☉ Basauri
Bosteko erakusketa ibiltaria Basaurira helduko da urrian
“Zure Gorputzaren Agerpenak Liluratua” erakusketa antolatu dute aurtengo Bosteko programan. Urriaren 6tik 27ra bitartean Arizko Dorretxean ikusgai egongo da erakusketa.

Bosteko programa kulturalak “Zure Gorputzaren Agerpenak Liluratua” erakusketa aurkeztu zuen irailean Arrigorriagan. Erakusketa ibiltaria da, eta Arrigorriagan urriaren 3ra arte ikusgai egongo da; ondoren, Basaurin egingo du geldialdia, urriaren 6tik 27ra bitartean, Arizko Dorretxean.
Artearen deszentralizazio bilatzen duen programa honen aurtengo protagonistak Helena Goñi, Daniel Llaría eta Izaro Ieregi dira, “eta beraiekin batera, gorputzen eta horien agertzeko moduen arteko harremananean murgildu ahal izango gara, antolatu dituzten erakusketaren aurkezpenetan”, azaldu dute erakusketaren antolatzaileek. Bosteko Bizkaiko Lurralde Historikoko bost udalerritako Kultura sailek antolatutako programa kulturala da; Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Zornotza eta Leioako Udalek antolatutako erakusketa ibiltariak dira eta lurraldeko artista garaikideen sustapena dute helburu.
Erakusketarekin batera bitartekaritza programa bat jarri dute martxan honako ikerlari hauek: Maite Garbayo, Natalia Vegas, Pablo Marte eta Jaime Cuenca. Bestalde, Isabel de Naveránek eta María García Ruizek haien arteko harremana erakusten duen bideo proiekzio batekin amaiera emango diote bitartekaritza programari. Gainera, aurten Idoia Leache eta Iván Gómez artistak arituko dira komisariotza lanetan. Erakusketaren difusio programaz arduratzen diren bitartean, @prendido_liluratua Instagrameko kontuan erakusketaren inguruko informazioa partekatzeaz gain, Andrea Estankonak eta Juan Pablo Ordúñez / MawatreSek, proposaturiko Notas al pie proiektuarentzako espazioa irekiko dute. Artista bakoitzaren proiektuekin erlazioa duten edukiak zabalduko dituzte.
Getxon (urriaren 30etik azaroaren 20ra), Zornotzan (azaroaren 23tik abenduaren 13ra) eta Leioan (abenduaren 15etik urtarrilaren 8ra bitartean) ere izango da Bosteko 2021 erakusketaren XXVI. edizioa.
ARGAZKIAK, BIDEOAK ETA ESKULTURAK
Erakusketan Helena Goñiren argazkiak, Daniel Llaríaren eskultura eta bideoak eta Izaro Ieregiren performancea eta eskulturak ikus daitezke:
Helena Goñik bere eguneroko pertsonala sortzen du: bere itxaropenak zein porrotak eta bere belaunaldiko desioak zein desengainuak ateratako argazkien bidez uztartzen dira. 2013. urtean graduatu zen Arte Ederretan EHUn. Duela gutxi New Yorken bere ikasketak luzatzeko Fullbright beka jaso du. Bakarkako zein taldekako hainbat erakusketatan parte hartu du. 2016an Ertibil deialdiko hirugarren saria eskuratu zuen, eta 2020an, berriz, lehen saria. Gainera, 2020an Otaola Beka irabazi zuen Goñik.
Daniel Llaríak aurkezten dizkigun eskultura zein bideotan begiradaren politika, ikustea eta ikustaraz-tearen sistema, klase borrokaren ikuspuntutik jorratzen da. 2009. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn eta Fullbright beka bati esker Parsons – The New Schoolen (New York) egin zituen masterreko ikasketa. Bakarkako zein taldekako hainbat erakusketatan parte hartu du. 2018an eta 2020an Ertibil deialdiko hirugarren saria jaso zuen.
Izaro Ieregiren piezak gorputzaren osagarri batetik eskulturara igarotzen diren objektuak eraikitzeko ideiatik sortu dira. Gorputzetik objektura eta kontrako noranzkoan igarotzearekin temati saiatuz eta uneoro eskultura baten eraiketaren ariketan pentsatuz, gorputz ariketa bat balitz bezala. 2010. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn. Bere ikasketak luzatu zituen JAIn (Jardun Artistikoen Institutua) eta gaur egun DAI programan dago (Dutch Art Institute). Bakarkako zein taldekako hainbat erakusketetan parte hartu du. 2018an Ertibil deialdiko bigarren saria eskuratu zuen eta 2019an, berriz, hirugarrena.
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).






























☉ Basauri
Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin
Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).
Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.
Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.
Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.
Emantzipaziorako bidea
Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.
Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.
Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.
Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).
☉ Basauri
Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da
Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.
Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan
Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.
Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.
Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.
“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.
☉ Basauri
Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko
Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.
Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.
Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.
Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.
Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.
Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.









