Sareak

☉ Basauri

Sofia Taramona ikastetxeak migratzaileak integratzeko Harrera Gida sortu du

Gida honen edukia San Migelko Sofia Taramonako 4. mailako ikasleekin batera adostu zuten irakasleek ume etorkin batek izan ditzakeen beharretan pentsatuz

|

Celia Rubio, Aimane, Aicha eta Ixone Aierdi, Sofia Taramonako sarreran // Geuria

Azken ikasturteetan herrialde ezberdinetako ikasle ugari jaso dituzte Basauriko Sofia Taramona eskolan. Horregatik, bertako irakasleek argi izan dute ikasturtearen hasieratik kurtsoan zehar kulturartekotasuna ikusarazi eta haren inguruko sentsibilizazioa landu behar zituztela. “Irakasleok erabaki genuen martxoan kulturartekotasun hilabetea egingo genuela”, azaldu dute Celia Rubio Jimenez eta Ixone Aierdi Gillate 4. mailako irakasleek. “4.mailako tutoreok ikasturteko proiektuen aurreikuspena egiten hasi ginen eta aurrez pentsatuta bagenuen ere gure eskualdeko turismo gida bat egitea, gaiarekin lotura izan zezan harrera edo zerbitzuen gida bat prestatzea erabaki genuen”.

Gida hau 4.mailako ikasleen artean sortu dute: “30 ikasle dira gela bitan banatuta, baina guztion artean eta talde lanean oinarrituta gida bakarra osatu dugu bi gelen artean”, azaldu du Celiak. “Hasierako fasean, gure eskolaren errealitatea ezagutzeko galdetegi batzuk prestatu eta bidali genizkien eskolako familiei, euren jatorriak, herrialdeetako datuak, migrazio arrazoiak eta iritsitakoan topatutako beharrak ezagutzeko”.

“30 ikasle dira gela bitan banatuta, baina guztion artean eta talde lanean oinarrituta gida bakarra osatu dugu bi gelen artean”

Datuak jaso eta grafikoetan gure eskolako migrazio errealitatea ikusterakoan, ikasleak harrituta geratu ziren Sofia Taramona zentroko mapa osatzen duten 26 herrialdeak ikusi zituztenean. “Ondoren, gure herriko, Euskal Herriko zenbait ezaugarri ikasi genituen: kokapen geografikoa, lurraldeen banaketa, klima, erliebea…”. Ixoneren arabera, “eskolan dagoen herrialde kopurua ezagututa, ezinezkoa genuen horiek guztietan sakontzea; horregatik erabaki genuen gure geletako zazpi herrialdeak landuko genituela: Maroko, Georgia, Espainia, Honduras, Ecuador, Nigeria eta Euskal Herria. Eta herrialde horien berezitasun nagusiak ezagutu genituen”. Fase horrekin bukatuta eta galdetegietatik jasotako datuetan oinarrituta, ikasleekin batera hasi ziren pentsatzen zeintzuk izango ziren Harrera Gidak izan behar zituen oinarriak. Beti ere, umeen ikuspuntutik, ume migratu batek izan ditzakeen beharretara egokituz.

 

Marokotik Basaurira

Sofia Taramonara atzerritik etorritako familia guztien artean Aimane eta Aicharena dago (ama-alaba). Aimaneren senarra, Abdul, 2000. urtean heldu zen Etxebarrira hasiera batean, eta San Migelera ostean. Euskal Herrira iritsi baino lehen, Aicharen aitak Marokon egiten zuen lan gidari lez: “Afrikan gidari gisa lan egiten zuen aitak barazkiak garraiatzen”, azaldu digu Aichak. “Baina gero eta lan gutxiago zegoen, lehia handia zegoelako. Gainera, hasiera batean bi ahizpa izan ginen, baina zortzi urteren ondoren nire anaia jaio zen, hirugarrena. Momentu hartan korapilatu zen kontua, eta ondorioz hilabete amaierara heltzea inoiz baino erronka zailagoa bilakatu zen behar bezala bizi ahal izateko”. Abdulek neba-arrebak zeuzkan Espainian, eta Marokotik alde egiteko esaten zioten.

Euskal Herrira iritsi eta bertan gozogintzan egin zuen lan Abdulek, eta egoera egonkortu zenean emaztea eta seme txikiena ekarri zituen, beste alaba biak Marokon utziz. Urte batzuk igaro ostean ekarriko zituen Etxebarrira, eta urte gutxiren buruan San Migelera etxez aldatu ziren eta Sofia Taramonan hasi ziren ikasten Aimane eta Abdulen seme-alabak. Abdul 2021ean hil egin zen, eta Aimane bilakatu zen familia buru, etxekoandre bezala lan egiten. “Funtsezkoa iruditzen zait pertsona migratuentzat gida bat izatea, hizkuntza ikasteko edo medikuarengana joan behar baduzu bereziki”, azpimarratu du Aichak amaren ondoan. “Oso baliagarriak dira batez ere atzerritik hona heldu diren pertsona horientzat; hemen jaiotakoek ez dituzte arazo horiek izaten normalean”.

