☉ Arrigorriaga
Montefuerteko Bike Parkeak eskaintza zabalduko du jaitsiera eta ziklo-kroseko pista berriekin
Arrigorriagako Montefuerte eremuan dagoen parkean bigarren faseko lanak hasiko dituzte. 226.000 eurotik gorako inbertsioarekin, Bizkaiko lehen ziklo-kros zirkuitu publikoa eta ‘Flow Line’ erako jaitsiera-pista bat gehituko zaizkie egungo instalazioei 2026ko udaberrian

Ollargango Bike Parkea apiriletik dago martxan Montefuerteko eremuan, eta orain bere kirol-eskaintza osatzeko pausoa eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. XCO eta Dirt (jauziak) egiteko guneak daude erabilgarri egun, eta bigarren faseari ekin diote orain, parkea “mendiko bizikletaren erreferente bilakatzeko asmoz”. Lanak datozen bost hilabeteetan luzatuko dira, eta 226.563 euroko aurrekontua dute.
Helburua Bizkaiko lehen ziklo-kros zirkuitu publikoa sortzea eta ‘Flow Line’ erako jaitsiera-pista bat gehietzea izango da, eta 2026ko udaberrirarte luzako dituzte lanak.
Proiektu berriak bi gune nagusi izango ditu:
‘Flow Line’ edo jaitsiera pista: Malmasin mendiko hegaletatik Ollarganeraino iritsiko da. 1.200 metroko luzera eta 275 metroko desnibela izango ditu. Maila ertaineko txirrindularientzat zein adituentzat diseinatuta dago, Enduro eta jaitsiera diziplinak lantzeko.
Ziklo-kros zirkuitua: Bizkaiko lehen zirkuitu publikoa izango da modalitate honetan. 2,5 kilometro inguru izango ditu eta oztopo artifizialak (eskailerak, arrapalak) zein naturalak barne hartuko ditu. Eskolentzat zein lehiaketarako pentsatuta dago, teknika hobetzeko aukera emanez.
Modu berean, seinaleztapen plan berri bat ezarriko da bizikletak, oinezkoak eta mendizaleak segurtasunez ibili daitezen.
☉ Arrigorriaga
150 herritarretik gora hartuko dute parte gaur Arrigorriagako Errege Magoen kabalgatan eta epifanian
Aurtengo ediziorako 3 gradu aurreikusi dituzte Arrigorriagan, 19:00etan, kabalgataren orduan, azken urteetako tenperatura hotzenak

Aurtengo Arrigorriagako Errege Magoen kabalgata eta epifania gaur antolatu dute 19:00etan, Arrigorriagako udaletxeko plazan.
Aurten 150 pertsona baino gehiagok hartuko dute parte ikuskizunaren 51. edizioan eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera berri bat izango dute. Aurtengo ediziorako 3 gradu aurreikusi dituzte, azken urteetako tenperatura hotzenak.
Iaz bezala, udaleteko plaza jendez beteko dela aurreikusi dute eta ekintza nagusi bi egingo dituzte: Armando Astarloa arrigorriagarrak idatzitako gidoiaren epifaniaren kontakizuna (sei ekitaldi guztira: Ume-Jainkoaren jaiotza, Hiru Errege Magoek Herodes erregeari egindako bisita, aingeruaren iragarpena artzainei, Magoen gurtza, inuzenteen hilketa eta Egiptora egindako ihesa) eta Errege Magoen kabalgata, herriko kaleetan barrena.

Meltxor, herriko haurrak agurtzen, 2025eko kabalgatan // Geuria
Arrigorriagako epifaniak garrantzi berezia dauka Hego Uribe eskualdean: bertan behera utzi behar izan zuten 1983 urteko uholdeak eta Koronabirusaren eraginagatik, baina hala ere aurrera jarraitu izan duen ekitaldia izan da.
Gaur egun etxeko txikienei ilusio handia egiten dien ikuskizuna da eta herriko plaza jendez gainezka egon ohi da, eskualde osoko herritar asko erakarriz.
☉ Arrigorriaga
Ama eta alabentzako autodefentsa feminista tailerra antolatu dute Arrigorriagan
Saioa 10 eta 13 urte bitarteko neskei zuzenduta dago eta urtarrilaren 9an, 16an eta 23an eta 30ean antolatu dute Arrigorriagako Lamiaena emakumeen etxean

