☉ Arrigorriaga
Arnatz Puertas arrigorriagarrak Tennessee Williamsen ‘Kristalezko Zoo’aren moldaketan hartuko du parte
Arrigorriagako aktorearekin berba egin du GEURIAk, datozen egunetan Arriagan estreinatuko duen obraren nondik norakoak ezagutzeko

Martxoaren 21etik 23ra Tenneessee Williamsen Kristalezko Zooa maisulanean oinarritutako “istorio berri bat” plazaratuko dute Bilboko Arriaga antzokian, Natalia Menendezen zuzendaritzapean. Antzezlan honen estreinaldia izango da euskaraz eta erdaraz.
Lan taldearen, antzezleen artean zehazki, Arnatz Puertas aktore arrigorriagarra ageri da Mikel Losada, Ione Irazabal eta Miren Gaztañagarekin batera.
Arnatz iaz Ramon Barearen ‘La lucha por la vida’ antzezlanean egin zuen lan Madrilgo Español antzokian. Lan hartatik heldu zitzaion Natalia Menendez zuzendutako azken obra honetan lan egiteko aukera, Ione Irazabalekin batera: “Oso gustura nabil Nataliaren zuzendaritzapean eta oso erraza izaten ari da berarekin zein gainontzeko aktoreekin lan egitea”, azaldu du Arrigorriagako aktoreak. “Nire proposamenak ere jaso ditu eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da”.
Moldaketatik harago
Ameriketako hogeita hamarreko hamarkadaz hitz egingo duen muntaia plazaratuko dute Bilboko teatroan. Konbentzionalismoetatik ihes egin nahi du, eta Tennessee Williamsek nahi zuenetik hurbil dagoen askatasunerantz jo, gaur egun guk ulertzen dugun askatasunerantz.
Arnatz Puertas: “Jendeak, orokorrean beldurra die obra klasikoei, baina Kristalezko Zooaren honekin ez da hori gertatzen”
“Jendeak, orokorrean beldurra die obra klasikoei, baina Kristalezko Zooaren honekin ez da hori gertatzen”, gehitu du Arnatzek. “Testua berez ez da aldatu. Egia da moldaketa batzuk egin dituela Nataliak baina benetan harrigarria da duela 80 urteko obra batek hainbeste antzekotasun izatea gaur egungo gizartearekin: bertaan kontatzen den familiaren egoera… den dena hurbil sentitu egiten da. Entseguetan, gainera adin askotako pertsonak egon dira eta horrek, nolabait, erakutsi egin digu Kristalezko Zooaren antzezpen hau, publiko helduaz gainera bestelako adin tartera hel daitekeela arazo barik”.

Arnatz, antzezlaneko gainontzeko aktoreekin // Arriaga Antzokia
Halaxe berresten du obraren sinopsiak: “Leku horretatik hobeto egin ahal izango diogu aurre proposatzen duen errealitate poetikoari, eta bizitasun eta sakontasun handiagoz adierazi lan horrek eskaintzen duen guztia, edo, behintzat, horretan saiatu”, azaldu dute Arriaga antzokitik. “Kontua ez da bestelako istorio bat sortzea, baizik eta istorio berri bat proposatzea”.
Obraren estreinaldia euskaraz zein erdaraz izango da eta Puertasek azaldu du horretarako lan bi egin behar izan dituztela: “Erronka handia izan da niretzat. Azken batean, obra berdina bada ere testuak hizkuntza bitan barneratu behar izan ditugu bertan parte hartu dugun aktoreok eta horrek lan handia eman digu”.
Sarrerak teatroarriaga.eus webgunean eros daitezke.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek greba berri bati ekingo diote, bizi dituzten lan baldintzak salatzeko
Otsailaren 12an hasiko dute greba. Gainera, langileek sinadura bilketa abiarazi dute 24 orduko erizaintza zerbitzua eskatuz eta nominetan dituzten arazoei konponbidea emateko

