☉ Basauri
Bideoa / Basauriko Kareaga eta Bilboko Bolueta bidegorri bidez lotzeko lanak martxa onean doaz
Bidegorriak kilometro bateko luzera du, Zubialdeko zubitik Baskonia kaleko aparkalekuraino. Udalak asmoa du La Basconia-Pozokoetxe tartean luzatzea bidegorria eta proiektua idaztea
Basauriko Kareaga eta Bilboko Bolueta bidegorri bidez lotzeko asmoa errealitate bihurtuko da aurten. Bizkaiko Foru Aldundiak bidegorriaren obrak hasi zituen urte hasieran eta lanak “martxa onean” doazela adierazi digute Kareaga Auzo Elkartetik.
Hain zuzen ere, Kareaga Auzo Elkartearen urteetako aldarrikapena izan da bidegorria eraikitzea: “Kareaga Auzo Elkartetik hamar urte baino gehiago generaman aldarrikapen honen atzetik, pentsatzen genuelako berreskuratu behar zela zonalde hau, aprobetxatzea zegoen Arratiako Tranbia zaharraren trazadura, bertan bidegorria eta oinezkoentzat pasealekua egiteko. Bidegorria zein pasealekua ezinbestekoa da basauriar guztiontzat”, dio José Andrés Mieres Kareaga Auzo Elkarteko kideak.
Bidegorriak kilometro bateko luzera izango du eta txirrindularientzat zein oinezkoentzat egokituta egongo da. “Zabalera sei metrokoa da: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat. Horrek ahalbideratuko du gaur egun ehundaka oinezko eta txirrindulari errepidetik egiten dugun bidea modu seguru eta lasai batean egitea”, dio Alberto Delgado Kareaga Auzo Elkarteko kideak: “Hortaz, oso albiste hau oso pozgarria da Kareagako zein Basauriko txirrindulariontzat zein oinezkoentzat”.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2,2 milioi euro inbertituko ditu Basauri eta Bilbo artean oinez edo bizikletaz joan-etorri seguruak egiteko bidegorria eraikitzen. Asier Iragorri Basauriko alkateak dio herritarrek pasealekuekin eta aisialdirako guneekin bat egiten duen proiektu honekin gozatzeko aukera izango dutela: “Bidegorri honen eraikuntzarekin Basauriko herritarrekin hartu genuen beste konpromiso bat betetzen dugu”.
“Trazadura laua”
Basauri eta Bilbo arteko bidegorriak 1.090 metroko luzera izango du eta laua izango da ia osorik. Trazadura Baskonia kaleko aparkalekuan hasiko da eta Etxebarriko muga barrutik igarota, Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ibilgua inguratuz Boketeko tuneleraino iritsiko da. Bidegorriak 120 metro luze den tunel hori zeharkatuko du eta Zubialdeko zubira iritsiko da eta Boluetan Bilboko udal bizikleta sarearekin lotuko da.

Bidegorriaren obrak Kareagatik ikusita // Geuria
Obren bidez Arratiako Tranbiaren trazadura berreskuratuko da, eta Zubialdeko zubia handituko dute oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berrirako behar den espaziora iritsi arte. “Bokete tunelean, egitura kontserbazio-egoera onean dagoenez, lanak egingo dira, besteak beste, hegoaldeko ahoa egokitzeko, hondatutako eremuak saneatzeko eta lehengoratzeko eta jatorrizko drainadura berreskuratzeko”, diote Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek.
“Bidegorriak segurtasun-hesiak izango ditu erabiltzaileentzako arriskua dagoen lekuetan, baita argiztapena ibilbide osoan ere. Horretarako, eguzki-led argiak jarriko dira, 27,5 metroko tartearekin, aire zabalean eta zazpi metroko tarteetan tunelaren barruan, argiztapen uniformea lortzeko. Era berean, tunelean bideozaintza-sistema bat jarriko da, ibilbide osoa estaltzen duten hiru segurtasun-kamerarekin”, diote.
Jarduketaren ondorioz, halaber, Baskonia kaleko aparkalekua berrantolatuko dute, eta erdiko bide bat ezarriko dute eta horren alboetan baterian kokatutako 46 aparkaleku egokituko dituzte. Aparkaleku horren ondoan, eta bizikleta-bidearen hasieran, 100 metro karratuko aisialdirako gune bat sortuko da, bizikleten aparkaleku, mahai eta zurezko bankuekin.
Aldarrikapenak etenik ez
Bidegorriaren aldarrikapena Kareaga Auzo Elkarteak egin du 2014tik, baina ez da elkarte bakarra bidegorria eskatzen. Besteak beste, Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.
“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.
2021eko urritik gaur egunera 26 bizikleta martxa antolatu dituzte, beti hileko azken larunbatean. Apirilean, hilaren 27an egingo dute martxa, 11:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusitik abiatuta.
“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, “Bidegorria Galdakaora orain!” lemapean”, dio Delgadok, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.
La Basconia-Pozokoetxe
Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz, Basauriko Udalak bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera.
Udal arduradunen asmoa da aurten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko du.
“Oinezkoentzako eta bizikletetarako bidegorria eginda, jarraipena emango zaio urte honen amaieran Bolueta eta La Baskonia lotuko dituen bidegorriari, Arratiako tranbia zaharraren ibilbidean barrena”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.







