☉ Basauri
Pediatria zerbitzuetan murrizketarik ez egiteko eskatu dute herritarrek
San Migeleko pediatrak astelehenetik ostiralera lan egingo du, 11:00etatik 15:00etara. Kareagan bi pediatra egongo dira: bat lanaldi osoan eta bestea 08:00etatik 10:30era

San Migeleko anbulatorioan lan egiten duen pediatrak erretiroa hartu berri du, eta horrek herriko pediatria zerbitzuan eragina izango duelakoan ezinegona sortu da bizilagunen artean; batez ere San Migeleko, Kareagako, Basozelaiko eta Bidebietako herritarren artean. Pediatria zerbitzuan “murrizketak” egongo direla salatu dute, eta lehen protesta irailaren 28an egin zuten, San Migeleko Taberna Nagusiaren aurrean, osoko bilkura bertan ospatu baitzen (San Migeleko jaiak direla eta).
Orain arte hiru pediatra zeuden lanaldi osoan San Migeleko eta Kareagako osasun zentroetan: bat San Migelen eta bi Kareagan. Eta orain, San Migeleko pediatrak erretiroa hartu eta gero, horrela eskaintzen ari dira zerbitzua bi anbulatorioetan: pediatra bat lanaldi osoan dago Kareagako zentroan eta beste pediatra batek jardunaldia erdibituta izango du Kareaga eta San Migel artean: 08:00etatik 10:30era Kareagan eta 11:00etatik 15:00etara San Migelen. “San Migeleko eta Kareagako osasun-zentroetako pediatria zerbitzu publikoan kalitate-galera larria dakar egoera horrek. Salatu nahi dugu plantillaren murrizketa dakarrela bi osasun-zentroetako pediatria zerbitzuan: lanaldi osoan zeuden hiru pediatra izatetik (bi Kareagan eta bat San Migelen) bi pediatra bakarrik geratuko lirateke (bat Kareagan lanaldi osoan eta bestea bi osasun-zentroen arteko lanaldi zatituan)”, salatu dute San Migeleko, Kareagako, Basozelaiko eta Bidebietako auzotarrek.
Udalak Osakidetzan “egin beharreko kudeaketak” egin ditzala eskatu dute auzotarrek, “San Migeleko eta Kareagako anbulatorioetako pediatria zerbitzuak aurrerantzean ere orain arteko kalitate-baldintzetan mantenduko direla berma dezan, plantilla- eta ordutegi-murrizketarik gabe eta oporretako murrizketarik gabe”, diote. “Asier Iragorri alkateari eskatzen diogu, basauriar guztien ordezkari instituzional gorena den aldetik, defenda dezala Osakidetzak udalerriko osasun-zentroetan ematen duen pediatria zerbitzua, zerbitzu publiko horren kalitatean atzerapausorik onartu gabe”, diote.
“Kalitatea bermatuta”
Basauriko Udala San Migeleko Auzo Elkarteko ordezkari batzuekin batu zen ekainean eta Osakidetzak pediatria-zerbitzua egunero berma dezala eskatu zuen. Barrualde-Galdakao ESIko ordezkariek Udalaren eskaera kontuan hartu zuten, eta udal ordezkariek argitu dutenez, “San Migeleko anbulatorioak pediatria zerbitzu iraunkorra izango du 11:00etatik 15:00etara, egun dagoen pediatra jubilatu eta gero”. Udal arduradunek zehaztu dutenez, pediatra bat izango da San Migeleko anbulatorioan lanaldiaren bi herenetan. Guztira 508 haur artatuko ditu San Migeleko pediatrak.
Bestetik, Kareagako anbulatorioan 1.073 haur artatzen dituzte pediatria zerbitzuan: “Lanaldi osoan dagoenak 817 haur artatuko ditu eta lanaldiaren herena duen pediatrak 256 umeri emango dio zerbitzu”, diote udal ordezkariek. “Osakidetzak ezarritako pediatra bakoitzeko haurren ratioa 800 eta 1.000 artekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Bai Kareagan bai San Migelen pediatra-haur ratioak Osakidetzako batez bestekoaren azpitik daude, eta horrela jarraituko dute”, diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute bi osasun-zentroetan etengabeko erizaintza-zerbitzua egongo dela.