Domus VI Taldeak kudeatzen duen Arandia adinekoen egoitzako langileek greba berri bat hasiko dute otsailaren 12an, ELA sindikatuak deituta.
Gaur eguerdian, 11:30ak aldera, Arrigorriagako udaletxera hurbildu dira egoitzako langile batzuk, bizi duten egoera salatzeko.
Langileek “benetako konponbideak” eskatzen dizkiote enpresa buruei eta azpimarratu dute profesionaltasunez, arduraz eta konpromisoz lan egiten dihardutela, gaur egun dituzten lan-baldintzak kontuan izanik. Langileen arabera, “enpresak ez ditu inolako konponbiderik eskaini langileen etengabeko salaketa eta ohartarazpenen aurrean”, eta hurrengo egunetan greba egun gehiago deituko dituztela iragarri dute.
“Egoera jasangaitza da”, gogorarazi dute. “Aldarrikapena argia eta legitimoa da: zaintzen dituztenak zaindu behar dira, lan-osasuna ezin baita alde batera utzi”.
ELAko bozeramaileen arabera, egoitzako langileek hainbat arazo bizi dituzte gaur egun. Horietako bat iazko otsailaren 3an martxan ipini zuten arrisku psikosozialen ebaluazioa da: “Lehen fasearen emaitzek lanaren ondoriozko gehiegizko lan-kargak eta osasun-arazoak antzeman ondoren, prozesua hilabetez luzatu zen, neurri zuzentzailerik hartu gabe”, azaldu dute sindikatuko bozeramaileek.
ELA: “Langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi; baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”
2025. urtearen amaieran, enpresak bukatutzat eman zuen ebaluazioa, eta 2026ko urtarrilaren erdialdean ebazpena eskuragarri egongo zela iragarri zuen. “Gaur egun, 2026ko urtarrilaren 28an, plantillak ebazpen hori jaso gabe jarraitzen du, beraz, lan-kargak zuzendu gabe eta prebentzio-neurririk aplikatu gabe jarraitzen dute”.
Beste arazo bat langileen nominak dira ELAren arabera. “Joan den urtarrilaren 1eko eta iazko abenduaren 25eko jaiegun bereziak gaizki ordainduta edo zuzenean ordaindu gabe agertzen dira. Jaiegun arruntak ez ditugu kobratzen, bi nominaren sistemak nahasmena, segurtasunik eza eta gardentasunik eza eragiten ditu, horietako bat hurrengo hilean ordaintzen baita, nahiz eta aurreko hilabeteari dagokion. Hori dela eta, emakume langileek itxaron egin behar dute akatsak detektatu eta erreklamatu ahal izateko. Lan taldeak nomina argiak, ulergarriak eta irakurgarriak eskatzen ditu, kobratutakoa behar bezala egiaztatu ahal izateko”.
Sindikatuaren arabera, langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi: “Baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”, argitu dute.

Sinadurak biltzeko dokumentua // Geuria
Sinadura bilketa, martxan
Egoerari konponbide bat emateko ahaleginetan, langileek sinadura bilketa bat hasi dute eskaera birekin: alde batetik, erizaintzako arreta eguneko 24 orduetan eskatzen dute. 24 orduetan kontratazioa hobetzea, gerokultore-, gaueko zeladore- eta garbiketa-ekipoen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuz, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko.
Bestalde, jaiegunen ordainketa zuzena eskatzen dute ere, bai egun bereziak, bai ordinarioak. “Nominak argi eta garbi ulertu behar dira, kobratutako dirua modu gardenean egiaztatu ahal izateko”.
☉ Arrigorriaga
Pole Dance ikastaroa antolatu dute euskara hutsean Arrigorriagan, gorputzaren kontrola lantzeko
Saioak otsailaren 10ean, 17an eta 24an eta martxoaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n eskainiko ditu Garazi Abraldes Azkorbebeitia dantzari eta irakasleak