“Funtsezkoa iruditzen zait pertsona migratuentzat gida bat izatea, hizkuntza ikasteko edo medikuarengana joan behar baduzu bereziki”

Gida honen edukia ikasleekin batera adostu zuten irakasleek ume etorkin batek izan ditzakeen beharretan pentsatuz. Honako atalak ditu: Basauri eta San Migelgo informazio laburra (historia, auzoak, biztanleak eta jaiak), Euskal Autonomi Erkidegoko hezkuntza sistemaren inguruko nozioak, zelan gauzatu matrikula eta zein den Basauriko hezkuntza eskaintza, herriak dituen aisialdi aukerak, eskolaz kanpoko jarduerak, kirola egiteko aukerak, euskara zer den eta euskara ikasteko aukerak… “Euskara beti gustatu izan zaigu, oso hizkuntza polita iruditu zaigu. Niri asko gustatzen zait hemengo hizkuntza bezalako zerbait ikasteko aukera dudan bakoitzean”, gehitu du Aichak.

Bestalde, osasun arreta nola lortu eta eskualdeko ospitale eta anbulatorioak zeintzuk diren, herriko garraiobideak… azaltzen du Gidak: “Gure ikasleek kontatzen dutenagatik, burokrazia administratiboak eta hizkuntza ezberdina hitz egiteak zaildu egiten dizkie egin beharreko tramite guztiak (eskolaratzeko matrikulazioa, diru-laguntzak, osasun arreta…). Horregatik bereziki uste dugu administrazioak prest egon behar duela gaur egungo migrazio mugimendu hauei erantzuteko. Eta beharrezko informazio eta harrera plan egokiak prestatu behar direla”.

Gainera, ikasleek eurek sortutako Bilboko free tour gida bat egin dute. “Geletako ikasle eta familiei galdetuta, oso gida erabilgarria izan zitekeela komentatu ziguten. Edozein herritan harrera egiteko momentuan beharrezkoa den oinarrizko informazioa biltzen duelako”, azaldu dute Celiak eta Ixonek. “Egia da lana eta etxebizitza bezalako gaiak ere oso baliogarriak izan zitezkeela, baina ikasleek azaltzeko gai korapilatsuagoak izan zitezkeela pentsatu genuen”. Harrera Gidak ikusgarritasuna izateak onurak izan ditzake edozein pertsona migraturentzat lehenengo, eta ondoren, baita edozein administraziorentzat eredu ere: “Edozein pertsonak proiektu eta gida honen berri jaso nahiko balu, arazo barik emango genuke beharrezko informazio guztia. Azken batean balio soziala du eta hori da garrantzitsuena: pertsona migratuak gurean gozotasunez eta mimoz jasotzea eta haiekin batera gure herriaren identitatea landu eta garatzea. Ezin dugu ahaztu guk badugula izana eta hori transmititzea ere gure esku dagoela, baina ezin dugu ukatu duela 20 urteko eta oraingo Euskal Herriko biztanleak ez garela berdinak, beraz, gure esku egongo da egoera horretaz baliatu eta gurea lantzea”.

☉ Basauri

Agertu da martxoan Basaurin desagertu zen 27 urteko emakumea

|

Agertu da martxoaren 25ean Basaurin desagertu zen 27 urteko emakumea.

SOS Desaparecidos elkarteak zabaldu du mezua bere X kontuan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

27 urteko emakume bat desagertu da Basaurin eta bere bila ari dira

|

AGERTU DA. SOS Desaparecidos elkarteak zabaldu duenez, Valentina izeneko 27 urteko emakumearen bila ari dira.

Martxoaren 25ean desagertu zen Basaurin: ile gorria darama eta tatuajeak ditu aurpegian, lepoan eta klabikulan.

Edozein informazio izatekotan, 649 952 957 edo 644 712 806 telefonoetara deitzeko edo info@sosdesaparecidos.es helbide elektronikora mezua idazteko esan dute SOS Desaparecidos elkartetik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Beste hiru greba egun deitu dituzte apirilean Basauriko Bridgestone fabrikan

Apirilaren 24an, 25ean eta 26an deitu dute greba. Gaurko greba-aldiak erabateko jarraipena izan du Basaurin eta Usansolon

|

Apirilaren 8an manifestazio jendetsua egin zuten, grebaren lehen egunean // Geuria

Bridgestoneko sindikatuek beste hiru greba egun deitu dituzte apirilean Basauriko fabrikan. Apirilaren 24an, 25ean eta 26an egingo dituzte lanuzteak.

“Enpresaren erabateko gelditasunagatik, enpatia faltagatik eta langileen pazientziarekin eta animoarekin jolasteagatik deitu ditugu beste hiru greba egun”, diote.

Batzordeak ohar bidez adierazi duenez, gaurko greba-aldiak erabateko jarraipena izan du eta ekoizpena etetea lortu dute.

Hain zuzen ere, gaur hirugarren greba eguna dute Basauriko Bridgestonen: apirilaren 8an egin zuten lehena, bigarrena hilaren 11n eta hirugarrena gaur.

