☉ Basauri
Depedro, Tremenda Jauria, Merina Gris, Silitia eta La Perra Blanco taldeek joko dute MAZ Basaurin
Azaroaren 10ean eta 11n izango da jaialdia. McEnroe, Erein, Ginger eta Arde Marte taldeek ere joko dute Social Antzokian zein kalean doan eta TxikiMAZek haurrentzako programazioa osatuko du

MAZ Basauri musika jaialdia bueltan da. Azaroaren 10ean eta 11n jaialdiaren hamaikagarren edizioa antolatuko dute. Aurten Depedro eta Tremenda Jauría dira kartelburu nagusiak, baina Merina Gris, Silitia eta McEnroe taldeen kontzertuak ere izango dira Social Antzokian.
Jairo Zavala (Madril, 1973) Depedro da, konpositore eta artista errespetatuenetakoa Espainian eta Latinoamerikan. La Vacazul taldeko kide izan ondoren (1995-2007), 2008an bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen. Harrezkero, ‘Te sigo soñando’, ‘Nubes de papel’ eta ‘Diciembre’ bezalako abestiak sortu ditu, eta gero eta ospe handiagoa lortu du. Bere estudioko azken lana ‘Máquina de piedad’ (2021) da eta 2022an ‘Antes de que oscurezca’ zuzenekoa argitaratu zuen. Tremenda Jauría Madrilgo boskote bat da, eta rocka, punka, reggaetoia eta elektronika uztartzen ditu ‘Todxs igual’ (2022) bere azken lanean. Cumbia eta rapa ere eragin handiko generoak izan dira 2015ean hasi zuten diskografian, letra borrokalari eta feministek lagunduta.
McEnroe getxotarrek 2022an ospatu zuten euren 20. urteurrena, ‘La electricidad’ edo ‘Los valientes’ bezalako ereserki txikien egileak; euren soinu malenkoniatsuak eta Ricardo Lezonen fraseo originalek banda berezia bilakatzen dute. Merina Gris Sarak, Julenek eta Paskalek osatutako hirukote donostiarra da. Maskaradun hiru lagun hauek 2020an hasi zuten euren ibilbidea, eta 2022an eztanda egin zuten ‘Zerua orain’ estreinako diskoarekin. Lan horrekin urteko disko onenen zerrenda askotan sartu ziren, eta hainbat areto eta jaialditan jo dute. Eta azkenik, Silitia bikote bizkaitarrak osatuko du Social Antzokiaren programazioa. Gogoratzearren, Silitiak Rockein lehiaketa irabazi zuen iaz, eta sari bazala, MAZ Basauri jaialdian joko du aurten. Punk, funk, elektronika eta rockaren konbinazio indartsua egiten dute, euskaraz.
Tremenda Jauria, Merina Gris eta Silitia azaroaren 10ean, ostiralez, igoko dira Social Antzokiko eszenatokira, 20:30etik aurrera. Eta, Depedroren eta McEnroeren kontzertuak azaroaren 11n, larunbatez, izango dira 21:00etatik aurrera.
Sarrerak salgai daude dagoeneko Social Antzokiko leihatilan eta webgunean, baita Kutxabanken ere. Aldez aurretik erosita, egun bakoitzeko sarrerak 12 eurotan daude salgai, eta kontzertuen egunean bertan salneurria 15 eurokoa izango da (soilik antzokiko txarteldegian). Antzokiko kontzertuak, beti bezala, zutik ikusiko dira, besaulkirik gabe eta barra zerbitzua berreskuratuko da, prezio merkeetan.
MAZ Kalean
MAZ Kalean ere ohikoa da jaialdiaren barruan eta aurten La Perra Blanco, Erein, Ginger eta Arde Marte taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dugu azaroaren 11n, larunbatez.
