☉ Arrigorriaga
Arrigorriaga BHIko Oier Escalante eta Jurgi Onandi, Chillida Matematika Olinpiadetan 12 onenen artean
141 lehiakide inguru izan dituen txapelketan, 12 onenen artean gelditu dira biak. Sariak ekainaren 2an jaso dituzte Gasteizen

Ekainaren 2an egin dute Eduardo Chillida XIX. Matematika Olinpiadaren sari banaketa ekitaldia Gasteizen, Lakuan, eta bertan egon dira Arrigorriaga Institutuko Oier Escalante Aranguren eta Jurgi Onandi Manterola. DBHko bigarren mailako ikasleek maiatzaren 13an jokatu dute probaren azken fasea, eta 141 lehiakide inguru izan dituen txapelketan, 12 onenen artean gelditu dira biak.
“Oso maila ona dute”, onartu du Alex Aginagalde Arrigorriaga BHIko zuzendariak eta matematikako irakasleak: “Adibidez, lehiaketa honetan lehenengo gelditu den ikasleak [Iciar Barrio Corral] Espainiako Olinpiada Matematikoen taldekako faseko lehen postua lortu du aste bukaeran”. Horrela, arrigorriagarrak lau postu gorenetara heldu ez badira ere, maila altuko gainontzeko ikasleekin lehia estuan egon dira. “Alfabetikoki ordenatu dituztenez, ez dakigu zehazki zein postutan egon diren, baina 5etik 12ra bitartean”.
Horretarako erakutsi behar izan dituzten jakintzak, gainera, ikasgelan lortu dituztenak baino gehiago izan dira. Otsaila eta martxoa bitartean, Arrigorriagako ikastetxean egin dute neska-mutilek bigarren fasera pasea lortzeko azterketa. Bertan, hainbat ezagutza neurtu behar izan dituzte: “Ez dira klaseko ariketak, lau problemako proba baizik, DBHko bigarren mailara egokituta dagoena: logika, geometria… Denetarik pixka bat”.
Proba horien emaitzak mintegiko ikasleek ebaluatu dituzte, eta mailarik onena erakutsi duten hiru ikasleak hautatu dituzte maiatzeko azterketarako. Hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan egin behar izan dute. Guztira 55 ikastetxeko 141 ikasle heldu dira azken fasera: 29 Arabakoak, 62 Bizkaikoak eta 50 Gipuzkoakoak.

Olinpiadetako 12 sarituak ekainaren 2ko sari banaketan // Irekia
Sailkapen osoa
Horien artean puntuazio altuenak lortu dituzten lauak honakoak izan dira:
- Iciar Barrio Corral. Pureza de Maria ikastetxea, Bizkaia
- Mikel Piñole Pastor. Esclavas S.C. Fátima, Bizkaia
- Luken Ortiz de Zarate Fernandez. Larramendi Ikastola, Bizkaia
- Aiora Jauregi Pagaldai. Beasain BHI, Gipuzkoa
Hurrengo zortziak (tartean, Arrigorriagakoak) zerrenda alfabetikoan aurkeztu dituzte:
- Saioa Aldezabal. Goikoetxea Orereta Ikastola, Gipuzkoa
- Unai Blanco Mensuro. Eguzkitza BHI, Gipuzkoa
- Julen Gastañares Ruiz. Miguel de Unamuno BHI, Araba
- Jorge Hernandez Barcena. Esclavas S.C. Fátima, Bizkaia
- Adriana Martinez Vivanco. Padre Andrés Urdaneta, Bizkaia
- Jurgi Onandi Manterola. Arrigorriaga BHI, Bizkaia
- Oier Escalante Aranguren. Arrigorriaga BHI, Bizkaia
- Yi Ye. Laudio BHI, Araba
Lakuako ekitaldia
Sari banaketa ekitaldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Amaia Agirre Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria eta Luis Chillida, Eduardo Chillida eskultorearen semea eta Fundazioko presidentea egon dira. Hirurek esker oneko mezuak izan dituzte ikasleekiko. Bildarratzek, gainera, neska-mutilen gurasoek eta irakasleak ere zoriondu nahi izan ditu: lehenengoak, “umiltasunez betetako harrotasun horregatik, hau bezalako espazio batean seme edo alaba bat edukitzeagatik”; eta institutuetako arduradunak, berriz, egunero egiten duten lanagatik: “Irakasleak geletara joaten direnean, ikasleekin elkarbizitza eta elkartrukea mantentzen dute, gazteen interesari eta ikasteko nahiari bizirik eusteko”.
Halaber, mota horretako ekintzen bidez matematikei eman nahi dieten bultzada ere nabarmendu du Hezkuntza sailburuak, STEAM deritzen jakintzen eremua lehentasunezko jardun arloa baita “etorkizunean eta enplegagarritasunean”. Ezagutza adar horretara, bereziki, neskak erakartzeak duen garrantzia azpimarratu du Bildarratzek.
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.
Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.
LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria
Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.
LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”
Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko elkarretaratzea urriaren 27an egingo dute
Elkarretaratzea 19:30ean izango da Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan

“Lan, bizi, pentsioa duinak” plataformak elkarretaratzea deitu du datorren urriaren 27an, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko.
Istripuaren ondorioz 45 urteko langile bat hil egin zen: “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik eta gaur bertan elkarretaratze bat egin dute Arrigorriagako Arane auzoan (Heidelberg enpresaren sarreran), eguerdian.
“Laneko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala ez ezartzeak, produkzio presioak eta pisu handien edo errotazio-piezen eraginpean egoteak handitu egiten dute harrapatuta edo zapalduta egoteagatik istripu larriak izateko aukera”, azaldu dute ELAko bozeramaileek. “Horrelako lanetarako, etengabeko prestakuntza behar da laneko arriskuen prebentzioan, eta blokeo eta seinaleztapen protokoloak zorrotz aplikatu behar dira martxan dauden ekipoetan edozein esku-hartze egin aurretik”.
Sindikatuak argitaratutako datuen arabera, 2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz: “Bizkaian, zehazki, 9 pertsona hil dira. Industria-sektoreak, eta, bereziki, zementuaren eta deribatuen fabrikazioak, arrisku maila handiak ditu, makina astunak, doitasun erremintak eta mantentze lanak etengabe erabiltzen baitira, eta horrek mugitzen ari diren ekipoekin zuzeneko kontaktua izatea eskatzen du”.
ELA: “2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Heriotza horietako 9 Bizkaian izan dira”
“Lan heriotza bakoitza ez da halabeharrezko ezbehar bat: enpresen erabakien, prebentzioan egindako murrizketen eta kontrol instituzional ezaren emaitza da. Ezin dugu jarraitu normalizatzen langileek beren bizitzarekin ordaintzea zementuaren, burdinaren edo enpresa etekinen prezioa”, azaldu dute sindikatutik.
“Laneko ezbeharrak egiturazko eta erakundeetako indarkeria mota bat dira. Premiazkoa da ikuskapenak indartzea, legea betetzen ez duten enpresen zigorrak handitzea eta langileon bizitza eta osasuna politika ekonomiko eta produktiboaren erdigunean jartzea.”
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte
Malmasingo Lagunak elkarteak eta Arrigorriagako Udalak antolatutako bisita gidatuak azaroaren 2an antolatu du bisita gidatua herriko erreferenteak diren auzo bietan barrena

Malmasingo Lagunak elkarteak, Udalarekin batera Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu azaroaren 2an.
“Oraingo honetan, gure herriaren bilakaera markatu duten bi guneren historiara hurbilduko gara: La Mutual (San Juan) eta Osasun eta Higiene auzoak”, azaldu dute elkartetik. “Biak erreferenteak dira, ez bakarrik ondarearen eta arkitekturaren ikuspegitik, baita herrian nortasdun eta presentzia berezia duten auzo gisa ere”.
Saioa elebiduna izango da eta 12:00etatik 13:30ak arte antolatu dute. Geralekua Arrigorriagako osasun zentroa izango da (Urgoiti pasealekuko 10. zenbakia). Informazioa handitu nahi dutenek malmasingolagunak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.
☉ Arrigorriaga
Doako Ipar Martxa ikastaroa antolatu dute berriro Arrigorriagan, kirol-eskaintza zabaltzeko
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta doakoa izan arren, izena ematea beharrezkoa izango da

