☉ Basauri
Lier Alvarez arrigorriagarrak irabazi du Basauriko Hitz-Erdiko Kontaketak lehiaketa
Xabat Irazabal gernikarra, Aroa Elortza bergararra, Elorri Argueso bilbotarra eta Zuriñe Leon basauriarra ere saritu dituzte

2025eko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketako sari banaketa egin zuten atzo arratsaldean Basauriko Zirt Zart Gazte Bulegoan, Autonomia kalean.
Lier Alvarez Palacios arrigorriagarrak lehen saria irabazi du (200 euroko balioa duen saria), Xabat Irazabal Lopez gernikarrak bigarren saria (125 euroko balioa duen saria) eta Aroa Elortza Payros bergararrak hirugarren saria (75 euroko balioa duen saria).
Elkar Saria Elorri Argüeso Gundin bilbotarrak lortu du (150 euroko balioa duen saria) eta Basauri Saria Zuriñe Leon Salcedok.
Liburuxka berezia sortu dute jasotako kontaketa batzuekin; bertan bost irabazleak daude, besteak beste. Ale kopuru mugatua dago eskuragarri Basauriko Zirt Zart Gazte Informazio Bulegoan, baita Elkar dendan ere, doan.
Lehiaketa Basauriko Udalaren Zirt Zart Gazte Zerbitzuak antolatzen du, GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin.
Hitz-erdiko Kontaketak 2025 / Irabazleak
2025. edizioa · Zortzigarren edizioa
1. saria
LIER ALVAREZ PALACIOS
Arrigorriaga (Bizkaia)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Galdetu zidan bere azkenengo ezbaiari erantzuna aurkitu nahian, lasai joateko itxaropenez. Gaur ere ez dakit erantzun ona eman diodan. Agian horretan datza bizitza, gure iraganeko jarrerek eta erabakiek, baita hutsalenek ere, gure egunerokotasunean sutsuki baitiraute. Nork daki, agian egun hartan beste bide bat hartu behar izan zenuen, aurrerapausoa eman. Gauza da, zoritxarrez edo zorionez, hartutako bideak aldaezinak direla honezkero, eta horiexek direla orain zaren pertsona eraiki dutenak. Izan zaren guztia zure erabakiei zor diezu, harro egon behar zara zarenaz. Hori guztia azaltzeko denborarik ez zegoen bere azkenengo une horretan, haren begien distira histen zihoan gutxinaka. ‘Beti gogoan eramango zaitut, aitite’.
2. saria
XABAT IRAZABAL LOPEZ
Gernika (Bizkaia)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Buruari eragin nion egun eta gau, periodikoki, maitasunaren triangelu zuzenean geratuko nintzenentz ezin jakin. Buruhausteak gorabehera, matematikako klasean nintzen, pentsakor, eskuinean Xabi eta aurrean Yone. Hirurak batera, elkarri begira, gure maitasunaren indarrari irmo eusten genion. Halere, hiruki maitemindua neurtzeko lanabes trigonometria, hasi nintzen erantzun bila. Yone zen sin(y) eder-xarmant bezain sentibehera eta Xabi cos(x), argi nahiz puska on. Euren artean ni, tan(xy), baina baztergarri senti, molda baitzitezkeen ni barik. Beraz, hartu nuen konplexuena erabaki. Ekuaziotik irten nintzen, bihotzez intziri Xabik eta Yonek bat egin zezaten sin2(yx) cos2 (xy) 1.
3. saria
AROA ELORTZA PAYROS
Bergara (Gipuzkoa)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Badakit niregatik arduratzen zinatelako gomendatu zenidatela beste ikasketa batzuk egiteko, baina nire bizitza zen, eta da eta ondorioz, neronek hartu beharreko erabakia. Baliteke urte batzuk barru erabakiaz damutu izana, baina gaur, behintzat, zoriontsu naiz, gure arteko harremana galtzea eragin arren. Hala ere, azken boladan jabetu naiz agian ez zela horrenbeste nirekiko ardura, zuen itxurarena baizik. Nola izango litzateke, bada, herriko medikuaren alaba soinu teknikaria? Guraso biak doktoreak, bata katedraduna gainera, eta alaba erdi mailako ziklo bat egiten? Noizbait nire bizipozaz arduratu izan bazinete, jabetuko zinateketen patrika txanponez bete baino, beti nahiago izan dudala belarriak musikaz betetzea.
