☉ Etxebarri
Emozioen kudeaketari eta aitite-amamen rolari buruzko saioak antolatu dituzte Etxebarrin, Guraso Topagunearen baitan
Hezkuntza eta sozializazio-funtzioak garatzeko hausnarketa-gunea da Guraso Topagunea, eta aurtengo programa otsaila eta apirila bitartean izango da

Guraso Topagunea martxan jarriko da beste urte batez Etxebarrin. Doako hezkuntza-programa da, 2 urtetik aurrerako eta seme-alaba nerabeak dituzten familiei zuzendutakoa.
Aurrez aurreko talde-saioak eskaintzen ditu, esperientziak partekatzeko, hezkuntza-jarraibide osasungarrietan trebatzeko eta adin-tarteen arabera hezkuntza-gaiak lantzeko.
“Guraso Topagunea guraso-funtzioekin lotutako alderdiei buruzko informazio- eta hausnarketa-gunea da, hau da, Etxebarriko familiei laguntzeko baliabidea, beharrezkoak diren hezkuntza eta sozializazio-funtzioak gara ditzagun. Programa prebentiboa da, familia-dinamikako jarraibide osasungarriak eskuratzen laguntzen duena”, diote udal ordezkariek.
Aurtengo programa otsaila eta apirila bitartean burutuko da. Alde batetik, lau talde-saio antolatu dituzte, adin-tarteen arabera antolatuta: 2-6 urte, 7-10 urte, eta nerabeak.
Otsailaren 24an nerabeak dituzten familientzako saioei hasiera emango diete Kultur Etxean (15:00-16:30), eta hilaren 26an 2-6 eta 7-10 urte arteko haurren familiak bilduko dituzte: 15:00etatik 16:30era Tarrastan (2-6 urte) eta 15:00etatik 16:30era Kukullaga ikastetxean (7-10 urte).
Saioak lau astez luzatuko dira, martxora arte. Horietan parte hartzea doakoa da, baina interesdunek izena eman behar dute esteka honen bitartez.
Saio monografikoak
Beste alde batetik, zazpi saio monografiko ere antolatuko dituzte. Besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: kudeaketa emozionala, ondoeza sortzen duten egoerei aurre egiteko tresnak, aitite-amamen rolam nerabeen autonomiarako heztea aro digitalean edota osasun mentala gazterian.
Lehenengo saioa 5 eta 10 urte bitarteko familientzat dago zuzenduta: martxoaren 6an Metacal Ludotekan izango da (17:00-18:30), eta saio bera martxoaren 11n ere prestatu dute Kultur Etxeko Ludotekan (17:00-18:30).
Ondoren, ‘Emozioak nola kudeatu’ saioa izango da martxoaren 17an, asteartez, 17:00etatik 18:30era Kultur Etxean. Adin tarte guztietako ume eta gaztetxoak dituzten familientzat da.
Eta, martxoaren 23an, astelehenez, ezinegona sortzen duten egoerei aurre egiteko tresnak emango dituzte (17:00-18:30). Saio hori adin tarte guztietako ume eta gaztetxoak dituzten familiei dago zuzenduta.
Hiru saio horietan izena ematea doakoa da eta interesa dutenek esteka honen bidez egin beharko dute.
Apirilean gainerako saio monografikoak izango dira: aitite eta amamentzako saioa apirilaren 17an; nerabeak dauzkaten familientzako saioa apirilaren 21ean; osasunaren guneari buruzkoa apirilaren 23an; eta Bigarren Hezkuntzako gaztetxoak eta familientzako saioa apirilaren 28an. Apirileko saioetan izena emateko epea martxoan zabalduko dute.
Informazio gehiagorako edo izena emateko gurasotopagune@harribide.org helbide elektronikoa era 688 881 339 whatsapp zenbakia ere jarri dituzte herritarren eskura.
Guraso Topagunea programa Etxebarriko hezkuntza-eragileek osatutako batzorde batek antolatzen du. Honako hauek osatzen dute: Kukullaga ikastetxea, Elkar Guraso Elkartea, Etxebarri Institutua, Bidea Sortzen Guraso Elkartea eta Harribide Fundazioa. Azken honek programa kudeatzen du Udalaren finantza-laguntzarekin eta koordinazioarekin.
☉ Etxebarri
Euskara Plana egiteko herritarrekin, elkarteekin eta klubekin lan-saioa antolatu du Etxebarriko Udalak otsailaren 26an
Etxebarriko Udalak euskararen inguruko diagnostikoa egin du herritarrek bidalitako ekarpenekin eta hori lan-saio ireki batean partekatuko du

