Sareak

☉ Galdakao

Haurrek mahukak eta txalekoak erabili ahal izango dituzte Galdakaoko Elexaldeko igerilekuan 2023an

Gaur egun ezin daitezke besoko flotagailuak eta txalekoak erabili Galdakaoko Elexaldeko igerileku handian eta horrek ezinegona sortu zuen duela urtebete erabiltzaile askoren artean. Euren arazoa sare sozialetan eta sinadura-bilketa baten ondorioz plazaratu ostean, Udalak herritarren kexak argitu eta Elexaldeko igerileku handian mahukak eta txalekoak erabili ahal izateko aldaketak iragarri ditu datorren udari begira.

|

Elexaldeko igerilekuak // Geuria

Gaur egun umeek ezin ditzakete besoko flotagailuak eta txalekoak erabili Galdakaoko Elexaldeko igerileku handian eta horrek ezinegona sortu zuen duela urtebete erabiltzaile askoren artean. Euren arazoa sare sozialetan eta sinadura-bilketa baten ondorioz plazaratu ostean, Udalak herritarren kexak argitu eta Elexaldeko igerileku handian mahukak eta txalekoak erabili ahal izateko aldaketak iragarri ditu datorren udari begira.

“Igeriketan tarteko etapa bat daukate haurrek eta bertan flotatzearen onuraz gozatzen dute haurrek, helduok igeri egitearen beldurra kentzen diegun heinean”, azaldu zuen sareetan Haizea Castañiza erabiltzaileak. Besoetako flotagailuek eta txalekoek haurrei “segurtasuna eta autonomia” ematen diete haurrei Castañizaren arabera “eta aldiberean igeri egitea dibertigarria dela erakusten die umeei”.

Kexak sareetan

Egoera hori aldatu ahal izateko, igerilekuko hainbat erabiltzaileek kexa helarazi zioten Galdakaoko Udaleko teknikariei baina kexa horiek “eraginik izan ez zutela” azaldu zuen Castañizak sare sozialen bidez. Horregatik, change.org plataformaren bitartez sinadura-bilketa abiarazi zuten udan zehar eta momentura arte 150 pertsona baino gehiagok sinatu dute eskakizuna.

Udalaren arabera, Elexaldeko araudia 2005ekoa da eta “teknikariekin osotasunean” aztertu beharrekoa da: “Gobernu taldeak arazoari irtenbidea ematea erabaki du eta horretarako araudian aldaketa egin beharko dugu”, azaldu du Ainhoa Valenciano González Galdakaoko kirol teknikariak. “Hala ere, aldaketa horiek datorren udan aplikatuko dira eta gaur egungo debekuak dagoen moduan jarraituko du aurtengo denboraldia amaitu arte”, gehitu du.

Araudiko puntu zehatz horrez gainera, Udal ordezkariek gogoratu dute “mahuka eta txalekoen kontuaz gainera araudi osoa aztertu” eta egin beharreko aldaketak eta tramitazioak gauzatu ahal izateko “denbora beharko dutela”.

Haizea Castañizak, bere partetik, sare sozialen bidez laguntza eman duten auzotarren laguntza eskertu du.

 

☉ Galdakao

Argazkiak | Errege Magoek ilusioa eta gozokiak banatu dituzte Galdakaoko kabalgatan

|

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Galdakaon zehar ibili dira, poza eta ilusioa oparitzen. Herritarrak, gazteak eta helduak, kalera irten dira eurekin egotera, eta trukean gozoki pila jaso dituzte!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jakes Sarrailleten ‘Bardeetako otsoak’ liburua aztertuko du Leiduk urteko lehen hitzorduan

|

Urtarrilaren 12an, astelehenez, batuko dira Leiduko kideak eta egilea bera izango da eurekin // Euskaltzaindia+Durangoko Azoka

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urte berriko lehen hitzordua zehaztu du: urtarrilaren 12an, astelehenez, batuko dira Peña Santa Cruz elkartearen lokalean 18:30ean.

Jakes Sarrailleteren ‘Bardeetako otsoak. Edo Santxiko Errota nafar bidelapur famatuaren bizitza, berak kontaturik’ liburua aztertu eta komentatuko dute. Gainera, egilea bera hitzordura batuko dela adierazi dute Leiduko kideek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Errege Magoek kamioiz egingo dute kabalgata Galdakaon, Bengoetxetik Kurtzeko plazara

Errege Magoen kabalgata inklusiboa izango da Galdakaon: lehen zatian gozokirik bota gabe eta musika eta argiak intentsitate txikiagoan jarriko dituzte

|

Kabalgata 18:00etan hasiko da Bengoetxen eta 19:00etan pregoia irakurriko dute udaletxeko plazan // Argazkia: Argizai Eskaut Taldea

Urtarrilaren 5ean Errege Magoak iritsiko dira Hego Uribe eskualdera. Galdakaon 18:00etan hasiko dute kabalgata Bengoetxeko elizaren ondoan eta Kurtzeko plazan bukatuko dute.

Eta, aurten, iaz bezala, kamioi batean egingo dute kalejira Errege Magoek eta Gabone Izarrak.

Ibilbidearen lehen zatia egokitua eta inklusiboa izango da: gozokirik ez dute botako eta musika eta argiak intentsitate txikiagoan jarriko dituzte El Arco tabernaren pareraino, sentikortasun sentsoriala duten pertsonen parte hartzea errazteko helburuarekin. Hortik aurrera, kabalgatak musikarekin, argiekin eta gozokien banaketarekin jarraituko du Kurtzeko plazara iritsi arte.