La Perra Blanco hirukotea Alba Blanco abeslari eta gitarra-jotzaile gazteak gidatzen du, eta La línea de la Concepcionetik dator, Cadizetik. 1950eko hamarkadako musikaren eraginarekin, Rhythm & Blues eta Gospeletik Rockabilly eta Countryraino, bere azken kaleratzea ‘Won’t You Come On’ EPa da (2022).
Erein hard-rock, heavy metal eta punk-rock eragina duen laukotea da eta Basauriko taldekideak ditu. Ginger Zarauzko punk laukotea da, eta Arde Marte Ezkerraldeko pop eta elektronika bikotea da. Hirurek jo zuten 2022ko Rockein lehiaketan: Erein tokiko talderik onenaren kategoriako finalista izan zen; Ginger taldeak euskarazko talderik onenaren saria irabazi zuen; eta Arde Martek Eskarabilera saria jaso zuen.
Kaleko kontzertuak 17:00etan hasiko dira. Aurrerago zehaztuko dute non izango diren kaleko kontzertuak.
TxikiMAZ
Bestetik, etxeko txikienek musikaz ere gozatu dezaten TxikiMAZ antolatuko dute beste urte batez. Azaroaren 11n izango da TxikiMAZa, kalean ere, baina goizez, 11:00etan hasita.
Bilboko eszenako DJ ezagunenetako bik, Muguk eta Mr. Chase-ek, musika jarri eta umeentzako tailer txiki bat emango dute. Katxopan, Iñigo Iraultza ‘Iru’ aktoreak antzeztutako auzoko superheroia, txikien kontzientziak pizten saiatuko da antzerkiaren bidez. Makhazi Art Jon Ander Campos gizarte-hezitzailearen eta artistaren ekimena da, eta oreka emozionala sustatzen du hainbat diziplina artistikoren bidez, izaera ludikoarekin. Txiki MAZ 2023 Williamek itxiko du, Los Brazos taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak. Rockaren militante eta aktibista txikitatik; bakarkako formatu akustiko honetan, aldi ezberdinetako istorioak abesten eta abestiak kontatzen dizkigu, bluesaren jatorritik gaur egunerarte.
MAZ Basauri Basauriko Udalak sustatzen du. Aurreko hamar edizioetan, udalerria musika-erreferente gisa kokatu du, eta pizgarri izan da Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako.
☉ Basauri
Matxitxako kaleko zubia eraitsiko dute Sarratuko metro geltokia eraikitzeko: obrak bi urtez luzatuko dira
Basauriko sarbide nagusietako bat da eta horregatik behin-behineko desbideratze alternatiboak ezarriko dituzte: besteak beste, Pozokoetxe kalea bi noranzkokoa izango da datozen bi urteetan

Metroaren 5. Lineako lanek aurrera darraite eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Eusko Jaurlaritzak urrats berri bat emango dute obretan: Sarratuko geltoki berria eraikitzea, hain zuzen ere (L5 eta L2 lineak hartuko ditu).
Geltoki berria eraikitzeko Matxitxako kaleko zubia eraitsi egingo dute eta urtarrilaren 19tik moztuta egongo da bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat.
Jarduketa hori bi urtez luzatuko da, zubia eraisteaz gain, Sarratuko geltoki berria egin aurreko lanak hasiko baitituzte.
ETSko eta Jaurlaritzako ordezkariek adierazi dutenez, obrek etorkizuneko geltokiaren estalkia amaitu arte iraungo dute, izan ere, gaur egun zubia dagoen leku berean egongo baita. Eraisteko lanak gauez egingo dituztela zehaztu dute.
“Oso obra konplexua da, errepide-lotune baten eta Euskotrenen trenbideen eta merkantzien trenbideen artean egin behar delako. Horregatik, beharrezkoa da zenbait egitura gauzatzea eta trenbideen fase desberdinak egitea. Horregatik izango da luzea eragina”, diote.
Desbideratze alternatiboak
Matxitxako kaleko zubia eraisteak eragin handia izango du. Izan ere, Basauriko sarbide nagusietako bat da —Baskonia zubiaren ostean dagoena, Txarraska Gaztetxearen ondoan—.
