Sareak

Erreportajeak

Ugaoko atsedenik gabeko asteburu zaratatsuak

Diskoteka batek bere ateak Ugaon zabaldu zituenetik hankaz gora jarri du herritarren asteburuko atsedena eta segurtasuna. Kaltetuekin elkartu gara bizi duten egoeraz berba egiteko

|

Botilak, institutura bidera dagoen berdegune batean // Geuria

Ugaotar guztiek dakite baina inor gutxik gura du gaiaren inguruan berba egin. Izan ere, erreportaje hau idazteko orduan bertako protagonisten izen-abizenak isilpean mantendu ditugu, segurtasun arrazoiengatik.

Asteburuak, teorian, herritarren aisialdi edo behintzat atseden hartzeko egun horiek, duela urte batzuk zeharo aldatu dira Usila eta Iturrigorrialde auzoetako bizilagunentzat. Larunbat eta igandeko gauak heltzen direnean musika hasten da Usilako lokal ezagun batean. Kontzertuak, musika… giro da bertan jai eta alai dabiltzanentzat. Auzo horretan bizi direnek edo pabilioi horretatik metro gutxira dagoen institutuko ikasleek, astelehenean 08:15ean institutuan klasera sartu behar direnek, ez dute iritzi berbera.

Ez da giro Usila eta Iturrigorrialde auzoetan: alde batetik N-635 errepidea eta bertako ibilgailuen trafikoa auzo bietatik igarotzen da. Gainera, Ugao zeharkatzen duen Renfeko C3 tren linea dago. Bertatik aldirietako trenak, distantzia ertain zein luzekoak eta merkantziakoak igarotzen dira. Hala eta guztiz ere, horiekin bizitzen ikasi dute.

Erdigunetik aparte dauden langileen auzoak dira aipatutakoak. Hasieran laupabost tailerrez osatutako “industria txikiko” gunea zen, baina industrialdea herriaren erdigunera zabaldu zenean presentzia handiagoa izan zuen bigarren sektoreak. “Estatuko txoko ezberdinetatik etorritako langileei lanetik hurbil egoteko eta txabolak eta nekazal-bizitza mantentzeko aukerak ematen zituzten etxebizitzek osatzen dute auzoa”, gogoratu du bertako auzotar batek. “Aspaldi ortu pila bat ikusten ziren bertan eta askotan umeek auzoan geratzen ziren errepidea arriskutsuagoa zalako. Gaur egun lo egiteko lekua da, tamalez”.

Fast fooda zerbitzatzen zuen lokal berria zabaldu zutenetik dena aldatu zen, auzotarrek GEURIAri azaldu bezalaxe. Janari bizkorra zerbitzatzeaz gainera hasieratik “diskoteka baten moduan” funtzionatu zuela aitortu dute. Udaleko datuen arabera, diskoteka lez funtzionatzeko lizentzia 2020an eskuratu zuen. “Ez daukagu erregistratuta afari-zerbitzurik eman izan denik diskoteka jarduerarekin hasi zenetik”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Zarata eta deskontrola

Diskoteka lez funtzionatzen hasi zenetik, asteburuko siesta orduak eta bazkalosteko atseden momentuak askotan moztu egiten ditu musika bolumen altuak sortutako zaratak eta bibrazioak. Auzotar batzuek etxeko leihoak aldatu behar izan dituzte zarata isolatzeko, baina hala ere nahikoa ez dela diote. “Gainera, kanpoan dagoen jendeak be eragina du, berandurarteko elkarrizketak eta autoetako musika topera jartzen dutelako”, kexatu dira.

“Egia da badaudela herriko gazteak lokal honetan egoten direnak, baina, oro har, herritar askok ez dute begi onez ikusten bere jarduera”, gehitu dute Udaletik, eta bizikidetza arazoak lokalaren inguruan sortzen direla baieztatu dute: “Kanpoaldean gertatzen dira arazoak. Horrek esan nahi du arazo horiek ezin zaizkiela zuzenean leporatu ez lokalaren jabeari ezta diskotekari ere, ikuspegi juridikotik. Hala ere, argi dago diskoteka martxan jarri zenetik intzidentziak izan direla”, Ondorioz, Udalak ezer gutxi egin dezake egoera horren aurrean.

“Lokalaren kanpoaldean dagoen jendeak be eragina du, berandurarteko elkarrizketak eta autoetako musika topera jartzen dutelako”

Arazo horiei jai osteko kalteak gehitu behar zaizkie, auzotarren arabera: “Hurrengo egunetan zaborra ikusten da kaleetan: leku guztietatik edalontziak uzten dituzte, plastikozko poltsak, janaria, paperezko zapiak…”. Astelehen askotan plastikozko edalontziez beteta argitzen da eguna eta Garbialdi enpresako langileek bertan hasten dute lanaldia: “Udalak garbiketa-zerbitzuen bidez bere ardura edo erantzukizuna betetzen jarraitzen du: astelehenetan, lehenbiziko jarduna gune horren garbiketa izaten da, ingurunea ahalik eta azkarren baldintza egokietan egon dadin ”, nabarmendu dute Udaletik.

Atxiloketa bat, Ugaon // Utzitakoa

Auzotarren arabera, langileek jardunaldi oso bat ematen dute diskoteka ondoko inguruak garbitzen. Eta ez hori bakarrik; jendea lokartu egiten da errepide ondoko bankuetan eta baita etxebizitza batzuetako atarietan: “Badira ere eraikinetako lorategietara kaka egitera sartu izan diren pertsonak eta goizean ibiltzera doazen pertsonak zirikatzera doazenak ere. Ondorioz, jendeak zonalde horretatik paseatzeari utzi dio asteburuetan”.

Ertzaintza egoera honen jakitun da eta hainbat jarduketatan esku hartu izan du: borrokak, labankadak, herriguneko etxebizitzan sartzeko ahaleginak… Poliziaren azken aurreko jarduketa joan den azaroaren 9ko goizaldean izan zen. Bertan, 46 pertsona identifikatu eta 50 urteko gizon bat ikertu zuten hainbat substantzia sorgorgarri, hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 pastilla atzeman zizkioten ibilgailu barruan. Joan den azaroaren 16an beste jarduketa bat egin zuen Ertzaintzak Ugaon eta 25 urteko emakume bat ikertu zuen diskotekako inguruetan, droga trafikoagatik: gramo erdiko 18 kokaina poltsa konfiskatu zizkioten.

Poliziak azken boladan egindako jarduketak Ugaoko udaltzaingoarekin egindako elkarlanaren emaitza dira: “Udala behin baino gehiagotan batzartu da Ertzaintzarekin, halako operatiboak eskatzeko eta egoera kontrolpean mantentzeko. Azken asteetako operazioetan, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritu dira”.