Kabalgataren amaieran txokolatada egongo da Kurtzeko plazan, Argizaiko gurasoek prestatua.

Kamioia, aukerarik onena

Iaz Errege Magoak eta Gabone Izarra kamioiz egin zuten ibilbidea eta horrek hautsak harrotu zituen herritarren artean.

Hori dela eta, Argizai Eskaut Taldeak alternatibak bilatu zituen iaz: “Martxoan, araudia betetzeko baldintza horiek bermatzen zituzten hainbat proposamen bidali genizkion Udalari, baina ez genuen erantzunik jaso ekainera arte eta ondoren irailera arte”, adierazi zuten abenduaren 23an Instagram publikatu zuten komunikatuan.

“Azaroan, bideraezintzat jo genituen beste proposamen batzuk helarazi zizkiguten, eta azkenik, abenduan jakinarazi ziguten onartutako aukera bakarra kabalgata kabriolet autoetan egitea zela: bana Errege Mago bakoitzarentzat eta beste bat Gabonerentzat”, esan dute.

Ildo horretan, ibilgailuak bilatzeari ekin zioten, baina ezinezkoa izan zuten kabriolet autorik topatzea.

“Egora horren aurrean, abendua erdialdean bilera izan genuen udaletxean alkatearekin eta ekitaldian inplikatutako gainerako udal-taldeekin. Bilera horretan, kabalgata aurrera eramateko bi aukera baino ez zizkiguten planteatu: oinez egitea edo kamioi batean egitea. Aukera horietako bat ere ez dator bat Galdakaorentzat nahi dugun kabalgatarekin, ezta historikoki egin izan denarekin ere. Hala ere, uste dugu hemendik aurrera Udalarekin benetako eta elkarlanean oinarritutako lan bati ekin nahi badiogu, eta etorkizunean lehenengo kagalgata berreskuratu nahi badugu, urrats hau ematea beharrezkoa dela”, diote.

Gauzak horrela, “eta hausnarketa sakon baten ondoren”, kabalgata kamioian egitea onartu du Argizai Eskaut Taldeak, “erabaki honen datozen urteetan elkarlanean, koordinatuta eta behar besteko aurrerapenarekin lan egiteko abiapuntu izan dadin”, diote.

“Badakigu albiste honek etsipena sor dezakeela -eta guk ere sentitzen dugu-, baina azpimarratu nahi dugu gure esku zegoen guztia egin dugula kabalgata ezagutzen dugun moduan mantentzeko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Korrika eta giro apartarekin agurtu dute urtea Galdakaon San Silvestre lasterketan

|

Kirola eta festa uztartu dituzte Galdakaon gaur arratsaldean. Ehunka korrikalarik hartu dute parte herriko kaleetan barrena jokatu den lasterketan, eta eguraldiak lagun, ikusle ugari hurbildu dira parte-hartzaileei babesa ematera.

Giro aparta Galdakaon urtea ondo baino hobeto bukatzeko!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Biharko San Silvestre lasterketak aldaketak eragingo ditu Galdakaoko trafikoan

Mozketa eta aldaketa nagusiak 15:00etatik 20:00etara bitartean egingo dituzte, baina goizetik izango dute eragina bai autobus geltikoetan eta bai trafikoan ere

|

2023ko San Silbestre lasterketa // Geuria

Urtea korrikan agurtzeko ohiturari eutsiko diote galdakoztarrek asteazken honetan, abenduak 31, San Silvestre lasterketarekin. Urteroko hitzordu honek, baina, eragina izango du herriguneko zirkulazioan, eta Udalak hainbat neurri hartu ditu ibilgailuen joan-etorria eta aparkalekuak arautzeko.

Mozketa eta aldaketa nagusiak 15:00etatik 20:00etara bitartean egingo dituzte, baina goizetik izango dute eragina bai autobus geltikoetan eta bai trafikoan ere.

Autobus geltokiak eta trafikoa

Autobus erabiltzaileek kontuan izan behar dute Juan Bautista Uriarte, Lapurdi eta Altzadiko biribilguneko geltokiak kendu egingo dituztela arratsaldez (15:00-20:00). Ordezko geltokiak honako gune hauetan egongo dira: Gernika kalea, 5. zenbakian, Maximo Moreno parkean eta Pintxazo biribilgunean.

Ibilgailu pribatuei dagokienez, goizeko 08:00etatik aurrera debekatuta egongo da aparkatzea Lapurdi, Juan Bautista Uriarte eta Zamakoa kaleetan. Gainera, 15:00etatik aurrera ezingo da autoarekin sartu Juan Bautista Uriartera eta Zamakoara.

Garajeak eta norabide aldaketak

Lasterketak irauten duen bitartean, Juan Bautista Uriarteko eta Ganekogortako garajeetarako sarbidea mugatuta egongo da. Horrez gain, Euskadi kaleak norabidea aldatuko du behin-behinean, eta Errekalde bidera bizilagunek eta baimendutakoek soilik sartu ahal izango dute 15:30etik aurrera.

Udaletik eta antolakuntzatik gomendioak jarraitzeko eta seinaleak errespetatzeko deia egin diete herritarrei, urteko azken lasterketa segurtasunez jokatu dadin.

Osorik irakurri