eta Basauriko Udalak.

Urriaren 18an, larunbatez, izango da bisita gidatua 12:00etatik 13:00etara. Industria Ondarearen Euskal Elkarteko kide diren Jose Eugenio Villarrek eta Mikel Martinez Vitoresek gidatuko dute bisita. Gazteleraz izango da eta dagoeneko leku guztiak beteta daude.

“La Basconia fabrika zaharrean kontserbatutako nabeak bisitatuko ditugu, metal-eraikuntzen tailerra hartu zutenak. 1917an eraikitako hiru hormarte dira, XX. mendeko burdingintza bizkaitarraren ezaugarri den metalezko egitura hariztatua dutenak. Horietan era guztietako metalezko eraikuntza egin ziren, hala nola, metalezko zubiak, minerala garraiatzeko aireko lineak eta energia elektrikoa garraiatzeko dorreak, besteak beste”, diote.

Hain zuzen ere, Basauriko fabrika zaharrean eraiki ziren, esaterako, Deustuko Zubia (1934), Areeta-Getxoko Mesedetako Elizaren kupula (1954), San Mameseko arkua (1953), eta beldar-traktore bat 60 CV.ko Mercedes motor batekin ekipatua (1929).

Gaur egun Basauriko Udalaren jabetzakoak dira La Basconiako nabeak, eta etorkizunean horiek birgaitu eta erabilera berriak izango dituzte. Ekaineko osoko bilkuran 220.825 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzak La Basconiako orubea berritzeko proiektua idazteko.

Udalaren helburua da “gune berria lotura-puntu bihurtzea, etorkizunean inguruan eraikiko diren etxebizitzen eta jarduera ekonomikorako aurreikusitako eremuaren artean”. Eta horretarako, herritarrei galdegingo diete udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko 23 saltokik bat egin dute ‘Euskaraz barra-barra’ ekimenarekin

Saltoki horietan euskara ulertzen duten langileak daudela bermatzen du ekimenak. Udalak programaren jarraiopena egingo du urtero

|

Saltoki horiek pegatina bereizgarri bat izango dute // Arina Krasnikova

Basauriko saltokietan euskararen erabilera bermatuta dagoen adierazteko ekimena martxan jarri dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak: ‘Euskaraz barra-barra’, hain zuzen.

Aurten 23 saltoki atxiki dira programara: Amalur Hortz Klinika; Arrate Dekorazioa; Bar Amaia; Bar Nervión; Bikiak; El Jardín Secreto; Elkar; Farmacia Eguileor; Farmacia Jon Carral Tellitu; Farmacia Lcdc Mª Carmen del Prado; Farmacia Garde; Ferreteria Oleta; Gure Fisioa; Hecho a Mano con Amor; Kiaraga Salón; Loradenda Gema; M&P Panadería Kurrusku; Malutak; Nare Fisioterapia eta Osteopatia Zentroa; Numero 1 Zapatillas Basauri; Pescadería Pili y Mertxe; Umeak Liburudenda; eta Uriarte.

Saltoki horiek pegatina bereizgarri bat izango dute, adierazteko bertan bermatuta egongo dela une oro euskaraz ulertzen duten langileak egongo direla. “Horrela, lortuko da inolako hizkuntza-oztoporik ez egotea euskarazko arreta jaso nahi duten bezeroen eta langileen artean”, diote udal ordezkariek.

Basauriko Udalak programaren jarraipena egingo du urtean behin, bereizgarria erabiltzen jarraitzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Osorik irakurri