Ugaoko udaltzainen auto bat // Geuria

Albo-kalteak, herritarrentzat

Urteek aurrera egin ahala, arazoa Ugaoko kanpoaldetik herrigunera zabaltzen ari da. Ugaoko zentroan bizi den auzotar batek nabarmendu du diskotekak eragin zuzena daukala ugaotarrengan eta bertako bezeroek droga kontsumitzen dutela kalean, jendearen aurrean (haurrak eta nagusiak barne), aire zabalean: “Erabiltzaileek jarrera bortitzak dituzte eta mozkortuta eta drogatuta ibiltzen dira autoetan herrian zehar, igandeetan bereziki, horrek dakarren arriskuarekin”.

“Erabiltzaileek jarrera bortitzak dituzte eta mozkortuta eta drogatuta ibiltzen dira autoetan herrian zehar, igandeetan bereziki, horrek dakarren arriskuarekin”

Ugaoko institututik kalte materialak egotzi dizkiote diskotekaren inguruan, kalean elkartzen den jendearen jarrerari: “Azken asteburuan hesi bat apurtu zuten zentrotik oso hurbil, baina ez dira bertan topatu diren gauza bakarra: lurrean botatako arropak, botilak, latak… askotariko zaborrak agertu izan dira inguruetan”, azaldu diote GEURIAri zentroko langileek, eta momentuz, ikasleei dagokienez ez dutela arazorik izan adierazi dute.

Azken urteetan errepikatu izan diren jarrera horiek ikusita, herriko hainbat establezimenduk igandeetan ateak ixtea erabaki dute. Benito tabernak beranduago zabaltzen ditu ateak eta Lainoak, bestalde, ez ditu berriro zabaldu diskoteka martxan ipini zuten momentutik. Udalak jakin badaki diskotekatik eratorritako arazoek bestelako leku batzuetan ere eragina dutela: “Egia da beste establezimendu batzuek ere nolabaiteko eragina jasan dutela, baina arazoak espazio publikoan gertatzen direnez, legalki ezin zaio ardura zuzenean diskotekari leporatu”.

Egoerak berdin darrai, eta segurtasun neurri batzuk hartu izan badira ere, Ugaoko auzotarrek uste dute ez dela nahikoa eta arazoa errotik ezabatzea gura dute, asteburuak horixe bera izatera itzultzeko: asteburuak.

☉ Zaratamo

Erreportajea | Kontxako bandera irabazi zuen arraunlari ‘atzerritarra’

Igeri egiten ez dakien arraunlari ohi batean aurrean gaude, esku pilota gurtzen duen landa eremuko herri txiki batean sortua, kostaldetik, kresaletik eta traineruetatik urrun

|

“Arraunlari onek ez dute zertan igeri egiten jakin behar, txarrek aldiz bai”. Irribarre zabala marraztu du Iñaki Beldarrain Irigorasek hori esatean (Zaratamo, 1961), baina, harrigarria dirudien arren, ez da bere kirol ibilbidearen errepasoa egiten eman duen ordubetean azaleratu den paradoxa bakarra.

Bada, igeri egiten ez dakien arraunlari ohi batean aurrean gaude, esku pilota gurtzen duen landa eremuko herri txiki batean sortua, kostaldetik, kresaletik eta traineruetatik urrun.

2023an, ETBko ‘Herri txiki infernu handi’ saioan parte hartu zuenean, bere lagun eta ezagunen harridura piztu zuen, esandakoengatik baino, kontrakoagatik: “Zergatik ez duzu Kontxako Bandera irabazi zenuela aipatu?” galdetzen zioten. “Ez dakit ba” argitu du Beldarrainek, “horiek niretzako gauzak dira, ez?”.

GEURIAk eskatuta, ordea, denboran atzera egin eta 1983. urtean kokatu du bere burua Beldarrainek: “Soldaduskatik bueltatu nintzen 21 urterekin. Zaratamora heldu eta ikusi nuen nire lagunek bizitza bideratuta zeukatela; lana, bikotekidea…”. Nondik jo asmatu nahian zebilela, Mundakan arraunlari bila zebiltzala jakin zuen lagun baten bidez: “Badirudi kostaldeko arraunlariak pattal samarrak zirela garai hartan, eta landa eremuko herrietan bila hasi ziren”.

Baserriko bizitzan zaildutako gazteak bilatzen zituzten Mundakako, Zumaiako edo Orioko arduradunek, eta Beldarrainek hasieratik hartu zion tamaina erronkari: “lehen egunetik liluratu ninduen arraunak. Egia da askotan kirol oso gogorra dela, behin baino gehiagotan esan izan diot nire buruari ‘ze hostia egiten dut hemen, hotzez, min hartuta…’, baina bizi eskola bat ere bada arrauna, eta traineruan egin ditudan lagunak ez ditut beste inon egin”.

Bi denboraldi eman zituen Mundaka aldean: “Oso ondo aritu nintzen, zekor baten pare” zehaztu du zaratamarrak. Bere maila ikusita, hurrengo pausoa etxetik gertuago eman zezakeela bururatu zitzaion: “Onenen pare aritzeko gai nintzen edo ez jakiteko modu bakarra zegoen: saiatzea”. Santurtzi aldera jo zuen aukera horren bila, eta 80. hamarkadan punta puntako taldea zen Sotera entzutetsuaren atea jo zuen. Jo baino, bota: “Traineruan sartu orduko baietz esan zidaten, eta taldeko atzerritar bakarra bilakatu nintzen. 22 arraunlarien artean, herrikoa ez zen bakarra ni nintzen”.

1985. urtea zen, eta denboraldi gogoangarria burutu zuen Santurtziko taldeak: “Irabazi genezakeen ia guztia irabazi genuen: estropada asko, Espainiako Txapelketa… eta Kontxako Bandera, noski”. Hamarkadak joan diren arren, asteburu hartako giroa ez du sekula ahaztu arraunlari zaratamarrak: “40.000 pertsonatik gora batzen ziren Donostian Kontxako banderaz gozatzeko: inguruko herrietatik etortzen ziren, talde parte hartzaileek autobusak erruz betetzen zituzten… gure kasuan, ezin jakin zenbat autobus joan ziren Kontxara, santurtzitar batzuen arabera 30, beste batzuei entzuna diet 60 bete zirela… erdibidean egongo da erantzuna, baina edozelan ere, ikusgarria izan zen”.

