Sareak

☉ Hego Uribe

Hego Uribe eskualdeko emakumeak erreferente, WomenBi proiektuan

Emakume profesionalen protagonismoa ikustaraztea eta gizarte mailan egiten duten lana balioan jartzea da WomenBi proiektuaren helburua.

|

Pili Castro, Lorena Fernandez, Lorea Momeñe eta Zuriñe Garcia // Argazkiak: Bizkaiko Foru Aldundia

Emakume profesionalen protagonismoa ikustaraztea eta gizarte mailan egiten duten lana balioan jartzea da WomenBi proiektuaren helburua

Emakume profesionalen protagonismoa ikustarazteko eta gizarte mailan egiten duten “lan baliotsua eta derrigorrezkoa” balioztatzeko sortu dute Bizkaian WomenBi proiektua. Esparru desberdinetako emakume profesionalen hogei profil jaso eta horien erakusketa inklusiboa egin dute argazki eta ikus-entzunezkoekin. Eta, hogei profil horien artean daude Hego Uribe eskualdeko bost emakume: Pili Castro, Lorena Fernandez, Lorea Momeñe, Begoña Garcia de Andoin eta Zuriñe Garcia.

Pili Castro Cáritas Elkarteko Adineko Pertsonen Arloko arduraduna izateaz gain, Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko irakaslea ere bada. Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Identitate Digitaleko zuzendaria eta Inspira STEAM mentorea da, Lorea Momeñe abeltzaina da, Begoña Garcia de Andoin jostuna eta Euskadiko Emakume Alargunen Federazioko kidea da, eta Zuriñe Garcia Galdakaoko Andra Mari jatetxeko sukaldeburua da. Aurreko laurak Basaurikoak dira.

Adela Asua Zigor Zuzenbideko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta Konstituzio Auzitegiko lehendakariorde emeritoa), Itziar Lazkano aktore eta zuzendaria, Itziar Astigarraga Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko burua eta Umeen Onkologia Unitateko arduraduna, Mireia de Diego Bizkaiko Indusketa Enpresen Elkarteko lehendakaria, Rakel Mateo triatleta paralinpikoa, Deusto Arraun Taldeko Emakumeen Taldea, Sokatirako Euskadiko Emakumeen Selekzioko tiratzaileak, Tamara Claveria Gizarte Integrazioko graduduna eta Asociacion de Mujeres Gitanas (AMUGE) Elkarteko lehendakarirdea, Marta Macho matematikoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea eta zientzia dibulgatzailea, Saioa Lara soinekoen diseinatzailea (soinekoen diseinurik onenaren Goya Saria Handia filmagatik), Maria del Carmen Vazquez Bilbobus Zerbitzuko gidaria, Claudia Elena Favela soziologoa, Fatou Dieng Nazioarteko Merkataritzako teknikaria, Mamen Freitas soldatzailea, eta Ana Oteiza Tromso-ko (Norvegia) PET Imaging Center-eko I+D taldeko ikertzailea.

bizkaia womenbi proiektua 2018 bfa

WomenBi proiektuko 20 protagonistak // Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

“Emakume errealak, hurbilekoak, beste emakume asko eurekin identifikatzeko modukoak direnak dira emakume hauek. Badituzte ezaugarri komunak ere: talentua, profesionaltasuna, eragingarritasuna eta kemena. Emakume hauen guztien atzean kontatzea merezi duen arazoak gainditzeko eta hobetzeko istorio bat dago”, diote Bizkaiko Foru Aldunditik. Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak jarri dute martxan WomenBi proiektua.

Erakusketa ibiltaria

WomenBi argazki eta ikus-entzunezko erakusketa gaur, azaroak 15, inauguratu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, eta urtarrilaren 31ra arte ikusgai egongo da. Ondoren, izaera ibiltaria izango du erakusketak eta Bilbo eta Bizkaiko herrietako beste areto batzuetan erakutsiko dute. Era berean, Metro Bilbaon ere argazki erakusketa ikusgai egongo da azaroaren 15etik aurrera. Urtarrilean Basauriko Bidasoa irteeran izango da erakusketa.

Proiektuaren egileak Enrique Moreno Esquibel argazkilaria eta Marta Fernández Rivera kazetaria izan dira eta, aldi berean, Metro Bilbaoren laguntza du.

