☉ Arrigorriaga
Doako 35 kultura eta kirol jarduerez osatutako ‘Arrigorriaga On’ programa abiaraziko du Udalak hilabete bukaeran

Arrigorriagako Udalak doako 35 kirol eta kultura jarduerez osatutako ‘Arrigorriaga On’ programa antolatu du martxoaren 23tik apirilaren 11ra, horietako 25 euskara hutsean izanik: “Kultura eta kirola uztartuko dituen programazio fresko eta bizia eskainiko die Arrigorriaga On programak herritarrei eskaintzen. Pandemiak baldintzatuta datoz aurtengo oporraldi guztiak, eta Aste Santua ez da salbuespena: Aurreikusten genuen gerta zitekeela egoera honetan egotea, eta horregatik, ikasturtearekin batera lanean hasi ginen, osasun egoeraren eta mugikortasun murrizketen arabera aukera eta programazio ezberdinak lantzen”, azaldu du Iratxe Rubio Kultura zinegotziak programaren aurkezpenean, udaletxeko Osoko bilkuren aretoan.
“Herriko jarduerak antolatu behar genituen, murrizketek eragindako egoera ikusita”, jarraitu du Sonia Camara programatzaile soziokulturalak. “Programa honek kontziliazioa errazten du: umeek aste biko oporrak dituzte Aste Santuan eta helduek egun batzuk libre dituzte ere eta pandemiak herriko etxeetan eragina izan duenez ‘Arrigorriaga On’ programak gastu ekonomikorik gabeko aisialdiaz gozatzen utziko digu“.
Udalak 25.000 euro bideratu ditu adin tarte ezberdinei zuzendutako programa Arrigorriagako erdigunean zein Abusun burutzeko: “Jakin badakigu aurreko urteetan baino askoz jende gehiago ibiliko dela herrian, eta Arrigorriagan kulturaz eta kirolaz gozatzeko aukerak biderkatu nahi izan ditugu”, jarraitu du Iratxe Rubiok. Arrigorriagan bertan Gatibu taldeak kontzertua eskainiko die 18 urte gorako gazteei, formatu akustikoan. Haurrentzako tailerrak prestatu dituzte eta zinema saioak eta spinning eta zumba masterclassak izango dira herrian. Jarduerak Gaztegunean, Herrigunean, kiroldegian eta Abusun eskainiko dituzte. Gazteguneko jarduerak 12 eta 17 urteko gazteei zuzendutakoak izango dira. Herrigunean adin ezberdinetako pertsonei zuzendutako jarduerak egongo dira: hitzaldiak, tailerrak, film proiekzioak… Kiroldegian profesional bik spinning eta zumba masterclass bereziak eskainiko dituzte. Abusun ume txikienetan zentratutako jarduerak egingo dituzte, kontaketa saioak eta tailerrak.
“Pandemiak utzi digun berri on bakarren artean badago herrian egoteko eta bizitzeko ohitura indartu duela. Zentzu horretan, uste dugu kulturak badaukala herritarren ohituretan eragiteko gaitasuna, eta Arrigorriagaz gozatzeko modu osasuntsu, dibertigarri eta kitzikagarria izan daitezke Arrigorriaga ON bezalako ekimenak”, izan dira Maite Ibarra alkatearen hitzak. Ibarrak azpimarratu du jarduera guztiak doakoak izan arren izena ematea derrigorrezkoa izango dela, azken eguna martxoaren 22an izanik, eta horri edukiera mugak era zorrotzean beteko direla gehitu du. “Modu berean, eraikin bakoitzean dauden kontingentzia planak zorrotz ere beteko dira”.

Maite Ibarra alkatea, Arrigorriaga ON programaren aurkezpena bukatzean // Geuria
Programa, egunez egun
GAZTEGUNEA
Bertako jarduerak 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutakoak dira eta Gaztegunean eskainiko dira, 18:30ean, edukiera 10 lagunekoa izanik. Salbuespenak salbuespen. Izena emateko idatzi gazteria@arrigorriaga.eus helbide elektronikora.