Elkar saria
ELORRI ARGÜESO GUNDIN
Bilbo (Bizkaia)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Ez nintzen ospitalera joan eta ez nituen aititeren azken hitzak entzun. Horma zuridun gela arrotzean etzanda ikustea gogorregia egingo zitzaidala esan zidaten gurasoek, eta kasu egin nien. Azken aldiz elkarrekin egon ginenekoa gogoan dut auzoko bankuan eserita geundela elkarrizketa mutua izan genuen, hitz gutxiko gizona zela esan ohi du aitak. Akaso noizbehinka nire ondoan esertzen da bertara itzultzen naizenean eta, horrela bada, espero dut malkoaz batera ateratzen zaidan irribarre lotsatia antzemango didala. Aititerekin dudan azken oroitzapena bankuan emandako besarkada izatea erabaki nuen. Besarkada isil eta atsegin bat, aitite bera bezalakoa.
Basauri saria
ZURIÑE LEON SALCEDO
Basauri (Bizkaia)
Erabaki zuzena hartu ote nuen? Galdera hori ezin nuen burutik kendu, Bartzelonako kaleetan bueltaka nengoela nire alabaren eskua helduta alde batean eta maleta bat arrastaka bestean nituela. Bizkaia faltan bota nuen jada, eta negar egiteko nahiak ia ezin eutsi nebilen nire familia eta lagunak atzean utzi nituela pentsatzean. Hala ere, duela urte asko ez nintzen zoriontsu. Etxetik kanpo familia perfektuaren irudia ginen, baina sufrimenduz beteriko hormen artean bizi nintzen. Bai, erabaki zuzena hartu nuen, dudarik gabe. Hori ez zen maitasuna. Maitasunak ez du hainbeste minik egiten. Benetako maitasuna ez zen etxe horretan geratzea, alde egitea baizik.
☉ Basauri
San Migelen hiri-altzariak berritu, iturri berriak jarri eta oinezkoen pasabideak egokitu ditu Basauriko Udalak, herritarrek eskatuta
117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten, eta horietatik hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak. Lanak dagoeneko bukatu dituzte

Auzoegin proiektuaren barruan, obra txikiak egin ditu Basauriko Udalak San Migelen herritarrek hala eskatuta.
Zehazki, honako jarduketak egin ditu Udal Brigadak: bi zaborrontzi jarri dituzte Gernika eta Ramon Kareaga kaleak lotzen dituen igogailuaren pasealekuan; txakurrek edateko ontziak ipini dituzte parke-eremuen iturrietan; kendu egin dute San Migeleko sarreran zegoen erloju-panela; eserleku bat jarri dute futbol zelaiko aldagelen atzekaldean; kaleko eserlekuak konpondu eta barnizatu dituzte; frontoi ondoko saskibaloi kantxako saskien uztailak berritu dituzte; iturriak jarri dituzte saskibaloi kantxan eta anbulatorio ondoko haur-parkean; egokitu egin dituzte Gernika eta Kebrantebarri kaleetako zebra-bideak; eta seinalizazio horizontala hobetu dute San Migeleko 70 oinezkoen pasabidetan.
Prozesu parte hartzailea martxan jarri zuen Udalak ekainean eta 117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten.
“Jaso ziren 243 proposamenek zerikusia zuten, nagusiki, kaleen konponketa, garbiketa eta irisgarritasunarekin eta errepideen zaintzarekin, eta, neurri txikiagoan, kirol-instalazio, parke, hiri-altzari edo ingurumenarekin”, diote udal ordezkariek.