Lamiaenak Pole Dance ikastaroa antolatu du euskara hutsean otsaila eta martxoan zehar, gorputzaren kontrola, malgutasuna eta indarrea lantzeko.
Tailer honen bitartez Pole Dance jarduera ezagutuko dugu. Hau da, barra bertikal finko baten gainean burutzen den jarduera fisikoa. Bertan ikasiko ditugu gorputzarekin eginiko irudi eta formak, biraketak…etb. Emakumeon artean espazio seguru bat sortu eta geure gorputzekin harremanduz disziplina berri bati aukera emango diogu.
Saioak otsailaren 10ean, 17an eta 24an eta martxoaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n eskainiko ditu Garazi Abraldes Azkorbebeitia @thegoddessmedusa’k (Durango, 1999) 19:00etatik 20:00ak bitartean, Lamiaena emakumeen etxean. Interesdunak Lamienarekin harremanetan ipini beharko dira lamiaena@arrigorriaga.eus helbidera idatziz edo 747 444 898 telefono zenbakira deituz.
Zinemaren erotismoak itsututa, Abraldes 2019an murgildu zen Pole Dancearen munduan Garazi. “Iruditzen zait pole dancea askotan mugatu izan dela estereotipo jakin batzuetara; stripper eta gogo roletara edo testuinguru sexualizatuetara”, azaldu du durangarrak behin baino gehiagotan. “Gaur egun, hori aldatzen ari da, diziplina hau zabaldu delako espazio eta jende gehiagorengana”.
Garazik Bilbon klaseak hartzeaz gainera (@poledancebilbao) irakasle lez ibili da pole danceko ezagutzak zazpi haizetara zabalduz, “Exotismo eta erotismotik harago: “Hori baino askoz gehiago da Pole Dancea: kirol-mundu izugarria da eta entrenamendu handia dago horren atzetik”.
Antzinako jatorria
Pole danceak mende asko ditu. Hala ere, gaur egun ezagutzen dugun pole dance forma modernoa ikuskizunaren eta entretenimenduaren munduarekin harremanatuta dago.
Aditu batzuen arabera, pole dance-aren jatorria antzinako Indian dago, han ‘Mallakhamb‘ izeneko dantza modu bat bezala praktikatzen baitzen. Praktika hori zurezko zutoin batean akrobaziak eta oreka-posizioak egitean zetzan. Mallakhamb arte sakratutzat jotzen zen eta, askotan, gizonezko artistek praktikatzen zuten.
Urteek aurrera egin ahala, pole dance-a zirkuko ikuskizunen parte bilakatu zen. XIX. mendean, Europako zirkuko artistak metalezko zutoin bertikalak erabiltzen hasi ziren beren ikuskizunetarako. Zirkuko artistek trikimailu akrobatikoak egiten zituzten barran, beren indarra eta bizkortasuna erabiliz entzuleak liluratzeko.
Erotismoaren eremutik igaro izan bada ere, azken hamarkadetan, pole dance-ak benetako berpizkundea izan du fitness-forma gisa. 1990eko hamarkadan, pertsona asko barran dantzatzen hasi ziren, sasoian mantentzeko eta indarra eta malgutasuna hobetzeko modu dibertigarri gisa. Pole dance klaseak mundu osora zabaldu dira eta adin guztietako emakumeak eta gizonak erakarri dituzte.
☉ Arrigorriaga
Boxeo eta K1 Gaua antolatu dute asteburu honetan Arrigorriagan, herriko borrokalariekin
Hitzordua urtarrilaren 31n izango da, “adrenalina eta emozioz beteriko gaua”, antolaketa taldetik azaldu bezala

Arrigorriagako Udalak eta Sac Box Teamek Profesional eta amateurren Boxeo Gaua prestatu dute 2026ko urtarrilaren 31n, Arrigorriagako frontoian.
“Kolpeak baino askoz gehiago, errespetua eta baloreak aldarrikatuko dituen ekitaldia izango da”, iragarri dute Udaletik. Izan ere estereotipoetatik aldentzea helburu duen kirol erakustaldi honetan Imanol Garcia eta Oier Barriocanal arrigorriagarrek hartuko dute parte, herriko gimnasioko boxealariak biak.
K1eko bost borroka amateur eta boxeoko beste bost egongo dira. Amaieran borroka profesional bat egongo da kiroldegian ipiniko duten ringean.
Ateen irekieta 16:20etan izango da eta 17:00etan hasiera emango diote txapelketari. “Adrenalina eta emozioz beteriko gaua izango da!”, iragarri dute antolaketa taldetik.
Arrigorriagako Udala: “Kolpeak baino askoz gehiago, errespetua eta baloreak aldarrikatuko dituen ekitaldia izango da”
Sarrerak 10 euroan daude eskuragarri 678 158 545 telefono zenbakira deituz. Pisaketa publikoa aurreko egunean egingo da, urtarrilaren 30ean, 19:00etan, Paradise tabernan.
“Horrelako gaualdi bat, 10 euroan eta Arrigorriagan, inoiz egin ez den lekuan, aukera paregabea da”, nabarmendu dute Sacboxetik. “Pilotalekua bete nahi genuke eta kirola gustuko duen jendearentzat gauza ezberdinak ekar daitezkeela erakustea”.
☉ Arrigorriaga
Otsailaren 22an antolatu dute Arrigorriagako Herri Krosaren 25. edizioa
Txikien krosetan parte hartzea doakoa izango da, eta Herri Krosa Laburra zein Klasikoan parte hartzeko dortsal bakoitzak 2 euroko prezioa du