- Martxoak 26, ostirala: Alkoholik gabeko koktelak – 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailerra. Abusun, 17:30ean. Edukiera: 10 lagun
- Martxoak 27, larunbata: Gatiburen kontzertu akustikoa – 18 urtetik gorako gazteentzat. Lonbo aretoan. Pase bi egongo dira: 17:30ean eta 19:30ean. Saio bakoitzeko edukiera: 107 lagun
- Martxoak 28, igandea: Alkoholik gabeko koktelak – euskaraz
- Apirilak 6, asteartea: Gaztechef – euskaraz
- Apirilak 7, asteazkena: Arrautzekin dekoratzen ikasteko tailerra – euskaraz
- Apirilak 8, osteguna: Aeroyoga – euskaraz
- Apirilak 9, ostirala: Ispilu-mandala – euskaraz
- Apirilak 10, larunbata: Lightpainting – euskaraz
HERRIGUNEA
Herriguneko jardueretan izena emateko idatzi scamara@arrigorriaga.eus helbide elektronikora edo deitu 946 712 361 telefono zenbakira 16:00etatik 20:00ak arte.
- Martxoak 23, asteartea: ‘Familia harremanak Covid garaian’ tailerra – 18 urtetik gorakoentzat, Kultur etxean, 19:00etan. Edukiera: 12 lagun
- Martxoak 28, igandea: ‘Onward’ filmaren proiekzioa – Gaztelaniaz. Lonbo aretoan, 18:30ean. Edukiera: 107 lagun
- Martxoak 29 eta 31, astelehena eta asteazkena: Umeentzako tailerrak: zientzia eta esperimentuak – euskaraz. 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailerra. Euskaldun Berria erakusketa gelan, 17:00etan. Edukiera: 35 lagun
- Martxoak 30, asteartea: Osasun fisiko eta mentala Covid garaian – Kultur etxean, 19:00etan. Edukiera: 12 lagun
- Martxoak 30, astelehena: ‘Manou’ filmaren proiekzioa – 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako emanaldia – euskaraz. Lonbo aretoan, 12:30ean. Edukiera: 107 lagun
- Martxoak 31, asteazkena: ‘Parásitos’ filmaren proiekzioa – gazteleraz. Helduentzako emanaldia. Lonbo aretoan, 19:00etan. Edukiera: 107 lagun
- Apirilak 6-9: ‘Telefono mugikorraren erabilera eraginkorra adinentzako tailerra’ – gazteleraz. Kultur etxean. Saio bi egingo dira: 11:30ean eta 17:30ean. Edukiera: 6 lagun
- Apirilak 6-9: Umeentzako zientzia eta esperimentu tailerrak – 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzako tailerrak – euskaraz. Euskaldun Berria erakusketa gelan, 17:00etan. Edukiera: 35 lagun
- Apirilak 6, asteartea: ‘Nutrizioa Covid garaian’ tailerra – 18 urtetik gorakoentzako tailerra – euskaraz. Kultur etxean, 19:00etan. Edukiera: 12 lagun
- Apirilak 8, osteguna: Pokemon: Pikachu Detektibea – 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzako saioa – euskaraz. Lonbo aretoan, 12:30ean. Edukiera: 107 lagun
- Apirilak 9, ostirala: Artoteka tailerra – 12 urtetik gorako haurrentzako tailerra – gazteleraz. Euskaldun Berria erakusketa gelan, 18:30ean. Edukiera: 15 lagun
- Apirilak 10, larunbata: ‘Joker’ filmaren proiekzioa – gazteleraz. Lonbo aretoan, 18:30ean. Edukiera: 107 lagun
- Apirilak 11, igandea: ‘Quien a Hierro Mata’ filmaren proiekzioa – gazteleraz. Lonbo aretoan, 19:00etan. Edukiera: 107 lagun
KIROLDEGIA
Kiroldegiko masterclassetan parte-hartzeko deitu 946 711 021 telefono zenbakira.
- Martxoak 27, larunbata: Spinning masterclassa – 15 urtetik gorako gazteentzat – elebiduna. Kiroldegian, 12:00etan. Edukiera: 18 lagun
- Apirilak 10, larunbata: Zumba masterclassa – 15 urtetik gorako gazteentzat – elebiduna. Kiroldegian, 12:00etan. Edukiera: 18 lagun
ABUSU
Abusuko jardueretan izena emateko idatzi abusu@arrigorriaga.eus helbide elektronikora edo deitu 944 792 930 telefono zenbakira 16:00etatik 20:00ak arte.