Egun hura borobiltzeko, arraunaren historian gutxitan eman den argazki baten protagonista izan zen Beldarrain: “Trapua (hala esan dio banderari) itsasontzi batean ematen zioten patroiari, eta hark portura jeitsi, arraunlariekin eta zaletuekin ospatzeko. Egun hartan, baina, trapua hartu eta patroiak portura hurbildu beharrean, niri eman zidan, taldeko atzerritar bakarrari! Hitzik gabe geratu nintzen, badirudi egun hartan lan ona egin nuela!”

Bi urteren bueltan arraunlari guztiek amestu eta gutxi batzuek lortzen duten garaikurraren jabe zen Beldarrain, eta erabaki zail bat hartu behar izan zuen lana, kirola eta bizitza pertsonala uztartu ezinik: “Ezkontzeko utzi nion arraun egiteari. Denborak eskuetatik ihes egiten zidan: 9 orduko lana fabrikan, ondoren entrenatzera, joan-etorriak kotxean…”. Gaur egun ere arrauna kirol gogorra dela onartzen duen arren, orduko prestaketa “basatia” zela argitu du: “Ez zegon prestatzaile fisikorik, ez medikurik, ezta fisiorik ere. Entrenamenduak prestatzeko irizpide nagusia honako hau zen: Sestaokoen entrenamenduak ordu t’erdi irauten duela? Ba gureak bi!”. Atseden egunak ere nahiko bitxiak ziren: “Atseden egunetan Serantes mendira igotzen ginen korrika, entrenatzailea segika geneukala, patrolean eta bozgorailu batekin!”.

“Ezkontzeko utzi nion arraun egiteari. Denborak eskuetatik ihes egiten zidan: 9 orduko lana fabrikan, ondoren entrenatzera, joan-etorriak kotxean…”

Gainera, 80. hamarkadaren erdian arraunlariek ez zuten etekin ekonomiko handirik lortzen kirola maila profesionalean eginagatik ere, eta horren adibide argigarri bat ematen du zaratamarrak: “etxerako motozerra bat erosi nahi izan nuen, 40.000 pezeta balio zuena. Denboraldian zehar irabazitako diruarekin egitea pentsatu nuen. Denboraldia bukatu orduko, eta egindako lan, ordu eta neke guztien ondoren… 20.000 pezeta nituen patrikan, eta aitak jarri zuen motozerra erosteko behar zen beste erdia”.

Arrauna utzi zuen, baina ez behin betiko, eta hurrengo hamarkadan zehar birritan bueltatu zen trainerura, lehena Mundakara, “emandako guztiaren zati txikitxo bat bueltatu nahi nien, esker onez”, eta bigarrena Santurtzira: “aitaren heriotzaren ondoren izan zen. Niretzat galera handia suposatu zuen, eta arraunak on egingo zidala argi neukan. Ordurako Soterak galdua zeukan bere sona eta indarra. Nik, taldeko zaharrena izanda, hiru estropada egiten nituen jarraian, ostiral, larunbat eta igandean! Garai haietan ez zen ohikoa estropada batetik bestera aldaketak egitea, zure tokia irabazten zenuen neguko entrenamenduetan, eta ez ziren gaur egun bezala estropada batetik bestera aldaketak egiten”.

“Aitaren heriotza galera handia izan zen niretzat, eta arraunak on egingo zidala argi neukan”

Denboraldi hartan egungo Lehendakaria, Imanol Pradales, izan zuen taldekide: “Ez zen nabarmentzen, ez onerako eta ez txarrerako, baina gazte jatorra zen”. Ez da, ordea, Santurtziri lotuta ezagutu zuen pertsona ezagunena, ez behintzat garai hartan: “taldekide batek San Mamesera joatera gonbidatu gintuen emaztea eta biok. Bera beste lagun batekin etorri zen, eta hara non Iosu Exposito zen, Eskorbuto taldeko abeslaria! Hura iskanbila zelaira sartu ginenean, ikusi eta bat batean punki pila etorri zitzaizkigun gainera, berarekin hitz egin nahian!”.

 

2025era bueltatuta, eta elkarrizketa ixte aldera, arraunak bizitzako beste hainbat arlotan egin dion ekarpena hausnarketa batekin borobildu du Iñaki Beldarrain Irigorasek: “Traineruaren erdian jartzen ninduten beti, aurrekoei eta atzekoei oreka emateko. Hor arraunlari indartsuenak jarri ohi izan dira, baina ez indartsuenak fisikoki bakarrik, baizik eta gehien irauteko gai direnak ere, gogorrenak, nolabait esatearren”.

Beste kirol guztietan bezala, baina bereziki arraunean, buruak agintzen duela argi dauka, dohai fisikoen aldean: “nekea, erredurak, itsasoaren egoerak…hori guztia ahaztu eta aurrera jarraitu behar duzu, bizitzan bezala”.

Osorik irakurri

Erreportajeak

Erreportajea | Etxebarri, Bizkaia gaztetzen duen udalerrietako bat

Eustatek argitaratutako datuen arabera, Bizkaia Hego Euskal Herriko herrialderik zaharkituena da, (46,4 urte bataz besteko adina), Gipuzkoa (45,59) edo Arabaren aldean (45). Sailkapen horretan salbuespena da Etxebarri (41,6)

|

10.000 biztanletik gora dituzten herrien artean populazio gazteena duena da Etxebarri, 41,6ko bataz besteko adinarekin // Artxiboa, Geuria

Hego Euskal Herriko populazio-piramidea zaharkitzen doala gauza jakina da, eta hala erakusten dute datuek urtetik urtera.

Bizkaiaren kasuan, gainera, Gipuzkoan edo Araban baino nabarmenagoa da joera hori, bataz besteko adinari erreparatzen badiogu: Bizkaian 46,5 urtekoa da, Gipuzkoan 45,59koa, eta Arabaren kasuan 45koa.

Zifra hauen aldean, Bizkaian bada beti gazte mantentzen den herri bat, Hego Uriben kokatzen dena: Etxebarri. 10.000 biztanletik gora dituzten herrien artean populazio gazteena duena da, 41,6ko bataz besteko adinarekin, eta ez hori bakarrik: 0-19 urte arteko populazioa %23,8koa da, eta 0-14 urte artekoa %15,58koa.

Zein da, baina, Etxebarriren betiereko gaztetasun honen sekretua? Zein izan da azken hamarkadetako bilakaera eta zergatik da hain erakargarria familia gazteentzat?

20 urteko hazkunde etengabea

Etxebarriren egungo errealitatea ulertzeko beharrezkoa da ia hiru hamarkada atzera jotzea.

Duela 20 urte, 2005an, Metroaren lehen eta azken geltokia bilakatu zen Hego Uribeko herria. Lur azpiko garraiobidea iritsi zen, eta harekin batera etxebizitza dezente eraiki zituzten. Horrek kale paisaian aldaketa nabariak ekarri zituen: alde batetik azpiegitura berriak eraiki edo zeudenak hobetu ziren, eta familia berriek udalerria biziberritu zuten.