Guztira hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak eta dagoeneko lanak bukatu dituzte. Udal arduradunek zehaztu dutenez, egindako esku hartzeen berri emango diete auzotarrei, “azalpen-orri bat bidalita etxe guztietara”, diote. Gainera, ados.basauri.eus plataforman ere informazio guztia jarriko du Udalak.
“2013. urtean, Basauriko Udalak martxan jarri zuen Auzoegin Auzoetan Eragiteko Ekintza Plana, hobekuntza, modernizazio eta hiri-berroneratze lanak egiteko udalerriko hainbat lekutan, kontuan hartuta beti herritarrek, elkarteek eta taldeek parte-hartze kanalen bitartez eginiko eskaerak. Egitasmo horren bidez, beste urrats bat egin nahi izan du Udalak, herritarren parte-hartze bidezko prozesu espezifikoak sustatzeko, udalerriko auzo edo leku jakin batzuei begira, horiek hobetzeko, bizilagunekin elkarlanean”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
Soloarte parkeko estalki berria aurten eraikiko du Basauriko Udalak
Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek. Gainera, zakarrontzi eta banku gehiago jarriko dituzte

Soloarte parkeko atzealdeko banku-eremu berria estali egingo du Basauriko Udalak. Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek.
Zehazki, futbol zelaiaren atzealdean dagoen eremua da estali egingo dutena, zubi gorriaren aurrean dagoena. Herritarrek herriko gune gehiago estaltzea eskatu zuten aurrekontu parte-hartzaileetan.
Gainera, zaborrontziak eta zenbait eserleku berri jarriko dituzte parkearen sarreran eta estalkia joango den gunean.
Soloarteko futbol zelaia eta Mercabilbaora arteko ibaiertzeko horma egonkortzeko lanak bukatu ostean jarriko dituzte zakarrontziak eta banku gehiago, eta gune hori estaliko dute.
Horma indartzea
Soloarteko pasealekua eta horma Mercabilbaotik futbol zelairaino doan zatian birgaitzeko lanak amaitu zituen Udalak abenduan, hamar hilabeteko lanak eta gero.
2023an luizia antzeman zuten horman, esku hartutako zatian, eta Udalak erabaki zuen horma indartzeko eraikuntza-obraren proiektua idazteko lanak kontratatzea, narriadura lehenbailehen gelditzeko. Horrez gain, prebentzio- eta segurtasun-neurri gisa, Udalak pasealekuaren zati hori itxi zuen oinezkoentzat, eta lurra kentzeko lanei ekin zien, hormaren zama arintzeko.
“Proiektua idazten ari ziren bitartean, ordea, Plan Hidrologikoaren aldaketa bat sartu zen indarrean, jabetza publiko hidraulikoaren gaineko instalazioei buruz. Bada, Planaren testu berriak xedatutakoarekin bat, URAk ebatzi zuen ezin zuela baimena eman horma berreraikitzeko, eta xedatu zuen Basauriko Udalak horma berria eraiki behar zuela, harri-lubetazkoa. Arau-aldaketak ez zuenez ahalbidetzen proiektua hasierako baldintzen arabera idaztea, Udalak birmoldatzeko eskatu zuen, betebehar berrietara egokitu zedin”, diote udal arduradunek.
Proiektuaren birmoldaketa egin ostean, horma berria eraiki du Udalak. Harri-lubetazkoa da horma berria, eta hobekuntza estrukturalak, hidraulikoak, ingurumenekoak eta estetikoak ekarri ditu.
Obra egiteko 1,3 milioi euro bideratu dituzte: Basauriko Udalak % 60 finantzatu du eta URAk % 40.
☉ Basauri
Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Basaurin urtarrilaren 15ean

Martxoaren 19tik29ra bitartean izango da 24. Korrika, Atharratzetik Bilbora. Hego Uriben hilaren 27an igaroko da [hemen eskualdeko ibilbidea].