- Martxoak 29, astelehena: ‘Edison robotarekin jarduera’ – 7 eta 9 urte bitarteko haurrentzat – euskaraz. 4. gelan, 17:00etan. Edukiera: 10 lagun
- Martxoak 30, asteartea: ‘Diseinatu eta programatu zure marrazkiak Mind Designer erabiliz’ – 7 eta 9 urteko haurrentzat – euskaraz. 4. gelan, 17:00etan. Edukiera: 10 lagun
- Martxoak 30, asteazkena: ‘Cospaces erabiliz mundu birtuala sortu’ – 10 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailerra – euskaraz. 4. gelan, 10:00etan. Edukiera: 10 lagun
- Apirilak 6, asteartea: ‘Joko erraldoiak eta ipuin kontaketa saioa’ (gaia: euskal mitologia) – 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat – euskaraz. Sarrera nagusian edo plazan, 17:00etan. Edukiera: 15 lagun
- Apirilak 7, asteazkena: ‘Eskulanak eta fabula kontuak’ (gaia: zientzia) – 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat – euskaraz. Sarrera nagusian edo plazan, 17:00etan. Edukiera: 15 lagun
- Apirilak 8, osteguna: ‘Eskulanak eta joko erraldoiak’ (gaia: ingurumena) – 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat – euskaraz. Sarrera nagusian edo plazan, 17:00etan. Edukiera: 15 lagun
- Apirilak 9, ostirala: ‘Bide-zirkuitua eta magia-saioa’ (gaia: bide-segurtasuna) – 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat – euskaraz. Sarrera nagusian edo plazan, 17:00etan. Edukiera: 15 lagun
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.
Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.
LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.
LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria
Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.
LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”
Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.
Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko elkarretaratzea urriaren 27an egingo dute
Elkarretaratzea 19:30ean izango da Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan

“Lan, bizi, pentsioa duinak” plataformak elkarretaratzea deitu du datorren urriaren 27an, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko.
Istripuaren ondorioz 45 urteko langile bat hil egin zen: “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik eta gaur bertan elkarretaratze bat egin dute Arrigorriagako Arane auzoan (Heidelberg enpresaren sarreran), eguerdian.
“Laneko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala ez ezartzeak, produkzio presioak eta pisu handien edo errotazio-piezen eraginpean egoteak handitu egiten dute harrapatuta edo zapalduta egoteagatik istripu larriak izateko aukera”, azaldu dute ELAko bozeramaileek. “Horrelako lanetarako, etengabeko prestakuntza behar da laneko arriskuen prebentzioan, eta blokeo eta seinaleztapen protokoloak zorrotz aplikatu behar dira martxan dauden ekipoetan edozein esku-hartze egin aurretik”.
Sindikatuak argitaratutako datuen arabera, 2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz: “Bizkaian, zehazki, 9 pertsona hil dira. Industria-sektoreak, eta, bereziki, zementuaren eta deribatuen fabrikazioak, arrisku maila handiak ditu, makina astunak, doitasun erremintak eta mantentze lanak etengabe erabiltzen baitira, eta horrek mugitzen ari diren ekipoekin zuzeneko kontaktua izatea eskatzen du”.
ELA: “2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Heriotza horietako 9 Bizkaian izan dira”
“Lan heriotza bakoitza ez da halabeharrezko ezbehar bat: enpresen erabakien, prebentzioan egindako murrizketen eta kontrol instituzional ezaren emaitza da. Ezin dugu jarraitu normalizatzen langileek beren bizitzarekin ordaintzea zementuaren, burdinaren edo enpresa etekinen prezioa”, azaldu dute sindikatutik.
“Laneko ezbeharrak egiturazko eta erakundeetako indarkeria mota bat dira. Premiazkoa da ikuskapenak indartzea, legea betetzen ez duten enpresen zigorrak handitzea eta langileon bizitza eta osasuna politika ekonomiko eta produktiboaren erdigunean jartzea.”
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte
Malmasingo Lagunak elkarteak eta Arrigorriagako Udalak antolatutako bisita gidatuak azaroaren 2an antolatu du bisita gidatua herriko erreferenteak diren auzo bietan barrena

Malmasingo Lagunak elkarteak, Udalarekin batera Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu azaroaren 2an.
“Oraingo honetan, gure herriaren bilakaera markatu duten bi guneren historiara hurbilduko gara: La Mutual (San Juan) eta Osasun eta Higiene auzoak”, azaldu dute elkartetik. “Biak erreferenteak dira, ez bakarrik ondarearen eta arkitekturaren ikuspegitik, baita herrian nortasdun eta presentzia berezia duten auzo gisa ere”.