Hori dela eta, behin-behineko desbideratze alternatiboa ezarriko dute bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat: Matxitxako kalearekin lotu arte Cervantes etorbidetik eta Larrazabal, Pozokoetxe eta Sarratu kaleetatik izango dira desbideratzeak.
Desbideratze horiek egokitu ahal izateko beste aldaketa bat egingo dute: Pozokoetxe kalea bi noranzkoetan gaituko dute, eta bertako biribilgunea Sarratu kalerako biraketak errazteko egokituko dute. Gauzak horrela, aste honetan debekatuta egongo da Pozokoetxe kalean aparkatzea.

Pozokoetxe kalea eta pasarela bi noranzkokoa izango da datozen bi urteetan // Geuria
Urtarrilaren 19ko astean sarbideak moztuko dituzte, eta zubian eragina duten barandak, espaloiak eta aglomeratuaren fresatzea kenduko dituzte.
“Bitartean, aldi berean, mikropilotez osatutako pantaila bat egingo da Matxitxako kalean bertan, zubia eta estribuak kendu ondoren lurrei eusteko. Ondoren, gauez, taula eraisteko lanak egingo dira”, diote.
Hurrengo pausoa Basurtutik datorren merkantzien trenbidea hartuko duen kaxoia eraikitzea izango da. Kaxoia amaitu ondoren, bertara eramango dituzte merkantzien zirkulazioak, egun erabiltzen duten espazioa libre uzteko. “Horrela, geltokia eraikitzeko lanak hasi ahal izango dira, faseka”, diote.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatutako proiektuak 360 milioi euroko aurrekontua du. Bost geltoki berri izango ditu L5 lineak: Sarratu (L2 linea ere izango du), Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.
☉ Basauri
Sinadura bilketa martxan jarri du San Migeleko Auzo Elkarteak lanzaderak udaletxeko geltokia mantendu dezan
Gobernu taldeak zerbitzu berriaren balantzea egingo du hilabeteko epean, eta udaletxearen aurrean beste geldialdi bat egitea baloratuko dute

San Migel eta Basauriko metro geltokia lotzen dituen lanzaderak zerbitzu berria du urtarrilaren 1etik: udaletxeko geltokia Kareagara lekuz aldatu dute eta maiztasuna 30 minuturik behinekoa da.
Udaletik eman duten arrazoia da Kareagako metro sarbidea (Bidasoa) udaletxekoa baino irisgarriagoa dela. Izan ere, udaletxeko sarbideak (Basozelai) ez du igogailurik, eta Bidasoako sarbideak arrapala du, eskailerarik gabe.
Hobekuntza hori eman den arren, San Migeleko auzotarrak ez daude pozik. Sare sozialetan hainbatek euren kexa helarazi dute: eguneko lehen metroa ezin dutela hartu eta maiztasuna txikitu dela, adibidez.
Ildo horretan, San Migeleko Auzo Elkartearekin berba egin du GEURIAk eta sinadura bilketa martxan jarri dute. “Auzotarren benetako inplikazioa bilatu nahi dugu sinadura bilketarekin”, esan digute Auzo Elkarteko ordezkariek.
Sinadura bilketa asteartetan eta ostegunetan egingo dute San Migeleko Auzo Elkartearen egoitzan, 19:00etatik 20:00etara (Hernan Cortes plaza).
Udaletxeko geltokia, “ezinbestekoa”
San Migeleko Auzo Elkarteak eta auzotarrek udaletxeko geltokia mantentzea eskatzen dute: “Udaletxeko geltokia kendu ez dezaten nahi dugu. Ezinbestekoa da”, diote, eta gaineratu dute: “Badakigu Basauriko bi geltokiak mantenduko badituzte —udaletxekoa eta Kareagakoa—, frekuentzia ez dela 20 minutukoa izango, baina nahiago dugu udaletxean geldialdia egitea”.