Eta aurtengo Korrikaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo du Hego Uribeko AEK Basaurin. Urtarrilaren 15ean, ostegunez, izango da Ibaigane Kultur Etxean, 18:30ean.
☉ Basauri
Basauriko Gomazko Paleta Txapelketa jokatuko da urtarriletik martxora Artunduagan
Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekingo diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.
Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.
Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira, eta lehenengo mailan 10 bikote.
Txapelketa urtarrilaren 11n hasiko da eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.
Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.
☉ Basauri
Euskarazko 11 ikuskizun antolatu dituzte urtarriletik maiatzera Basauriko Social Antzokian
Guztira 40 ikuskizun antolatu dituzte: antzerkia, komedia, opera, musika, dantza, magia eta haurrentzako emanaldiak

Social Antzokiak aurkeztu du urtarriletik maiatzera bitarteko programazioa. Guztira 40 ikuskizun antolatu dituzte: antzerkia, komedia, opera, musika, dantza, magia eta haurrentzako emanaldiak.
Carlos Sobera, Lara Dibildos, Kiti Manver, Carlos Hipolito, Jon Plazaola, Imanol Arias, Maria Barranco, Aitziber Garmendia, Goazeneko aktoreak, Miren Arrietan, Klara Badiola, Kepa Errasti, Nieves Concostrina eta Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore igoko dira Basauriko antzokiko oholtzara urte berriko lehen sei hilekoan.
Eta, ohi bezala, umoregileak ere izango dira Social Antzokian: Juan Carlos Ortega, David Cepo eta JJ Vaquero.
Antzokiko arduradunek azaldu dutenez, denboraldi honetako berrikuntza nagusia da Opera eta Zarzuela berriro taularatuko dituztela Basauriko eszenatokian. “Otsailaren 28an ‘Album de Zarzuela’ obraz gozatuko dugu, zarzuelaren onena biltzen duen antologia, eta martxoaren 21ean Giacomo Pucciniren ‘La Boheme’ opera”, diote.
11 euskaraz
Seihilabete honetarako programatu dituzten 40 emanaldietatik 11 dira euskara hutsean: ‘7 urte’ antzezlana (urtarrilak 23, 20:00 —Dorleta Urretabizkaia, Iñigo Gastesi, Jon Olivares, Kandido Uranga eta Aitor Beltran—), ‘Goazen.12’ antzerki-musikala (otsailak 1, 17:00 eta 19:00 —Ainhoa Tabuyo, Leire Nuñez, Jon Alonso, Yan Pinto, Josu Iriarte eta Luken Urruzmendi), ‘Arizona’ antzezlana (otsailak 27, 20:00 —Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola—), ‘Rikardo III eta ni’ antzezlana (apirilak 24, 20:00 —Leire Ucha, Ion Zumelaga, Eneritz Artetxe Aranaz, Pette Jaragoiyhen/Iurgi Arrieta—), eta ‘Desobedienteak’ antzezlana (maiatzak 15, 20:00 —Miren Arrieta, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti, Omar Somai—).
Social Txiki programazioaren barruan hauek izango dira euskaraz: ‘Semaforoa’ ikuskizuna (urtarrilak 18, 12:30 —Logela Multimedia—), ‘Bazen behin…’ antzerkia (otsailak 22, 12:30 —Tiritirantes—), ‘Hodei guztien gainetik’ (martxoak 15, 12:30 —Markeliñe), ‘Arrainak bihotzean’ (apirilak 26, 12:30 —Mar-mar Teatroa), ‘Zorionak Marimotots’ (maiatzak 17, —Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore—), eta ‘Emozioetan zehar bidaiatzeko kontzertu txundigarria’ (maiatzak 24, 12:30 —Udaberriko kontzertuak—).
Sarrerak dagoeneko salgai daude Social Antzokiko leihatilan, socialantzokia.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan.