Eraldaketa hau metroaren eskutik heldu heldu zela ukaezina den arren, Josemari Aranburu etxebarritarrak herriak berezko dituen beste ezaugarri batzuk ere aipatu zituen GEURIAk ekainean argitaratu zuen “Etxe (eta) bizitzak” ale monografikoan: “Metroak eragina izango zuen, bai, baina nik uste dut ez dela izan faktore bakarra: izan ere, familientzako Etxebarri oso herri aproposa da, lasaia. Bizitzeko oso ona, umeentzako eta gaztetxoentzako bikaina. Eta hori Metroa heldu aurretik bazen”.

Aipatutako aldagaiez harago, kokapena ere bere alde du Etxebarrik; Bilbo eta Basauri artean, Bilbo Handia deritzonaren bihotzean.

Hiri handi batek dituen zerbitzuak eskaintzen ditu, eta aldi berean udalerri txikiago batek berezkoa duen lasaitasuna eta patxada ez du guztiz galdu.

Gainera, aldaketa guzti hauek herriaren nortasuna eraldatu dute, eta denboraren poderioz bere industria izaera galdu eta bizitegi udalerri izatera pasatu da.

Zentzu horretan, eta Josemari Aranbururen elkarrizketara bueltatuz, zera zioen herriaren azal berriari buruz: “‘Etxebarri’ izena primeran datorkio herriari, etxe gehienak berriak direlako. Basaurira banoa, badakit zeintzuk ziren bertako langileen etxeak —hala nola, Baskoniako langileen etxeak—; Etxebarrin, aldiz, ez da horrelakorik ia geratzen. Lagun batek esaten zuen: “Etxebarrin ez al zegoen langilerik ala?””, (barreak).

Datuetara bueltatuz, 1998tik 2023ra bitartean, Etxebarrik 952 biztanle irabazi ditu 0 eta 35 urte artean: 3.224tik (1998) 4.176ra (2023), INEren arabera. Pandemiara arte, 18 jaiotza zituen 1.000 biztanleko (gainerako udalerrietan baino nabarmen gehiago), eta 2009-2018 artean jaiotzak %40 baino gehiago hazi ziren.

Guzti honen ondorio argia da biztanleriari dagokionez eman duen jauzia: 2003an 7.500 biztanle bizi ziren bertan, eta 12.ooo inguru daude egun.

Gaztea da Etxebarri, hori diote zenbakiek, baina zer diote iraultza honetako protagonista handiek, alegia, gazteek? GEURIA herriko kuadrilla batekin batu da, eta Etxebarrin bizitzearen gazi eta gozoez aritu gara Aritz Arcega Aguirregabiria (2002) etxebarritarrarekin.

Haurrak protagonista kaletik

Ñabardura bat egiten du Arcegak ezer baino lehen: “Gazteentzako herri aproposa baino, esango nuke umeentzat dela herri ezin hobea. Etxebarriri buruz zeozer nabarmendu beharko banu hori litzateke, haurrak, umeak eta nerabeak ikusten direla beti kaletik”.

22 urte besterik ez ditu Aritz Arcegak, baina bizitza osoa darama Etxebarrin. “Jaio nintzenetik hemen bizi izan naiz”, dio harro. Etxebarri bere etxea da, eta urteak pasa ahala ikusi du nola aldatu den, eta aldaketa horiek zelako eragina izan duten bere bizitzan.

Aritzek dioenez, Etxebarriko gazte-giroa erakargarria da oso. “Esan dudan bezala, leku guztietan umeak eta gazteak ikusten dira; horrek herri bizia dela adierazten du”. Hala ere, aisialdirako eskaintza hobetzeko tartea badagoela uste du: “Agian zerbait falta da umeen aisialdia hobetzeko, ez soilik urteko tarte jakin batzuetan, urte osoan baizik”.

Eta Etxebarriko gazteen kasuan, non batzen dira, non izaten dute elkarren berri? “Batez ere tabernetan egoten gara” dio irribarrez. Zentzu horretan, gazte jendearentzat propio pentsatutako taberna edo gune baten beharra aldarrikatu Etxebarriko gazteak: “Beharrezkoa da, eta onura handiak ekarriko lizkiguke gazteoi”.

Udalerriaren beste indargune bat nabarmentzekotan, garraioa litzateke, zalantzarik gabe: “Bilbon bost minututan zaude”, dio Aritzek. Horrek aukera ugari ematen dizkie gazteei lanerako, ikasketarako eta aisialdirako.

Etorkizunari begira, Aritzek beste leku batzuk ezagutzeko gogoa du: “Beste nonbaitera joatea gustatuko litzaidake bizitzera, mundua ezagutzeko”, aitortzen du. Hala ere, Etxebarrik etorkizun polita eta erosoa duela uste du: “Denetarik egin dezakegu hemen”, dio baikor.

Etorkizunera begira, hainbat hobekuntza proposatu ditu, agian futbolzale senak gidatuta: “Futbol zelaia hobetzea gustatuko litzaidake, baita aisialdirako gune berriak sortzea eta gazteentzako tabernaren bat edukitzea ere”.

Amaitzeko, Aritzek adjetibo bakarrarekin definitu du bere herria: “argitsua”. Ez da hitz txarra, azken finean: bada gaztetasuna baino gauza argitsuagorik? Nekez.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Hego Uribeko C3 linea: Zerbitzuaren osasuna auzitan

Bilbotik Urduñara doan tren lineako 446 serieko trenera igo gara Basauri, Arrigorriaga eta Ugaotik igarotzen den zerbitzuak herritarrengan duen eragina ezagutzeko

|

Bidaiariak C3 lineako tren batera igotzen, Arrigoriagan // Geuria

Renfeko C3 linea Hego Uribe eskualdeko zenbait herritako bizkarrezurra da gaur egun. Bertako trenbideetatik igarotzen diren tren zuri-gorriek milaka pertsona garraiatzen dituzte egunero leku batetik bestera, Bilbo eta Urduña arteko herrietatik barrena.

Basauri, Ugao eta Arrigorriagako trenbideetatik igarotzen diren trenak egunero ikusten eta erabiltzen dituzten pertsonek soberan ezagutuko dituzte ibilbideko geltoki guztien, edo gehienen izenak. Bidaiari asko modu automatikoan igotzen dira, eserlekuetan eseri, musika ipini eta bidaia ere modu automatikoan egiten dute, linea honek ezkutatzen duen historia ezagutu barik.