Basauriko udal arduradunekin ere hitz egin dugu GEURIAn: “Zerbitzuaren maiztasuna handitu gabe beste geltoki bat sartzeko eskaerak autobus gehigarri bat zirkulazioan jartzera behartuko luke, eta horrek aurrekontua bikoiztea ekarriko luke 1.022.622 eurora iritsi arte (oraingo kontratua 511.311 eurokoa da). Gure ustez, inbertsio hori ez litzateke proportzionatua izango, ez lieke baliabide publikoen kudeaketaren eraginkortasun-irizpideei erantzungo, eta ez litzateke koherentea izango arrazionaltasun-printzipioekin”.
Gobernu taldeak zerbitzu berriaren balantzea eta berrikuspena egingo du hilabeteko epean, eta udaletxearen aurrean beste geldialdi bat egitea baloratuko dute: “Baina horrek lanzaderaren igarotze-maiztasuna handitzea ekarriko luke nahitaez”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Autobus berria, laster
Zerbitzuaren beste hobekuntzen artean dago autobus berria jarriko dutela. “Momentuz ez dugu autobus berriaren arrastorik eta Udalari galdetu nahi digu noiz ipiniko duten”, esan dute. Udal arduradunen arabera “laster” jarriko dute martxan autobus berria.
Sinadura bilketaz gain, San Migeleko Auzo Elkarteak bilera eskatu du udal ordezkariekin: “Bi email bidali dizkiegu, baina ez dugu oraindik erantzunik jaso”, salatu dute.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, urtarrilean bertan bilera egitea aurreikusi dute: “Auzo Elkartearekin bilera izan aurretik lanzaderari buruzko zenbait puntu kontrastatu nahi ditugu zerbitzua ematen duen enpresarekin, bizilagunekin egingo dugun bileran atera baitaitezke, eta produktiboa izatea nahi dugu”.
☉ Basauri
San Migelen hiri-altzariak berritu, iturri berriak jarri eta oinezkoen pasabideak egokitu ditu Basauriko Udalak, herritarrek eskatuta
117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten, eta horietatik hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak. Lanak dagoeneko bukatu dituzte

Auzoegin proiektuaren barruan, obra txikiak egin ditu Basauriko Udalak San Migelen herritarrek hala eskatuta.
Zehazki, honako jarduketak egin ditu Udal Brigadak: bi zaborrontzi jarri dituzte Gernika eta Ramon Kareaga kaleak lotzen dituen igogailuaren pasealekuan; txakurrek edateko ontziak ipini dituzte parke-eremuen iturrietan; kendu egin dute San Migeleko sarreran zegoen erloju-panela; eserleku bat jarri dute futbol zelaiko aldagelen atzealdean; kaleko eserlekuak konpondu eta barnizatu dituzte; frontoi ondoko saskibaloi kantxako saskien uztailak berritu dituzte; iturriak jarri dituzte saskibaloi kantxan eta anbulatorio ondoko haur-parkean; egokitu egin dituzte Gernika eta Kebrantebarri kaleetako zebra-bideak; eta seinalizazio horizontala hobetu dute San Migeleko 70 oinezkoen pasabidetan.
Prozesu parte hartzailea martxan jarri zuen Udalak ekainean eta 117 pertsonak 243 hobekuntza-proposamen egin zituzten.
“Jaso ziren 243 proposamenek zerikusia zuten, nagusiki, kaleen konponketa, garbiketa eta irisgarritasunarekin eta errepideen zaintzarekin, eta, neurri txikiagoan, kirol-instalazio, parke, hiri-altzari edo ingurumenarekin”, diote udal ordezkariek.
Guztira hamar jarduketa egin ditu Udal Brigadak eta dagoeneko lanak bukatu dituzte. Udal arduradunek zehaztu dutenez, egindako esku hartzeen berri emango diete auzotarrei, “azalpen-orri bat bidalita etxe guztietara”, diote. Gainera, ados.basauri.eus plataforman ere informazio guztia jarriko du Udalak.
“2013. urtean, Basauriko Udalak martxan jarri zuen Auzoegin Auzoetan Eragiteko Ekintza Plana, hobekuntza, modernizazio eta hiri-berroneratze lanak egiteko udalerriko hainbat lekutan, kontuan hartuta beti herritarrek, elkarteek eta taldeek parte-hartze kanalen bitartez eginiko eskaerak. Egitasmo horren bidez, beste urrats bat egin nahi izan du Udalak, herritarren parte-hartze bidezko prozesu espezifikoak sustatzeko, udalerriko auzo edo leku jakin batzuei begira, horiek hobetzeko, bizilagunekin elkarlanean”, diote udal ordezkariek.
☉ Basauri
Soloarte parkeko estalki berria aurten eraikiko du Basauriko Udalak
Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek. Gainera, zakarrontzi eta banku gehiago jarriko dituzte

Soloarte parkeko atzealdeko banku-eremu berria estali egingo du Basauriko Udalak. Obrak urte honen hasieran hasiko direla adierazi dute udal ordezkariek.
Zehazki, futbol zelaiaren atzealdean dagoen eremua da estali egingo dutena, zubi gorriaren aurrean dagoena. Herritarrek herriko gune gehiago estaltzea eskatu zuten aurrekontu parte-hartzaileetan.
Gainera, zaborrontziak eta zenbait eserleku berri jarriko dituzte parkearen sarreran eta estalkia joango den gunean.
Soloarteko futbol zelaia eta Mercabilbaora arteko ibaiertzeko horma egonkortzeko lanak bukatu ostean jarriko dituzte zakarrontziak eta banku gehiago, eta gune hori estaliko dute.
Horma indartzea
Soloarteko pasealekua eta horma Mercabilbaotik futbol zelairaino doan zatian birgaitzeko lanak amaitu zituen Udalak abenduan, hamar hilabeteko lanak eta gero.
2023an luizia antzeman zuten horman, esku hartutako zatian, eta Udalak erabaki zuen horma indartzeko eraikuntza-obraren proiektua idazteko lanak kontratatzea, narriadura lehenbailehen gelditzeko. Horrez gain, prebentzio- eta segurtasun-neurri gisa, Udalak pasealekuaren zati hori itxi zuen oinezkoentzat, eta lurra kentzeko lanei ekin zien, hormaren zama arintzeko.
“Proiektua idazten ari ziren bitartean, ordea, Plan Hidrologikoaren aldaketa bat sartu zen indarrean, jabetza publiko hidraulikoaren gaineko instalazioei buruz. Bada, Planaren testu berriak xedatutakoarekin bat, URAk ebatzi zuen ezin zuela baimena eman horma berreraikitzeko, eta xedatu zuen Basauriko Udalak horma berria eraiki behar zuela, harri-lubetazkoa. Arau-aldaketak ez zuenez ahalbidetzen proiektua hasierako baldintzen arabera idaztea, Udalak birmoldatzeko eskatu zuen, betebehar berrietara egokitu zedin”, diote udal arduradunek.
Proiektuaren birmoldaketa egin ostean, horma berria eraiki du Udalak. Harri-lubetazkoa da horma berria, eta hobekuntza estrukturalak, hidraulikoak, ingurumenekoak eta estetikoak ekarri ditu.
Obra egiteko 1,3 milioi euro bideratu dituzte: Basauriko Udalak % 60 finantzatu du eta URAk % 40.
☉ Basauri
Korrikaren 24. edizioaren aurkezpena egingo dute Basaurin urtarrilaren 15ean

Martxoaren 19tik29ra bitartean izango da 24. Korrika, Atharratzetik Bilbora. Hego Uriben hilaren 27an igaroko da [hemen eskualdeko ibilbidea].
Eta aurtengo Korrikaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena egingo du Hego Uribeko AEK Basaurin. Urtarrilaren 15ean, ostegunez, izango da Ibaigane Kultur Etxean, 18:30ean.