☉ Hego Uribe

Arratiako Korua Usansolotik eta Galdakaotik igaroko da Santa Ageda bezperan

Usansolon goizean izango da Arratiako Korua eta Galdakaon arratsaldean. Ordutegi zehatza jaso dugu albistean

|

Garazi Navas usansolotarra Arratiako Koruko zuzendaria da // Geuria

Santa Ageda bezpera izango da bihar, otsailak 4. Eta tradizioa jarraituta, Hego Uribe eskualdean hainbat eta hainbat talde kalera aterako dira koplak abestera.

Era berean, Arratiako Koruaren bisita ere izango dugu eskualdean: Usansolon eta Galdakaon geldialdiak egingo ditu.

Goizeko 08:25ean hasiko du kalejira Koruak Zeanurin eta Arantzazutik, Igorretik, Dimatik, Lemoatik eta Bediatik igaro ostean, Usansolon egingo du geldialdia 10:15ean [2024an Usansolon harrapatu zuen GEURIAk Korua].

Ondoren, Zornotzara joango dira eta handik Bilbora. Bizkaiko hiriburuan 11:30etik 20:00ak arte egongo da Arratiako Korua leku batetik bestera.

Eta, etxerako bidean, 20:40ean eguneko azken geldialdia egingo dute Galdakaon. Iaz Iturrondo plazan ikusi ahal izan genituen [ikusi bideoa].

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Metroaren 5. Lineako tunel osoaren % 20 hondeatu du dagoeneko ETSk

Sarratu eta Usansoloko ospitalaren arteko iIbilbide osoko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro hondeatu ditu Eusko Jaurlaritzak

|

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Metroaren 5. Lineako obrak bisitatu dituzte // Argazkia: Irekia

Metroaren 5. Lineako obrek aurrera darraite. Sarratu eta Galdakao-Usansolo ospitalea lotuko ditu eta guztira 6,3 kilometroko ibilbidea izango du geltoki hauekin: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko ospitalea.

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa ari da obrak egiten, eta adierazi dutenez, lineako tunel osoaren % 20 hondeatu dute dagoeneko: “Ibilbideko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro guztira”, diote.

Iazko apirilean aurreikusi zutenez, tunelak 2028ko azarorako bukatuko dituzte, eta erabiltzaileek 2029ra arte edo 2030era arte ezin izango dute metroa erabili (Galdakaoraino).

Gaur egun, ETS Ibaizabal ibaiaren azpian ari da hondeaketa-lanak egiten Usansolon, ospitalearen eta herriaren arteko bidearen erdian.

“Gainera, haren ondoan ari da eraikitzen etorkizuneko geltokirako bi sarbideetatik bat. Puntu horretan ahokadura hondeatu da eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo hondeaketa-lanak marruskatzeko makinarekin egingo dira. Beste sarbidea ospitalean bertan egongo da”, esan dute.

Sarratu-Aperribai tartea

Sarratu-Aperribai arteko tartean (1.540 metroko ibilbidea) ere esku hartzen ari da ETS, eta hiru puntutan ari dira lanak egiten: Larrazabalen, Sarratun eta Aperribain.

“Larrazabal inguruan errepide berria martxan jarri da eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisteko lanak hasi dira”, diote.

Gainera, gas linea desbideratu dute Larrazabalen: “Gasa kentzeari esker, merkantzien linearen behin-behineko trenbidea desbideratzen hasi ahal izan da, eta, lehen fasean, gaur egun Arcelor-Mittal lantegiari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da. Horrez gain, merkantzien sarea Arcelor-Mittal lantegiarekin lotuko den etorkizuneko trenbidean ari dira lanak egiten. Lantegi hori Basconia lantegi zaharraren inguruan dago. Aurtengo maiatzean irekitzea aurreikusten den lantegirako trenbideko sarbide berria eraikitzeko lanak ere egiten ari dira”, esan dute.

Bestetik, Sarratu inguruan hasi dituzte Matxitxakoko zubia eraisteko lanak, bertan geltoki berria eraiki ahal izateko. Lan horiek bi urtez luzatuko dira eta Basauriko Udalak inguruko trafikoa berrantolatu behar izan du.

Eta, Aperribain auzorako beste sarbide bat jarri dute martxan: “Horrek obrarako sarbideak independizatzea eta bertan bizi direnei eragindako eragozpenak murriztea ahalbidetuko du”, diote.

