Sareak

☉ Etxebarri

Etxebarriko Kukullaga Eskubaloiko gazteek Porriño sektorea irabazi dute Pontevedran

Kukullagako emakumeek poz-pozik amaitu dute Galiziako sektorean jokatutako txapelketa eta “harreman onak” sortu dituzte bertako aurkariekin, José Cáceres entrenatzailearen arabera

|

Jokalariak, joan den asteburuan jokatutako partidetan // BM Kukullaga Eskubaloia

BM Kukullaga Eskubaloiko gazteen kategoriako neskek Pontevedran jokatutako Porriño sektorea irabazi dute (Galizia): “Poz-pozik daude Kukullagako jokalariak”, azaldu dio José Cáceres gazteen entrenatzaileak. “Txapelketa honetan ez dute talde guztiek jokatzen; Espainiako 32 talde onenek jokatzen dute eta hori nabarmentzekoa da”, gehitu du Kukullagakoak. Beste hitz batzuetan: Espainiako txapelketarako sailkatu dira Kukullagako gazteak eta dagoeneko 8 talde nazional onenen artean dago Etxebarrikoa.

Kukullagako neskek ez dute ezer utzi gainontzeko taldeentzat joan den asteburuan Galizian jokatutako partidetan: Aula Valladoliden aurka 30-26 irabazi zuten Etxebarrikoek, BM Porriñoren aurka 32-30 eta azken partida, Elxeren aurka lehiatutakoa, 30-28koa izan zen azken emaitza.

“Partidak bukatu eta jokalarien artean euren Instagram eta TikTok kontuak elkarbanatzen egon ziren, poz pozik”

“Harritzekoa da benetan zailak izan direlako gure aurkariak”, aitortu du Cáceresek eta Kukullagako neskek aurkariekin harreman sendoa egin dutela azaldu du: “Partidak bukatu eta jokalarien artean euren Instagram eta TikTok kontuak elkarbanatzen egon ziren, poz pozik. Horrela funtzionatzen dute kiroletako harremanek gaur egun, antza”, dio barrez.

Jokatu beharreko hurrengo partidak Castellón dira, Ondan. “Uste baino aurkari zailagoak izango ditugu bertan, baina gure neskak indartsu eta animoz gainezka daude momentu honetan. Beraz, jo eta su izango gara hurrengo erronkan, beti bezala!”, aurreratu du Kukullagako entrenatzaileak.

Kadeteak ere, borrokan

Asteburu honetan, Kukullagako kadeteak Kataluniara joango dira Emakumezkoen Sektoretako Txapelketa jokatzera. Maiatzaren 12an eta 13an partidak dituzte Bartzelonako Josep Llavina i Esteve kiroldegian Sar Rodavico A taldearen aurka. Sailkatutako taldeak finala jokatuko du maiatzaren 14an, igandea.

BM Kukullaga Eskubaloia taldeko jokalariak, Etxebarriko kiroldegian entrenatzen // Geuria

Konstantzia eta lan ona

BM Kukullaga Eskubaloiako emakumeek arrakasta izan ohi dute jokatzen dituzten txapelketa gehienetan: “Etxebarriko Kukullaga taldea nagusiki neskena da eta bertako jokalariak zaintzeaz gain errendimendurik onena ematea lortzen dute”, azaldu zion Izaro Saiz gazteen taldeko jokalariak GEURIA komunikabideari joan den otsailean.

“Euskadiko Txapelketako kategoria ezberdinetako emaitzak ikustea besterik ez dago horretarako!”, gehitu zuen Saizek “Iaz, esaterako, gazteen eta kadeteen taldeek Euskadiko Txapelketa irabazi genuen eta Espainiako sektoreetarako sailkatu ginen. Hau ez da azken urteetako joera soilik: 2018an, haurren kategoriako taldea Espainiako txapeldun izan zen klubetan. Itzela da hori”, izan ziren Kukullagakoaren berbak.

Entrenatzaileak horixe bera azpimarratu du: “Txikitatik entrenatzen hasten dira. Hori da sekretua. Gainera, Kukullagan oso ondo egiten dute lan”.

Izaro Saiz: «Kirolak matematikak besteko garrantzia dauka gure etxean»

☉ Etxebarri

Eder Lozano Heras: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”

Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea da Etxebarriko Kukullaga ikastetxean eta bertara hurbildu gara gaur goizean!

|

Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astean murgildurik daude Kukullaga ikastetxeko ikasleak. Gaur, esaterako, Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gurutze Gorriko, Osakidetzako Larrialdietako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta Suhiltzaileetako teknikari eta langileak izan dira prestakuntza ematen Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei.

Eder Lozano Heras osasun-larrialdietako teknikaria da (OLT) eta gaur bertan Kukullaga ikastetxean egin dutena azaldu digu: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”.