Arrigorriagako Udalak, Euskaditrek-ekin elkarlanean, Ipar Martxa edo Nordic Walking tailerra antolatu du udal kiroldegian. Urteak daramatza Udalak tailer hau eskaintzen. Izan ere, aurtengo bigarren saioa izango da honako hau, eta arrazoia hurrengoa da: “saioak arrakastatsuak izan direlako”.
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta helburua kirol modalitate berriak sustatzea da. Jarduera praktikoa izango da eta 10:00etatik 12:00ak arte antolatu dute. Saioa doakoa izango da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute udal kiroldegian.
10:00etan ibilbidea hasiko dute. Kiroldegitik abiatuko dira parte-hartzaileak eta ibilbidea herrian barrena izango da. Partaideek materialik ez dutela eraman behar azpimarratu dute udal ordezkariek (bertan makilak utziko dizkiete arduradunek).
Nordic Walking edo ibilketa nordikoa makilekin ibiltzean datza. Zailtasun gutxiko teknika integrala da eta gorputzeko giharren % 90a erabiltzen da.
Ibilketaren biomekanika optimizatzeko modu bat da, bakoitzaren forma fisikoaren arabera. Kirol modalitate hau adin eta baldintza fisiko guztietakoen eskura dago.
Doako tailer honetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Epea maiatzaren 14ra arte zabaldu dute.
Antzinako beharretik
Ipar Martxaren jatorria 30. hamarkadako Finlandian dago, bertako eskiatzaileek iraupen-eski sasoia bukatzen zenean praktikatu ahal izateko jarduera zelako.
Kirol jarduera hau segurua, naturala, osasungarria, dinamikoa eta adin guztietako pertsonei zuzendutakoa da eta helburu nagusia ongizate fisiko zein espirituala erdiestea da.
Teknika sinplea izan arren, ez da intuiziozkoa, eta horrexegatik, berau praktikatu baino lehen prestaketa ikastaroak egitea aholkatzen dute beti.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan heriotza salatu du
Udal Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala iragarri du eta herritarrak heriotza-istripua salatzeko ekimen guztietan parte hartzera deitu ditu

“Arrigorriagako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak, aho batez eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara, EAJ-PNV, PSE eta NOA alderdien ordezkari gisa, astekabez hartu du pertsona baten lan-istripuaren ondoriozko heriotzaren berria, asteazkenean Arrigorriagan lanean ari zela ezbeharra izan eta gero”. Horrela hasi du Arrigorriagako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atzo Heidelberg enpresan izandako lan istripuaren ondorioz langile baten heriotzaren ondorioz iragarri duen adierazpen instituzionala.
Bozeramaile Batzordeak, era berean, heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu dio Segurtasun Sailari, horiek senide eta hurbilekoie helarazi ahal izateko.
“Udaletik salatu nahi du istripuak, kosta ahala kosta, eta guztiaren gainetik ekidin behar direla, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan-segurtasunak”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere.
Horiek horrela, erakunde guztiei eskatu die lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, “lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu arte”.
“Gertatutako istripua salatzen dugu eta heriotza-istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko deitu daitezkeen ekimen guztietan parte-hartzera deitzen ditugu herritarrak”, gehitu dute Bozeramaileen Batzordetik.
Elkarretaratzea, ostiralean
LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du bihar, urriak 24, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzoko lan-istripua salatzeko. “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik.
Istripua gertatu eta ordu batzuk geroago Padura futbol taldeak izen-abizena jarri zion heriotza lazgarri honi: “Padura Clubak deitoratzen du Jagoba Lagunaren heriotza lan istripu batean”. Jagoba klubeko bazkide, ordezkari, eta bi jokalariren aita ere bazela zehaztu zuten futbol taldetik.









