☉ Basauri
Gizon bat atxilotu zuten atzo Basaurin dendari bat pistola simulatu batekin mehatxatzeagatik
Atxilotua, 37 urteko gizona, polizia-egoitzara eraman zuten, eta dagozkion eginbideak bete ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratu behar du

Ertzaintzak 37 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Basaurin, bertako merkataritza-saltoki bateko dendari bat pistola simulatu batekin mehatxatzeagatik.
Gertaerak atzo jazo ziren 18:15ak aldera Basauriko saltoki batean. Dendako langileen arabera, bezero bat eztabaida bizian hasi zen saltzaile batekin, eta pistola batekin mehatxatu zuen.
Arma erakutsi zuenean, bertan zeuden gainerako bezeroak beldurtu egin ziren, eta korrika ihes egin zuten, Segurtasun Sailetik adierazi dutenez.
Ertzaintza bertaratu eta pistola zeraman gizona topatu zuten saltoki ondoan, ibilgailu batean ezkutatuta. Ibilgailuko eserlekuetako batean aurkitu zuten mehatxu egiteko erabili zuen arma: ‘Airsoft’ aire konprimatuko pistola.
Atxilotua polizia-egoitzara eraman zuten, eta dagozkion eginbideak bete ondoren, aske utzi zuten eta agintari judizial eskudunaren aurrean deklaratzeko deitu zain dago.
☉ Basauri
Bideoa | Errege Magoekin eta euren pajeekin topo egin dugu Basaurin!

Meltxor, Gaspar, Baltasar eta euren pajeak badaude Basaurin dagoeneko! Goizean umeen bisita jaso dute Social Antzokian eta bertan topo egin dugu eurekin! Arratsaldean, 18:00etan kabalgata egingo dute herritik.
☉ Basauri
Kareaga Auzo Elkarteak 2026ko egutegia egin du berriro argazki zaharrekin

Zazpigarren urtez jarraian Kareaga Auzo Elkarteak egutegia egin du. Eta aurreko urteetan bezala, auzoko argazki zaharrekin bete dute egutegia, “gure auzoaren iragana eta auzotarrak gogorarazteko”.
Abenduan jarri zituzten 1.000 ale salgai auzoko tabernetan 2,5 euroan. Auzo Elkarteko bazkideek doan jaso ahal izango dute.
2019ko abenduan publikatu zuten lehen egutegia, eta ordutik urtero kaleratu dute. Horretarako argazki bilketa martxan du Auzo Elkarteak.
“2020tik Kareaga Auzo Elkartea herritarren parte-hartze bidezko proiektu bat aurrera eramaten ari da; auzokideek emandako dokumentazioarekin eta testigantzekin auzoaren historia berreraiki eta sakondu nahi duen proiktua, alegia”, diote.
Argazkiak, negatiboak, diapositibak, kartela, egunkarietako ebakiak edota bideoak ari dira biltzen eta digitalizatzen.
“Oroitzapen bilketa honen bidez, gure historiaren zati bat galtzea saihestu nahi dugu, eta material hori auzoko kontakizun kolektibo bat eraikitzeko erabili. Izan ere, Kareaga auzoa aldaketa handiak eta sakonak bizi izan ditu XX. mendetik hirigintzan, gizartean eta ekonomian”, diote.
☉ Basauri
Igor Oca basauriarrak Leganesen lehen taldea zuzenduko du denboraldi amaierara arte
Talde madrildarrak karguan berretsi du entrenatzailea, abenduaren 5ean Paco Lopezen ordez behin-behineko kargua hartu ostean

Gabon gau egunean iragarri zuen Leganes talde madrildarrak albistea: Igor Oca Pulido basauriarra CD Leganeseko lehen taldeko entrenatzailea izango da denboraldia bukatu bitartean, taldearen gidaritza hartu eta hiru astera.
Joan den udan iritsi zen Oca Leganesera, Sestao Riverretik, klubeko bigarren taldea (Leganes B) gidatzeko asmoz. Hala ere, Paco Lopezen kargugabetzearen ostean, lehen taldearen ardura hartu zuen behin-behinean.
Tarte honetan zuzendu dituen hiru partidetan (bi berdinketa eta porrot bat), klubeko zuzendaritzaren konfiantza bereganatu duela argi utzi du erabaki honek.
GEURIAk elkarrizketa egin zion Ocari 2024ko apirilean, ´Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra´ izeneko erreportajean. Profil berezia du entrenatzaile basauriarrak: Historian lizentziatua da eta Arkeologian espezializatua, baina bere ibilbide profesionala aulkian garatu du azken urteetan, batez ere Hego Amerikan, hala nola Ekuadorren, Txilen edo Mexikon.
Erronka nagusia: Salbazioa
Basauriarraren zeregina ez da erraza izango. Leganes LaLiga Hypermotion-eko (Bigarren Maila) jaitsiera postuetan dago une honetan, salbaziotik puntu bakar batera bada ere. Bere lantaldean Ivan Gomez (bigarren entrenatzailea), Alberto Bueno eta Nano Rivas izango ditu lagun denboraldiko helburua lortzeko.
Datorren astelehenean, abenduaren 29an, prentsaurreko ofiziala eskainiko du Ocak Butarque instalazioetan, proiektu berriaren xehetasunak emateko.
☉ Basauri
Pertsona bat eta bere txakurra harrapatu ditu auto batek Basauriko Azganeta kalean
Istripua atzo arratsaldean gertatu zen. Osasun-langileek zauritutako pertsona artatu zute, eta suhiltzaileek, berriz, zauritutako animalia egonkortu zuten

Bart arratsaldean trafiko istripua gertatu zen Basauriko Azganeta kalean, Artunduagako enpresagunearen pasabidearen parean. Suhitzaileek jakinarazi dutenaren arabera, auto batek pertsona bat harrapatu du eta, berarekin batera, zaurituta geratu da bere txakurra ere.
Suhiltzaileek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, abisua jaso bezain laster bertaratu dira larrialdi zerbitzuak. Osasun-langileak harrapatutako pertsona artatzeaz arduratu dira lekura iritsi direnean.
Bizkaiko Suhiltzaileek hartu dute txakurra artatzeko ardura. Animalia ere zaurituta geratu da kolpearen ondorioz, eta suhiltzaileek bertan egonkortu dute, jabeari laguntza medikoa ematen zioten bitartean.
Une honetan ez da zaurituen egoeraren inguruko xehetasun gehiagorik eman, ezta istripuaren arrazoien inguruko argibiderik ere. Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.
☉ Basauri
Argazkiak | Olentzero eta Mari Domingi lagunez inguratuta iritsi dira Basaurira!

Euriak ez du zapuztu Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira Basaurin. Galtzagorriak, dantzariak, Mari eta Sugaar, eta Basajaun lagun izan dituzte bidean, baita kalejirara batu diren herritarrak ere.

