“San Migeleko eta Kareagako haurrek egunero izango dute arreta pediatrikoa, astelehenetik ostiralera, eta kalitate parametro berberetan bermatuta jarraituko du, pediatra bakoitzak artatuko duen haur kopurua EAEko batez bestekoa baino txikiagoa izango baita”, diote Udaletik. Jaiegunetan eta oporraldi garaietan San Migeleko haurrentzako arreta Arizko anbulatorioan eskainiko da; orain arte Kareagako osasun zentrora jo behar zuten. Kareagako haurren kasuan, jaiegunetan eta oporraldietan euren osasun zentroan artatuko dituzte.
Eztabaida osoko bilkuran
Irailaren 28an osoko bilkura ospatu zen San Migeleko Taberna Nagusian. EH Bilduk pediatria zerbitzuari buruzko mozioa aurkeztu zuen: “Ratioei buruz hitz egiten denean, uste dugu badaudela planteatu behar diren beste faktore batzuk, hala nola, desplazamenduaren faktorea edo egongo den lan-gainkarga faktorea, ez baitira bi anbulatorio horiek bakarrik: Arizko anbulatorioa ere sartzen da jokoan”, aipatu zuen Exabier Arrieta EH Bilduko ordezkariak: “Ez dugu uste onargarria denik zerbitzu publikoaren kalitatean atzerapausoak onartzea”.
“Gaia korapilatsuagoa” dela zioen Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. “Auzo gehiagori eragiten die, hala nola, Basozelairi, Kareagari eta Bidebietari. Ez dira kontuan hartu ez guraso-elkarteak ez auzo-elkarteak. Guztiok ari gara Osakidetzaren murrizketak jasaten: lehen mailako asistentzia egoera prekarioan dago, betetzen ez diren bajak eta oporrak, onartu behar ez genituzkeen itxaron-zerrendak… Gaiak beste dimentsio bat du, handiagoa”.
Isabel Cadaval PSEko bozeramaileak adierazi zuen basauriarren interesak “defendatu” direla Osakidetzaren aurrean: “Zalantzarik gabe, udal honek erne jarraituko du Osakidetzak esan diguna betetzen ote duen jakiteko”. Eta Maria Larrinaga EAJko bozeramaileak honakoa azaldu zuen: “Barrualde-Galdakao ESIak hiru proposamen egin zizkigun San Migelen eman beharreko pediatria zerbitzuaren inguruan, eta proposamen horiek San Migeleko Auzo Elkartearekin partekatu genituen, Sofia Taramona Guraso Elkarteari helarazteko. Bai Udala eta bai Auzo Elkartea ados geunden proposamen batekin: ume guztiak egunero artatzea bermatzen zuenarekin, hain zuzen ere. Onartu egiten dugu gure akatsa: gainontzeko auzo elkarteekin hitz egin ez izana. Elkarte guztiekin hitz egitea izango da gure konpromisoa. Momentuz daukagun informazio guztia eman dugu, eta berririk balego, hura ere jakinaraziko dugu”.
☉ Basauri
Bideoa | Erromeria gaueko ordu txikiak arte ala txosnagunea: zer nahiago dute San Migeleko herritarrek jaietan?

San Migeleko jaien bigarren asteburuari gogotsu ekingo diote herritarrek. Ostiral eta larunbat gauean kontzertuak eta erromeriak egongo dira, eta txosnagunea ere topera egongo da. Baina herritarrek zer nahiago dute: erromeria gaueko ordu txikiak arte ala txosnagunea?