Gaur egungo C3 lineak 162 urte ditu. 1863 urtekoa da. Kontuan izan beharrekoa da lurrinezko lehen lokomotora prototipoa 1804an sortu zuela Richard Trevithick ingeniariak. 21 urte geroago, 1825ean, lehen lurrinezko lokomotora sortu zuten Britainia Handiko Stockton-Darlington arteko linea betez. 1830ean, Liverpool eta Manchester hiri arteko linea inauguratu zuten.

Hego Uribera bueltatuz, C3 lineako trazadura originalak Bilbo eta Tutera arteko distantzia betetzen zuen 1863an. Gaur egungo tren zerbitzua aldirietako tren linearen parte da. Honek esan nahi du trenbide beretik bidaiariak zein merkantziak garraiatzen dituzten trenak igarotzen direla. “446 serieko trenak ditugu Hego Uribeko C3 linean, 1989 eta 1992 urteen artean Beasainen eraikitakoak”, azaldu dio GEURIAri Javier Castroviejo Bravok (Basauri, 2001).

“Heldu berri zirenean tren iraultzaileak izan ziren, aldirietako zerbitzuak eskaintzeko apropos diseinatu zen lehen trena, alegia”. 24 urte baino ez ditu Castroviejok, baina trenen entziklopedia hankadun batekin berba egitea bezalakoa da. “Tren bat ikusten dudan bakoitzean gelditu eta jubilatu edo ume batek egiten duen bezalaxe, horrelaxe egiten dut nik ere”.

Txikitan ez zen haurtzaindegira joan Javier eta amamak egunero eramaten zuen Basauriko Euskotreneko Arizko geltokiaren parean dagoen parkera. Tren bat zetorren bakoitzean korrika hurbildu egiten zen ikustera.

C3 lineako tren bat, Ugaora heltzen // Geuria

Trenetan, zaharrak berri

“Nire ustez tren oso onak izan dira C3 lineakoak, historikoki arazo gutxi eman dituztenak eta diseinatuak izan ziren zerbitzua eskaintzen egon direnak etengabe, ehundaka kilometro egin dituztenak egunero Aiaraldea, Hego Uribe eta Bilbo lotuz”.

Baina adinak ez du barkatzen: Bilbokoak bigarren sortakoak dira, 1991ean fabrikatutakoak. 34 urte dituzte. Gainera, Bilbotik Urduñara egin beharreko ibilbidea ez da laburra: 202 eserleku ditu tren unitate batek, eta zutunik joan daitezkeen bidaiariak gehituz guztira 759 pertsona mugitu ditzake. “Serie honetako trenek ez dute konketarik eta zaleen artean ‘Dodotis’ ezizenarekin dira ezagunak”.

Javier Castroviejo: “C3 lineako trenek ez dute konketarik eta zaleen artean ‘Dodotis’ ezizenarekin dira ezagunak”

Adinaren aje hauen ondorioz arazoak izaten dira ordezko piezak aurkitzerako orduan, hornitzaileek haien produkzioa eten dutelako jada, eta tailerrak behartuta ikusten dute euren burua originalak ez diren piezak muntatzera edo fabrikatzera berton.

Tren zaharrak daude linea zahar bateko trenbideetan barrena: 100km orduko gehiengo abiadura duten trenak dira. Trenaren lehen eta azken kotxeetako bogietan dauden korronte zuzeneko zortzi motoreek 2400kWeko potentzia ematen diete trenari. Baina Bilbotik Urduñara bidean abiadura 30 km ordura mugatzen duten 23 gune daude. Horregatik, makinistek ‘C30’ linea deitzen diote C3ari, Madrilgo autopistari erreferentzia eginez.

Bidaiariak, Arrigorriagako geltokian, trenera igotzen // Geuria

Segurtasuna eta irisgarritasuna

Trenen adinari eta bideko abiadura mugei segurtasun arazoak gehitu behar zaizkie. Segurtasunari dagokionez C3 lineako trenek ASFA Digitalarekin ekipatuak daude. Sistema honek lineako seinaleak atzematen ditu gidariari abisatuz eta automatikoki trena geldituz beharrezkoa balitz. ‘Gizaki hila’ izeneko pedala ere badute: gidariak 30 segunduro aktibatu behar du pedal hau trenari esateko bizirik jarraitzen duela. Ez egitekotan, automatikoki larrialdietako balazta aktibatuko litzateke.

Baina segurtasun neurri horiek ez dira nahikoak C3 linean, herritar batzuen arabera. Naiara Barcenas Perezek (Ugao, 1983) esperientzia traumatikoa bizi zuen 2024an. Urduñako jaietatik bueltan, C3 lineako tren batera igo zen bikotekidearekin eta umeekin batera, Ugaora itzultzeko.

Naiara Barcenas: “Treneko ateetan harrapatuta gelditu nintzen lau urteko umearekin. Ateak hiruzpalau aldiz zabaldu eta itxi ziren, norbaitek emergentzia botoia sakatu eta ateak zabaldu ziren arte”

Geltokira iristean hainbat pertsona jaitsi ziren trenetik, tartean haurrak zituen beste familia bat: “Aita jaitsi zen lehenengo, eta alaba jaistera zihoanean ateak itxiko zirelaren seinale akustikoa entzun eta berehala itxi ziren: neska labandu eta treneko eskaileran kolpe gogorra hartu ostean nasako zulotik jausteko zorian egon zen, baina aitak zorionez hartu zuen. Ni ateetan harrapatuta gelditu nintzen lau urteko umearekin, ateak hiruzpalau aldiz zabaldu eta itxi ziren, norbaitek emergentzia botoia sakatu eta ateak zabaldu ziren arte”.

Ugaoko tren geltokia kurba batean eraikita dago // Geuria

Ugaoko tren geltokia kurba batean eraikita dago eta ikusgarritasun arazoak izan ohi dituzte tren gidariek. Izan ere, duela urte batzuk Ugaora heldu zen tren batek ateak itxi eta emakume baten berokia harrapatu zuen. “Trena martxan jarri zen eta emakumea arrastaka eraman zuen, jaka askatzea lortu zuen arte”, gogoratu du Naiarak eta GEURIAri azaldu lez kexa mordoak ipini ditu. “Baina momentura arte egoerak berdin jarraitzen du”.

Merkantzia tren bat, Arrigorriagan // Geuria

Trenen beste arazo bat irisgarritasunarena da. Castroviejoren arabera Renferen arazo “larriena” da: “Nasa eta trenaren altuera desberdintasuna ia metro erdikoa da. Bidebietako geltokiaren kasuan gainera kurbaren peraltearekin tarte hau handiagoa da. 2019 urtetik aurrera egindako barrualdeko erreforman H plazak ipini zituzten gurpildun aulkientzat, nahiz eta hauek trenera sartzea praktikoki ezinezkoa izan”.

