☉ Etxebarri
900 metro karratuko Pumptrack zirkuitua eraikiko dute Bekosolo parkean
Era berean, bolei-hondartzako kantxa eta eskubaloi pista eta Cross Country zirkuitua eraikiko dituzte Bekosolo parkean, aldi baterako.

Era berean, bolei- eta eskubaloi-hondartzako kantxa eta Cross Country zirkuitua eraikiko dituzte Bekosolo parkean, aldi baterako
Herritarren gozamenerako Bekosolo parkean aisialdirako gune ezberdinak jarriko ditu Udalak epe ertainean. Dagoeneko Skate pista dago bertan, baita aire libreko gimnasioa ere, baina eremu berean beste elementu batzuk ipiniko ditu Udalak: 900 metro karratuko azalerako Pumptrack zirkuitua, 33×18 metroko bolei- eta eskubaloi-hondartzako kantxa (600 metro karratuko azalera), eta Cross Country zirkuitua bi eremuen arteko lursailetan geratuko den espazio librean (500 metroko luzera).
“Lursail hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskumenekoa da eta etorkizunean eskola publikoak izan ditzakeen beharretarako erabiliko da. Epe ertainean ez da lursail hori erabiliko, beraz, inbertsio hauek herritarren gozamenerako prestatuko dira, ez, aldiz, behin betirako”, diote udal ordezkariek. Udalak dagoekenko hiru elementu horien obretarako kontratazio-prozesua zabaldu du, maiatzaren 30era arte. Epea bukatuta, Udalak dagoeneko esleitu ditu obrak eta datozen hilabeteotan gauzatuko dituzte lanak.

Horrelakoa izango da Bekosolo parkearen itxura obrak egin eta gero // Etxebarriko Udala (Albistearen eguneraketa: ekainak 14)
Skateparkean hobekuntzak
Bekosolo parkeko eremuaren hobekuntzaren eta aprobetxamenduaren baitan, Udalak Skate pista konpontzeko lanak hasi berri ditu. Zehazki, jarduketa hauek gauzatuko dituzte: mini half pipe-a eta arrapalen sarrera metalikoak konponduko dituzte; erdiko duna, eta 5 eta 7 metroko quarter-ak eraikiko dituzte (bi trantsiziokoak eta 1,20 eta metro bateko altuerakoak, hurrenez hurren); zementozko kajoiak –Slappy-ak– jarriko dituzte; skateparka guztiz margotuko dute; eta egungo materiala aprobetxatuz, moduluak berriro kokatuko dituzte.
La Kanterak burutuko ditu obrak eta Udalak 31.460 euroko inbertsioa egingo du. Obrak dirauen bitartean segurtasun hesiak instalatuko dituzte.
☉ Etxebarri
Bideoa | Etxebarriko adinekoek eta aisialdi taldekoek bat egin dute Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Etxebarriko Partekatu adinekoen proiektuko kideak eta aisialdi taldeko arduradunak kalera atera dira lurra esnaraztera.
☉ Etxebarri
Sagardotegira eta Chillida lantokira irteera antolatu dute otsailean Etxebarrin

Sagardotegi garaia hasi da eta Hego Uribe eskualdetik hainbat eta hainbat irteera antolatzen dituzte urtero.
Etxebarrin otsailaren 14an izango da irteera eta Astigarragako Alorrenea Sagardotegian izango da bazkaria.
Aurretik, ordea, Chillida lantokira bisita antolatu dute, Legazpin.
Etxebarritik 09:30ean izango da irteera (Cime eraikinaren aurrean) eta itzulera 21:00etan izango da Hernanitik.
Irteerara joan nahi duenak izena eman behar du etxebarri.eus webgunearen bitartez. Etxebarritarrek 40 euro ordainduko dituzte eta Etxebarrin erroldatuta ez daudenek 45 euro. Leku mugatuak dira.
☉ Etxebarri
Irakasle eta begirale euskaldunen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak
Lan-poltsan 18 urtetik gorako gazte euskaldunek parte hartzeko aukera dute. Eta familiek zerbitzuaren inguruko informazioa jaso ahal izango dute