Gauetan ondo pasa, bai, baina askok ibuprofenoa behar dute hurrengo egunean jaiarekin jarraitzeko. Zein da zure sekretua ajearen kontra? Entzun herritarren erantzunak!
☉ Basauri
Emakumeek musika-industrian bizi duten egoeraz, menopausiaz eta bakardadeaz podcast-zikloa antolatu dute Basauriko Marienean
Hiru saioko podcast-zikloa antolatu dute Marienean, beste haimaika proposamenen artean. Ikasturte berriko ekintza nabarmenenak jaso ditugu albistean

Ikasturte berria martxan da Marienea Basauriko Emakumeen Etxean. Eta proposamen berriekin hasiko dute jardueren programa. Nabarmentzekoen artean, podcast-ziklo bat egingo dute.
Hiru saio izango ditu podcast-zikloak: ‘Emakumeak, erabat maskulinoa den musikaren industrian’, azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiarekin barruan; ‘Bakardadea erlatiboa da (eta lagunarte asko ere bai)’, abenduaren 18an; eta ‘Barrez lehertzeko: hitz egin dezagun menopausiaz’, apirilaren 30ean.
Horrez gain, ‘Dena aldatzera goaz!’ ekimenaren barruan, gai ezin garrantzitsuagoak jorratuko dituzte. Besteak beste, indarkeria bikarioari buruzko ‘Biolentzia bikarioa biolentzia matxista da’ jarduera egingo dute otsailaren 5ean; eta martxoaren 12an Tere Maldonadok eta Txoli Mateosek, zaintzaren testuinguruan, publiko eta komunitario kontzeptuetan sakonduko dute.
Gazteei zuzendutako programazioak ere protagonismo handia izango du ikasturte berrian: 13 eta 15 urteko neskatoek, Txoko feministan, aukera izango dute interesatzen zaizkien eta kezka eragiten dieten gaiei buruz hitz egin eta eztabaidatzeko. Gainera, adibidez, hilekoari buruzko ikastaroa eskainiko dute Maite Goikoetxea basauriarrak eta Ella formatzaileak maiatzaren 6an eta 7an, 10 eta 12 urteko neskatoentzat.
Programazio berrian, bestalde, desgaitasun intelektuala duten emakumeekin autoezagutza-prozesuak lantzeko tailerra antolatuko dute urtarrilaren 15ean, otsailaren 19an eta martxoaren 19an.
Eta, ‘Jakintza kolektibizatuz, elkarrekin ikasiz’ izeneko atal berri bat ere prestatuko dute: “Espazio bat, non ikerketa oso interesgarriak ikuspegi feministatik egiten ari diren emakumeek (haietako asko, emakume gazteak) aukera izango duten beren lanak aurkezteko —ikasturte honetan zehar, biren proiektuak ezagutu ahalko ditugu—”, dio Isabel Cadaval Berdintasun arloko zinegotziak.
Halaber, Baskonia Mendi Taldearekin lankidetzan, ‘Emakumeak eta mendia zikloa’ antolatuko dute apirilaren 16an eta 18an.
Palestina, presente
Erakusketek ere jarraituko dute programazioaren ardatzetako bat izaten. Eta, erakusketa horietako bat izango da ‘Palestinako emakume baten begirada Euskal Herritik’.
Qassem Ruhaifaren erakusketa da eta ikusgai egongo da otsailaren 27tik apirilaren 13ra. Ruhaifa Bizkaian bizi den artista palestinarra da.
Eta, ‘Behin eta Berriro’ ere itzuliko da Marieneara: esperientzia murgiltzaile bat da zeinaren helburua den espazio, argi eta soinu desberdinen bitartez kontzientziak astintzea eta bizitzan zehar gertatzen diren indarkeria matxistaren alorreko zenbait gertakariri buruz sentsibilizatzea.
☉ Basauri
Bideoa | Nola definituko zenituzke San Migeleko jaiak hitz batean?

Zuk zelan definituko zenituzke San Migeleko jaiak hitz batean? Era zuretzat zein da astebururik onena: lehenengoa ala bigarrena? Herritarrek erantzun dute!
☉ Basauri
La Basconiako nabeak gertutik bisitatzeko aukera izango dute herritarrek Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Basaurin

Ondare Arkitektonikoa da aurten Ondarearen Europako Jardunaldietako ardatza. Eta Basaurin La Basconiako nabeak gertutik ezagutzeko aukera emango dute Industria Ondarearen Euskal Elkarteak eta Basauriko Udalak.
Urriaren 18an, larunbatez, izango da bisita gidatua 12:00etatik 13:00etara. Industria Ondarearen Euskal Elkarteko kide diren Jose Eugenio Villarrek eta Mikel Martinez Vitoresek gidatuko dute bisita. Gazteleraz izango da eta dagoeneko leku guztiak beteta daude.
“La Basconia fabrika zaharrean kontserbatutako nabeak bisitatuko ditugu, metal-eraikuntzen tailerra hartu zutenak. 1917an eraikitako hiru hormarte dira, XX. mendeko burdingintza bizkaitarraren ezaugarri den metalezko egitura hariztatua dutenak. Horietan era guztietako metalezko eraikuntza egin ziren, hala nola, metalezko zubiak, minerala garraiatzeko aireko lineak eta energia elektrikoa garraiatzeko dorreak, besteak beste”, diote.
Hain zuzen ere, Basauriko fabrika zaharrean eraiki ziren, esaterako, Deustuko Zubia (1934), Areeta-Getxoko Mesedetako Elizaren kupula (1954), San Mameseko arkua (1953), eta beldar-traktore bat 60 CV.ko Mercedes motor batekin ekipatua (1929).
Gaur egun Basauriko Udalaren jabetzakoak dira La Basconiako nabeak, eta etorkizunean horiek birgaitu eta erabilera berriak izango dituzte. Ekaineko osoko bilkuran 220.825 euroko aurrekontua onartu zuen udalbatzak La Basconiako orubea berritzeko proiektua idazteko.
Udalaren helburua da “gune berria lotura-puntu bihurtzea, etorkizunean inguruan eraikiko diren etxebizitzen eta jarduera ekonomikorako aurreikusitako eremuaren artean”. Eta horretarako, herritarrei galdegingo diete udal ordezkariek.
☉ Basauri
Basauriko 23 saltokik bat egin dute ‘Euskaraz barra-barra’ ekimenarekin
Saltoki horietan euskara ulertzen duten langileak daudela bermatzen du ekimenak. Udalak programaren jarraiopena egingo du urtero

Basauriko saltokietan euskararen erabilera bermatuta dagoen adierazteko ekimena martxan jarri dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak: ‘Euskaraz barra-barra’, hain zuzen.
Aurten 23 saltoki atxiki dira programara: Amalur Hortz Klinika; Arrate Dekorazioa; Bar Amaia; Bar Nervión; Bikiak; El Jardín Secreto; Elkar; Farmacia Eguileor; Farmacia Jon Carral Tellitu; Farmacia Lcdc Mª Carmen del Prado; Farmacia Garde; Ferreteria Oleta; Gure Fisioa; Hecho a Mano con Amor; Kiaraga Salón; Loradenda Gema; M&P Panadería Kurrusku; Malutak; Nare Fisioterapia eta Osteopatia Zentroa; Numero 1 Zapatillas Basauri; Pescadería Pili y Mertxe; Umeak Liburudenda; eta Uriarte.
Saltoki horiek pegatina bereizgarri bat izango dute, adierazteko bertan bermatuta egongo dela une oro euskaraz ulertzen duten langileak egongo direla. “Horrela, lortuko da inolako hizkuntza-oztoporik ez egotea euskarazko arreta jaso nahi duten bezeroen eta langileen artean”, diote udal ordezkariek.
Basauriko Udalak programaren jarraipena egingo du urtean behin, bereizgarria erabiltzen jarraitzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.