Javier Castroviejo: “2019 urtetik aurrera egindako barrualdeko erreforman H plazak ipini zituzten gurpildun aulkientzat, nahiz eta hauek trenera sartzea praktikoki ezinezkoa izan”

Bilbon zein Urduñako geltokietan eskaintzen da mugikortasun urrituta duten pertsonentzat laguntza zerbitzua gurpildun aulkia igotzeko plataforma baten bidez. “Hala ere zerbitzua ez omen da oso eraginkorra aurreko egunean eskaera egin behar delako, trenak eskaintzen duen ordutegi malgutasuna murriztuz”. Garraio sailburuak adierazi zuen orain dela aste batzuk froga pilotoa egingo dutela Bilboko zein Urduñako geltokietan nasari gehigarri bat jarriz trenaren altuera berdintzeko H plaza dauden ateetan. “Behin behineko soluzioa da, tren berriak heldu arte”.

Irtenbidea, trenbidean

Eskualdeko geltokietan irisgarritasun lanak eta hobekuntzak egiten ari dira trenetarako sarbidea errazteko. Bestalde, Renfek iragarri zuen 2025 eta 2027 bitartean 500 tren ipiniko zituztela, horietako 33 unitate Hego Uribeko linean: “Berriak ez dira izango baina gaurkoak baino berriagoak bai. Egun ditugun seriearen anai txikiak dira: 447 seriea 1992 eta 2001 urteen artean sortu zituzten. Kanpotik begiratuta ia berdinak dira, baina erdiko kotxea irisgarria da eta komuna du. Pantailak dituzte barnealdean ibilbideko geltokiak erakusten dituztenak eta haien abiadura maximoa 120 km/h koa da, baino ez dut uste bidaia denborak aldatuko direnik. Azkenengo hilabeteetan Donostiatik ekarritako serie berriago honen trenetan formakuntza jasotzen ari dira Bilboko gidariak, beraz seinale ona da”, azaldu du Javierrek.

Tren bat, Ollargango taileretara bidean // Geuria

Gainera, Zaragozatik ere 464 serieko Civis trena ekarri zuten frogak egitera. Berriagoa, 2004. urtekoa. Hauek ere komuna eta kotxe irisgarria dute. “Epe ertainean hauek ere heldu beharko lirateke Bilbora, baino momentuz ez dago argi noiz. 447 serieko trenak ekartzea errazagoa da, tailerretan eta bestelako instalazioetan egokitze lan oso gutxi egin behar direlako eta bi serieak aldi berean mantendu daitezkelako Ollarganen”.

Segurtasun eta irisgarritasun hobekuntzez gainera pandemia garaitik bertan behera utzitako ‘GauJaia’ tren zerbitzua berreskuratzea gura dute herritarrek ere, gazteek autoa alde batera utzi eta jaiegunetan lasai etortzeko. Etxerako lan horiek eginda, herritarrek beste modu batera begiratuko liokete C3 lineako tren-zerbitzuari.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Erreportajea | Guzur Aretxak 40 urte: alaitasuna eta militantzia

Guzur Aretxa Kultur Elkarteak 40 urte bete ditu aurten eta urriaren 31n eta azaroaren 1ean egitaraua antolatu dute. Lau hamarkada hauetan elkarteak izan duen bilakaera eta gaur egungo erronkez berba egin dugu eurekin

|

Guzur Aretxako zenbait kide, aurtengo Santakurtzen hasieran // Utzitakoa

Elexaldeko aretx zaharraren azpian herriko arbasoak hitz eta pitz elkartzen zireneko espiritua mantendu du urtez urte eta hamarkadaz hamarkada Guzur Aretxa Kultur Elkarteak. Aurten 40 urte bete ditu elkarteak eta urriaren 31n eta azaroaren 1ean egitarau oparoa antolatuko dute.

Besteak beste, bakarrizketak, DJak, memoria antifaxistaren aldeko mendi ibilbide gidatua, umeentzako puzgarria, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira Galdakaon urriko azken asteburuan. “Hasieratik argi izan dugun gauza bakarra formatua izan da. Ekitaldi eta anbizio handiko ikuskizunetaz urrundu eta gure inguruko jendearekin elkartu eta gozatzeko aukera izatea da gure asmoa. Eta horri begira hartu dira erabaki gehienak. Zentzu honetan, kantitatea baino kalitatea lehenesten saiatu gara, genero ezberdin zein genero disidentzien presentzia bermatuz, esaterako. Ane Lindane eta Raquel Torresen bakarrizketa izango dugu, Dj ezberdinak, Burdin Hesitik ibilbidea zapatu goizean, umeentzako puzgarriak, herri bazkaria, talde lokalak eta Samantha Hudson artista ezaguna, besteak beste!”, adierazi diote GEURIAri.

Azaroaren 1ean memoria antifaxistaren alde ibilaldi historikoa antolatu dute: “Guzur Aretxa beti egon da herrian sustraituta eta zentzu honetan, argi daukagu bidean aurrera egiteko nondik gatozen argi izan behar dugula. Helburu honekin, zapatu goizerako, burdin hesi ingurutik memoria antifaxista lantzeko bisita gidatua antolatu dugu herriko istorialari den Ander Aperribairen laguntzarekin. Benetan plazera izango da bere eskutik atzera begirada hori egitea eta gure arbasoek herriaren defentsan emandako guztia gurera ekartzea”, diote.

Batasunetik herria antolatzea

Guzur Aretxa Kultur Elkartea ez da soilik izen bat. Herri baten memoria, militantzia eta alaitasuna dira haren sustraiak. Lau hamarkada hauetan, errepresioari aurre eginez eta ospakizun kolektiboak sortuz, Galdakaoko bizitza sozial eta kulturalaren erdigunean egon da elkartea. “Guzur Aretxaren sorrera urtean, 1985ean, Euskal Herria krisi industrial gogor batek jotzen zuen, gatazka politikoa lehen lerroan zegoen eta GALek hainbat euskal herritar erahil zituen. Galdakaon, frankismo osteko testuinguru horretan antolatzen hasiak ginen, baita inguruko herrietan ere noski, baina oraindik ilegalizazio, jazarpen, atxiloketa eta gobernuaren konfiskazio politikaren mehatxua gainean genuela. Gure kideek ere, horrelakoak pairatu behar izan zituzten”, diote.