Besteak beste, Bihotz-biriketako Bizkortzea eta Heimlichen maniobrak zelan egin, eta sute baten aurrean zer egin ikasi dute ikasleek. Gainera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana eta Gurutze Gorriko eta ZIU mugikorreko anbulantzietan zer dagoen ikusi dute.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Lehen sorospenei buruzko ikastaroa jasoko dute Etxebarriko Kukullagako ikasleek

Bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek

|

Besteak beste, bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak egiten ikasiko dute LHko 3. mailako ikasleek // Etxebarriko Udala

Kukullaga ikastetxeko ikasleak Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea izango dute gaurtik ostiralera bitartean. Besteak beste, bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.

Egunero gai jakin bati buruzko ikastaroa jasoko dute eta tailerrak Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gazteen Gurutze Gorriko, Osakidetzako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako, Suhiltzaileetako, Etxebarriko TratuOn proiektuko eta Tarrasta Gazteguneko ordezkariek eskainiko dituzte.

Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea urtero antolatzen dute ikastetxearen eta ikasleen balorazio onen ostean, bide-segurtasuna, haurren tratu ona, larrialdiak eta osasuna bezalako gaietan hezteko.

“Etxebarriko Udalak ikasleak txikitatik prebentzioaren eta segurtasunaren arloan lantzearen eta prestatzearen aldeko apustua egiten du, komunitate osoaren bizitza eta ongizatea babestuko dituzten ohiturak sustatzeko”, diote udal ordezkariek.

Etxebarri | Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea

Urtarrilak 12, astelehena
‘Indarkeria identifikatzea gustatzen zaidanetik eta gustatzen ez zaidanetik’ prestakuntza Etxebarriko TratuOn proiektuaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleentzat

‘Bide-hezkuntza eta istripuetako hasierako arreta’ prestakuntza EusTES, Gazteen Gurutze Gorria era Udaltzaingoaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat

Urtarrilak 13, asteartea
‘112 eta Babes Zibila’ prestakuntza Osakdetzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat

Urtarrilak 14, asteazkena
‘Bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibriladore erdiautomatikoaren (KDEA) erabilera’ prestakuntza EusTESen eskutik
Lehen Mailako 5. mailako ikasleentzat

Urtarrilak 15, osteguna
‘Etxeko arrikuak era larrialdi-zerbitzuek zer egiten duten jakiteko’ prestakuntza EusTES, Gurutze Gorria, Osakidetza, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleentzat

Urtarrilak 15-16
‘Idarkeria adibideen bidez identifikatzea’ prestakuntza Tarrasta Gaztegunearen eskutik
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria berritu du Etxebarriko Udalak

|

Saria 17 udali berritzeko ebazpena argitaratu du Espainiako Gobernuak // Etxebarri Bizi

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria 17 udali berritzeko ebazpena argitaratu du. Tartean, Etxebarriko Udalari.

“Aitorpen hori bereizgarri bat baino askoz gehiago da: berresten du Etxebarriko Udalak hasi duen bidea — berrikuntzan, jasangarritasunean, parte-hartzean eta eraginkortasunean oinarritua — fruituak ematen ari dela. Etengabeko lana islatzen du, beti helburu argi batekin: Etxebarriko herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea”, diote udal ordezkariek.

‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria jaso duten hiri guztiak Innpulso Sarearen parte dira. Sare hori tamaina guztietako 109 hirik osatutako topagune bat da, iraunkortasun ekonomikoarekin eta berrikuntzarekin nolabait konprometituta daudenak. Sare horretan, udalerriek esperientziak eta proiektuak partekatzeko aukera dute, udalen arteko lankidetza sustatuz eta beste udalerri batzuetatik ikasteko aukerak sortuz.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Istripu baten ondorioz N-634 errepidea itxi dute Etxebarrin, Bilborako norantzan

|

N-634 errepidean, 105. kilometro-puntuan izan da istripua, Etxebarrin // Utzitakoa

9:00ak aldera ibigailu baten eta anbulantzia baten arteko trafiko istripua gertatu da N-634 errepidean, 105. kilometro-puntuan, Etxebarri parean. Ezbeharraren ondorioz, bidea erabat itxi behar izan dute Bilborako norantzan, eta horrek auto-ilarak eta eragozpenak sortu ditu inguruko sarbideetan.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak bertan ari dira lanean ezbeharra kudeatzeko, eta hiru zauritu daude. Une honetan, trafikoa bideratzen ari dira eta gidariei arretaz ibiltzeko edo ordezko bideak erabiltzeko gomendioa luzatu diete.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Argazkiak | Aterki azpian ongi etorria eman diete Olentzerori eta Mari Domingiri Etxebarrin

|

Abenduak 24 dituen honetan Olentzero eta Mari Domingi sartuko dira gure etxeetan opariak banatzera. Baina lanean hasi aurretik, harrera egin diete goizean Etxebarrin. Euripean, Zintururi plazatik kalejira egin dute Etxebarriko frontoiraino. Bertan izan gara!

Osorik irakurri