☉ Basauri
Soloarte eta Mercabilbao arteko horma indartzeko lanak hasiko dituzte aste honetan, Basaurin
Lanak otsailaren 26an hasi eta hamar hilabeteko epean bukatuko dituzte. Beraz, aurreikuspenen arabera, 2026. urte hasieran irekiko dute pasealekuko zati hori

Soloarteko horma eta pasealekua berritzeko lanei ekingo die Basauriko Udalak, Mercabilbao eta futbol-zelaiaren arteko zatian.
Horma berria bistako harri-lubetazkoa izango da, eta egiturazko eta ingurumenaren alorreko hobekuntzak eta hobekuntza hidrauliko eta estetikoak ekarriko ditu.
Lanak otsailaren 26an, asteazkenez, hasiko dituzte eta hamar hilabeteko epean bukatuko dituzte. Beraz, aurreikuspenen arabera, 2026. urte hasieran irekiko dute pasealekuko zati hori.
Obrak UTE Seranco enpresak burutuko ditu. Inbertsioa 1,3 milioi eurokoa da: Udalak % 60a ordainduko du eta URAk % 40a.
Urtebeteko atzerapena
2023ko irailean hasi behar zituzten obrak, baina arau-aldaketa baten ondorioz, proiektu berri bat idatzi behar izan zuen Udalak iaz. Proiektua ekainean entregatu zuen Udalak, eta URAk oniritzia eman ostean, eraikuntza-lanak esleitzeko prozesua hasi zuen Udalak eta iazko abenduan esleitu zituen lanak.
2023ko otsailean antzeman zuten orain esku hartuko den zatian hormaren lurra mugitu egin zela, eta Basauriko Udalak erabaki zuen horma indartzeko proiektuaren idazketa kontratatzea, “narriadura ahalik eta lasterren konpontzeko”.
Era berean, “prebentzio- eta segurtasun-neurri gisa”, pasealekuaren zati hura oinezkoentzat itxi egin zuen Udalak, eta lurrak kentzeko lanak hasi zituen, hormaren kargak arintzeko.
“Gero, proiektua idazten ari zirela, Plan Hidrologikoaren aldaketa bat sartu zen indarrean, jabetza publiko hidraulikoko instalazioei buruz. Planaren testu berria ikusita, URAk erabaki zuen ezin zuela baimena eman horma berriro eraikitzeko, eta xedatu zuen Udalak berria eraiki behar zuela, harri-lubetazkoa. Hala, arau-aldaketa haren ondorioz ez zenez posible proiektua idazten jarraitzea hasieran planteatutako baldintzetan, Udalak hura birmoldatzea enkargatu zuen, betekizun berrietara egokitzeko”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
‘Jone, batzuetan’ filma euskaraz proiektatuko dute Social Antzokian, Basaurin
Gaur, irailak 19, eta hilaren 22an eta 23an proiektatuko dute ‘Jone, batzuetan’ filma Basauriko zineman

Basauriko Social Antzokiak irailaren 18an hasiko du zine programazio berria. Eta, hasteko, euskarazko film bat proiektatuko dute: ‘Jone, batzuetan’.
Bilboko jaietan oinarrituta, Jone da protagonista, 20 urtekoa. Aitarekin eta ahizparekin bizi da eta Bilboko Aste Nagusian maiteminduko da lehen aldiz Olgarekin. Lehen maitasunaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz bakarrik geratzeko beldurraren artean biziko da Jone.
Irailaren 19an, 22an eta 23an proiektatuko dute filma Social Antzokian 20:00etan. Sarrera 5 eurokoa da.
☉ Basauri
800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko
Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.
Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.
“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.
Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.
Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.
Tailerrak baso autoktonoan
Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.
Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.
Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.
Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.
☉ Basauri
Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.
Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.
Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.
Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.
Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.
Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.
☉ Basauri
San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin
Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
Jaietan erabiliezin
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
☉ Basauri
San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
Azarorako bukatuta
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.