Saioa elebiduna izango da eta 12:00etatik 13:30ak arte antolatu dute. Geralekua Arrigorriagako osasun zentroa izango da (Urgoiti pasealekuko 10. zenbakia). Informazioa handitu nahi dutenek malmasingolagunak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.
☉ Arrigorriaga
Doako Ipar Martxa ikastaroa antolatu dute berriro Arrigorriagan, kirol-eskaintza zabaltzeko
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta doakoa izan arren, izena ematea beharrezkoa izango da

Arrigorriagako Udalak, Euskaditrek-ekin elkarlanean, Ipar Martxa edo Nordic Walking tailerra antolatu du udal kiroldegian. Urteak daramatza Udalak tailer hau eskaintzen. Izan ere, aurtengo bigarren saioa izango da honako hau, eta arrazoia hurrengoa da: “saioak arrakastatsuak izan direlako”.
Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta helburua kirol modalitate berriak sustatzea da. Jarduera praktikoa izango da eta 10:00etatik 12:00ak arte antolatu dute. Saioa doakoa izango da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute udal kiroldegian.
10:00etan ibilbidea hasiko dute. Kiroldegitik abiatuko dira parte-hartzaileak eta ibilbidea herrian barrena izango da. Partaideek materialik ez dutela eraman behar azpimarratu dute udal ordezkariek (bertan makilak utziko dizkiete arduradunek).
Nordic Walking edo ibilketa nordikoa makilekin ibiltzean datza. Zailtasun gutxiko teknika integrala da eta gorputzeko giharren % 90a erabiltzen da.
Ibilketaren biomekanika optimizatzeko modu bat da, bakoitzaren forma fisikoaren arabera. Kirol modalitate hau adin eta baldintza fisiko guztietakoen eskura dago.
Doako tailer honetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Epea maiatzaren 14ra arte zabaldu dute.
Antzinako beharretik
Ipar Martxaren jatorria 30. hamarkadako Finlandian dago, bertako eskiatzaileek iraupen-eski sasoia bukatzen zenean praktikatu ahal izateko jarduera zelako.
Kirol jarduera hau segurua, naturala, osasungarria, dinamikoa eta adin guztietako pertsonei zuzendutakoa da eta helburu nagusia ongizate fisiko zein espirituala erdiestea da.
Teknika sinplea izan arren, ez da intuiziozkoa, eta horrexegatik, berau praktikatu baino lehen prestaketa ikastaroak egitea aholkatzen dute beti.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan heriotza salatu du
Udal Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala iragarri du eta herritarrak heriotza-istripua salatzeko ekimen guztietan parte hartzera deitu ditu

“Arrigorriagako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak, aho batez eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara, EAJ-PNV, PSE eta NOA alderdien ordezkari gisa, astekabez hartu du pertsona baten lan-istripuaren ondoriozko heriotzaren berria, asteazkenean Arrigorriagan lanean ari zela ezbeharra izan eta gero”. Horrela hasi du Arrigorriagako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atzo Heidelberg enpresan izandako lan istripuaren ondorioz langile baten heriotzaren ondorioz iragarri duen adierazpen instituzionala.
Bozeramaile Batzordeak, era berean, heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu dio Segurtasun Sailari, horiek senide eta hurbilekoie helarazi ahal izateko.
“Udaletik salatu nahi du istripuak, kosta ahala kosta, eta guztiaren gainetik ekidin behar direla, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan-segurtasunak”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere.
Horiek horrela, erakunde guztiei eskatu die lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, “lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu arte”.
“Gertatutako istripua salatzen dugu eta heriotza-istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko deitu daitezkeen ekimen guztietan parte-hartzera deitzen ditugu herritarrak”, gehitu dute Bozeramaileen Batzordetik.
Elkarretaratzea, ostiralean
LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du bihar, urriak 24, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzoko lan-istripua salatzeko. “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik.
Istripua gertatu eta ordu batzuk geroago Padura futbol taldeak izen-abizena jarri zion heriotza lazgarri honi: “Padura Clubak deitoratzen du Jagoba Lagunaren heriotza lan istripu batean”. Jagoba klubeko bazkide, ordezkari, eta bi jokalariren aita ere bazela zehaztu zuten futbol taldetik.