Aperribai-Galdakao tartea

Aperribai-Galdakao tartean (2,8 kilometro luze) Bengoetxeko eta Galdakaoko geltokiak eraiki behar ditu ETSk. Eta bitartean, larrialdiko aireztapen-galeriak egin dituzte Olabarrietan eta Abusun.

“Olabarrietan, 126 metro luzeran, hondeaketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Halaber, fronte horretatik lineako tunelaren 2.800 metroetatik 287 metroko hondeaketan eta euste-lanetan aurrera egin da”, esan dute.

Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko hondeaketa- eta euste-lanak egin dituzte, hau da, galeria osatzen duten 355 metro guztien % 92 inguru.

“Azkenik, Bengoetxeko geltokian osorik kendu da landare-lurrezko geruza. Orain arte, 46.460 metro kubiko hondeatu dira, hau da, % 57ko aurrerapena. Ostalaritza-guneari dagokion euste-pantaila ere egin da, beste aurrerapen batzuen artean”, diote.

Sailburuaren eta Ahaldun Nagusiaren bisita

Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean bisitatu dituzte Metroaren 5. Lineako obrak.

“Lurraldea kohesionatzen duen proiektua da, eta bere eragin-eremuan bizi edo lan egiten duten pertsona guztiak metro-sisteman sartzen ditu, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Tamaina horretako proiektuei kosta egiten zaie erritmoa hartzea, baina egiten dutenean, duela minutu batzuk egiaztatu ahal izan dugun bezala, obren aurrerapena geldiezina da”, adierazi du Garcia Chueca sailburuak.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, hau nabarmendu du: “Dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duen Aldundi honek (guztira 407 milioi euro) metroa luzatzea lehentasuna zela esan zuen bere garaian, trenean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa gura dugulako, pertsonak batuko dituen eta haientzat aukera berriak sortuko dituen mugikortasuna, hain zuzen ere. Duela 30 urte Metroak Bizkaia aldatu zuen. Orain, 5. linea berriak metroak irabazten jarraitzen du, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Eta eskualde hauen konektibitatea nabarmen hobetuta egingo du, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako”.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdirako sarrerak salgai jarri dituzte Basaurin eta Galdakaon

Jaialdia martxoaren 21ean izango da Durangon. Sarrerak salgai daude Basaurin eta Galdakaon

|

Palestinaren aldeko mobilizazioa Elorritxuetan, Espainiako Vueltan // Geuria

‘Oihu Bat Palestinara’ jaialdia antolatu dute martxoaren 21ean Durangoko Landako Gunean.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko hainbat musikarik elkarlanean sortutako kultur ekimena da, eta helburua da “Palestinak bizi duen errealitate gordina berriz ere lehen lerrora ekartzea”.

Musika nagusi izango da jaialdian, eta dagoeneko honako artistek eta taldeek parte hartuko dutela jakinarazi dute: Anari, Belako, Bengo, Borla, Chuleria Joder!, Dena, Eire, La Furia, Gailu, Hofe, Ibil Bedi, J Martina, Ke Lepo, Lukiek, Malakias, Ødei, Olatz Salvador eta Mateo Zikuta.

Gainera, bertsolariak, bakarrizketak eta dantza ere izango dira jaialdian. Eta, izen gehiago iragartzeko daudela adierazi dute antolatzaileek.

Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 edo 25 euroan. “Ekimen honen helburua erresistentzia sustengatzea denez, bi prezio dituzue aukeran. Ez dago alderik sarreran, ekarpen ekonomikoak baizik. Ekitaldi solidarioa izanik, bakoitzak bere ahalmenaren edo nahiaren arabera erabaki dezala zenbatekin lagundu nahi duen Palestinaren aldeko borroka eta errepresioaren aurkako kutxa”, diote.

Hego Uribe eskualdean Basaurin eta Galdakaon jarri dituzte sarrerak eskuragarri: Fissions eta Berezi tabernetan Basaurin, eta Zurrut tabernan Galdakaon. 

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Eskolarteko Herriarteko eskuzko txapelketa jokatuko dute Basaurik, Galdakaok eta Zeberiok

|

Partidak asteburu honetan hasiko dira // Geuria

Eskolarteko Herriarteko eskuzko txapelketa hasiko da asteburu honetan. Hego Uribe eskualdetik Basaurik, Galdakaok eta Zeberiok hartuko dute parte txapelketan.

Basaurik Zaldibarren, Lezamaren eta Abadiñoren kontra jokatuko du; Galdakaok Larrabetzuren, Durango Bren eta Orozkoren aurka; eta Zeberiok Igorreren, Gallarta Bren eta Orduñaren kontra.

Guztira zortzi multzotan banatuta, Bizkaiko hainbat udalerri daude ordezkatuta txapelketan: Gallarta A, Markina A eta Amorebieta-Etxano (A taldea); Lemoa A, Bermeo, Gernika Lumo eta Balmaseda (B1 taldea); Iurreta, Amorebieta-Etxano B, Durango A eta Lea Ibarra (B2 taldea); Zeanuri, Sopela, Markina B eta Dima (B3 taldea); Larrabetzu, Durango B, Galdakao eta Orozko (B4 taldea); Basauri, Zaldibar, Lezama eta Abadiño (B5 taldea); Igorre, Zeberio, Gallarta B eta Urduña (C taldea); eta Barakaldo, Santurtzi, Lemoa B, Elorrio, Sestao eta Muskiz (D taldea).

Egutegia | Hego Uribeko taldeak

Urtarrilak 30, ostirala
– Igorre vs Zeberio (1. jardunaldia)
17:14 Igorreko frontoia

– Basauri vs Zaldibar (1. jardunaldia)
18:00 Artunduagako frontoia

Otsailak 1, igandea
– Galdakao vs Orozko (1. jardunaldia)
10:30 Kurtzeko frontoia

Martxoak 1, igandea
– Abadiño vs Basauri (2. jardunaldia)
– Durango B vs Galdakao (2. jardunaldia)
– Gallarta B vs Zeberio (2. jardunaldia)

Martxoak 29, igandea
– Basauri vs Lezama (3. jardunaldia)
– Galdakao vs Larrabetzu (3. jardunaldia)
– Zeberio vs Urduña (3. jardunaldia)

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Bideoa | Faxismoaren aurkako manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute Hego Uribeko GKStik

Urtarrilaren 31n manifestazioa deitu du GKSk Bilbon. Hego Uribe eskualdean antolatu eta aurkezpenak eta hainbat ekintza burutu dituzte

|

Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka manifestazioa deitu du Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS).

Urtarrilaren 31n, larunbatez, izango da mobilizazioa Bilbon (Jesusen Bihotzetik, 18:00etan) eta Iruñan, eta Hego Uribeko GKStik deialdiekin bat egiteko deia luzatu dute. 

Eskualdetik manifestaziora joateko hitzorduak zehaztu dituzte: Arrigorriagan 17:10ean tren geltokian, Basaurin 17:00etan Arizko metro geltokian, Galdakaon 16:45ean Eroski aurreko autobus geltokian, eta Usansolon 16:45ean tren geltokian.

“Faxismoa eta Estatuen joera autoritarioa egun indarra hartzen ari diren bi auzi dira. Biak ala biak egiturazko baldintza bati erantzuten diote, krisi kapitalistari alegia. Izan ere, irabazi tasa beherantz doan momentu honetan oligarkia atlantistak faxismoaren eta estatu autoritarioaren aldeko apostua egiten ari da bere interesak defendatzeko helburuarekin”, diote.

Ildo horretan, faxismoaren kontrako borroka “indartu” behar dela adierazi dute: “Nahiz eta Euskal Herrian oraindik ere gorputz antolaturik ez duen arren, ideia erreakzionarioak hedatzen ari dira. Ideia arrazistak, klasistak, matxistak… zabaltzen ari dira eta geroz eta inpunitate gehiago lortu dute. Horren guztiaren seinale da egun euskaraz eta sinbologia aurrerakoiz mozorrotzen diren euskal adierazpen arrazistak eta faxistak”.

“Estatu autoritarioari eta faxismoari gaurdanik aurre egiteko balditzak sortu behar ditugu eta Gazte Koordinadora Sozialistatik urtarrilaren 31n deitu dugun mobilizazioak horri ekarpena egitera dator. Gaur egun kalera atera eta indar erakustaldi bat egitea ezinbestekoa da indarra hartzen ari den zentzu komun geroz eta atzerakoagoari euste horma bat sortzeko eta mundu mailan artikulatzen ari den mugimendu faxistaren aurrean antifaxismo iraultzaile baten indarra erakusteko”, diote.

Osorik irakurri