Enpresa batzordeak greba erregistratu du apirilaren 24tik maiatzaren 31ra bitartean, baina momentuz, lehen hiru egunak baino ez dituzte deitu.

Apirilaren 25ean 11:00etan asanblada orokor batera deitu dituzte langileak eta beste mota bateko protestak egitea ere aurreikusi dute.

Hego Uribe eskualdean Basauriko lantegiaz gain, Usansolon ere fabrika du Bridgestonek. Usansolon ez dute kaleratzerik igarri, baina bertako langileek ere greba egin dute gaur (bigarrena eurentzat) Basauriko lankideei babesa adierazteko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Erakunde publikoek eta Bridgestonek harremanetan jarraituko dutela adostu dute, “maila guztietan”

Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta Basauriko Udaleko ordezkarien arabera, “Bridgestoneko zuzendaritzak konpromisoa hartu du elkarrizketa irekiak eta gardenak izateko”

|

Apirilaren 10ean lehen bilera izan zuten euskal erakundeek eta Bridgestoneko zuzendaritzak // Geuria

Bridgestoneko zuzendaritzak Basauriko fabrikan 335 kaleratze iragarri zituen apirila hasieran. Eta erakunde publikoek euren kezka adierazi dute hasieratik.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Basauriko Udaleko ordezkariak sindikatuekin eta langileekin bildu ziren apirilaren 4an, eta hilaren 10ean Bridgestoneko zuzendaritzarekin izan zuten bilera.

Euskal erakundeetako ordezkariek enpresako zuzendaritzarekin egin zuten lehenengo bilera izan zen, eta handik aurrera bi aldeek harremanetan jarraituko dutela adostu zuten, “maila guztietan”.

“Bridgestoneko zuzendaritzak konpromisoa hartu du elkarrizketa irekiak eta gardenak izateko, horrelako prozesu batek behar duen diskrezioarekin, Bridgestone Basauriren egoerarako irtenbide guztiak zorrotz aztertu ahal izateko”, adierazi dute euskal instituzioetako ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Basauriko Udaleko ordezkariek Bridgestoneko zuzendaritzari eskatu diote Basaurirako “etorkizuneko industria-plan bat eta negoziazio-prozesu bat, enpresaren iragarkiak sor ditzakeen gizarte-ondorioak minimizatzeko eta enpresaren jarduera Basaurin mantentzen dela bermatzeko”.

Erakundeen aldetik bileran izan ziren Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuordea, Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua, Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia.

Bridgestoneren aldetik Gaizka Prieto Basauriko lantegiko zuzendari eta Bridgestone Hispania Manufacturingeko Board-eko kidea eta Constanza Pasqual Bridgestoneko hego-mendebaldeko eskualdeko Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako zuzendaria bertaratu ziren.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bridgestoneko langileek elkarretaratzea egingo dute gaur, grebaren hirugarren egunean

Basauriko, Usansoloko eta Puente San Migueleko lantegietan hirugarren greba eguna dute gaur: “Borrokan jarraituko dugu”

|

Apirilaren 8an, grebaren lehen egunean, elkarretaratzea ere egin zutenekoa // Geuria

Grebaren hirugarren eguna dute gaur Basauriko Bridgestonen. Zuzendaritzak 335 kaleratze iragarri zituen hilabete hasieran Basauriko fabrikan eta horregatik greba hasi zuten apirilaren 8an (hilaren 11n eta 15ean ere deitu dute greba).

Gaur 12:00etan elkarretaratzea deitu dute Basauriko lantegiaren aurrean. “Bertan, egungo egoerari, hurrengo ekintzei eta planteatuko diren proposamenei buruzko informazio zehatza emango dugu”, diote CCOO, UGT, BUB, SITB eta ELA sindikatuetako ordezkariek.

“Bridgestoneko zuzendaritzak bere estrategiarekin jarraitzen du eta alde batera uzten du langileek, erakundeek eta gizarteak eskatzen dutena: lantegien jarraipena bermatuko duen industria-plan bat, alegia”, diote, eta gaineratu dute: “Onartezina da, kaleratze masiboak iragartzen diren bitartean, inolako alternatibarik ez eskaintzea eta gure lantegietarako etorkizun txarra iragartzea. Gure aldetik, enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uzteko eskatzen jarraitzen dugu”.

Ildo horretan, “borrokan” jarraituko dutela adierazi dute: “Gaur, apirilak 15, Basauriko, Usansoloko eta Puente San Migueleko lantegiek beste greba egun bat biziko dute. Langile guztiei dei egiten diegu sarbideetan kontzentratzeko eta pikete informatiboetan aktiboki parte hartzeko, txanda bakoitzeko langileei eta atsedenean daudenei euren lantegietan mobilizazio horretan parte hartzeko eskatuz”, diote.

Sindikatuetatik adierazi dutenez, apirilaren 24an, ostegunez, izango dute hurrengo bilera zuzendaritza taldekoekin: “Kanpoko birkokatze-plan bat izango du ardatz, etorkizun industrial bideragarri bati buruz hitz egiteko interesik ez dutela agerian utziz”, salatu dute.

Osorik irakurri