Sareak

☉ Arrigorriaga

Mendikosoloko obren garrantziaz hitz egiteko batu dira Maite Ibarra eta Mertxe Aizpurua Arrigorriagan

EH Bilduk azaroan iragarri zuen Espainiako Gobernuarekin akordioa erdietsi zuela Mendikosolora eta Arrigorriagako tren geltokietako obretara 2,3 milioi euro bideratzeko

|

Mertxe Aizpurua kongresuko eh bilduren eleduna eta maite ibarra alkatea // Arrigorriagako EH Bildu

EH Bilduren kongresuko bozeramailea, Mertxe Aizpurua, Arrigorriagan izan da astelehenean (urtarrilak 16), herrian egin behar diren proiektuez jarduteko. Eledunak Maite Ibarra alkatearekin bilera egin du, eta Mendikosoloko urtegiaren obrek eta bi tren geltokien berregokitzapenek ikuspegi sozialetik zein jasangarritasunaren arlotik duten garrantziaz hitz egin dute.

Aizpuruak nabarmendu du egin beharreko esku-hartzeak ezinbestekoak direla “lurralde honek behar dituen inbertsioak eta hainbat herrik dituzten beharrak asetzeko”. Horrela, Arrigorriagako birmoldaketak “proiektu estrategikoak” dira udalerri mailan zein Euskal Herri mailan eskaera sozialei erantzuna emateko.

EH Bilduk azaroan iragarri zuen Espainiako Gobernuarekin akordioa erdietsi zuela Arrigorriagan egin beharreko bi proiektu horietara 2,3 milioi euro bideratzeko (605.000 euro Mendikosolo egokitzeko eta 1,7 milioi, trenen azpiegituretarako). “Azken finean, Euskal Herria Bilduk Madrilen egiten duen lana gainerako erakundeen ildo beretik doa, bai udal-eremuan, bai Batzar Nagusietan, bai Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan ere”. Eta Aizpuruak gogoratu duen bezala, Arrigorriaga da horren adibide.

Mendikosolo, aztergai

Mendikosoloko urtegiaren katalogazioari dagokion auzia, esaterako, 2012tik zegoen mahai gainean, eta Bilduk azaldu duenez, udal gobernua (Bildu eta Arrigorriaga Gara taldeak osatuta) agintera heldu zenetik hasi da garatzen. Ordutik ona, prozesu parte-hartzailea zabaldu dute presan eta parkean egin beharreko aldaketak proposatzeko eta ikerketa eta analisiak egin dituzte, Presa-konfederazioarekin eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin, kategorizazioa aldatzeko (A sailkapenetik C motara).

Maite Ibarra alkateak gogoratu du EH Bilduk 2023ko Aurrekontu Orokorrean Madrilen erdietsitako inbertsioa oso garrantzitsua izango dela presa eskakizun horietara egokitu ahal izateko obrei ekiteko. “Parkerako eta bere ingurune naturalerako etorkizun seguruagoa eta iraunkorra marraztu ahal izateko” balioko du aurrekontuak, Arigorriagan “hobekuntza nabarmena” lortzeko.

☉ Arrigorriaga

Merkataritza Plan Estrategikoa martxan ipiniko dute Arrigorriagan, hiri-ekonomia jasangarria, gertukoa eta lehiakorra indartzeko

Arrigorriagako datuak jasotzeko herritarrei zuzendutako inkestak zabalduko dituzte, bai merkataritza sektorean, bai herritarren artean

|

Saltokiak, Arrigorriagan // Geuria

Hurrengo hilabeteetan Merkataritza Plan Estrategikoa martxan ipiniko dute Arrigorriagan Udalak eta Adeckak, Ikertalderen laguntzarekin.

Prozesu parte-hartzailea izango da eta urritik 2030. urterako iraupena izango du. “Helburua da hiri-ekonomia jasangarria, gertukoa eta lehiakorra indartzea, tokiko garapena dinamizatzea eta merkataritza, ostalaritza zein zerbitzuen ehuna sendotzea”, zehaztu dute udal ordezkariek. Plana udalerriko politika lokalak eguneratzeko estrategia orokorrean kokatzen dela gehitu dute Udletik: “Modu transbertsalean barne hartzen ditu mugikortasuna, kultura, kirola eta hiri-ekonomia bezalako arloak”.