Adingabeen zaintzaile gisa lan egin nahi duten, eskola partikularrak eman nahi dituzten eta aisialdirako begirale izan nahi duten gazteen lan-poltsa eguneratuko du Etxebarriko Udalak.
Lan-poltsan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako gazteak euskaldunak izan behar dira, eta izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita eta curriculuma bidalita.
Bestetik, zaintzaileekin, irakasle partikularrekin eta aisialdiko begiraleekin harremanetan jarri nahi duten familiek infirmazioa eskatu ahal izango dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta (Euskara Zerbitzua).
“Ekimen horren bidez, Etxebarriko Udalak udalerriko gazteenei zuzendutako aukera berriak bultzatzen jarraitu nahi du, eta, era berean, edozein zirkunstantzia dela medio, lan-bizitza eta familia-bizitza bateratu ahal izateko pertsona horien profilean oinarritu behar duten familiei zerbitzu bat eman nahi die”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Pantailak modu osasungarrian erabiltzeko hausnarketa egingo dute Etxebarrin
Saioa urtarrilaren 29an izango da Kultur Etxean. Herritarrek parte har dezaten deia zabaldu dute: “Zure ekarpenek aldaketa sortzen dute”, diote

Aisialdi eredu osasungarriei eta teknologia erabiltzeko alternatibei buruz hausnarketa egingo dute Etxebarrin. Zehazki, pantailak modu osasungarrian erabiltzeko lanketa egingo dute urtarrilaren 29an, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxean.
Kasu honetan, herriko eragilez osatutako Bizikidetza Batzordeak egindako lanketaren ondorioak aurkeztu eta partekatuko dituzte Etxebarriko gainontzeko eragileekin, taldeekin eta herritarrekin.
“Hau honela, dei egiten zaie herritar guztiei saio ireki honetan parte hartzera, guztion artean prozesu honi erantzungo dion alternatiba bateratua sortu ahal izateko”, diote.
Saioa bukatu ostean luntxa egongo da, “ideiak eta asmoak partekatzen eta trukatzen jarraitzeko”, diote.
Saioan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute komunikazioa@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Gainera, Ludoteka zerbitzua behar duten zehaztu ahal izango dute.
Etxebarriko Udalaren ekimenez, Bizikidetza Batzordeak ezarritako lan ildoen artean dago teknologia erabiltzeko alternatiba osasuntsuak lantzea. Gaiak sorturiko kezka oinarri harturik, 2025. urtean zehar Etxebarriko Udalak, Etxebarriko herritarrengan eta udalerrian aisialdi osasungarriko eredu bat sustatzeko eta teknologia erabiltzeko alternatibak bilatzeko hausnarketa abian jarri zuen.
☉ Etxebarri
Aingeru Picaza Calero etxebarritarra laguntzeko 4.000 euroko ekarpena egin dio Etxebarrik
Balkoi Solidarioak ekimenari eta euskal dantzak eta zumba ekitaldiei esker 4.000 euro lortu dituzte etxebarritarrek

Elkartasunak distira egin zuen iragan Gabonetan Etxebarrin, herritarren inplikazioari esker. Atzo Julene Alonsoren alde 723,50 euro bildu zirela kontatu genizun, eta gaur Aingeru Picaza Calerori 4.000 euroko ekarpena egin diotela kontatzera gatoz.
Balkoi Solidarioak ekimena eta euskal dantzen eta zumba ekitaldia egin zituzten Gabonetan, eta ekimen bakoitzeko 2.000 euro lortu zituzten; hau da, 4.000 euro guztira.
“Lehen erronkak, Gabonetan 1.100 balkoi argiztatzea helburu zuena, aise gainditu zituen hasierako aurreikuspenak. Azkenik, 1.928 balkoi argiztatu ziren, proposatutakoak baino 828 gehiago, auzotarren inplikazioari eta lankidetzari esker”, diote udal ordezkariek eta Erronka Solidarioen talde eragileko arduradunek.
Bigarren erronka urtarrilaren 3an egin zen Etxebarriko kiroldegian. Euskal dantzak, zumba dantza eta haurrei zuzendutako jarduerak antolatu ziren eta guztira 240 lagun bildu ziren.
Etxebarriko Udalak eta Erronka Solidarioen talde eragileak aurreko Gabonetan antolatutako ekimen solidarioen inguruan “balorazio oso positiboa” egin dute, eta publikoki eskertu nahi izan dute herritarren parte-hartzea, elkartasuna eta konpromisoa, “beste behin ere azpimarratuz Etxebarri gehien behar dutenekin bat egiten duen herria dela”.











