☉ Basauri
CD Basconiak igoera lortu du, eta lehen aldiz arituko da 2RFEF mailan
Maila igoera honekin, basauriarrak estatuko futbolaren laugarren mailan arituko dira datorren denboraldian

Egun handia gaurkoa CD Basconiarentzat. Puntu bakarra behar zuen igoera eta liga txapelketa ziurtatzeko, eta bikain borobildu du denboraldia, Deustori 2-0 irabazi ostean.
Klubetik bertatik adierazi duten bezala, erasoko futbol bikaina egin dute basauriarrek, aldeko 85 gol lortuta. Emaitzez harago, gainera, Adrian Perez, Beñat Garcia, Iker Monreal, Ander Peciña eta Aritz Conde bezalako jokalariek Bilbao Athleticera salto egin dute.
Modu berean, Bittor Llopis eta Iraia Iturregi entrenatzaileen lana goraipatu nahi izan dute, eta “arraskata handi” moduan definitu dute aurtengo denboraldia Athletic Clubetik.
Maila igoera honekin, basauriarrak estatuko futbolaren laugarren mailan arituko dira datorren denboraldian, 2RFEF maila sortu zenetik lehen aldiz.
☉ Basauri
Bazkarian beste zomorro bat agertu dela salatu dute Basozelai-Gaztelu ikastetxeko gurasoek
Ikasle baten arroz platerean agertu zen atzo zomorroa. Azaroan zizare bat topatu zuen bere babarrun platerean beste ikasle batek

Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasle baten janari platerean zomorro bat berriro agertu dela salatu dute gurasoek.
Gertaerak atzo jazo ziren: jantokian, lehenengo platera, arroza tomatearekin, jaten ari zela zomorro bat topatu zuen ikasle batek.
“Bigarren txandan izan zen: lehen txandakoek normal bazkaldu zuten, baina bigarren txandan, zomorroa aurkitu bezain laster, plater guztiak kendu zituzten”, esan dio guraso batek GEURIAri.
Kontatu orduko, jantokiko arduradunak arroza jaten ari ziren ikasleei lehen platera kentzeko agindua eman zuen.
Era berean, enpresa arduradunari eta Hezkuntza Sailari gertakariaren berri eman zioten. Gainera, zomorroaren lagina ere bidali diote Hezkuntza Sailari azter dezaten.
Zizarea azaroan
Ez da lehehengoa aldia zomorro bat agertzen dela ikasleen bazkariko plater batean. Hain zuzen ere, azaroaren 18, zizare bat topatu zuen ikasle batek bere babarrun platerean.
Basozelai-Gaztelu ikastetxeko gurasoek “haserrea” adierazi zuten orduan. Hala ere, ezinegon eta kezka hori ez da herriko ikastetxe horretara bakarrik mugatzen; Basauriko sei ikastetxe publikoetako Guraso Elkarteek.
“Zerbitzu honen azpikontratazioak gertakari onartezinak eragiten ditu oraindik ere: menu ez osasungarriak, kalitate eta kantitate txikikoak; osagai izoztu eta aurreprestatuekin egindako elaborazioak eta janari ultra prozesatua; entregak ez betetzeagatik termoetan denbora gehiegi ematen duten janariak: ikastetxeen errealitatearekin bat ez datozen ratioak dituzten langile gutxiegi; eta langileen ordezkapen falta… Horrek guztiak gure seme-alaben beharrak betetzen ez dituen elikadura eta behar bezala eman ezin den zerbitzua eragiten ditu”, salatu zuten azaroan Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek.
Eskola-sukaldearen proiektua
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak ekainean iragarri zuen Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko promesa “behingoz” bete dezala eskatu dute.
Eta, Hezkuntza Sailak berretsi du Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko bere “konpromiso irmoa”. Eskola-sukalde horrekin “eredu osasungarriagoa, jasangarriagoa eta hurbilagoa eskaini” nahi du Jaurlaritzak.
Dagoeneko “hainbat alternatiba tekniko” aztertu dituztela esan zuen Hezkuntza Sailak azaroaren 26an, eta Basauriko guraso elkarteekin bildu nahi zutela ere adierazi zuen, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”. Baina, momentuz, ez dute bilera horren berririk.
Basauriko Udalak, bere aldetik, guraso elkarteen eskaerei babesa eman die, eta “behar horiek dagozkien erakundeei helarazteko egindako lan bateratua eta etengabea” azpimarratu dute.
“Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko harremana mantentzen dugu proiektuaren berri izateko, eta esan digute proiektua aurrera doala”, diote udal ordezkariek.
Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazi du proiektu hau “ahalik eta azkarren” gauzatu dadin eta, “kalitatezko zerbitzu baten adibide izan dadin”, beharrezkoa den guztian laguntzeko eta lankidetzan aritzeko prest dagoela.
☉ Basauri
Basauri Kirol Sariak banatuko dituzte bigarren urtez herriko kirolariei eta entitateei aitortza egiteko
Abenduaren 18an izango da ekitaldia Social Antzokian. Urteko kirolaria, etorkizuneko kirolaria, urteko kluba, ibilbide esanguratsua izan duen kirolaria eta balio sozialak sustatzen dituen kirolaria edo entitatea aitortuko dituzte