Plan honek gobernu planean jasotako konpromiso bi hartzen ditu barne: 21 neurria (udalerriko saltoki hutsen zerrenda egitea eta horien balizko merkataritza-kudeaketa aztertzeari buruzkoa) eta 23.a (merkataritza-negozioen erreleboa sustatzeko programa diseinatzea eta abian jartzeari buruzkoa).

Hilabete honetan bertan abiaraziko dute plana, tokiko merkataritza-proiektuetan esperientzia duen Ikertalde aholkularitza-enpresaren laguntzarekin: “Emaitza izango da 2030era arteko ibilbide-orri bat, sektorearen erronka nagusiei aurre egiteko eta herritarren beharrei erantzuteko diseinatua”.

Izan ere, Ikertalden Estatistika zerbitzu publikoekin elkarlanean aritzen dira, analisi konplexu kuantitatibo eta kualitatiboen garapenerako informazioa sortu eta ustiatzeko; pertsonak zein enpresak hartuta helburu eta plan estrategikoak burutzen eskarmentua dute: “Erreferentziazko enpresa gara azterlanak zein plan estrategiko instituzionalak gauzatzen, lurralde-eskala desberdinetan: udalerrietan, eskualdeetan, lurralde historikoetan…).”

Herritarrei galdetuz

Arrigorriagako datuak jasotzeko herritarrei zuzendutako inkestak zabalduko dituzte, bai merkataritza sektorean, bai herritarren artean. Udaletik azaldu dute telefono bidezko inkestak eta lansaioak izango direla: “Gainera, partaidetzarako kanalak gaituko dira tokiko eragileen eta Arrigorriagako bizilagunen ekarpenak jasotzeko”, gehitu dute.

Udaletik deia zabaldu diete herritarrei prozesu parte-hartzaile honetan parte hartzera. “Arrigorriagako merkataritzak etorkizuna izan dezan nahi dugu, garai berrietara egokituz baina gertutasuna galdu gabe, eta gure auzoen bizitzaren motor izaten jarrai dezan. Diagnostiko hau urrats beharrezkoa da estrategia partekatu baten bidez aurrera egiteko”, izan dira Gaizka Ibarretxe Ekonomia, Merkataritza eta Enplegu zinegotziaren berbak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

7.000 Arrigobono jarriko dituzte salgai astelehenetik aurrera Arrigorriagan

Astelehenean jarriko dituzte salgai bonoak, eta azaroaren 16a arte luzatuko da kanpaina, 40 saltokitan. 40.000 euro bideratu ditu Udalak

|

Arko dendaren aurrean egin dute argazkia // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak eta ADECKA merkatari elkarteak martxan jarri dute beste urtebetez Arrigobono kanpaina. Urriaren 6tik aurrera izango dira eskuragarri izena eman duten 40 saltokitan, eta azaroaren 16ra arte iraungo du ekimenak —bonuak lehenago agortzen ez badira behintzat—. Guztira 7.000 bonu banatuko dira, udalaren aldetik 40.000 euroko laguntzarekin.

Bi formatu egongo dira aukeran: 30 euroko bonua (bezeroak 20 euro ordaindu eta 10 euroko hobaria jasoko du) eta 10 eurokoa (7,50 euroko gastuarekin eta 2,50 euroko hobaria). Pertsona bakoitzak gehienez 30 euroko bi eta 10 euroko lau bonu erosi ahalko ditu.

Maite Ibarra alkateak azpimarratu du kanpainaren helburua “tokiko merkataritza indartzea eta merkatarien lana balioan jartzea” dela. ADECKAko ordezkarien hitzetan, berriz, ekimenak «arnasa ematen dio hurbileko merkataritzari eta inbertsio kolektiboa bihurtzen da, gure kaleetako bizitza eta enplegua indartuz”.

Informazio gehigarri guztia arrigobono.eus web orrian aurkituko daiteke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren laguntza eskatu dute Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana egiteko

Prozesuaren lehen fasean herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu du Udalak, arrigorriagarren kezkak identifikatzeko

|

Alkohola, jaietan // Geuria

Arrigorriagako Adikzioen prebentziorako tokiko planaren helburua bizitza-ohitura osasungarriak sustatzea, substantzien kontsumoari eta bestelako jokabide adiktiboei lotutako arriskuak murriztea, eta laguntza eta baliabideak eskaintzea da behar dituzten pertsona eta familiei.