“Genero ezberdin zein genero disidentzien presentzia bermatuko dugu urteurreneko ospakizunetan”

Hutsune bat betetzeko sortu zuten elkartea: “Nazio ikuspegi ezkertiar konprometitu batetik, gizartearen espektro ezberdinak saretzera bideratutako ekintza herrikoiak eskaintzea, hain zuzen”, diote. “Garai haietan herria mugitzen hasia zen, eta Galdakaon elkarte batzuk martxan zeuden dagoeneko dinamika berriak egiten, hala nola, euskal dantzak edo futbola. Testuinguru horretan dena zegoen egiteko eta momentuan herrian somatutako hutsunea betetzera etorri zen Guzur Aretxa”.

Guzur Aretxa elkartearen helburuetako bat izan zen “herri proiektua osatzea”. Frankismoaren osteko testuinguru batean, askatasunaren beharra “uholdea” izan zela diote elkartekideek: “Hala ere, Francok “ondo lotuta utzitakoek” bere lanarekin jarraitzen zuten, eta errepresioa egunerokoaren parte zen: ilegalizazioak, atxiloketak, Intxaurrondo, La Salve… Egoera horretan, batasunetik herri bezala antolatuz erantzun zitekeela soilik argi genuen eta horretarako herri bezala sareak ehuntzera ekin genion. Herriaren erantzuna zentzu honetan ikaragarria izan zen eta kideen konpromiso eta sakrifizio maila, gaur egunera arte mirestekoa”.

“Azken 40 urteotan Euskal Herrian ezkerreko militante politikoa izateak prezio altua oraindu behar izatea suposatu izan du sarri eta Euskal Herri osoan gertatu modura, gure kide eta ingurukoek ere errepresioaren aurpegi guztiak ezagutu behar izan dituzte. Espainiako Audientzia Nazionalak Guzur Aretxa bera ilegalizatu zuen, besteak beste, jarduera kultural eta sozialarekin jarraitzeko elkartea birfundatzera derrigortzen”, esan dute. Ildo horretan, herriaren erantzuna “irmoa” izan dela gogorarazi dute: “Guzur Aretxaz haratago, ezker independentismoaren kontra izandako oldarraldi ezberdinen aurrean Galdakaok herri bezala irmotasunez erantzun izan du beti. Eta Guzur Aretxak ere, elkartasun militante horren beroa sumatu izan du. Horren aurrean, herriaren erantzuna elkartasuna izan da. Herritarron erantzunak posibilitatu zuen garai hartan, txanda eta lan boluntarioari esker, Herriko Taberna aurrera eramatea”.

Herri-ohiturak berreskuratzea

Galdakaoko Herriko Taberna 1988an sortu zuten, “Guzur Aretxako kideek egindako esfortsu pertsonal, ekonomiko eta militanteari esker”, diote. Era berean, elkartearen sorreratik hainbat eta hainbat ekintza antolatu eta antolatzen dituzte Guzur Aretxa elkartetik. “Konpromiso militante batetik antolatzen ziren ekintzak, baina ondo pasatzeko eta borroka alaitasunetik bideratzeko beharra zegoen, nola ez zen egongo ba! Zentzu honetan, Guzur Aretxak inauterietan aurrera eramaten zituenak ez ziren makalak izan! San Juan gaua —gaur egunerarte Mugurun mantendu dena, txokolatada barne—, Mugurun egiten ziren harezko gazteluen lehiaketak edota kaleetan zehar egiten ziren ur-guda zabalek herriko bazter guztiak aztoratzen zituzten”, diote.

Hamaika ekintza horiez gain, oraindik berreskuratu gabeko herri-ohitura bat dute buruan elkarteko kideek: “Guzurren Aretxa izena bera berreskuratzeke dugu oraindik. Elexalde inguruan herriko arbasoak txutxu-mutxuka aretxaren azpian elkartzen zireneko garaiari egiten dio erreferentzia izenak. Hizkimizki horiek, noski, euskaraz egiten ziren, behintzat euskaraz mintzatzearen arriskua handiegia ez zenean! Frankismoak, ostera, errepresioak, beldurrak, eta hizkuntzarekiko politika oso neurtuek, besteak beste, euskararen erabileran eragin zuzena izan zuten eta ukaezina da gaztelerak hein handi baten esparru zabalak irentsi dizkigula. Horretan, esaterako, talde eta herri modura, badugu oraindik premiazkoa den lan handia egiteko”, diote.

Gizartearen aldaketa

Lau hamarkada hauetan Galdakaok eta oro har Euskal Herriak aldaketa nabarmenak izan dituzte. Eta Guzur Aretxaren egitekoa 40 urte hauetan ere aldatu egin da. “Zoriononez eta borroka luzeen ondorioz, urte hauetan eta bereziki arlo zehatz batzuetan, gizartearen salto kualitatiboa nabarmena izan da eta honen adibide garbia da esaterako, Guzur Aretxak, bere lehentasunen artean, Transmaribibollo borroka ere hartu izana. Horrela, naziogintzan, kulturan edota gizarte esparru edo kolektibo ezberdinak artikulatzearen alde egiten ditugun ekarpenetaz gain, Galdakaon transfeminismoan ekarparpen errealak egiteko antolatzen ari gara. ‘Denak ala inor ez’ horren barruan, denak gaudelako”, diote. Elkarte bezala Guzur Aretxak herriari “eskaintza zabala” egiten diola nabarmendu dute elkarteko kideek: “Hor ditugu orain gutxi jaietan antolatutako ekintza sorta edo txosna bera, urtean zehar antolatutako hitzaldi, aurkezpen edo eztabaida irekiak, Agate Deuna, Euskal Presoen aldeko urtarrileko manifestazioari urtero egiten diogun ekarpena, Ekainak 28 eta esku artean dugun jaialdia, adibidez. Edozein kasutan, herriari egiten diogun ekarpenaren zati bat, beste eragile batzuentzat laguntzaile izaten saiatzetik datorrela uste dugu. Zentzu honetan, ditugun baliabideak aliatu bezala hartzen ditugun herri mugimendu ezberdinen esku uzten saiatzen gara”, diote.

Konpromisoaren balioa

Guzur Aretxa hamarnaka kidez osatuta dago gaur egun eta denentzat “konpromisoa, elkar-zaintza, saretzea, militantzia eta elkarlana” suposatzen du elkartearen parte izateak: “Momentu on asko bizi ditugu, eta askotan erantzukizun handia suposatu du guretzat pertsonalki Guzur Aretxako kide izateak”.

“40 urteotan ezkerreko militante politikoa izateak prezio altua ordaintzea suposatzen zuen: gure kide eta ingurukoek ere errepresioaren aurpegi guztiak ezagutu behar izan dituzte”

“Aurreko belaunaldiek egindako lanak ekarri du Guzur Aretxa gaur egunera arte eta lan horri, gaur eguneko testuinguru politiko eta sozialean jarraipena ematea, borroka ezinegon berriei ere bide emanez eta hurrengo belaunaldientzat borrokarako tresna erakargarria uzten saiatzeak erantzukizuna suposatzen digu sarri. Uko egin ezineko erronka”, diote.