Arrigorriagako Herri Krosaren mende laurdenaren edizioa antolatu du Urbiko Triatloi Taldeak datorren otsailaren 22an, eta izena emateko epea zabalik dago urbikotriatloi.com webgunean.
Hitzordua 12:15ean ezarri dute eta urtero lez, lau kategoria antolatu dituzte gaztetxoentzat Herri Krosa laburra eta klasikoa hasi baino lehen:
Ordutegiak | Arrigorriagako Herri Krosa 2026
11:00 Txiki A (250mt)
11:10 Txiki B (500mt)
11:25 Txiki C (1.000mt)
11:45 Txiki D (1.5000mt)
12:15 Herri Krosa Laburra (4.700mt)
12:15 Herri Krosa Klasikoa (11.500mt)
Txikien krosetan parte hartzea doakoa izango da, eta Herri Krosa Laburra zein Klasikoan parte hartzeko dortsal bakoitzak 2 euroko prezioa du. Gogoratu beharrekoa da Arrigorriagako proba honek izaera solidarioa duela: dortsalen truke higiene pertsonaleko produktuak (xanpua, gela, konpresak, pixoihalak, etab.) eman behar dira Arrigorriagako Elikagai-Bankurako.
Dortsalak hartzeko momentuan jasoko dituzte Arrigorriagako Elikagaien Bankurako produktuak, udal kiroldegiko frontoian. Urbiko Triatloi Taldetik gogorarazi dute lasterketaren egunean ez direla izen ematerik egingo; dortsal banaketak soilik.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gure Altzoan Zaintza sareak datozen hilabeteetako jardueraz betetako programa iragarri du
Eneamatxo Proiektuko Eneritz Perez Alluek eskainiko dituen saioez gainera, datozen hilabeteko doako saioak iragarri dituzte

Altzoan Zaintza Sareak jardueraz betetako programa iragarri du hurrengo hilabetei begira.
Arrigorriagako elkarteak urteroko jarduerei heldu die: haurdunentzako programari dagokionez, helburua emakume horiei testuinguru hurbilean sostengua ematea da.
Horregatik prestatu dituzte duela egun batzuk GEURIAn iragarritako edoskitzearen inguruko tailerra, ‘Baby-Led Weaning’ edo BLW metodoaren ingurukoa, apirilaren 23an, eta haurraren loaren inguruko saio berezi bat. Programa honetako saioak Eneamatxo Proiektuko Eneritz Perez Alluek eskainiko ditu doan. “Familia osoarentzat oso egokiak dira saio horiek, eta amaren osasun fisiko eta mentalerako ere”, azpimarratu dute elkartetik. Saio horiek Lamiaenan antolatu dituzte 17:00etan.
Bestalde musika tailerrak ere aurrera doaz. Gordon metodoaren bidez irakasten diete lengoaia musikala haurrei. “Musika ikaste baino, helburua adierazpen emozionala eta gorputz adierazpena bideratu eta familian ekintza bat burutzea da, helduak eta haurrak konektatuz”. Abestiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
Egutegia | Altzoan Zaintza Sareko beste ikastaro eta tailerrak
Gainontzeko jarduerei dagokienez, Familia Topagunearen programan kokatu beharreko doako saioak dira. Horiek Edurne Garitazelaia kultur etxean antolatu dituzte eta doako zaintza zerbitzua eskainiko dute Kilimusi Eskaut Taldeko kideek, aurretiaz erreserbatuz. “Aurten sarea sendotzen eta elkarlana egiten ibili gara Arrigorriagako eragile batzuk eta lotura polita sortu dugu Kilimusi taldearekin”, azpimarratu dute Altzoanetik.
Otsailak 25, asteazkena
Nola hitz egin sexualitateaz haurtzarotik
Martxoak 25, asteazkena
Nola egin harrera anai-arreba berri bati
Apirilak 16, osteguna
Autoexijentzia eta errua ama-aitatasunean
Maiatzak 27, asteazkena
Txikiengan pentsamendu kritikoa sustatzea
Ekainak 8, astelehena
Lagun egite emozionala ipuinen bidez
Izena emateko altzoansarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute interesdunek.