Udalak tokiko plana martxan ipini du eta prozesu parte-hartzailea prestatu du herritarren kezkak ezagutzeko. Horretarako, galdetegi bat prestatu dute eta horren bidez osasuna sustatuko duen eta arriskuak murriztuko dituen neurriak zehaztuko dira.

“Ekimen komunitarioa da”, azaldu dute udal ordezkariek, “eta gizarte-eragileak zein herritarrak inplikatu nahi ditu ingurune osasungarri eta seguruago bat eraikitzeko”.

Horiek horrela, lehen fase honetan arrigorriagarren kezkak jaso nahi dituzte esteka honetan topa daitekeen galdetegia erantzunez eta inkestatik aterako diren emaitzek “ekintza espezifikoak zehazteko” balioko dutela azaldu dute Udaletik, “arrigorriagarren
kezka nagusiei erantzuna emateko”.

Galdetegian “Azken lau urte hauetan teknologia berrien adikzioak zein joera izan du Arrigorriagan?” edo “zer egin beharko litzateke Arrigorriagan adikzioen prebentzioa sustatzeko?” bezalako galderak agertzen dira. Minutu gutxitan burutu daitekeen inkestatxoa da.

Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Dozenaka autoren arteko legez kanpoko lasterketa eragotzi dute Mendikosolon

Polizia Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteizetik etorritako 100 auto baino gehiago topatu zituzten parkeko inguruetan

|

Mendikosolo parkeko aparkalekua / GMaps

Arrigorriagako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Mendikosolotik Abusura doan errepidean ospatu behar zen legez kanpoko lasterketa bat eragotzi zuten igande goizaldean.

Joan den igande goizaldean, 00:45ak aldera, Mendikosolo inguruko auzotarrek “ohi baino trafiko handiagoa” sumatu zuten auzoko inguruetan, eta abisua eman zioten Arrigorriagako udaltzaingoari.

Udaltzainak, Ertzaintzarekin elkarlanean, Mendikosolora hurbildu eta Basauri, Bilbo, Arrasate, Balmaseda, eta Gasteiztik bertaratutako dozenaka auto batu ziren parkeko inguruetan. “Era honetako ekintzak egiten diren lehen aldia ez dela” azaldu dute zenbait auzotarrek sare sozialetan.

Ertzaintzak lasterketa ilegal hartan parte hartuko zuten gidariak identifikatu ditu.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute

Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek

|

Emakumeak // Melissa Askew, Unsplash

Emakume helduentzako programan izena emateko epea zabaldu dute Arrigorriagako herrigunean eta Abusu auzoan.

Programak, Jabekuntza Eskolaren esparruan, emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko helburua du, emakumeen egoera-aniztasunari erreparatuta.

“Ikasturtean zehar, hainbat emakume eta horien ahalduntze-estrategiak ezagutaraziko dituzte, autoestimua eta segurtasun pertsonala landuko dituzte eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurrean jarrera arduratsuak eta aktiboak bultzatuko dituzte ikuspegi feminista batetik”, azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek.

Saioetan psikologia eta generoa, kognizio-estimulazioa eta idazlea eta ahalduntzea gaiak landuko dituzte parte-hartzaileek.

Izen emateak

Herriguneko saioei dagokienez, aurkezpena urriaren 7an egingo dute udaletxeko prentsa aretoan, 17:00etan. Saioak astearte eta ostegunetan izango dira eta talde bi antolatu dituzte: 16:00etatik 17:30era bitartekoa eta 17:30etik 19:00ak artekoa. Lehen saioa urriaren 14an izango da.

Abusuri dagokionez, programa Abusuko Zentro Soziokulturalean prestatu dituzte eta aurkezpen eguna urriaren 8an izango da, 17:00etan. Talde bakarra egongo da bertan, 16:00etatik 19:00ak arte. Lehen saioa urriaren 15ean izango da.

Izen emateak herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZn) egin daitezke. Informazioa 944 020 200 telefono zenbakian edo berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatziz lor daiteke.

Osorik irakurri