☉ Etxebarri
Etxebarriren lehena eta oraina birpasatuko dute urriaren 23an antolatu duten bisita gidatuan
Bizkaiko Ondarearen Jardunaldien programaren baitan, urriaren 23an bisita gidatua antolatu du Etxebarriko Udalak: ‘Etxebarri, lehena eta oraina’.

Bizkaiko Ondarearen Jardunaldien programaren baitan, urriaren 23an bisita gidatua antolatu du Etxebarriko Udalak: ‘Etxebarri, lehena eta oraina’. Ibilbidea 10:00etan hasiko da eta honako guneak bisitatzeko aukera egongo da: Doneztebe eliza, Zintuduri, Kortatxikieta, Presa eta Kultur Etxea. Guztira, 6 kilometroko ibilbidea izango du bisitak.
Ibilbide honetan zehar Etxebarritik kanpo joan zirenen aipamena egingo da, hala nola, Bizente Sarria frantziskotarra XVIII.mendean. Era berean, XX.mendean etorri zirenen aipamena ere egingo dute; batik bat, San Antonio auzora heldu zirenena.
Bisita gidatuan parte hartu nahi duenak izena eman behar du urriaren 20a baino lehen Arlo Soziokulturalera deituta: 94 426 70 05.
Argazki erakusketa ikusgai
Hilaren 23an ere, 11:00etatik 14:00etara ‘Etxebarri denboran zehar’ argazki erakusketa egongo da ikusgai Kultur Etxean. Teknika berezi baten bidez, lehengo eta oraingo argazkiak ikusteko aukera izango du bertaratuko denak. Batik bat, azken 40 urteetan zehar herrian izan diren aldaketak ikusgai izango dira.
Erakusketan zenbait herritarrek argazkien inguruko kontakizunak egingo dituzte. Gainera, Joshua Miravalles argazkilari etxebarritarra ere bertan izango da. Sarrera doakoa izango da.
☉ Etxebarri
3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik
Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.
Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.
“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.
Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.
Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.
Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.
☉ Etxebarri
Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin
Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.
Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.
Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.
Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon.
☉ Etxebarri
Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak
Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.
Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.
“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.
Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.
“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.
Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.
☉ Etxebarri
Etxebarriko Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago urriaren 3ra arte

Etxebarriko Euskaltegian matrikulatzeko epea zabaldu dute. Eskolak urriaren 3an hasiko dituzte eta aurrez aurrekoak zein online eskolak eskainiko dituzte, aurreko ikasturteetan egin bezala.
Izena emateko epea irailean zehar dago zabalik. Interesdunek etxebarrikoeuskaltegia.com webgunearen bitartez egin dezakete matrikula.
Bestela, Euskaltegiko bulego-ordutegia zabalik dago irailaren 30era arte 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Ikasturte berriari begira, A1 eta A2 oinarrizko mailetako ikasleek eta C1 mailan komunikatzeko gaitasuna hobetu nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko gazteek doan dute matrikulazioa.
Gainerako mailetan, Udalak tasa eskuragarria eskaintzen du, eta gainera, dirulaguntzak eskainiko ditu, “zati batean edo osorik matrikularen prezioa berreskuratzeko”, diote.
☉ Etxebarri
Lezama Legizamon jauregiaren birsortze birtuala egingo dute aurten Etxebarrin, Ondarearen Europako Jardunaldietan
Ondarearen Europako Jardunaldietan Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek urrian

Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ohi bezala, urrian izango dira eta, besteak beste, Etxebarrik bat egingo du ekimenarekin.
Aurten ondare arkitektonikoa izango da hizpide eta Etxebarriren kasuan, Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek.
Zehazki, jauregiaren eta haren inguruaren bisita gidatua eta birsortze birtuala egin ahal izango dituzte herritarrek.
“Gaur egun industrialdeak okupatzen du penintsula eta proiektuak penintsulako egungo aireko irudiak konbinatuko ditu, jauregiaren kanpoko egoerari arreta berezia eskainiz, bai eta itxura historikoaren birsorkuntza birtuala ere”, diote udal ordezkariek.
Bisita gidatuak eta birtualak urriaren 25ean eta 26an antolatu dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta, eskatuz gero, zeinu-hizkuntza bermatuta egongo dela adierazi dute.
Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta edo kultura@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.