☉ Arrigorriaga
Bideoa | Kepa Larrea idazleak maitasuna, diktadura eta paisaia galduak lotu ditu bere ‘Zubia’ eleberri berrian
Hego Uribeko herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez
Atzo Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen, “Zubia” izenekoa. Oraingo honetan, eleberriaren aldeko apustua egin du Larreak, ohikoa duen ikerketa historiko sakona albo batera utzi gabe.
Kepa Larrea (Basauri, 1956) Euskal Filologian lizentziaduna eta Historian doktorea da. Delineatzaile, administrari eta itzultzaile lanetan aritu ondoren, EHUko irakasle gisa ibilbide luzea egin du. Ezaguna da, batez ere, bere saiakera historikoengatik, hala nola: Mina edo libertatea! (2017), Xabier Mina gerrilari nafarraren ingurukoa, edo Antilletan galdurik (2023).
Maitasuna, diktadura eta paisaia galduak, eleberriaren oinarri
“Zubia” eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Kontakizuna “hiru pertsonen arteko amodio istorio” batean oinarritzen den arren, errealitate historikoa eta fikzioa txirikordatzen doaz etengabe, iragana eta oraina lotuz.
Irakurketa erraztearren, bi koloretan banatu dituzte kapituluak, eta kapitulo gehienak “dagoeneko desagertuta dauden paisaietan oinarritzen dira”. Zentzu horretan, bai Larreak eta bai hitzaurrea egin zuen Jesus Etxezarragak “paisaia liburuaren beste pertsonaia bat gehiago” dela nabarmendu zuten, “Jone edo Ganix protagonisten pare”.
Zentzu horretan, Hego Uribeko herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
“Desagertu den paisaia batetaz ere hitz egiten du liburuak, hobe esanda, desagerrarazi duten paisaia batetaz. Dagoeneko existitzen ez diren baserriak, basoak, bideak… berreskuratu ditut liburu honetarako, nire belaunaldikoon haurtzaroaren parte izan zirenak”. Horren ordez dena “errepidez, harrobiz eta basoei nortasuna lapurtu dietene pinu tristeez” bete dutela gaitzetsi zuen Larreak.
Liburuaren laburpen moduan, zera dio kontrazalak: “1937ko ekainaren 19ko goizaldean, soldadu frankistak Bilbon sartu baino ordu gutxi batzuk lehenago, gudari gazte batek, Ganixek, ez daki zer egin: beste gudari askorekin batera hirian geratu eta bere burua entregatu ala Bilbo inguruko mendietan zelatan dauden karlisten setioa hautsi eta Euzko Gudarostearekin bat egin, horiek Kantabria aldera atzera bildu baitira. Hogeita bost urte geroago, neska gazte bat, Jone, bere familiaren isiltasuna hausten saiatzen da, gerraren ondorioz etxean ezkutatu eta bere buruari egiten dizkion galderen erantzunen bila. Gertaera bi horiek behialako zubi batek lotuko ditu. Eleberriaren izenburuak berak iradokitzen duen bezala, lan honek iragana eta oraina lotzen dituen zubi lana egin nahi du, memoriari eta zaurien itxierari ekarpena eginez”.
Kepa Larrearen liburu berria eskuragarri dago dagoeneko, eta Durangoko azokan ere egongo da salgai.
☉ Arrigorriaga
Pole Dance ikastaroa antolatu dute euskara hutsean Arrigorriagan, gorputzaren kontrola lantzeko
Saioak otsailaren 10ean, 17an eta 24an eta martxoaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n eskainiko ditu Garazi Abraldes Azkorbebeitia dantzari eta irakasleak

Lamiaenak Pole Dance ikastaroa antolatu du euskara hutsean otsaila eta martxoan zehar, gorputzaren kontrola, malgutasuna eta indarrea lantzeko.
Tailer honen bitartez Pole Dance jarduera ezagutuko dugu. Hau da, barra bertikal finko baten gainean burutzen den jarduera fisikoa. Bertan ikasiko ditugu gorputzarekin eginiko irudi eta formak, biraketak…etb. Emakumeon artean espazio seguru bat sortu eta geure gorputzekin harremanduz disziplina berri bati aukera emango diogu.
Saioak otsailaren 10ean, 17an eta 24an eta martxoaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n eskainiko ditu Garazi Abraldes Azkorbebeitia @thegoddessmedusa’k (Durango, 1999) 19:00etatik 20:00ak bitartean, Lamiaena emakumeen etxean. Interesdunak Lamienarekin harremanetan ipini beharko dira lamiaena@arrigorriaga.eus helbidera idatziz edo 747 444 898 telefono zenbakira deituz.
Zinemaren erotismoak itsututa, Abraldes 2019an murgildu zen Pole Dancearen munduan Garazi. “Iruditzen zait pole dancea askotan mugatu izan dela estereotipo jakin batzuetara; stripper eta gogo roletara edo testuinguru sexualizatuetara”, azaldu du durangarrak behin baino gehiagotan. “Gaur egun, hori aldatzen ari da, diziplina hau zabaldu delako espazio eta jende gehiagorengana”.
Garazik Bilbon klaseak hartzeaz gainera (@poledancebilbao) irakasle lez ibili da pole danceko ezagutzak zazpi haizetara zabalduz, “Exotismo eta erotismotik harago: “Hori baino askoz gehiago da Pole Dancea: kirol-mundu izugarria da eta entrenamendu handia dago horren atzetik”.
Antzinako jatorria
Pole danceak mende asko ditu. Hala ere, gaur egun ezagutzen dugun pole dance forma modernoa ikuskizunaren eta entretenimenduaren munduarekin harremanatuta dago.
Aditu batzuen arabera, pole dance-aren jatorria antzinako Indian dago, han ‘Mallakhamb‘ izeneko dantza modu bat bezala praktikatzen baitzen. Praktika hori zurezko zutoin batean akrobaziak eta oreka-posizioak egitean zetzan. Mallakhamb arte sakratutzat jotzen zen eta, askotan, gizonezko artistek praktikatzen zuten.
Urteek aurrera egin ahala, pole dance-a zirkuko ikuskizunen parte bilakatu zen. XIX. mendean, Europako zirkuko artistak metalezko zutoin bertikalak erabiltzen hasi ziren beren ikuskizunetarako. Zirkuko artistek trikimailu akrobatikoak egiten zituzten barran, beren indarra eta bizkortasuna erabiliz entzuleak liluratzeko.
Erotismoaren eremutik igaro izan bada ere, azken hamarkadetan, pole dance-ak benetako berpizkundea izan du fitness-forma gisa. 1990eko hamarkadan, pertsona asko barran dantzatzen hasi ziren, sasoian mantentzeko eta indarra eta malgutasuna hobetzeko modu dibertigarri gisa. Pole dance klaseak mundu osora zabaldu dira eta adin guztietako emakumeak eta gizonak erakarri dituzte.
☉ Arrigorriaga
Boxeo eta K1 Gaua antolatu dute asteburu honetan Arrigorriagan, herriko borrokalariekin
Hitzordua urtarrilaren 31n izango da, “adrenalina eta emozioz beteriko gaua”, antolaketa taldetik azaldu bezala

Arrigorriagako Udalak eta Sac Box Teamek Profesional eta amateurren Boxeo Gaua prestatu dute 2026ko urtarrilaren 31n, Arrigorriagako frontoian.
“Kolpeak baino askoz gehiago, errespetua eta baloreak aldarrikatuko dituen ekitaldia izango da”, iragarri dute Udaletik. Izan ere estereotipoetatik aldentzea helburu duen kirol erakustaldi honetan Imanol Garcia eta Oier Barriocanal arrigorriagarrek hartuko dute parte, herriko gimnasioko boxealariak biak.
K1eko bost borroka amateur eta boxeoko beste bost egongo dira. Amaieran borroka profesional bat egongo da kiroldegian ipiniko duten ringean.
Ateen irekieta 16:20etan izango da eta 17:00etan hasiera emango diote txapelketari. “Adrenalina eta emozioz beteriko gaua izango da!”, iragarri dute antolaketa taldetik.
Arrigorriagako Udala: “Kolpeak baino askoz gehiago, errespetua eta baloreak aldarrikatuko dituen ekitaldia izango da”
Sarrerak 10 euroan daude eskuragarri 678 158 545 telefono zenbakira deituz. Pisaketa publikoa aurreko egunean egingo da, urtarrilaren 30ean, 19:00etan, Paradise tabernan.
“Horrelako gaualdi bat, 10 euroan eta Arrigorriagan, inoiz egin ez den lekuan, aukera paregabea da”, nabarmendu dute Sacboxetik. “Pilotalekua bete nahi genuke eta kirola gustuko duen jendearentzat gauza ezberdinak ekar daitezkeela erakustea”.
☉ Arrigorriaga
Otsailaren 22an antolatu dute Arrigorriagako Herri Krosaren 25. edizioa
Txikien krosetan parte hartzea doakoa izango da, eta Herri Krosa Laburra zein Klasikoan parte hartzeko dortsal bakoitzak 2 euroko prezioa du

Arrigorriagako Herri Krosaren mende laurdenaren edizioa antolatu du Urbiko Triatloi Taldeak datorren otsailaren 22an, eta izena emateko epea zabalik dago urbikotriatloi.com webgunean.
Hitzordua 12:15ean ezarri dute eta urtero lez, lau kategoria antolatu dituzte gaztetxoentzat Herri Krosa laburra eta klasikoa hasi baino lehen:
Ordutegiak | Arrigorriagako Herri Krosa 2026
11:00 Txiki A (250mt)
11:10 Txiki B (500mt)
11:25 Txiki C (1.000mt)
11:45 Txiki D (1.5000mt)
12:15 Herri Krosa Laburra (4.700mt)
12:15 Herri Krosa Klasikoa (11.500mt)
Txikien krosetan parte hartzea doakoa izango da, eta Herri Krosa Laburra zein Klasikoan parte hartzeko dortsal bakoitzak 2 euroko prezioa du. Gogoratu beharrekoa da Arrigorriagako proba honek izaera solidarioa duela: dortsalen truke higiene pertsonaleko produktuak (xanpua, gela, konpresak, pixoihalak, etab.) eman behar dira Arrigorriagako Elikagai-Bankurako.
Dortsalak hartzeko momentuan jasoko dituzte Arrigorriagako Elikagaien Bankurako produktuak, udal kiroldegiko frontoian. Urbiko Triatloi Taldetik gogorarazi dute lasterketaren egunean ez direla izen ematerik egingo; dortsal banaketak soilik.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gure Altzoan Zaintza sareak datozen hilabeteetako jardueraz betetako programa iragarri du
Eneamatxo Proiektuko Eneritz Perez Alluek eskainiko dituen saioez gainera, datozen hilabeteko doako saioak iragarri dituzte

Altzoan Zaintza Sareak jardueraz betetako programa iragarri du hurrengo hilabetei begira.
Arrigorriagako elkarteak urteroko jarduerei heldu die: haurdunentzako programari dagokionez, helburua emakume horiei testuinguru hurbilean sostengua ematea da.
Horregatik prestatu dituzte duela egun batzuk GEURIAn iragarritako edoskitzearen inguruko tailerra, ‘Baby-Led Weaning’ edo BLW metodoaren ingurukoa, apirilaren 23an, eta haurraren loaren inguruko saio berezi bat. Programa honetako saioak Eneamatxo Proiektuko Eneritz Perez Alluek eskainiko ditu doan. “Familia osoarentzat oso egokiak dira saio horiek, eta amaren osasun fisiko eta mentalerako ere”, azpimarratu dute elkartetik. Saio horiek Lamiaenan antolatu dituzte 17:00etan.
Bestalde musika tailerrak ere aurrera doaz. Gordon metodoaren bidez irakasten diete lengoaia musikala haurrei. “Musika ikaste baino, helburua adierazpen emozionala eta gorputz adierazpena bideratu eta familian ekintza bat burutzea da, helduak eta haurrak konektatuz”. Abestiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
Egutegia | Altzoan Zaintza Sareko beste ikastaro eta tailerrak
Gainontzeko jarduerei dagokienez, Familia Topagunearen programan kokatu beharreko doako saioak dira. Horiek Edurne Garitazelaia kultur etxean antolatu dituzte eta doako zaintza zerbitzua eskainiko dute Kilimusi Eskaut Taldeko kideek, aurretiaz erreserbatuz. “Aurten sarea sendotzen eta elkarlana egiten ibili gara Arrigorriagako eragile batzuk eta lotura polita sortu dugu Kilimusi taldearekin”, azpimarratu dute Altzoanetik.
Otsailak 25, asteazkena
Nola hitz egin sexualitateaz haurtzarotik
Martxoak 25, asteazkena
Nola egin harrera anai-arreba berri bati
Apirilak 16, osteguna
Autoexijentzia eta errua ama-aitatasunean
Maiatzak 27, asteazkena
Txikiengan pentsamendu kritikoa sustatzea
Ekainak 8, astelehena
Lagun egite emozionala ipuinen bidez
Izena emateko altzoansarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute interesdunek.
☉ Arrigorriaga
Jarduera ugari antolatu dituzte Arrigorriagako kanporamartxo eta inauterietan, herrigunean eta inguruetan
Otsailaren 8an, 13an eta 14an kanporamartxoa eta inauteriak antolatu dituzte Arrigorriagan, mendikosolon, eskolan eta herrigunean

Otsailaren 8an, 13an eta 14an kanporamartxoa eta inauteriak antolatu dituzte Arrigorriagan.
Otsailaren 8an kanporamartxoa antolatu dute Arrigorriagan eta umeentzako tailerrak, trikitixa eta dantzak prestatu dituzte Mendikosolo parkean. Bi euroren truke txorizoa edo odolkia eta edariak erosteko aukera egongo da eta lortutako dirua Bizkaiko Hemofiliaren Elkartera bideratuko dute.
Hilaren 13an hasiera emango diete inauteriei, eskolan. Kalejira eta dantzak eskolan egingo dituzte, eta arratsaldean Gure Magalean elkarteak antolatutako dj saioa eta txokolatada, eta kilimusi eskaut taldeak umeentzako antolatutako tailerrak.
Hilaren 14an herrigunean egingo dituzte inauteriak. Eguerditik gaura bitartean Inauteriari ongi etorri deia, bazkaria, elkarretaratzea eta kalejira antolatu ditzte.
Egitaraua | Arrigorriagako kanporamartxoa eta inauteriak
Otsailak 8, igandea
11:30 Umeentzako tailerrak, Mendikosolo
13:00 Trikitixa eta dantzak, Mendikosolo
Otsailak 13, ostirala
17:30 DJ eta txokolatada + tailerrak, eskola
Otsailak 14, larunbata
12:00 Inauteriari ongi etorri deia, udaletxeko plaza
15:00 Bazkaria
19:00 Elkarretaratzea, odol emaileen plaza
19:30 Kalejira
20:00 Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa
21:00 Erromeria: Gautegun