Belaunaldi berriei zein balio transmititzen dizkioten ere galdetu diegu Guzur Aretxako kideei: “Transmititu nahiko genukeen baliorik nagusiena agian konpromisoa litzateke; herri aske batean bizitzera eramango gaituen borrokarekiko, kulturarekiko eta hizkuntzarekiko, transfeminismoarekiko, munduko askapen borroka ezberdinekiko, faxismo, arrazakeria eta kapitalismo basatiaren kontrako borrakarekiko konpromisoa, hain zuzen”, diote.

Ezkur berri bila

“Belaunaldi berriak zein belaunaldi zaharrak motibazioagatik mugitzen gara. Eta hor dago gure erronka. Eguneroko lanak sortzen du erakusleihorik handiena eta kideen arteko zaintza eta errespetuak definitzen ditu militanteon arteko erlazio eta egunerokoa. Hemen dago gakoa gure ustez. Orain dela 30 urteko dinamikek gaur egun zergatik ez duten funtzionatzen galdetzen diogu sarri gure buruari, eta gazteei inplikazio faltari egozten diogu. Belaunaldi berriek, eurak nahi duten hori egiteko espazioa behar izaten dute, ez besterik. Eta Guzur Aretxaren helburuetako bat hori da, belaunaldi berriei egin nahi duten hori egiteko beharrezkoak dituzten baliabideak euren esku jartzea. Gure erronka? Gure espazioa euren espazioa dela ikusaraztea. Balio dezala bozgorailu honek [GEURIAk] gurera hurbiltzeko gonbidapen ofizial modura”, diote. Oraindik elkartea ezagutzen ez dutenei hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute Guzur Aretxatik: “Etor daitezela konpromiso barik eta lagun gaitzatela sarea zabaltzen! Esaterako, urteurrenaren antolakuntzan edo txanda lanetan laguntzeko prest egonez gero, boluntario bila gaude eta besoak zabalik hartuko zaituztegu! Hurbildu gurera edo kontaktatu sareen bidez beldur barik”. Era berean, duela 40 urte lehehengo Guzur Aretxaren ezkurra landatu zutenak gogoan izan dituzte egun elkartean dauden kideek: “Gure miresmena eurei. Euren borrokak ekarri gaitu gaur egunera”. Eta belaunaldi berriarentzat ere mezua zabaldu dute: “Astindu dezatela Aretxa behingoz ezkur berri bila eta erein ditzatela enbor beretik kimu berriak”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Loraldiaren marea gora Zaratamoraino helduko da

Bai Ruperrek eta bai Itoiz taldeak lotura daukate Zaratamorekin, lehenak aspaldikoa eta bigarrenak egungoa ere

|

Loraldia Plazaren aurkezpena // Geuria

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan, ‘Marea Gora’ lelopean.

Horien artean, esanguratsuenak dira ‘Itoiz, Udako sesioak’ dokumentalaren proiekzioa Elexaldeko Kultur Etxean, urriaren 17an, eta Ruper Ordorikaren kontzertua hurrengo egunean, Arkotxako elizan.

Bitxia bada ere, bai bakarlari oñatiar handiak eta bai 80.hamarkadan euskal musika irauli zuen taldeak badute lotura Hego Uriberekin. Eta baita Zaratamorekin ere, irakurleari harrigarria suerta dakiokeen arren . Lotura hori nondik datorren? Lau hamarkada atzerago jo behar dugu, Basauriko Pozokoetxe auzora.

Basaurin hautsi zen anphora

2015ean GEURIAri emandako elkarrizketa batean Ruper Ordorikak Basaurirekin zeukan loturaren nondik norakoak azaldu zituen: “Unibertsita­tean nenbilenean Bilbon, Pozokoe­txeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez”. Bizi bakarrik ez, orduko gizartearen eta herriaren egunerokotasunean murgildu zen Ordorika: “Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitate­ko ikasketak egiten ni­tuen bitartean. Lagun batekin batera irakas­ten nuen euskara gure kabuz, inolako erakun­deren parte izan gabe”.

Orduko Basauri uger eta kedarrez beteaz galdetuta, zera erantzuten du oñatiarrak: “Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indar­tsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da”.

Sormenerako tartea ere izan zuen Ruperrek, garai hartakoa baita ‘Hautsi da Anphora’ diskoa: “80. hamarkadaren inguruan Ber­nardo Atxaga Bilbora bizitzera eto­rri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musika­tu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez niz­kion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoe­txeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen”.

Basauri eta Galdakao aipatu ditugu, baina ez Zaratamo. Hiru herriak lotzen dituen haria zein den ezagutzeko orain aldira salto egin behar dugu, aurtengo Loraldiaren aurkezpen prentsaurrekora, hain zuzen ere.

Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak, zera zioen: “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.

‘Alkolea’, Txabiri tabernan

Itoizi dagokionez, Zaratamo taldearen iraganean eta taldekideetariko baten orainean ageri da. Jo dezagun berriro Ugarrizak esandakora: ‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketa saioak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren. Bertan mokadutxua egin eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte”.

1982.urtean argitatu zuen “Alkolea” diska Itoizek, orain dela 43 urte, eta bertan “Marylin:sagardotegia eta jazzmana” bezalako abesti ezagunak aurki ditzazkegu. Baina zer zerikusi du arrosa eta krabelindun Marilynek egungo Zaratamorekin? Erantzuna aurkitzeko GEURIAra jo dugu berriro, 2022ko elkarrizketa batera.

Orduko hartan, Bostak eta Laurden taldeko kide Jose Garatek Hego Uribeko komunikabidearen galderei erantzun zien, beste taldekideekin batera. Zaratamon egiten du hitz ordua taldeak, astelehenero, eta 17:15etan, noski. Jose Garate, dena esate aldera, Itoiz taldeko kidea izan zen, ‘Foisis’ ezizenez ezagunagoa.

Urriaren 17an hurbilduko da Garate Juan Carlos Perezekin batera, eta dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute. Jorratuko dituzten gaien artean, ziur hizpide hartuko dutela musika egitearen atzean dagoen barne bulkada edo pasioa. Garatek berak zera zioen 2022ko elkarrizketa hartan: “Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik”.

Ruperrek anphora hautsia atera zuen lokaletik, Itoizek alkolea, eta bi disko horien sorkuntzan, modu xume batean bada ere, presente egon ziren Hego Uribeko herriak.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna