☉ Basauri
Rurrú Mipanochia: «Espero dut jendeak bere burua ezagutu ahal izatea, aurpegian, gorputzean eta baita sexualitateetan ere»
Artista mexikarrak ‘Tazoltéotl, plazeraren eta pasioaren jainkosa’ izeneko erakusketa ikusgarria eta interesgarria antolatu du ekainaren 30era arte Basauriko Marienean

Joan den apirilaren 18an ‘Tazoltéotl, plazeraren eta pasioaren jainkosa’ izeneko erakusketa zabaldu zuen Almendra Castillo ‘Rurrú Mipanochia’k (Mexiko DF, 1989) Basauriko Marienean, eta ikusgai egongo da ekainaren 30era arte.
Duela lau urte iritsi zen Rurrú Basaurira, pandemiaren atarian. Ordutik, freelance moduan egin du lan. Ahal duenean obrak ekoizten ditu, bizirauteko, eta ikasketei ere denbora eskaintzen die: momentu honetan bigarren graduondokoa amaitzen dabil EHUn eta aldi berean Valentziako Unibertsitate Politeknikoan Arte Doktoregoko lehen urtea egiten ari da. Artistarekin aurrez aurre berba egiteko aukera izan dugu eta bere ilustrazio polisexual eta multigeneroetan murgiltzera gonbidatu gaitu, Marieneako aretoetako hormetan barrena.

Nortzuk dira Almendra Castillo eta Rurru Mipanochia? Rurru Mipanochia nire alter egoa edo, hobeto esanda, nire “Itzala” da, kontzeptua Carl Jung psikoanalistaren pentsamendutik landuz. Nire dualtasuna da, nire nahimen edo izpirituetako bat, nire inkontzientearen sakonenean bizi dena. Gure Itzalaren arketipoa gure psikearen zati bat da, Jungen arabera, uste dugu eta pentsatu nahi dugu geure buruari ikusten uzten dioguna besterik ez garela, nahiz eta gure inkontzientea era desberdinetan agertzen den denbora guztian. Eta, hala eta guztiz ere, etengabe borrokatzen dugu ezkutuan mantentzeko, hura ukatuz. Gizabanako guztiok nortasunaren alderdi dual bi horiek ditugu; Jung Pertsona eta Itzala definizioen arabera, elkar osatzen eta kulunkatzen dira, orekatzen dira.
“Rurrú” asko maite dudan izeba batek amaren amamari deitzen zion ezizena da. Eta Panocha Mexikon bagina izendatzeko erabiltzen den slanga da. Eta bai, nire burua cyborgtzat jotzen dut. Izan ere, gaur egun uste dut denok garela cyborgak: teknologiaren bidez lagundutako hedapen eta edozein motatako gailu zibernetikoak dituzten izaki organikoak gara: mugikor bat, ordenagailu bat, gailu ortopediko bat, protesi bat…Gainera, txikitan esaten nuen Robocopen antza nuela: dibertsitate funtzional neuro-motore batekin jaio nintzen, eta urte askotan protesi bat erabili behar izan nuen hankan. Urteetan zehar errehabilitaziora joan nintzen eta asko hobetu eta mugikortasuna berreskuratu nuen arren, hotz eta hezetasun handiko klimetan ibiltzeko arazoak izan ohi ditut.
Nolakoa da Marienean egun hauetan ikus daitekeen erakusketa? Erdialdeko Amerikan sexualitatearekin zerikusia duten hainbat mito eta jainkoren irudikapena da erakusketa honen ardatza. Baina ez hori bakarrik: zutarri garrantzitsu bat Tlacuilollien pertsonaian oinarritzen da. Tlacuilo/tlacuilolli hitza nahuatletik dator, eta “harria edo zura lantzen duena” esan nahi du, “marrazketaren bidez idazten duena”, nahuatl tlacuiloa aditzetik. Hau da, “margotuz idatzi” esan nahi duena. “Piktografiak egiten dituena”, alegia. Estela Ortiz Romo kronikagileak dioenez, tlacuilolli delakoak pintoreak, idazleak, historialariak eta kronistak ziren, aldi berean, eta, gainera, jainkotasunaren/energiaren, loreen zenbakiaren, sexu-plazeraren eta arteen babespean zeuden: Xochiquetzalak. Esaten da tradizio hori desagertzen hasi zela kolonizazioa iritsi zenean, eta garaiko talde indigenentzako agente kaltegarritzat hartu zirenean. Pertsona horiek jazartzen eta “desagerrarazten” hasi ziren, kolonizatzaileen beldurra pizten zutelako. Azken batean, historia, antolaketa politikoa eta soziala, medikuntza, astrologia, filosofia, erritualak eta erlijioa ondo ezagutzen zituzten pertsonaiak ziren. Beldur ziren, funtsean, garai hartako kulturen hainbat alderdi ondo ezagutzen zituztelako eta beren ezagutzak beste talde batzuei transmititu ahal zizkietelako: Espainiako koroaren aurka egin zezaketen ideia matxinatzaileak finka zitzaketelako eta suntsitu nahi zituzten kulturak kontserbatu zitzaketelako, besteak beste.
Eskribau-margolari bihurtzeko, Saul Armendariz Sánchezek (2009) dioskunez, “edozein klase sozialetakoa izan zintezkeen, eta emakumeak zein gizonak ziren une hartan zegoen ezagutzaren adar guztietan trebatzen zirenak, ondoren gairen bateko espezialitate jakin bat aukeratzeko, haien ezaugarriei buruzko espezialitate bat sortuz”. Ikasketak amaitu eta tlacuilo maila burutu ondoren, klase sozial handiago baten parte izatera igaro ziren, aurrerantzean jarduera horretan denbora osoa eman behar baitzuten. Beraz, beren zerbitzuak eskatzen zituzten zentro espezializatuetara bidaltzen zituzten: merkatuak, tenpluak, jauregiak, auzitegiak, zerga-etxeak, eskolak, etab. Liburu edo amoxtli horiek irakurtzea jakintsuei bakarrik baimentzen zitzaien, edo nahuatlez “gauzen ezagutzaileak” esan nahi duten tlamatinimei: zeruaz eta hildakoen lurraldeaz, tinta beltz eta gorriaren jabe zirenei, “in tlilli, in tlapalli”, metaforikoki izango litzatekeena, idazkera eta jakinduria dutenak.

Nolako osagarriak ditu ‘Tazoltéotl, plazeraren eta pasioaren jainkosak’? Erakusketa honek amatl edo amate paperean egindako hainbat pieza ditu, Tlacuilollik bere liburuak sortzeko erabiltzen zuen euskarri nagusia (baina ez bakarra). Gainera, Mexikon jende askorentzat izaera magiko-errituala zuen eta hainbat jainkoren omenezko jantzi eta jaien parte zen material hura. Euskarri horrek oso porotsua du ezaugarri. Garai batean euskarriaren eta geruza piktorikoaren artean karez, errauts bolkanikoz eta tezontlez osatutako barne geruza bat zuen, inprimatura mota bat lez.
Pieza bakoitza Erdialdeko Amerikako kultura batzuetan sexualitatearekin lotutako hainbat mito edo pertsonaiaren azterketa sakona oinarri hartuta egiten da. Erdialdeko Amerikako sexualitateari dagokionez, Mexikoko eta atzerriko hainbat ikertzailek oraindik ez dute hainbeste hitz egin gai horri buruz. Eta ez bakarrik Erdialdeko Amerikan; baita Latinoamerikako hainbat herritan ere. Bertako amoxtli, poemak, eskulturak eta kronikak bezalako iturrien eta gaur egungo azterlanen arabera, askoz modu askeagoan praktikatzen zen. Dagoeneko, herriaren arabera, denek zituzten sexuarekiko ikuskera eta praktika desberdinak, eta batzuk ez ziren beste batzuk bezain permisiboak, bai eguneroko bizitzan, bai erritualki, erlijio katolikoak predikatzen zuen ikuskera negatiboaren aldean. Tlazoltéotl, sexualitatearen jainkotasuna/energia, Xochiquetzal, sexu-plazeraren jainkotasuna/energia, Macuilxóchitl, plazeraren numena, Xochipilli, Xólotl, Océlotl eta Huehuecóyotl dira besteak beste, Marienean ikusgai dauden piezetan islatzen diren jainko eta pertsonaietako batzuk.
Beste hitz batzuetan, Tlacuiloren rola aldarrikatzen saiatu naiz. Era berean, espero dut jendeak bere burua ezagutu ahal izatea, aurpegian, gorputzean eta sexualitateetan, gehienetan hain ezaguna den “beste horren” aurrean. Lotura hori nire lanaren bidez sortzen dut, batez ere mitoen eta jainkoen eta energia mesoamerikarren eta sexualitateen berrinterpretazio plastiko eta pertsonala eginez.
Erakusketa hau, formatu jakin honetan, Marienean estreinatu duzu. Hau da pieza horiek elkarrekin erakusten ditudan lehen aldia. Nahasketa bat da eta 2014tik 2023ra bitartean egindako pieza batzuekin sortu dut. Batzuetan bakarkako erakusketa baten parte izan dira. Beste batzuetan erakusketa kolektiboen parte gisa erakutsi izan ditut hainbat espaziotan. Gainera, pieza nagusia, egin ditudan azken piezetatik, erakusketaren sarreran dagoena, Coyolxauhqui jainko/energiaren omenezko erakusketa kolektibo baten parte izango da, Banco de Mexicoko Museoan. Aipatzekoa da Marienean erakusketa honetarako berariaz egin nituen pieza batzuk ere badaudela.
Ilustrazio polisexualak eta multigenerokoak dira zure espezialitatea. Miriam López Hernández antropologian doktoreak zera dio: “Nahua pentsamenduek eta, oro har, mesoamerikarrek ez zuten onartzen izaki garbien aukera”. Existitzen zen guztia, baita jainkoak ere, maskulinotasunaren eta femeninotasunaren esentzien nahasketa bat zen, eta horietako baten nagusitasunak erabakitzen zuen izaki bakoitza taxonomiaren bi eremuetako baten sailkapena eta pertenentzia-maila. Pía Moya Honores arkeologoak ere, maien eremuan, jainkotasun bat aurkitzen du, berak “androgina” deitzen diona, zenbait kodex maiatan irudikatzen dena. Horri buruz, honako hau aipatzen du: “Nik esango nuke jainko maskulinoa dela, batzuetan eta zenbait testuingurutan, aldi berean ezaugarri femeninoak eta maskulinoak dituena, beharbada horregatik bere izen hieroglifikoa ez da aldatzen bere bertsio femeninoan irudikatzen denean ere”. Sylvia Marcos doktoreak dio ezin dela Erdialdeko Amerikako kosmobisioa berrikusi edo jorratu, generoaren kontzeptuak harengan duen garrantzia aipatu gabe. Marcosek hiru ildo nagusi detektatzen ditu generoaren ikuskera mesoamerikarrean: bikoiztasuna dago, oreka arina da eta gorputza ez da energiatik bereizten.

Hortik abiatuta, eta kontuan hartuta generoaren kontzeptua bitarra ez dela eta ez duela zertan izan, genero-identitateen aniztasuna betidanik existitu da, baita esperimentatzeko, bizitzeko eta sexualitateak gorpuzteko modu asko ere. Orduan, zergatik ez gauzatu horiek guztiak?
Dagoeneko, sexuak presentzia benetan sakona du ilustrazio guztietan. Garrantzitsua da jakitea, nahiz eta uste izan teoria edo ikuspegi berri asko daudela. Iraganean, mendebaldekoak ez ziren kultura askotan, sexualitateak askoz irekiago praktikatzen ziren, eta, gainera, generoari buruzko haien kontzepzioa kolonialismoak geroago ezarritako bitar eta zurrunaren oso bestelakoa izan zitekeela. Gainera, antropologo batzuek beren ikerketekin frogatu dute emakumea ez zegoela hain rol desorekatuan, kultura eta testuinguru bakoitzaren arabera betiere.
Nolako harrera izaten ari da erakusketa? Harrera ona izan du oro har. Jakin-min handia dago, eta, batzuetan, gaia sakonean aztertzeko gogoa ere bai. Asko gustatzen zait erakusketekin batera solasaldiren bat edo bisita gidaturen bat egitea, piezak ikusten dituena munduan pixka bat gehiago murgiltzeko.
Ilustrazio koloretsu hauek egiteko bestelako obretan edo kontzeptuetan oinarritu zara? Aipatutako lehen mailako iturriez gainera, zenbait antropologoren ikerketak ere hartu ditut erreferentzia modura; Sylvia Marcos, Noemi Quezada, Elodie Dupey, Mercedes de la Garza, Miriam López Hernández, Patrick Johansson, Eduard Seler, Olivier Wilhem, Miguel de León Portilla, Roberto Romero Sandoval, Mauro Arnoldo Montejo Díaz… Amoxtliak, batez ere Borgia Taldekoak, mural mesoamerikarrak, eskultura-lanak, garai hartako Tlacuilollien lanak, baina baita grabatu japoniar erotikoak edo shunga, ero-guroko artistak, art noveaua ere, batez ere Alphonse Grande-ren Aubrey Beardsley obran inspiratzen naiz. Gerda Wegener, Egon Schiele, Sartunino Herrán eta betidanik liluratu nauen Mexiko Hiriko Arte Ederren Jauregiaren arkitekturan ere inspiratu naiz. Asko gustatzen zait art noveau-ren eta art deco-ren arteko nahasketa hori, hain ondo lortutako Erdialdeko Amerikako elementu estetikoen erreferentziekin: Tlaloc, sugeak, arranoa, etab. Adiskideengan ere inspiratzen naiz, eta ezagutzen ditut bibra, jainkoen energia/energiak ikusten ditudanak. Gloria Anzaldua ere nire inspirazio-iturrietako bat izan da.
Nor dago erakusketako jainkosaren irudiaren atzean? Cecilia Kleinek aipatu bezala, Coyolxauhqui, mitoan, gerlari bat zen, bere ama Coatlicueri baino, bere anaia Huitzilopochtliri aurre egiten diona. Horretarako, beste kontakizun bat aipatzen du, aipatu gertakizunaren “beste bertsio bat” bezala kalifikatzen duena. Malinalxóchitl delakoaren mitoa da, Huitzilopochtliren beste arreba bat. Mito horretan, sorginaren amorrua anaiarengana zuzentzen du. Coatépic-en mitoaren hainbat bertsio daudela dio Graulichek, non Huitzilopochtli den Coyolxauhquiri erasotzen diona. Orduan pentsatuko zen emakume etsaien helburua gizonari bere boterea kentzea zela. Hortik aurrera, Azteken agintari guztiak maskulinoak izan ziren, eta, beraz, benetako mehatxua, Huitzilopochtli ez ezik, Estatu beraren botereari eta legitimitateari zuzenduta zegoen. Kleinen arabera, emakume etsaiek Huitzilopochtliri boterea kendu nahi zioten, eta Estatuari zilegitasuna.

Coyolxauhqui jainko/energia teluriko bat da, plano astralean ilargiari dagokio. Egiten dudan pinturan untxia ikusten dugu haren alboetan, animalia hori ilargiarekin lotzen baita; izan ere, mito batean untxi batekin jo zuen Tecuciztécatl, haren distira ezabatzeko, ilargia gaur egun ikusten dugun bezala geratuz. Eskuinaldean Itzpapálotl ere agertzen da, obsidianazko tximeleta, bere hegalak sukarriekin errematatzen dituena eta sorgin boteretsuenekin erlazionatzen dena. Gaueko eta lurpeko mundutik dator, igarkizunarekin lotzen da. Sugeak jainkosekin/energia telurikoekin eta sexualitatearekin erlazionatzen dira. Mictlantecuhtli jainkotasuna/heriotzaren energia konposizioaren ezkerraldetik agertzen da. Apaindurak eta gorputz-pintura erabiliz irudikatzen da, jatorriz, titiburuekin bezala. Titiburuek kortxoen antzeko itxura dute, eta urdinak dira, ziurrenik izaera ederra emateko. Zatiketak eragindako odol-zurrustak gorriz isurtzen zaizkio gorputz-adarretan. Nariguera. Jainkosaren ilea beltza da, eta heriotzarekin eta sakrifizioarekin lotutako lumen baliokideak diren 12 diskoz apainduta dago. Jainko honen apaingarri nagusia muskuilu bat da. Banda zuri bat du, mutur batean zerrenda gorri batek mugatzen duena. Zerrenda horretatik kriskitin okre bat zintzilik dago, erdialdea gorria duen kontaketa biribil urdin bati lotua, eta beste zirkuluerdi bat haren azpian, urdina hori ere. Apaingarri honek jainkosaren izena adierazten du: Aurpegiko pintura duena kaskabiloekin.
Eta horixe da bizitza-heriotza-berpizkundetik irakurtzen den pieza hau egin aurretik eta egin bitartean sentitu nuen prozesua. Pieza honetan, Coyolxauhquiren esentzia ez ezik, nire ama, Diana (Coyolxauhqui bezala) ere plasmatzen dut, hil eta urtebete bete baitzuen, pieza amaitu nuen egunean.
Eta jainkosetatik emakumeetara jausi eginez, zer esan dezakezu gaur egungo emakumearen egoerari buruz? intersekzionalitatetik lan egiteko gauza asko falta dira oraindik eta luzerako doala uste dut: gauza asko zentzu literalean suntsitu, berreraiki eta deseraiki behar dira.

☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.
☉ Basauri
Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak
Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.
Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.
Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.
“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.
☉ Basauri
Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko dituzte Basaurin Enplegu Planaren barruan
Gazteentzat bi lanpostu eta gainontzekoentzat beste 35 eskainiko ditu Udalak. Gainera, Lehentasunezko Arreta behar duten 40 kontratazio egingo ditu

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbidek sustatutako Enplegu Planaren barruan.
Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bi gazte kontratatuko dituzte webmaster eta sistemen teknikari lanpostuetarako. Kontratazioak 12 hilabetekoak izango dira eta lan-jardunaldia % 100ekoa izango da.
“Euskadiko EGF+ programaren bitartez bi gazte kontratatuko ditugu. Helburua da gazte horiei lan-esperientzia bat eskaintzea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko beharrezkoa izango dena”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak.
Beste alde batetik, beste 35 lanpostu eskainiko ditu Udalak ESTE Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako programaren barruan.
Lanpostu horiek dira: Udal Brigadarako biltegiko langilea (1), igeltsero laguntzailea (5), gidaria (1), eraikuntzako peoia (8), elektrikaria (2), eta elektrikari laguntzailea (1), administrari-laguntzailea (8), community managerra (1), Tokiko Osasun Sarearen dinamizatzailea (1), tokiko merkataritzaren alorreko prospekziogilea (1), ekintzailetzako teknikaria (1), mantentze-lanetako laguntzailea (1), ‘Merkataritza Euskaraz’ kanpainaren dinamizatzailea (1), katastroko agentea (1), humanitateetako erdi-mailako teknikaria (1), eta liburutegiko laguntzailea (1).
Kasu horietan, 3, 5 edo 9 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin.
Izena ematea
Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta han, gero, bilaketa bat egingo dute lana eskatzeko izena emanda daudenen artean, eta, gainera, eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, interesa duten eta baldintzak betetzen dituztenek izena emateko aukera izan dezaten.
“Datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horien eskaintza, eta, hartara, gomendatzen dugu datuak eguneratzea Lanbiden; bai lan-esperientziari dagokionez, baita eskuratutako titulu berriei dagokienez. Era berean, eskaintzetan izena ematera dei egiten dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.
Izapideak Lanbideren webgunean egin ahalko dira, edo, aukeran, aurretiazko hitzordua eskatuta 945 160 600 zenbakira deituz.
“Hurrengo urratsa izango da Lanbidek hautatutako pertsonen zerrenda bidaltzea Udalari, eta hark hautaketa-prozesua egitea: teknikarien eta giza baliabidetako langileen talde espezifiko batek hautagaitzak ebaluatuko ditu, ordezkari politikoen parte-hartzerik gabe”, diote.
Beste 40 kontratazio
36 lanpostu horiez gain, beste 40 kontratazio burutuko ditu Udalak. Kasu honetan Lehentasunezko Arreta behar duten Kolektiboei daude zuzenduta lanpostuak, eta horiek dira: bankuak eta hiri-altzariak margotzea (8), eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzea (Patioak Zabalik), agente zibikoa (12), eta kulturarteko horma-irudiak margotzea (8).
Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko entitateek kudeatuko dute. Seil hilabeteko kontratuak izango dira, lan-jardunaldiaren % 75ean, eta formakuntza eta lan-orientazioa ere eskainiko diete parte hartzen dutenei.
Basauriko Udalak deialdiaren berri emango du aurrerago, “izapidetze-fasea hasten denean”, diote.