Basauri Kirol Sariak ekitaldia antolatuko dute abenduaren 18an, ostegunez, Social Antzokian, 19:00etan.
Iaz berreskuratu zuen Basauriko Udalak gala Kirolaren Europako Hiriaren urtean, eta aurten berriro antolatu dute ekitaldia herriko kirol-eremuko norbanako eta entitate nabarmenei aitortza egiteko.
Bost sari banatuko dituzte: Eguzki-lore saria, urteko kirolari bikainenarentzat; Iparorratza saria, urteko etorkizuneko kirolari nabarmenenarentzat; Adore saria, urteko klub edo entitatearentzat; Haritza saria, ibilbide esanguratsuena izan duen kirolariarentzat; eta Ohore saria, balio sozialak sustatzen dituen kirolariarentzat edo entitatearentzat.
Herriko klubek eta komunikabideetako profesionalek proposamenak helarazi dituzte eta batzorde tekniko batek balorazioa egin du.
Sari banaketa doakoa da, baina interesdunek gonbidapenak jaso behar dituzte Social Antzokiko leihatilan.
Iaz Gorka Nieto Marcos eskubaloi jokalaria, Claudia Lizcano Valenciano futbolaria, BSK Basauri Saskibaloi Kluba, Isabel Sixto Tato atleta eta Meeting Basauri ekitaldia aitortu zituzten. Iaz GEURIAk egin zuen kronika hemen irakur dezakezu.
☉ Basauri
Abaroa-San Migel tren geltokiko igogailua konponduta dagoela dio Renfek, “baina telefono-linearen zain”
Iaztik funtzionatu gabe daramala salatu dute askotan auzotarrek. Igogailua martxan jartzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzea baino ez dela falta esan diete Renfetik Basauriko udal ordezkariei