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Etxebarriko Udalak.
Iraila amaieran herritar guztiei zuzendutako galdetegi irekia martxan jarri zuen Udalak. Galdetegi horretan, euskara egunerokoan erabiltzeko motibazioari buruzko galderak jasotzen ziren, baita Etxebarriko udalerrian euskara zein eremutan erabiltzen den gehien ere.
Ondoren, galdetegiaren bidez bildutako informazio guztiarekin diagnostikoa egin zuen Udalak, eta lan hori egin eta gero, herritarrekin, elkarteekin eta klubekin partekatu eta lan-saio bat antolatu dute.
Otsailaren 26an, ostegunez, izango da lan-saioa 18:15ean Cimen (bigarren solairuko bosgarren gelan).
Bilerara joan nahi duenak izena eman behar du 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatziz.
“Ekintza honekin, Udalak berretsi egiten du udalerrian euskara sustatzeko eta normalizatzeko duen konpromisoa, eta herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatzen ditu, AROA Plan Estrategiko sendoa eta Etxebarriko errealitatera egokitua erakitzeko”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Igeriketa sinkronizatuko Bizkaiko txapelketa jokatuko da igandean Etxebarrin

Otsailaren 15ean Etxebarriko kiroldegiak Bizkaiko Igeriketa Sinkronizatua Txapelketa hartuko du.
Urbarri Sinkro Etxebarriko klubak antolatuta, 09:00etatik 15:00etara bitartean izango da txapelketa.
☉ Etxebarri
Inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin otsailaren 12tik 22ra bitartean

Otsailaren 12tik 22ra bitartean inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin. Txikientzako, gazteentzako eta nagusientzako ekintzak prestatu dituzte.
Txikientzako prestatu duten programan ludoteka izango da otsailaren 12an 17:00etatik 19:00etara Kultur Etxean; hilaren 13an Kukullaga ikastetxeko inauteriak izango dira; eta otsailaren 14tik 17ra Tarrastako Inauteriak ospatuko dituzte.
Herriko gazteek bazkaria, karaokea, desfilea eta musika izango dituzte otsailaren 14an. Jarduera horiek Kultur Etxea eta Zintururi plazaren artean izango dira.
Eta nagusiei dagokienez, otsailaren 14an Goiko Jubilatuen Inauteriak izango dira eta hilaren 21ean Beheko Jubilatuena.
Ekintza horiez guztiez gain, otsailaren 21ean publiko guztiarentzako inauteriak ospatuko dituzte: desfilea, mozorro lehiaketa, Txiki Festa eta Super Disko Festa antolatuko dituzte herrian.
Egitaraua | Etxebarriko Inauteriak
Otsailak 12, osteguna
17:00-19:00 Txiki Ihauteriak Ludoteka Kultur Etxean (5-9 urte)
Otsailak 13, ostirala
Inauteriak Kukullaga ikastetxean
Otsailak 14, larunbata
Tarrastako Inauteriak: Jaia
Gazte Inauteriak Kultur Etxean eta Zintururin: bazkaria, karaokea, desfilea, poteoa, txaranga, bingoa eta musika
17:30-20:30 Nagusien Inauteriak Goikoa Jubilatuen Etxean
Otsailak 15, igandea
Tarrastako Inauteriak: Filma
Otsailak 16-17
10:00-13:00 Tarrastako Inauteriak
Otsailak 21, larunbata
18:00 Etxebarriko III. Inauterietako desfilearen hasiera Barrondo industrialdetik
18:00-20:00 Nagusien Inauteriak Behekoa Jubilatuen Etxean: dantza, mozorro lehiaketa eta txokolatada
18:30-20:30 Txiki eta helduen mozorro lehiaketa frontoian
18:30-21:00 Disko Festa Txikia udaletxeko karpan
21:15 Sari banaketa udaletxeko karpan
22:00-02:00 Super Disko Festa udaletxeko karpan
☉ Etxebarri
Txalaparta tailerra antolatu dute Etxebarrin helduentzat eta umeentzat

Etxebarriko Euskara Zerbitzuak Txalaparta tailerra antolatuko du otsailaren 27an eta martxoaren 1ean.
Otsailaren 27ko saioa helduei zuzenduta dago eta 18:00etan izango da Cime eraikineko bigarren solairuan.
Eta, martxoaren 1eko saioa familientzat izango da: gurasoentzat eta euren seme-alabentzat, hain zuzen. Familientzako tailerra Kultur Etxean izango da 11:30ean.
Txalaparta tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua bidalita edo 944 267 005 telefono zenbakira deituta.
☉ Etxebarri
Bideoa | Etxebarriko adinekoek eta aisialdi taldekoek bat egin dute Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Etxebarriko Partekatu adinekoen proiektuko kideak eta aisialdi taldeko arduradunak kalera atera dira lurra esnaraztera.