Esther Lopez Monge formatzaile eta WEN-DO metodoko irakasleak Autodefentsa Feminista tailerra eskainiko die herriko 10 eta 13 urte bitarteko neskei urtarrilaren 9an, 16an eta 23an eta 30ean, Arrigorriagako Lamiaena emakumeen etxean 18:00etatik 20:00ak bitartean.
“Indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko baliabideak eskainiko ditugu”, azaldu dute Lamiaenatik. “Autoestimua indartu eta segurtasuna ematen diguten teknika fisiko eta psikologikoak landuko ditugu, zaintza-giro dibertigarria eta emakumeen arteko harremana indartuz”.
Tailerrean izena emateko Lamiaenara jo beharko dute arratsaldeko ordutegian, astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:30ak arte eta ostiraletan 20:00ak arte. Abusuko Zentro Soziokulturalean izena emateko aukera ere badago, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:45ak arte. Informazioa handitzeko lamiaena@arrigorriaga.eus helbidera idatz dezakete interesdunek.
☉ Arrigorriaga
Eskubideak, amatasuna eta erreprodukzio-merkatuen inguruko hitzaldia antolatu dute Arrigorriagako Lamiaenan
Saioa June Fernandez kazetariak gidatuko du urtarrilaren 21ean, Lamiaenan. Helburua sabel alokairuaren inguruko diskurtso politikoa finkatzea eta eztabaida politizatuez haratago joatea da

Urtarrilean antolatu dituzten ekimen feministen artean ‘Eskubideak, amatasuna eta erreprodukzio-merkatuak’ izeneko eztabaida irekia prestatu dute Lamiaenan. Saioa euskara hutsean izango da eta June Fernandezek gidatuko du hilaren 21ean, 18:00etatik 19:30ak bitartean.
Oro har, “sabel alokairua” deitzen duguna eztabaida handiak sortzen ditu. Tailer honen helburua da diskurtso politikoa fintzea eta eztabaida polarizatuetatik harago joatea. Ugalketa-merkatuen, gorputz autonomiaren eta eskubideen arteko tentsioak aztertuko dira. Saiakeraren abiapuntu izango dira Aingeruak eta neskameak lanean jasotako gakoak. Saioak haurtzaindegi zerbitzua izango du eta interesdunek urtarrilaren 14a baino lehen eman beharko dute abisua Lamiaenan.
Esatariari buruz
June Fernandez (Bilbo, 1984) kazetaria eta eragile feminista transmaribibolloa da. Pikara Magazine aldizkari digital feministaren sortzaileetako bat izan zen 2010ean, eta haren koordinazio taldean jardun zuen hamar urtez. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko ijito emakumeen AMUGE elkartean lan egiten du, eta kazetari autonomoa da: Pikara Magazinen ez ezik, Argia eta Ttap aldizkarietan ere argitaratzen ditu bere artikulu, erreportaje eta elkarrizketak. Euskara eta generoa ardatz dituzten proiektuak sustatu ditu.
Junerena da hurrengo esaldia, Wikipedian agertzen den moduan: “Feministak garen kazetariok, neurri handi batean, gizartean eragin nahi dugulako gara kazetari, gizartean eraldaketa bat bultzatu nahi dugulako. Hori bada jarrera militante bat”.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Mari Domingik eta Olentzerok ibilbidea moldatu eta Arrigorriagako haurrei bisita egin diete

Euriak eta iluntasunak ez ditu Mari Domingi eta Olentzero geldiarazi Arrigorriagan.
Ibilbidea moldatu eta Lonbotik hasita, Urgoiti pasealekutik igaro eta udaletxeraino iritsi dira, haurren azken gutunak jaso eta argazkiak egitera baserri mugikorrean.
Hortik kantxa urdinera abiatu dira, txistulari eta guzti.
☉ Arrigorriaga
Ur puzgarriak antolatu dituzte Arrigorriagan, urte amaieran
Jarduera abenduaren 29an antolatu dute 8 eta 14 urte bitarteko gazteentzat eta doakoa izango da

Arrigorriagako Udalak ur puzgarriak antolatu ditu gabonetako oporretan, abenduaren 29an, udal kiroldegiko igerilekuan.
“Plan bikaina prestatu dugu 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat”, iragarri dute Udaletik. “Goizeko 10:00etatik 13:30ak bitartean ur puzgarriak prestatuko ditugu kiroldegiko igerilekuan, doan!”, eta gaztetxoak bertan parte hartzera deitu dituzte.

















































