Hilabeteak daramate San Migeleko auzotarrek Abaroa-San Migel tren geltokiko bi igogailuetako bat erabili ezinik.
Iazko abuztuan —2024ko martxoan, ekainean eta uztailean matxura izan ostean— funtzionatzeari utzi zion, eta ordutik herritarrek Renferi konpondu dezan eskatu diote hainbatetan.
Renfek aurtengo martxoan jakinarazi zien auzotarrei “egun gutxi barru” konponduko zuela matxura, baina oraindik zain daude.
Egoera hori aintzat hartuta, azken hilabeteetan Basauriko Udalak hainbat errekerimendu egin dizkio Renferi tren geltokiko igogailua konpondu dezala eskatzeko. “Azkena azaroaren 27an”, diote udal ordezkariek.
“Gaur bertan, tren-garraioko enpresa publikoak Basauriko Udalari jakinarazi dio igogailuaren konponketa teknikoa arrakastaz burutu dela, eta igogailua martxan jartzea zerbitzu egokia bermatzeko nahitaezko telefono-linea aktibatzearen mende dagoela soilik”, diote udal arduradunek.
Renfek Udalari emandako erantzunean adierazi duenez, “lehentasunez” ari dira lanean dagokion hornitzailearekin kudeaketa hori arintzeko, “eta ahalik eta epe laburrenean” konpontzea espero dutela adierazi diote Udalari.
“Gobernu taldeak prozesuaren zain jarraituko du, igogailua lehenbailehen martxan egon dadin”, diote.
☉ Basauri
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an helduko dira Basozelaira, Basaurin
Txu-txu trenean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Zortziko plazara. Gainera, asteburuan zehar hamaika jarduera antolatu ditu Basozelaiko Auzokideen Elkarteak

Olentzero eta Mari Domingi hasi dira txikien eta helduen gutunak jasotzen.
Eta abenduaren 24ra bitartean euren bisitak izango ditugu Hego Uribe eskualdean.
Basaurin, Basozelain izango dira Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 14an, igandez.
Txu-txu trenean helduko dira Zortziko plazara eta umeekin eta helduekin elkartzeko tartea izango dute.
El Maño Basozelaiko Auzokideen Elkartearen eskutik iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi auzora, baina ez da asteburuan antolatuko duten jarduera bakarra.
Belaunaldien arteko joko didaktikoak, SantoBasozelai, Euskal Jaia, Gabonetako arratsalde-pasa, Gabonetako bingoak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte abenduaren 13an eta 14an Zortziko plazan.
Egitaraua | Olentzero eta Mari Domingi Basozelain
Abenduak 13, larunbata
11:00 Belaunaldien arteko joko didaktikoak
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
13:00 Euskal Jaia ikuskizun musikala
17:00 Gabonetako arratsalde-pasa
19:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
20:00 Gabonetako I. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
21:00 Kontzertua: Txapela Brava
22:30 Gabonetako II. Bingoa. Saria: urdaiazpikoa, gazta, ardo lotea eta Gabonetako dezimoa
Abenduak 14, igandea
11:00 Gabonetako tailerrak: desioen zuhaitza, postalak eta apaingarriak
11:30 Olentzero eta Mari Domingi
11:30 Txu-txu trena Basozelaitik
12:00 SantoBasozelai: taloak eta sagardo eta txakoli dasteketa
12:00 Trikipoteoa Etxebarria Aita-Seme Trikitilariekin
14:30 Gabonetako III. Bingoa. Sari berezia: Gabonetako kutxa eta Gabonetako dezimoa
☉ Basauri
Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan altzairua ekoizteko
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela

Hidrogeno berdea probatu dute Basauriko Sidenor fabrikan. Zehazki, altzairuaren ekoizpeneko berotze-zalian erabili dute lehen aldiz hidrogeno berriztagarria.
Altzairutegiko erregailu konbentzionala hidrogenoa erabiltzen duen oxi-errekuntzako erregailu batekin ordezkatu dute. Horri esker, zaliaren berotze-ziklo osoa osatu ahal izan dute, beharrezko funtzionamendu-tenperaturak lortuz.
Sidenorreko arduradunek adierazi dutenez, proba horiei esker egiaztatu ahal izan dute erregai gisa gas naturala erabili ordez, hidrogenoa erabili daitekeela.
Hidrogeno berdearekin egindako proba horiek mugarri garrantzitsua izan direla adierazi dute enpresatik, tenperatura altua behar duten eta elektrifikatzen zailak diren prozesu termikoetan erabili baitu Basauriko lantegiak.
“Sidenor ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako enpresa da, eta, horregatik, etengabe ikertzen eta inbertitzen ari da bere produkzio-prozesuen deskarbonizazio-prozesuan aurrera egiteko formulak bilatzeko”, esan dute enpresako arduradunek.











